L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz0400>— Plazara. 4 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elkarrizketak—

 

Marzelin Hegiaphal, pastoralgilea

Xuberoko mulde xaharren behazalia

 

        Sohüta. Gurean Soroeta zatekeena. Zuberoak bere hegi eta mendiak guztiz leuntzen dituen Pettarren eremu zabalaren atarian. Gure bizkar, elurrak bereganatutako Basabüruko bortü gaitzak Mauletik, kasik erabat frantsestu egin den hiriskatik, hurbil oso. Kilometro pare bat, ozta. Han hemen barreiatzen dira etxeak, soroak... Kamioaren bi aldeetara doi doi igar dezakegun herrigunea. Igande goiza. Inor ez kalean. Edozein asteegunetan berebat gertatuko ote den, gure artean. Tabernan galdetu dugu. Hegiaphalia. Eta gure frantses traketsaz baliatu behar ere... Eskoletako fraileek noizbait irakatsiko ziguten "egge" hura —fgregge, tonto! fgre-gge— eskapatu egin zaigu ustekabean. Bueeeno! Bidea seinalatu digute, ostatuko andreak eta mutiko batek horretarako bat eginik. Esker hanitx.

        Igande goizak halako zentzuzko gauzak konprenitzeko ez izaki eta, horra! noragabean galdurik "Ez zekiat nola moldatzen haizen, baina zakurra besterik ez dagoen tokietara eramaten nauk beti!". Halaxe baita, alajaina! Uste baino ozenagoak bide dira, ordea, herriska hutsetan egindako urratsak. Keinuka ari zaigu zorioneko jauna. Gibeleko pausoetan itzuli eta luze gabe, bertan. Hegiaphalia.

 

        — Sortia nüzü, frantsesez erraiten den bezala, le 10-10-10, 19l0eko Urriaren 10ean, mendigain batetan, herritik, Sohütatik, zazpi kilometratara.

        Afablea, pertsona. Barrenera sarrerazi eta sukaldera zuzendu gaitu. Mahaiaren baranoan aritu gara, buruz buru, emaztearen begira. Honek, xehetasunak gobernatu ditu. Mila esker, gosalduak gara. Harrera bizia egin digute.

        — Pastoralgilea zaitugu. Zu izan al zara familian lehenengoa eginbide honetan?

        — Ez, aparientziarik ere. Izan züzün Hegiaphaleko seme bat, apeztü eta ondoren eskola handiko profesür egin, badakizü; eta reboluzionea beno lehentxoagoño kanpon ezarri zizien, negatü zizien.

        — Zergatik?

        — Zertako? Badakizü, reboluzionea ez züzün egiten egün batetik besterat, aspaldi prestatzen ari zen gaiza bat züzün, bistan da, gaizak oro bezala. Eta araiz ideiak aintzinegi zitzün eta kanpon ezarririk izan züzün. Eta gostü beitzian üskal zeretan, pastoralak egiten zitzün. Reboluzionalat gabe elizetan jokatzen zützün pastoralak, apezek eginik. Hark ezarri zizün oraiko mudelat, kanpoan, kantüz jokatzeko eta satanak ezarri zitzün dantzan pastoraletan, kantatüz apezen kuntre, izigarri kuntre. Ene aitañik johan zitzün lau urte Pazkorik egin gabe, apezak ez beitzian nahi üken. Hori 1877an hasi züzün. Transformazione gaitzak egin zitzien.

        — Zer ziren aurreko pastoralak?

        — Saindien historiak eta, badakizü. Holako zützün pastoralak, bai eta beste historia handi batzü ere, Roland eta. Hau Üskal Herriarendako historia handia beitzen. Karloman eta. Badüzü hamabost pastoral Rolanendako, ihurendako ez düzü honenbeste.

        — Elizatik kanpo zer jokatzen zen garai hartan?

        — Zerak egiten zützün, izigarri zahar dützü, asto lasterrak. Zer ziren? Soizü, ni ezkuntürik beste emazte batekilan ontsa banintzen, eta agerki ez azolki, ordian asto-lasterrak egiten zützün eta izigarriko afrontia züzün. Gazteriak egiten zitzien. Hartan largatzen züzün asto-lasterren egitez, itsusi johan züzün eta, soizü enetako egiten baziren eta zü ene anaie balin bazina, defendatü egiten zünian.

        — Xaribariak gauza bera al dira?

        — Manexek hala deitzen zitzien asto-lasterra, tobera munstrak ere bai. Gük asto-lasterrak.

