L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 3 zkia. (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Literatura lehiaketa—

 

Azken hitza

 

Karlos Zabala

 

        Oraingo txanda honetan, "Azken hitza" ipuina gertatu da irabazle. Bere egilea; Karlos ZABALA OIARZABAL, Irungoa eta 22 urtetakoa. Zorionak.

        Hona hemen aipaturiko lana:

 

 

Las Olivas

1945.eko Otsailak 7

Kaixo Kosme! Kaixo!

        Denbora luzea iragan duk; hogei eta bi urte ez duk txantxetako gauza, ez horixe!

        Eskutitz hau hire eskuetara iristen denerako ziur aski azken arnasa hartua izango diat, edo bestela ohean etzanda egongo nauk, hiltzear.

        Horregatik ezin izango diat hitzegin.

        Hauek, beraz, niregandik ateratzen diren azken hitzak dituk, hirekin gurutzatzen ditudan bakarrak ia ia, hemeretzi urtez elkarrekin bizi izan baginen ere.

        Gutun hau idazten askotan hasi nauk, baina oraingo honetara arte ez diat bukatzeko behar nuen kemena eduki. Besteek zakarrontzia bete ditek, idazteak nahitanahiez zekarren barkatzeaz damutzen bait nintzen. Inoiz itzuliko ez hintzela esan huen, eta hitza bete duk; orain, hiltzen ari naizenean, hire etorrera espero diat. Hi ikustearekin nahiko izango diat lasaigo hiltzeko, baina beharbada beranduegi iritsiko haiz.

        Agian galdetuko duk zergatik orain egiten dudan orain arte ezinezkoa izan zaidana. Ai seme! Herioak bultzatzen naik; haren bihotz hutsaren taupadak neure gelan somatzen hasi naizenetik bi desira nahasten dituk nire baitan: ahalik eta gehien hilzori hau luzatzea eta azken agurra egitea. Bere burua ikusten uzten ez duen arren nire alboan larrialdirik xumeenaren zain sentitzeak idatzarazten zidak. Lerro hauetan azken indarrak, nire bizitzaren azken izerdiak zihoazek. Hau bukatzerakoan odola betirako hasiko zaidak hozten, arik eta besarkada zuri hezurtsuak maitekiro inguratu arte, gero, eskuz heldurik, bere segaren atzetik eramango naik; mundu honetatik itzultze gabeko bidean barna aterako nauk.

        Orri hauek dituk, hortaz, bizitzarekin batzen nauen gauza bakarra. Hau dela eta, azken adioa, eskutitz honen bukaera berandutzen saiatuko naizela aldez aurretik oharterazten diat. Neure izatearen amaiera atzeratzen ariko naizela hartu behar duk kontutan. Uler nazak! eta, mesedez, irakur osoa arren! Hilurreneko baten azken nahia duk, hire aitaren azken gogoa, eta urkamendira igotzen direnei ez bazaie ezetza ematen, ez uka hik niri!

        Etorriko haizen jakin gabe idazten ari natzaik. Ez zekiat bidali nian oharra iritsi zitzaian, ez etorri nahi duan ere. Baina idatz diezaiokedan bakarra hi haizenez —beste inor ez bait zait geratzen— hiri zuzendu behar nian ezinbestez.

        Bai! bakarrik bizi nauk aspalditik. Hemen, basetxe honetan bizi izan zirenak, txikitan ezagutu hituenak, denak joan hituen. Batzuk zerraldo eder iltzeztatutan, hankak aurretik zeramatzatelarik, besteak oinez; batzuk mailuz landutako sarrerako ate haundi urreztaturik, besteak atzeko albatetik, baina denak atera hituen, denak.. ni izan ezik.

        Oroitzen haiz aitonaz? Hura bai zela mehea! Hezurra eta azala besterik ez, haragi arrastorik gabe, zainek leher egin behar ziotela zirudian, baina, halabaina, ez huen geldirik geratzen, etengabeki akuilatzen ari bazitzaizkion bezala.

