L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz0200>— Plazara. 2 zkia. (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Irene edo itsu bat clavicordioa jotzen

 

Pako Aristi

 

Irenek ez zekien zumezko kulunkariak, ilargiak betetzen ari denean egiten duen kurbaturaren antzeko hankarik zuenik, itsua bait zen eta ez bait zuen ilargirik ikusi bere bizitza guztian. Horregatik ez zuen ulertzen Laurak bi ilargiren gainean lokarturiko printsesa zirudiela esaten zionean, baina bere amarengandik etorririk, printsesak onak izan behar zutela pentsatzen zuen.

        Jaio zenean, portzelana bezain txuria eta hauskorra zen Irene, baina bazirudien oraindik ez zela erabat jaio, oraindik ez zela erabat munduratu, begiak itxirik bait zeuzkan lau ordu igaro ondoren. Hirugarren egunera Laura liluratu egin zuten Irenen begiek. Esmeraldazkoak iruditu zitzaizkion, Laurak inoiz esmeraldarik ikusi ez bazuen ere, zeren ez bait zuen ez kolore eta ez hitzik ezagutzen begi haiek deskribatzeko. Medikuak Irenen itsutasuna esplikatu zionean bakarrik deslokatu zen Lauraren aurpegia.

        — Itsua da, eta hala izango da begiak betirako ixten dituenean ere— esan zion medikuak kasik ahopeka.

        Irenen begiek ez zuten ikusten. Ikusteko behar den likido akuosoa falta zitzaien niniei. Horrek egiten zituen begiak hain argi eta kolore ezagunen artean sailkatu ezinak. Horrek ematen zien esmeralda kolorea. Irenentzat iluntasuna ez zen beltza, ez bait zuen kolorerik ezagutzen. Irenentzat iluntasuna mundurako bidea ixten zion horma garaitezina zen. Irenek ez zuen artizarra ezagutzen, ez zuen egun txinta ezagutzen, ezta ustargia ere, ez zuen inontza loreei malkoak ateratzen ikusi eta ez zuen izar eta haritzen altura edo pagoen zabaleroa ezagutzen.

        Gauza edo pertsonen ezaugarriak usain, zaratots eta kontaktoaren bidez jasotzen zituen. Zumezko kulunkaria zen etxe hartako gauzarik maiteena Irenentzat. Etxea eta inguruak ondo ezagutzen zituen, eta ez zuen estrapozorik inoiz egiten, baina kulunkarian jar-etzaten zenean babesturik sentitzen zen. Ordu asko pasatzen zituen kulunkarian, batez ere neguan, eta ordu luze horietan hasi zen denboraz pentsatzen, denboraz hitzegiten, denboraren iragaitea ikusten, denbora behatzetako erkainetan pasatzen den lihazki mehe bat bailitzan.

        Taigabeko orduak ematen zituen Irenek kulunkarian jar-etzana, batez ere arratsaldeetan, aulkiaren hanka okerren zirkinean. Laura askotan begira gelditzen zitzaion atzetik, baina berehala somatzen zuen Irenek:

        — Denbora nola pasatzen den ikusten ari naiz— esaten zion holakoetan.

        Irenek etxeko pertsona eta animalia guztien mugimenduak sentitzen zituen. Somatzen zituen saguak zoluaren ohol azpian, udan somatzen zituen txinaurriak sukaldean azukre jankadak egiten, katuen mugimendu guztiak zekizkien, eta somatzen zituen ere Laura eta Mario, igande ilunabarretan, alboko gelan, ohean biraka, arnaska, elkar trumilka musukatzen. Somatzen zuen ate azpiko terrala eta sentitzen zuen bere barruan, alualdetik irristatzen zitzaion terrala, alboko gelako arnaskak entzuten zituenean. Orduan ziletik behera luzatzen zituen behatzak, eta hain haztatu eta laztantzen zuen goxo eta emeki bere alua, non beste norbait ari zitzaiola iruditzen bait zitzaion eta ulu mehe bat botatzen zuen amaitzerakoan.

        Ireneren mundua oso ttikia zen, ttikia eta berria. Nekez jabetzen zen gauzetaz, egoeretaz, oso berriak zitzaizkion besteentzat begi bistakoak eta jakinak ziren egoerak. Horregatik, Irenek ez zuen nostalgia ezagutzen. Ez zuen joandako urteen nostalgiarik, ez zuen betirako galdutako pertsonenganako saudaderik, ez zuen tristurarik behialako leinuruentzat. Irenen desira bakarra koloreak ziren. Ez zuen nostalgia ezagutzen. Arratsalde batean Maurok bisitatu zuen arte.

        Irenek jarraitzen zuen taigabeko orduak ematen kulunkarian jar-etzana, baina Maurok bisitatu zuen arratsalde hartatik aurrerantz hala esaten zion Laurari atzetik begira somatzen zuenean:

        — Mauro etortzeko falta diren orduak nola pasatzen diren ikusten ari naiz.