        — Ez al zegoen besterik?

        — Ba, alargüntser züzendia: zintzarrotsak. Ez züzün bardin hura. Alargün bat arrezkuntzen zelarik, edo alarguntsa, ba ordian alargüna züzün hogendant, eta behar zizün sosa eman gazteriari eta gazteriak soinu egiten zizün karriketan barna. Sosik emaiten nahi ez zelarik zintzarrotsak egiten zitzien, ülhüntze güziez.

        — Gaur egun bizirik al diraute?

        — Pastoralak bai, bestiek ez. Baditzüt asto-lasterrak moldatürik ihuren kuntre, ihuren izendatü gabe, jenteek ikus dezaten nola egiten ziren.

        — Egungo pastoralak eta zure gaztetakoak berdinak al dira?

        — Pastorala egina düzü süjet handiendako, errege, militar... jente handiendako. Ordian, badakizü, han ari direnian, errege farsak dützü. Bena soizü, Etxahunen pastoralean, laborariak dützü laborari, han ari direnak; eta itsusi düzü laborariak farsa hartan ari diten, ez düzü haren jostea hori. Laborariak laborari behar düzü gelditü. Artzainak ezarten zitzien lehengo pastoral zaharretan, artzainak seküla ez zützün soiniekin jalkitzen, eta eni ez zitazüt agrada orai Etxahunen zera hori pastorala dei dezagün. Ez düzü pastorala errepresentatürik hor. Behar lükezü gizon handi, süjet handi, pastoralaren egiteko. Orai berri egin dizie "Pette Basabürü", denak laborari...

        — Zer diozu oraingo pastoraletan emakumeen parte hartzeaz?

        — Soizü, gizon bat eta süjeta emaztia, beti hun düzü. Süjeta haitatzen dügü botzik eijerrena. Hartarik landa, mintzatzen den emaztia ez düzü holaxe ezagün. Ozka handia egiten dizü gaiza hunek, izigarriko ozka handia. Jentiak ez dizü onartzen. Eta andere hunik izan düzu... mutikoak eta... gaixtorik ere bai, zeren ez beita aise atxemaitia andere hun bat pastoralendako. Süjetaren atxemaitia, anderiaren atxemaitia. 1936an egin gintzün, Garindeinen, Roland pastorala. Ni gazte nüntzün eta aita zenarekilan egin nizün, eta mutikoaren haitatzia... Nik ezagützen nizün, hogeitamabost urteko mutikoa, kantari pollita, rnutiko xarmanta, eta nik nahi nizün andere ezarri eta aitak ez, zaharregi zela. Azkenekoz prozesa irabazi nizün. Izigarriko anderea egin zizün, izigarriko! Eijer eta inpertinent behar züzün. Izigarrikoa, hura botza! Emazte batek ez zizün holako botzik ükenen, hain ontsa egiteko.

        — Zein dira "turkak", pastoraletan?

        — Guk denak türkak deitzen ditzügü, ez dakizüt, hastez izan behar dizü. Gük beti türkak. "Napoleon"en ez dützü türkak, errüsak dützü. Gaixtoak beti. Bestiak giristiak.

        — Moralizanteak al dira pastoralak?

        — Soizü, apezek eginak ziren. Alde bat hun agertzen zizien eta beste bat gaixto. Ageri düzü apezek eginik zirela haste batetan. Eta nik nahi nükezü gauza hau begira dadin, mulde xaharra, mulde xaharra beita.

        — Noizkoa da pastoraletan erabiltzen den musika?

        — Lehen txürüla eta atabala erabilten zützün. Eta tanbüria txürülaren kadantzaren egiteko, dantzaren lagüntzeko. Eta oraiko müsika, ba, gerlak egin zizün. 1914eko gerlaren aintzinean txürüla erabilten züzün eta ondoren hasi beste instrümentak, ordian hasi beitziren beste soiniak, eta heben ere. Pollitzeko zernahi egiten züzün. Egin behar ere.

        — Kororik ezagutzen al zen aintzinako pastoraletan?

        — Batere, batere. Koriak berriak dützü. Ene aitañi hasi züzün kantorez, bena güti. Hura hasi züzün kantaerazten. Eta heben ez züzün korian kantatzeko üsajerik.

        — Zer dira satanak?