        Nola gordetzen zuen oreka ibiltzean ez zioat oraindik neure buruari azaltzen; hezur guztiak kolokan bazeramazkien ere, bat ere ez zitzaion inoiz erori, harrigarria! Txotxongiloa bururatzen zitzaidan haren ibilera ikusten nuelarik.

        Zenbat barre egiten huen aitonarekin! Eta aitonaz ere! Berak, ordea, dena barkatzen zian, eta nola ez bere kuttun-kuttunari!

        Ai! Zer nahigabe harena ospa egin huenean! Hiretzat izan hituen bere irribarrerik gozoenak, bere ferekarik amoltsuenak. Norekin banatuko zitian bere sekretuak? Nire ustez, orduan, hire joatearekin batera, hasi huen zahartzen egiazkiro.

        Basetxea berak zeramaan; sal-erosketez, gure nekazari eta morroien lan-sariez, etxearen diru-kontu guztiez arduratzen huen; dena bere gain zegoan.

        Hil zenean, lur jo genian.

        Bere automobil beltzaren barruan hil huen; loa eragotz ziezaiokeen gauza bakarrak hil egin zian. Gurtzen zuen automobilean. Lur-ematean egon nintzen arren, gorputz-zatiren bat kotxearen burdin okerrei lagunduz datzalakoan niagok, xehaturik, puskaka atera bait zuten gorpu suntsitua.

        Eta berarekin Eusebio, txoferra, joan zitzaiguan ere.

        Ezbeharraren ondoren, hartatik zazpi aste betetzeke, goiz zoragarri batetan jeiki nintzenean, Juana andrea, nire anaia Manuel zenaren emaztea ihesi joana huen. Une hartan ez ninduan ohartu, noski! Baina beranduago bazkaltzera jaitsi ez zenean, kezkak haren logelara iganarazi nindian (osasun ahulekoa bait zen), ez zegoan ez bera, ez bere soinekoak, ez bere apaintresnak —hau egitan arduragarria—. Hanka egin zian, baina nora joan zitekeen beti kexaka aritzen zen emakume hura? Erantzuna Ines-en ahotik jakin nian, German, bere bihotzeko German, gauen ixilka, ezkutuka joana huen ohetik; noizean behi goiz jaiki eta goizean azaltzen huen. Egun hartan, ostera, maleta zaharra ez zegoan betiko lekuan.

        Horrelako gauzak ez dituk txiripaz gertatzen, eta burutik kea sortzen hasi aurretik ondorio batetara iritsi gintuan; elkarrekin eskapatuak zirela.

        Inesen negarrak! Inesen oihuak! Bere maitea, bere senarra ihesi, baina? Nolatan? Gaixoa!

        Lorazaina etxeko andrearekin ihes! Sinesgaitza! Eta hondagarria! Etxea eramateko gauza zen bakarra bera baitzen; agian honek bultzatu zian joatera, zama gehiegi lorazainarentzat.

        Ilunak izan hituen geroko egunak, ilunak gure kopetak. Hiru gelditzen gintuan.

        Ines, etsitua, jaio zenetik pobreziatik atera nahian, eta lortzear zegoenean, har ezak! senarra beste batekin ospa!

        Catalina, bere alaba, inoiz baino aspertuagoa, gazte xarmanta izanda ez zian inor bere edertasuna gozatzeko, eta ordura arte aitarekin mintzatzen denbora ematen bazuen, gero ez zian tutik esaten, mututu egin zela esan litekek.