        Egun batean, udaberrian, larrosa txuri eta larrosa gorri bana ekarri zizkion Maurok. Etxe aurrean aldatu zituen. Petaloak ikutuz bereizten zituen koloreak Irenek. Txuriak bere azalaren labaintasuna erakusten zuen. Gorriak Lauraren azal higatuaren arrasto guztiak zeuzkan. Kulunkaria larrosen artean ipini zuen. Han eseri zen bazkalondo batean. Eskuak larrosetara luzatu zituen, ahurrak zabaldu zituen eta larrosak justu justuan ikutzen zituelarik jarri zen. Arratsalde osoan ez zuen ezer somatu, baina hiru egun pasatu ondoren hazten sentitu zituen larros biak. Txinaurriak bezala sentitzen zituen petaloetako nerbioak mogitzen, sendotzen eta zabaltzen. Aste osoa igaro zuen larrosak hazten sentitzen. Halere, txuria askoz gehiago ari zen eta zimaurra eskatu zion Laurari. Larrosa gorria zimaurtu zuenean aurki harrapatu zuen txuria eta hortik aurrera ahizpa bikiak bailiren hazi ziren larrosa biak.

        Horrela, orduak, denboraren neurria izatetik Mauroren ausentzia neurtzera pasatu ziren eta lehenengo arratsalde hartako bisitaren nostalgia hazten joan zitzaion gibelerraietan, bihotzaren ondoan, eta zirikozko hilbanaren moduan estutzen joan zitzaion, ezarian, eta Maurok Ameriketako bidea hartu zuenean bakarrik konturatu zen bihotza erabat harturik zuela nostalgiaren hilbanak eta estrainekoz bisitatu zuen arratsaldea gogoratzea beste erremediorik ez zuela izango, Ameriketako bidaiak ez zuela itzulbiderik antzeman bait zuen Mauroren azken hitzetan:

        — Irene, Ameriketa urruti dago berriro sorterrira itzultzen hasteko.

        Orduan ulertu zuen Irenek maitasunaren denbora iragana dela, iraganean kolorez jazten direla maitasunak, eta oraina arrenguraren sasoia dela, maitasunezko gezurrak esaten diren garaia, eta estraineko arratsalde hura gogoratzen hasi zenean ulertu zuen ere, nostalgia oraina eta iraganaren arteko zubiska huntzostotsua dela, noizbait zoriontsu izan garela xuxurlatzen digun gezurra.

        Orduan hala esaten zion Laurari:

        — Mauro joan zenetik orduak moteldu egin dira, makal pasatzen dira.

        Udazkena zen, eta arratsalde batean egonezina somatu zuen Lauraren gelan. Ezaguna zitzaion soinu hura, zoluan oso leve sentitzen zuen ikara minimus hura, eta Irene bera kiskurtu egin zen kulunkarian eta behatzak ziletik beherago eraman zituen. Baina une batean, Laurak sei urtetan inoiz aldatu ez zuen igande ilunabarrara etorri zitzaion gogora. Eta une hartan osteguna zen. Desorduan ari zen Laura maitasunaren apetak asetzen. Gelditu egin zituen behatzak, eta musikoek bakarrik duten zera hori, sena, Lauraren gelara zuzendu zuen. Beso sendoek inguratzen zuten Laura, eta asko mugiarazten zuten gora, behera eta alboka. Ameriketako oihartzunak ekarri zizkion senak, mutil bat ikusi zuen larrosa txuri eta gero larrosa gorri banarekin, eta azkenik Mauron arnaskak ezagutu zituen Lauraren intzirinekin nahasturik. Une hartan bihotzaren taupadak azkartu egin zitzaizkion, motza iruditu zitzaion Mauro ezagutu zuenetik une hartarteko denbora, motza Ameriketarako bidaia. Mauro zortzi metrotara zegoen, Laura, bere amarekin, desorduko maitasun baten miseriak dastatzen begiak itxita.

        Bizitzan lehenengo aldiz argitasuna sentitu zuen Irenek, ez zen konturatu aurpegia malkoz blaitua zuenik, argia ikusi zuen, kolore bat, ez zekien nola deitzen zen kolore hura. Kulunkaria kanpora atera zuen, larrosen artean jarri zuen, udaberrian bezala, eta gorriak petaloak mantentzen zituelarik, txuria higatua zegoen, kraskateko bat eginez hautsi zen Irenek behatz artean estutu zuenean, eta ardaska eskuetan gorderik, argitasun hura deszifratzen gelditu zen.

        Laura eta Mauro, oihuka ihardun ondoren bere ondora joan eta aurpegi zurahil hura ikusi zuten arte ez ziren konturatu Irene hilik zegoela, bizitzan denbora pasatzen ikusteko hartzen zuen postura berberan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.