        — Beti giristien kuntre. Deabriak dützü, tentazaliak ere bai. Orai galdia düzü amini bat, lehen satanak joan eta soinia kentzen zelarik, teilatietarik jauzi eginik, neskatila bat atxemaiten zizien, eta hola... hura züzün hen rola eta bere jauziak eta dantzak... Lehen libertimentü hanitx ez beitzen, eta hola... Ele pizu eta... bena horiek süprimatü dützü. Oraiko muldean pastoralak ezinez xarma haboro badizü lehen beno. Lehen, badakizü, etsaiak "brut" zützün... ez züzün "humanité", deus ere ez züzün barkatzen, itsusi alors!

        — Zein da pastoralaren prozesoa?

        — Pastoralak berrogei eta bost aktür dizü. Eta bakotxak bere tarte. Kaierran egiten dügülarik, pentsatü egin behar dizügü non eta zer behar den. Lehen türkak sartzen zützün etxauetan eta giristiak karrikan, hanitx ari züzün hola, eta izigarriko azantzak egiten zitzien türkek, izigarrikoak... Edatia maite zizien... Ordian jenteek ez beitzien ihunera jalkitzen, beste deus ere ez beitzen. Pastoralak izigarrizko inportantzia hartzen zizün, eta ederrago züzün, gogotik aritzen beitzen... Garai batetan egün osoa emaiten zizien pastoral batetan. Eta behin mila eta berrehun pertsu, eta jentiak irakurtzen ez beitzekien.

        — Aktore bezala ibili al zara inoiz?

        — Bai. 1927an bost aita-seme, lau anaia eta aita. Nik hamasei urte nitzün. Eta türka. Nik igorri nizün Napaleon, ene anaia, Sainte Héléne islara.

        — Egungo pastoralak nolakoak dira?

        — Artifizielagoak. Aise. Egün ez dützü hain gogotik ari.

        — Zergatik herri bakoitzak bere pastorala?

        — Denbora hetan, egiteko aldia bazen, ordian egiten zizien. Aisa egiten züzün ordian pastorala. Bakotxak bere ützülian egiten zizien. Herri ttipiek eta egiten zizien.

        — Zer moduz hartzen duzue, zuberotarrek, azken honetan, eta Hegoaldetik bereziki, gaineratu zaizuen ikuslego berria?

        — Zien aldeko jente horiek, orai errelazioneak kanbiatü dützü eta amini bat entelegatzen düzie, ez zizien deusik, deusik entelegatzen, eta kantietan ere, ez zizien dexifratzen ahal... Gü, Xuberoan, azken azkeneko gaixtoak gützü, bai, nik badakizüt ontsa, bai irakasteko bai ikasteko, bietan, berex gützü heben, izigarritan berex. Zer nahi düzü...

        — Jende guzti hori, gu alegia, onartzen al duzue?

        — Bai, bai... Soizu, badüzü heben ere beste kliente mota bat, jente eskolatü handia, frantsesak, eta hek jarraikitzen dizie aisago ziek beno, eskolatiak beitira. Eta estranjerak dützü. Enfin, guretako estranjerak dützü kanpotik jinak oro.

        — Euskaldun bakarrak zuek al zarete?

        — Ez, ez, ez dizü hala behar, besteak ere jenteak dützü. Presoner izan nüzü gerla denboran, eta soizü, alemanen gaizkiz hartzea... ez zitazüt axol, gü bezalako batzü dützü. Ez; ez, ez dizü hala behar. Eta gure artean, eskualdunak eskualdun gützü, frantsesak frantses, eta... Gü bezala sortü eta gü bezala hilen direnak dützü oro. Eta heben ere, ari düzü galtzen hori, eta beharrez, eta beharrez... Denok alkarrekin ontsa ere badüzü egiteko frango.

        — Pastorala burututa errematera ateratzen da hurrengoa non egingo den. Galdu al da ohitura hori?

        — Ez, ez. Azken pheredekia erremestiatzen düzü eta heltü den urtea zien aldi, eta jinen gira... Pastoraletarik landa erosi behar dützü jauziak. Bi sosen egiteko formüla bat. Sohütan egiten zelarik, Urdiñarbek puxatzen zitzün jauziak, eta Barkoxek ere, denek. Eta Urdiñarbek, gütarik landa, pastorala egin gei balin bazian, segür hek erosiko zitziela jauziak, gük ere hek egiten zielarik eros genitzan. Ezagün züzün noiz eta nork eginen zian ondoko pastorala. Pastoral baten egitiak ohore handia süposatzen zian herri batendako, eta trakas handia ere bai. Trakas handia.