        Eta azkenik, neu, nire bizitza erosoa bukatzen zitzaidala ikusten nian, nire gauzetan aritzeko betarik aurkitzeko larri ibili ninduan aurrerantzean, lehenbizi jan egin behar baita; gainera, herabetasunak trabatu bazidan ere, beti desiratu izan nian nire koinata; nire ametsik eroenetan hamaika abentura iruditzen nian, eta hura huen beti salbatzen nuen erregina, maite nuen ostaliersa, laguntzen nuen dontzeila edo erosten nuen esklabu beltza. Nire grinen laguntsa, eta gizon zantar hori nahiago izan zian. Baina nola jakin zezakeen bere suak urtzen ninduela, bere oinetaraino narraztuko nintzatekeela berak eskatuz gero? Ai, garai haiek! Buruz gazte ninduan oraindik, ze adinez nire urteak baneramatzaan zegoeneko.

        Hilabete batzutan atsekabeak iraun arazi gintian, ez baikinen geure buruaz oroitzen, baina denboraren ahalmenaz samindura "eztitu" egin huen, eta hankak lurrean berriz jarri genituenean egoera deitoragarrian geundela ikusi genian.

        Etxea aurrera eramaten saiatu gintuan, baina amore eman beharrean aurkitu genian geure burua. Ines sukaldetik aterata ez zekian deus, berak barazkiak egosten, haragia erretzen edo bazkalburukorik gozoenak prestatzen bai, honetan maistra huen, baina besterik ez. Eta ni ez ninduan ezberdina, bizitza osoa ikasten, ikertzen iragana nian eta gure basetxea aurrera atera zedin zerbait gehiago behar huen. Ondorioz, urte askotan eraikitakoak egun gutxitan porrot egin zian.

        Herrialdeko egoitzarik ederrena, lurrik emankorrena, jabegorik aberatsena lipar batez ezerrez bihurturik. Ez genitian geure langileak bota behar izan ere, bakarrik joan baitziren, gurean ezin zelako ez ogi ez ardo irabazi.

        Eta bakartasunean utzi nindiaten azkenean. Ines eta Catalinak ere atetik jo ziaten, ni zaintzeak nahiko janari emateari lagatu zionean.

        Azken hamabost urteotan eraman dudan bizitza orduan hasi huen, ni soilik naturaren aurrean.

        Urtean bi bider jaisten ninduan herrira, bi bider urtean ikusten nian jendea. Den dena nik egiten nian, bizitzeko behar zen guztia lortzen ikasi nian, irakasle gogorra baita beharra. Berak baratzean lan egiten, behiei esnea eraisten, oiloak zaintzen irakatsi zidaan. Eskuak maskurtu zitzaizkidan, idazluma eta goilarea erabiltzera soilik ohitutako eskuek aizkoraz eta aitzurrez lan egiten ikasi ziaten.

        Aldatzen hasi ninduan, ordura arte lortu ez nuen heldutasuna erdiesteko aldatu ere, Eta gauza asko ulertu nian, edo ulertu uste nian behinik behin; hala nola, hire joatearen arrazoia.

        Azkenerako utzi nahi izan diat gai hau, hiri gehien interesatuko zitzaiala jakinda ere. Hire amaren bila atera hintzen egun euritsu hartaz atzo balitz bezala gogoratzen nauk. Bazekiat ez huela aurkitu; berak ez zian nahi hi aurkitzea. Hemen bertan, herrian, bizi izan huen, zoritxarreko Maria —hori baitzen haren izena— orain dela bostpasei urte hil zen arte. Jakin nahiko duk zergatik ez zen gurekin bizi, nerekin ezkondu? Gure neskamea izan huen, eta argi dagoenez, nire maitalea bolada batez. Gurea bukatu ondoren, eta bere senarra izan denarekin ezkongaietan zebilela izan genian haurdunaldiaren berri. Ezkutuan jaio hintzen, eta Maria urte pare bat beranduago ezkondu egin huen. Hau duk historia. Maria hiru seme-alabez erditu huen, hire anai-arrebak beraz, baina mesedez ez ezak azal orain, hire amak horrenbeste arduraz gorde nahi izan zuena. Hauxe duk dena.

        Hire esperoan gelditzen nauk. Etor, arren!

Hire aita

Julian Guerrero

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.