L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-14 (1992-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Bukatu zaik

 

Xabier Etxaniz

 

Astuna duk fusila, astuna korreial eta kargadorea. Bi ordu daramatzak aurreko trintxera zaintzen eta guzia duk soberan, arropa, bota pisutusuak, armak; gustora biluztuko hintzateke eta laku batean sartu, edo hondartzan eguzkitan egon ondoren itsasoratu. Duela bi urte Mirenekin egon hintzen hondartzan; oporrak pasatzera joan zineten kostaldeko herriska hartara. Maitemindu berriak eta egunero pegamentoa zenutela, ezin bereiztu, dena, beti, guztia elkarrekin. Maite zaitut, moñoña; maite zer?; maite dezagun elkar; orain?; beno, lotsa baduzu campingera joan gaitezke...; oraintxe bertan etorri gara handik eta!. Orduan bai, orduan egunak konturatu gabe igarotzen hituen, egutegiko orriak udazkeneko horbelak bezain azkar erortzen hituen. Hemen aldiz, minutuak ordu dituk eta egunak hilabeteak bezain luzeak; sei egun daramatzak maniobretan, sei egun gerretara jolasten... eta zorzi hilabete t'erdi lelokeriak jasaten.

        Neguan, lainoturik zegoela joan hintzen koartelera; bakarrik, inor ezagutzen ez huen infernu horretara. Euria hasi huen eta lerrotan kokaturik igaro huen ordu erdi bat, oihuak, aginduak, irainak entzuten, han irakatsiko zizueten guztia, han haziko zinetela, amazulo batzu zineten eta gogortu egin behar zenutela. Gorrotatzen ditut, esan hion Mireni ikusi hinduenean, zure barrua apurtu nahi dizute, xehetu. Mirenek isilik, hire itxurari so, ez huen ahoa irekitzen eta bere begiak mintzo hituen, errukia eta maitasuna adierazten zituen begirada.

        Erlojuari begiratzen diok berriro, hogei minutu falta zaizkik goardia bukatzeko, egunsentia nabaritzen duk eta nekearen nekez begiak igurtzen dituk. Poltsikoan, ohi bezala, Mirenen azken gutuna daramak, joan den astekoa, eta buruz dakik dagoeneko. Bihotz hori, jartzen dik hasieran eta egunen batean galdetu egin beharko diok zergatik sekula ez dituen pitxorri, pitxi edo antzekoekin hasten eskutitzak. Lotsa ematen dit; lotsa? nik irakurriko eta; bai baina beste edonork irakurtzen badu ere... Unibertsitateko berriak kontatzen dizkik ondoren. Kostatzen zait Iraileko azterketa hauek prestatzea, iluntzean, ikasteari ekiten diodanean zure irudia datorkit burura, iazko oporraldiaz gogoratzen naiz eta Picosetan igarotako egun zoragarrietan galtzen zait burua; kostatzen zait konzentratzea, baina gero laster ikusiko zaitudala pentsatu eta lanari ekiteko gogoz hasten naiz harik eta detaile txiki batek zuregana naraman arte. Arabako leiende batek azaltzen du Arbuloko gizon batek, Arbuloko indartsuak, nola garaitu zituen erromatarrak eta... soldaduak, gudak, zure irudia tartekatzen da liburua eta nire artean.

        Eskutitza gogoratzean, Mirenen imajina sumatzean, irrifarrea kanporatzen zaik. Erlojuari begiratu eta ordu laurdena falta goardia bukatzeko. Badakik ondoren gosaria duala eta segituan korrika egin behar ekipo guztiarekin; goardia izateak ez hau martxa luze horretatik libratuko baina bestalde igarotzen den segundu bakoitza hire aldekoa duk. Gutxiago falta da, pentsatzen duk, gutxiago etxean lasai egoteko, etzanda, nahi beste lagunekin parrandan aritzeko edo Mirenekin gau luzeetan galtzeko. Arestiko irrifarrea berpiztu zaik eta distiratsu zeudek hire begi unatuak. Gurasoekin izandako istilua azaltzen dik Mirenek gutunean, etxeko egoera okertzen dihoa, gero eta gehiago, aitamak haserre daude eta ni naiz ostia guztia jasotzen dituena, eskerrak zu zaitudan! Gauza bera pentsatzen duala otu zaik, eskerrak Miren dagoen, bera eta hi bezalako hiruzpalau laguni esker irauten duk, jasaten duk egoera hau. Tabernan botea banatu dugu, jarraitzen dik Mirenek, eta 15.000 pezeta tokatu zaizkit! Etortzen zarenerako gordeko ditugu, afari ederra egiteko. Badakizu italiano berri bat ireki dutela, ezta?; aurreko eskutitz batean kontatu zian bai, ondo gogoratzen duk; ba hara joango gara eta ikaragarrizko afaria egingo dugu, gainera Belen orain askotan joaten da herrira asteburuetan eta bere gela utziko liguke gaua pasatzeko. Mirenen gorputza datorkik burura, beltzarana campingeko dendan lo-zakuen gainean, izter gorriak Picosetako gau argitan... Mirenekin igarotako gauak gozoki gogoratzen dituk, orain ere sarritan egiten duk amets berarekin, eta eskutitzean esan bezala, askoz egun zoriontsuagoak igarotzen dituk berarekin amets egin eta gero; sarjentuaren lelokeriak hobeto jasaten dituk eta zentzugabekeriak errezago gainditzen dituk burua beste leku batean dagoenean.