        — Zenbat denbora behar da pastorala prestatzeko?

        — Fite egin behar düzü. Hirur hilabete, gehiagorik ezin. Ordian serioski has, bestela hürrünetik hasten balin bazira deus eginen ez düzü. Hasi eta jenteak atxiki behar dizü, badakizü.

        — Momentu honetan zerbaitetan ari al zara?

        — Zera, egin dügü, "Etxahun". Musde Haritselharrek izigarriko lan handia egin dizü Etxahuni bürüz, eta bazüzün heben Pierre Espil, hazpandarra, laket zizün eskribatzea, eta moldatü zizün roman bat bezala. Eta Etxahunek, roman hartan egin zizün Barkoxekoaren pastorala, bena batere ez zizün historiaren aparientziarik ere... Ordian gük egin dügü, aita-semeek egin dizügü, Haritselharren librian egiazko libriari so, eta egiazko historia moldatü. Ez dakizüt jokatürik izanen den, bena hor diagozü.

        Luzaroan mintzatu zaigu Marzelin Hegiaphal zuberotarrak ez beste euskaldunok hain gutxi ezagutzen ditugun pastoral eta gainerakoez. Eta horretan laguntzaile fina bere emaztea. Erretratoak erakutsi, senarraren esanak osatu. Eta Etxahun. Nekez aurki genezake egungo Zuberoan, hil berri zaigun Etxahun Iruri-ren irudirik erakusten ez duen taberna nahiz denda edo bulegorik. Gogoan dute zuberotarrek guk ezagututako Etxahun, gogoango beharko guk ere... Eta Etxahun. Itzuli bat egin nahi izan dugu Barkoxe aldera.

        Etxahun Barkoxe... Barkoxeko Etxahun. Aurten bigarren mendeurrena. Duela berrehun urte, 1786ko Uztailaren 26an hain zuzen, sortu zen Barkoxen Piarres Topet, Etxahun. Bizirik dirau Etxahunen oroimenak zuberotarren gogoan.

        — Ene aitaita izigarriko adiskide züzün Etxahunekin, eta Etxahun ardüra gure etxian züzün, han atxemaiten beitzian bere gostüko jentia. Etxahun bezala, pertsulari, badakizü... üskaldüna, alors! Etxahunek kantiak egiten zitizün eta... pertsu bat baizik ez dakizüt... Hegiaphal Barkoxe haren etsaia beitzen, hala egin zizün:

                "Hegiaphal eta Hegiaphal

                ez ditzaziela konfondi,

                egünak eta gaiak

                ez die diferentzia handi,

                bata ülhün den bezain

                bestia da argi,

                Sohütarat jogi baniz

                ez da estonagarri."·

        Etxahun espiritü gaitzeko gizona züzün, domaia züzün, gizon hura ez beitzen ihun ere eskolatü. Gizon handia jinen züzün, okerrilat edo xuxenilat, gizon handia jinen züzün.

        — Etxahun Iruri, Etxahun Barkoxe... Ba al lukete parekatzerik bi zuberotar handi hauek?

        — Soizü, Etxahun Irurik eta Etxahun Barkoxek ez zizien egiterik bat ere, ez kantietan ez deusetan, alors. Irurik kantore pollitak egiten zitzün, denak obratürik; Etxahunek ez, ene aitaitak emaiten zizün lau bost urte pasatzen ziala kantore bat agertü gabe, ordian beti hortxe. Ez züzün koblakari, hark behar züzün prestatü eta hürrünetik prestatü; hartakoz egin kantiak izigarri ederrak dützü. Zinezko poeta züzün Etxahun. Hark ikusten zizün, zera, "le sens figuré", badakizü, izigarriko "sens figuré" zizün Etxahunek. Hark zernahi erranen zeizün zük deus ere aperzibitü gabe zure trüfatzen ari zela. Etxahun Irurik aisa egiten zizün kantia, eta aisago müsika, kantore bakotxeko ahaide berezi bat diakozü. Etxahunek ez, gizon fina züzün, eta bizi zelarik ez zitzün bere kantoriak agertü.

        — Zein dira zure aburuz zuberotarren berezitasunak?

        — Ez dakizüt erraiten bena Xuberoan emaiten diren bezala, dantzak, ez dützü beste üskal herri güzietan, ez dützü ari gü bezala. Eta kantan ere ez; soizü, manexek orai, ziek bardin, hebengo kantü bat ez düzie gük bezala emanen, arauez ziena gük emanen beitügü ziek bezala, hori nuntik heltü da... Soizü, gük badügü eta... "une complainte" ahaidiarekin, ziek ez düziena, sortzez. Heben hanitxek pasatzen zian uda dena bortian, artzainak badakizü, nik uste hantik amini bat heltü ote den...

