L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 7 zkia. (1987-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Bertso paperak—

 

Jose Mari Ezkerra,

Irungo bertsolari ezezaguna

 

Joxan Elosegi

 

        Bertsolaritzaren historian barrena abiaturik eta, jakinnahiaren harian, sakontzen hasi gareneko, ohartzen ahal gara Iruni eta, garrantzizkoagoa dena, bertsolari irundarrei buruzko aipamenak guztiz urri gertatzen zaizkigula. Ez ote dugu bada Irunen bertsolari aipagarririk izan? Badirudi ezezkoan gelditu beharko genukeela. Baina, galde lezake norbaitek, ez al da bederenik bertsotarako afiziorik izan? Eta baiezkoan geundeke, bazegokeelakoan. Baina nekez gorde zezakeen afizio hori gureak bezala mende honetan barrena, arrazoiak arrazoi, euskara hiltzera utzi duen herri batek. Irunen bertsozaletasuna hilik ez badago, beharrik itzalbidean barneratua dugu arront. Piztuko ahal du bertsolaritzak une honetan bizi duen giro berriak!

        Uztailaren 1a dateke irundarrok, gerra ondoko irundarrok, bertsolariekin une lasai eta alaiak igarotzeko izan dugun egun bakarra. Ez da gutxi, dioke baten batek. Eta bai, okerrago zitekeen. Urdanibia plazan, Uztapide, Basarri, Xalbador, Mattin, Lasarte, Lizaso, Mitxelena, eta abar luze baten entzuteko parada izan dugu, San Martzialeko ondoko horretan. Eta ez da gutxi izan, alajaina! Ez, ordea, nahikoa. Ezin esan genezake bertsozaletasuna, gure zorigaitzean, bizi dugunik. Urrun guzi horretatik. Eta halere...

        1895. urtean horrela kantatzen zuen kintan libratu eta geroztik derrigorrez Cubako gerrara joan behar izan zuen irundar gazte batek:

                "Moru beltza oyen kara itsusiyak

                ez nau asko apuratzen,

                terraje txarrian gaitz gaiztuak

                geienak miñez erortzen;

                baldin bizirik Gipuzkoara

                emendik banaiz etortzen,

                zer umoria pasako duten

                bertso berriyak kantatzen."

        Zein bestelako Irunen sortua zen gure soldado nahigabetua! Laster bazterreratuko zituen bertso berriak Irun kaleko jendeak, oraindik orain bizitza apur bat duten eremuetara, baserrietara. Urteak ez dira alferrik pasa. Umorea ez da Irunen euskaraz neurtzen, are gutxiago bertso berritan. Ohildu zuten kaletik. Eta halere...

        1893. urtean hantxe agertu zitzaigun Txirrita, irundar gazte batek jarriarazitako bertso-paperak saltzeko afana hartuta. Igande goiza zen, eta meza bukatzeko orduaren begira kale kantoi batetan jarririk, han hasi zen kantari jendea elizatik ateratzen sumatu orduko. Gaia txantxetakoa ez izaki, bertsoak jarriarazitako gazteari neska bat izorra utzia leporatzen baitzioten, Txirritak eramandako paper mordoa eskasten hasi zen berehalakoan. Segituan ahituko zen, bertako erretoreak gure bertsolariari erreparatu eta zertan ari zen galdeginik gero saldu gabe zeuden bertso-paper guziak erosi ez zizkion ba egin! Zeren beldur ote zegoen apaiz jauna? Ez dakigu zuzen. Garbi dugu, dena den, Txirritak negozioa bikoiztu zuena. Ez zituen bada, bertso guztiak berriro inprentarazi eta hurrengo igandean aurreko modu berberean, eta kale kantoi berean, kantatu eta saldu! Horra gure Hernaniko bertsolari maltzurra! Ez zuen nonbait makala Irungo plaza, gisa horretako negozioak egiteko!

        Arras bestelakotu egin zaigu herria. Herdoildu oroimenaren ardatza. Nola konpreni honelakorik Irun erdaldun batetan? Ehun urterik gabe arroztu egin gara erabat. Eta halere...