        Bi ordu t'erdi izango dituk irudimenezko etsaiaren trintxera zaintzen ari haizela, bi ordu t'erdi hire gaztetasunari lapurtuak, zortzi hilabete t'erdiko ametsgaizto honetako bi ordu t'erdi. Hona etorri aurreko aholku eta esames guztiei egiten diek errepasu, hutsa! Inola ere ez dituk benetakoaren antzekorik, hik uste baino okerragoa duk, askoz txarragoa. Hemen pertsona desegiten saiatzen dira, esan hion behin Mireni, zure barrukoa kendu, sentimenduak ezabatu eta beraien makina bihurtu nahi zaituzte. Janariarena eta horrelako lelokeriak huskeriak iruditzen zaizkik. Badakik ogi izan eta hala nola konponduko haizela, baina zigorrak, tentsioa, beren eskuetan egotea... horrek mintzen hau, horrek hondatzen hau egunetik egunera. Bost minutu falta zaizkik goardia bukatzeko. Mirenen eskutitza ikutu eta korreak mugitzen dituk apur bat. Alokatzeko pisu bat ikusten ibili naiz, errepaso egiten diok eskutitzari, polita da eta etortzerakoan joango gara biok ikustera. Oso pisu txiki da, baina neri behintzat zoragarria iruditzen zait. Mirenen baikortasuna atxikitzen zaik, imajina dezakek pisua korritzen, aztertzen, konpontzen. Zuen txokoa izango duk eta horrek bihotza piztu dik.

        Eguzkiak egunsentia zekarrek mendi tontorretara eta laster ferekatuko hau. Mirenek ikusiko duen eguzki bera. Saltu txiki batzu ematen dituk, lehenengo hanka bat, gero bestea. Badakik edozein entretenimendu eskertzen dela, badakik oinak bero eta burua hotz eduki behar dela, baina hala ere maiz oinak izozturik eta burua beroturik sentitzen dituk, sarriegi, hire ustez.

        Kaboa ikusten duk, bukatzear zegok gaurko goardia eta beste bat gehiago esan ordez, bat gutxiago falta zaiala pentsatzen duk. Bat gutxiago etxeratzeko. Hagoen moduan joan haiz dendetara, gaueko bederatziok elkartu eta hitz jario etengabea hasi duk zuon artean. Ez duzue ezer esaten eta ez zarete isiltzen, kontua zerbait egitea duk, denbora azkarrago pasatzeko zerbait. Mundua geldi erazi nahi nuke orain, esaten hion Mireni askotan, geldi dadila honela eta gu biok hemen bakar bakarrik egon. Bere ezpainek hireekin bat egitean isiltzen hintzen eta barnepozak gorputzetik alde egingo ziala uste huen.

        Ilaran zaudete gosaria hartzeko; logure aurpegiak dauzkak inguruan, batzuak esnatu berriak direlako, besteak, hik bezala gaubelan igaro dituztelako azken orduak. Aurrekoaren fusila daukak begien aurrean, trabeska, bizkarra aldenik alde burutzatuz. Denborak erakutsi dizue zein den eramateko modurik erosoena; sei egun fusila eskura daramazuelarik. Martxan, korrika, atsedenaldietan, jatorduetan, kaka egitean ere alboan izan behar trastea. Zuen neska, emaztegaia bezain ongi zaindu behar duzue, esan zizuen tenienteak hasieran, aspaldi, duela egun, hilabete asko... baina zuek badakizue traste hori hemen utziko duzuela, tresna hutsa dela eta astunegia zaizuela, jakin badakik inoiz, inola ere, ezin dela Mirenekin konparatu, baina horrelakoak hamaika aldiz entzuten dituk egunero. Belarri batetik sartu eta ahalik eta azkarren bestetik atera.

        Arroka baten inguruan jarri haiz gosaria hartzeko, Joxe zetorrek hire ingurura, keinu bat egin diok eta irrifarrez dakusak, malabarismoak egiten bandejako kafesnea eror ez dadin. Gaileta bustitzeari ekin diok baina Joxe makurtzen ikusten duk, harri batekin estroposu egin eta bandeja eta Joxe bera lurrerantz zihoazek; saiatu duk bandeja kontrolatzen baina ihes egiten ziok. Geldi hago, mundu guztia geratu duk Joxe eta bandeja izan ezik. Gaileta desegiten ari zaik kafesnean baina hi ohartu ere ez, Joxerengana dituk begiak zuzendurik. Lurraren kontra jo dik eta fusiletik kea ateratzen ikusten duk, gero dena ilundu duk, ez duk tiro hotsik entzun, ez duk ezer ikusten, dena bukatu duk, bukatu zaik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.