L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-8 (1985-martxoa-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Luis Gutierrez Larrea

 

                DUDULAR - Erein - 1983

                NAFARROAKO ARTIZARRA - Elkar - 1984

        Lehendik ezaguna bazitzaigun ere, batik bat POTT aldizkari zenean idatzitako zenbait artikulu eta ipuin zela medio, iaz kaleratu zigun bere lehen liburua, DUDULAR izenekoa. Euskal literaturaren irakurleak dagoenekoz asmatu duenez Joxemari Iturralde, Jimu-z ari gara.

        Aurten, ostera, liburu berri bat plazaratu du Durangoko Azokan, oraingo honetan nobelatxo bat, eta barka bekit atzizkia zeren liburuaren luzeraz dihardut eta inolaz ere ez kalitateaz.

        Gaur egun nekez aurki daiteke euskal literaturako paraje mortu honetan nobela irakurgarriren bat; gehienek euskarari gorrotoa hartzeko tresna loeragileak besterik ez bait-dirudite. Hemen dugu, aitzitik, nobela labur bat, aise leitzen dena —eta hau ez da gitxi— non eta autoreak kondatzen baitigu garrantzirik gabeko istorio bat, arreta handiz landutako lengoaia poetiko batez baliaturik.

        Iaz, noizbait, Joseba Sarrionandiak eta Bernardo Atxagak zabaldua zuten iritzi baten aurka, Jimuk defendatzen zuen hitz-lauz idatzi beharra zegoela lehenik, hizkuntza pertsonala landuz, geroago poemak sortu ahal izateko, eta aldi berean olerki batzuk biltzen ari zela aitortzen zigun. Bere aburuz poesia zen literaturako tontorrik gorena, eta haruntz jo beharko zuten beste sail guztiak. Bide horretatik doakigu, zalantzarik ez, NAFARROAKO ARTIZARRAren egilea. Ene uste apalean azpimarratu beharra dago, halaber, nobela honen argudioa idazleari hainbat atsegin zaizkion gorabehera historiko batzuk narratzeko, hala nola gara urrun haietako lekuak, pasadizoak, pertsonaiak eta usadioak deskribatzeko abagadune eta aitzakia besterik ez dela. Juduak, mairuak, ijitoak, kristau zaharrak, kostaldeko herri marinelak eta lehorreko baserritarrak nahasten dira Euskal Herriko arragoan, bere hizkuntzan alegia. Azken finean ez al dira ba aipatutako enda eta fedeak, edan behar ditugun kultur iturriak, euskara eta kondaira berreskuratzekotan?

        Baina harira lotuz, orain mintzatuko natzaizue artikulu honen hasieran aitatu dizuedan DUDULAR izeneko ipuin bildumaz. Liburuan agertzen diren narrazio guztiak ez dira berriak. Hortxe dugu, esaterako, LAU ZALDUN, euskal literaturzaleen artean hain ezaguna izan zen POTT TROPIKALA delako ale berezian argitaratua lehendabizi, liburu hau atera baino hiruzpalau urte lehenago. Honen bertsio berri bat, komiki eran moldatuta, PAMIELAk plazaratu zuen, zazpigarren alean.

        Ez nuke neure gustoko beste ipuin bat aipatzeke uztea, bilduma honen azkena, UDA GAU BATEKO AMETSA, hain zuzen ere, non biziro deskribatzen baitzaizkigu arnozaleok (eta asteburuetan gehien bat) maiz ibilitako Bilbo zaharreko edandegi berri, ilun eta zaratatsu horiek.

        Nabarmen da bi liburuotan Joxemari Iturralderen zaletasun mami bat, hots, Erdi Aroko kondairarekiko zaletasuna. Lehenengoaren izenburutik hasita —Egileak epigrafetzat hartzen duen Yugoslaviako Sefardiren kanta zahar baten hitza—, gai historikoa errepikatzen da behin eta berriz liburuaren ipuin gehienetan, baita azken elaberrian ere.

        Ez da ahaztekoa, bestalde, idazlea astiro-astiro eraikiz doan lengoaia poetikoa eta espero dezagun, luze gabe, argitara emango digula aspalditik prestatzen bide diharduen olerki bilduma hori. Hala bedi, guztion pozgarrirako.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.