        — Eta txikitoak...?

        — Ah!, bai, bai, bai... Txikitoak, pertsulariak bezala da, joste bat. Ontsa hasten zützün eta hanitxetan gaizki finitzen... Bai. Eta gero heben aisa bilhaskan hasten zützün, bai. Zibilizazionea emeki heltü den gaiza düzü, eta beti aintzina ari dena.

        — Giro horretan bizi al zarete egungo Zuberoan?

        — Ez, ez. Ez düzü holako zerik. Orai galdia düzü, bena herri batetik bestera, herriko besta zenian, aizoko herrikoak tropaka heltü zützün, denak algarrekin, eh?, eta herrian baiño ez balin bazen, hura etxian zerratürik gelditzen züzün.. Orai ez düzü halako zerik. Soizü, heben orai besta bat düzü Saint Bladin, Ospitalepian, eta lehen besta handiak egiten zützün, eta biarnesak heltü, jüntan beita, eta hatsean bilhaska xuberotarrekin, kiska kaska. Bestela, ez züzün besta ederrik: ez züzün bilhaskarik, ez züzün besta ederrik.

        — Noiz ikasi zenuten frantsesez?

        — Dakigüna eskolan. Eta gero soldadotan ere bai. Soizü, ihurk daki non sortürik beti eskolarat etxetik igorri gintzien, eta familia handi güntzün, hamalaur haurride, beti eskolan ebili gützü eta gure denboran jenteek aisa mankatzen zizien, gük ez dügü sekülan mankatü. Seküla. Eta eni pena egin zitazün gaiza batek, soldado joan nintzalarik. Tarbera. Üskaldün frango züzün, eta baguntzün kapitain bat üskaldüna, eta ehün eta zonbeit soldado, ez beitzakien deusik, oui edo non. 1930.enean, eta ordian kapitainak erran zitazün, gela bat prestatü zizien eta bigak irakats bester. Hanitxek ikasi zizün, han senditü beitzian beharra, badakizü. Holaxe azkar ziren gizonak, bena jakin deus ez... Hori triste duzu gizon gazte batendako. Eta doi doia eskribatzen eta irakurtzen ikasi zizien, alors. Orai ez düzü holakorik. Eta beharrik.

        — Etorkizun onik ba al du euskarak Zuberoan?

        — Soizü, üskara galdia düzü. Nik pena dizüt, bena egiaren erraitea maite beitüt... üskara galdia delakoz Xuberoan. So egin, heben ihurrek ez dü emaiten haboro üskara. Laborarien etxauetan ez dizie haboro emaiten. Üskara frantsesa beno gaitzago beita, emaiteko, ikasteko. Nahi edo ez, üskararen erdia galdia da. "Le sens figuré", ostian erraiten niana, hanbat zen pollit "le sens figure"... ihurk ere ez dizü hitz bat emaiten haboro. Bagintzün gizon bat, René Lafon, Recteur de l'Academie de Bordeaux, ez nornahi gizona, eta üskara ikasten hasi zizün, hasi eta gehiago, ikasi, xuberotarra, ene etxondoan ebilten züzün bakantzetan, eta han lanean ari gurekin üskararen ikasteko, han ez beitzen besterik entzüten, eta ontsa ikasi zizün. Badakizü, librietan eta. Gero erraiten zizün jakin izan balü seküla ez zela partitüko entsegü hortan. Üskara polliki emaiten zizün eta ordingo kantien ikasten hasi züzün, eta kantietan badakizü, badüzü le "sens figuré" ardura, eta orai gük ere, eni ere gertatü zatazüt kanta zahar batetan topatü hori eta... ez beitüt entelegatü. Hanitxetan hori düzü eijerrena, izigarri düzü, frantsesek ez dizie gaiza hori, ez dützü gü bezain hürrün heltzen. Üskarak bazizün hori, izigarri barne heltzen züzün, eta hori deja galdia düzü. Eta ele hanitx, deja ez ditzü ihurk ere erabilten. Üskararen erdia galdia düzü, eta nik dolü egiten dakozüt zeren maite beitüt. Lenguaje ttipi horiek oro galdiak dützü, eta Üskal Herririk üskararik gabe ez düzü.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.