        Gure herrian milaka bertso-paper inprentaratu da urtetan. Gurean ibili zen "Irungo Itsua" deitzen zen bertso saltzaile famatua; bere ezinbesteko gaitza zela eta, bertso kantatu eta saltzeari ekin ziona. Bertsoa zerbait bizia zen garaia. Erdarazko prentsa, bertakoa nahiz kanpokoa, nagusituko zitzaion, herriaren erdalduntze prozesoa areagotuz. Eta halaxe egun arte. Ez dugu bada lan makala hartuko, noizbait egoera hau alda dadin nahi badugu.

 

Nor izan zen alabaina, Jose Mari Ezkerra hau. Sortegunaren berririk ez dugun arren, geroxeago Duvoisin-ek berak emango dizkigun datoak kontuan hartuta, 1780-1790 urteetan koka genezake. Deituraz ere zerbait esan beharrean gaude. Ez da Ezkerra oso abizen zabaldua Irunen, are gutxiago urte haietan ezagun zen horietakoa. Beraz, Ezkerra hori goitizena, ezkerraz baliatzen denari egokitutakoa alegia, zitekeelakoan gaude. Utz diezaiogun, dena den, Duvoisin kapitainari:

        "Jose Mari Ezkerra, Irungoa, da kanta honen egilea; mugako koblari famatuena da eta berak esandako hitzez juzka genezake bertsoak egiteko duen erraztasuna, izan ere «bere fabrikan katedral oso bat betetzeko haina dagoela» baitio."

        "Ageri da, lehen begiratu batez, gure bertsolaria ez dela karlista. Jose Mari Ezkerra 1823ko konstituzionalen alde jarri zen. Eta berauen gudatalde hondarrekin batera Frantziaratuko zen, Fernando VII.ak luzatutako amnistiak itzultzen utzi zion arte. Lanaren etsai, kontrabandoan aritu zen Frantzian, eta modu horretan eman zuen bizitza, noiztenka Baionako presondegira bisita batzu egin zituelarik, bertako mugazain, kartzelari eta burdinetako lagunei bertsoak jartzeko parada izanik. Umore onean beti, ongi etorria gertatzen zen nonnahi, baita presondegian ere. Hainbeste zorigaitzen artean, tristura nahiz mindura guzietatik urrun, bazirudien aitzitik, izakera alaiak eraginik, bertsoetarako zuen berezkoa bizkortu egiten zitzaiola, ohizko moderaziotik aldendu gabe. Azken gerra zibilean, armetara jo zuen Jose Marik; txapelgorriekin zerbitu zuen, Jauregi, "Artzaia", bere aintzinako koronelaren agindupean; eta sarjento galoiez gain, zauri batzu, domina bat eta pagatzen ez zaion pentsioa irabazi zituen."

        Honaraino Duvoisin jauna. "Le plus fameux coupletier de la frontière", kapitainak dion bezala. Ez du, halere, herriaren gogoak gorde. Zenbat halako! Gaitzerdi litzateke Parisko delako "Celte-Basque" horretan paper gehiago aurkituko bagenu. Gaitzerdi. Parisa behar.

        Mereziko balu ere, ez ditugu honetakoan bertso hauei buruzko iritziak eta komentarioak jalkiko. Bego lan hau irakurlearengan. Esan dezagun, guziarekin ere, nabari dariela bertso hauei Iparraldeko usaina. Gaiaz ere zer esan? Nork bere kontuak atera ditzala. Merezi duelakoan gaude.

 

 

1973. urtean, Bordelen Euskal Herriko 1789-1850 garaiari buruz ospatu zen Nazioarteko Mintegi batetan, Jean Haritselhar jaunak eman zituen ezagutzera, beste lehen karlistadako kantu batzuren artean, Irungo bertsolari ezezagun batek, Jose Mari Ezkerra izenekoa, aipatutako gai hori hartuta paratutako bertsoak. Kanta hau Parisko Biblioteka Nazionaleko "Celte-Basque" delako sailean aurkitzen da, Duvoisin kapitainaren paperen artean. Haritselhar jaunari zor diogu, beraz, Irunek ezagutzen duen bertsolari zaharrenaren, bakarrenaren apika, kanta bat aurkitzea. Bertso hauen izenburua: "Chanson Cristino"; egilea liberalen aldekoa zela salatzen duen izenburua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.