L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz0900>— Plazara. 9 zkia. (1987-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskal kulturaren panorama—

 

Zesarren andrearen gizona

(zentsura versus umorea)

 

Joxerra Garzia

 

Zintzo izatea ez omen zen aski Zesarren andrearentzat. Zintzotasunaz gainera zintzo itxura esijitzen zitzaion. Askotan, agian gehiegitan aipatzen den Erroma Zaharreko arau horrek beti eman izan dit zer pentsatua ugari.

        Lehenik eta behin, garbi dago araua Zesarren andreari dagokiola. Zesarri berari buruz ez zaigu bertan deus esaten, ez zintzo izan behar duenik, ez eta zintzo itxuran ibili behar duenik ere. Azken finean, agintzen duenak ezartzen bait ditu arauak, eta ezin hasiko da bere burua arautzen. Ongiaren eta gaizkiaren gainetik dago agintaria, bera da gainontzekoen arauen sorburu. Jakina da, bestalde, Erromako eredu politikoak eragin handia izan duela (eta duela) bi blokeetako gizarteetan (estatuetan, hobe). Ez al dago Zesarren andrearen hori moda-modako gaur egun ere?

        Baina utzi dezagun alde batera auziaren alderdi hori, eta gatozen aipatu arauaren mamira. Bi agindu ditu: izan zaitez zintzoa, eta ibil zaitez zintzo itxuran (inperatiboak ez du lehen pertsonarik). Lehen agindua, esan gabe ere jakina den zerbait bezala aipatzen zaigu, eta horrexegatik azpimarratzen da hain indartsu arauaren bigarren atala, itxurarena, alegia. Mundua bi bloketan banaturik dugun honetan, berriz, badirudi esaldi hori puskatu eta blokeetako bakoitzak atal bana hartu duela aintzat, bigarren parteaz ahazturik. Ondare eta aberastasunaren banaketa egokiago, justuagoa dute ekialdeko estatuetan. Zintzo izateaz arduratzen direla dirudi, itxuraz ahazturik. Mendebaldeko komeria guztiz bestelakoa da: itxura mimo handiz zaindu bai, baina oinarrizko, benetako zintzotasuna auzoan delarik: lehia bizia, "hor konpon"-keria latza, lege hutsezko libertatea, halamoduzko berdintasuna. Harako hark zioena: liberté, egalité, fraternité... hiruretarik bat egia balite!

        Baina hori bai: agintariak beti agintari, noiz eta nonnahi. Eta agintariak beti gauza bera nahi: besteak zintzo ibili daitezela, eta zintzo itxuran, gainera.

        Arma asko ditu aginteak hori lortzeko, baina guztiak ere honako bi multzotan sailka litezke:

        1. ZIGORRA. Zintzotasun-araua hausten denerako.

        2. ZENTSURA. Zintzotasun-araua hauts ez dadin.

        Serio, serioegi hartu ohi dute agintariek zintzotasuna zaintze hori. Hain serio ere, horretaz txantxarik ez bait dute ametitzen. Ez naiz ni orain eta hemen hasiko boterearen zokor-mazua non gogorrago den erabakitzen, mendebaldean ala ekialdean. Edozein moduz ere, mendebaldean bizi gara, eta gure arteko gorabeheretara mugatuko naiz, gainontzeko saltsak besteentzat utzirik.

        Beste muga batzu ere izango ditu artikuluxka honek, baina bat behintzat aipatu behar dut ezertan hasi aurretik: zigor konturik ez dut aipatuko. Zintzotasun-araua hautsi ondoren zer gertatzen den jakitea ez bait da arau hori hausteko modurik ba ote dagoen ala ez jakitea bezain interesgarri. Bestela esanda: zentsuraz doaz ondorengo lerroak, gaur eta hemen dugun/ez dugun zentsuraz, alegia.

        Ez dakit oso ortodoxoa ote den erabiliko dudan metodologia, baina azaldu egingo dut, halere, eta norberak juzka dezala gero zuzen deritzaion, edo oker. Garai batetan ikasiriko silogismo haien antzeko batetan oinarritzen da metodologia hori:

        A. Agintariek beren menpekoen zintzotasuna zaintzeko ardura serio hartzen dutenean, zentsurara jotzen dute.

        B. Gauzak serio hartzen duenak ez du umorerik.

        C. BERAZ, gizarte baten zentsura maila bertako agintarien umore ezaren arauerakoa da.

        Dominatzaileen ideologia dominatzailea bilakatzen denez, bestalde, aski izango da bizi garen gizartearen umore maila neurtzea, zentsurak zenbateraino kolpatzen gaituen jakin ahal izateko.

        Arazoa, zera litzateke, beraz: ba al dago umorerik gure euskal gizarte honetan?

        Baina galderak, askotan bezala, galdera dakar: zer da umorea?

        Eta galdera bikoitzari, erantzun hirukoitza dagokio:

        1. Umorea, hitz bat da. Hori lehendik ere badakigu denok. Ez dakiguna, ordea, zera da:

hatxez edo hatxerik gabe idatzi behar ote dugun zorioneko "umore" hori. Kontuan izan, HATXEa, zenbait euskaltzalek euskara batua jorratzeko erabiltzen duen lanabesa dela. Baina lehen zentzu hau ez zaigu hemen oraingoz interesatzen.

        2. Umorea, isurgai bat da, likido bat. Adierazgarria, zentzu honetan, gero eta maizago entzuten den kexua: lehortearena. Baina bide honetatik ere ez goaz guri dagokigun barrutira.

        3. Umorea, azkenik, bizimoduan aurre egiteko jarrera jakin bat da. Bereizi beharra dago, ordea, umorea eta txistea. Are gehiago, esango nuke, umorerik ezak sortutako hutsunea estaltzeko adabakia besterik ez dela, jeneralean, txistea. Nahiago nuke, beraz, txiste kontalariak alferrik baleude, bestela ere nahikoa barre egiten dugun seinale izango bait litzateke hori.

        Grekoak, adibidez, elkarrekin negar apur bat egin asmoz biltzen omen ziren trajerietara, ez txisteak entzutera.

        Txisteak, halere, bi eratakoak izan litezke:

        1. Propio egindakoak. Txiste kontalarienak, bertsolarienak (txapelketan ari ez direnean behintzat), eta abar. Jenero jator honetan ez dugu, egia esan larritzeko moduko eskaxiarik. Pernando Amezketarra, Lazkao Txiki, Imanol Lazkano... umorerik ezaren zuloa betetzen ariko dira agian, baina bai txukun eta artez bete ere. Pernandorenak txistea baino areago direla esango nuke, gainera.

        2. Nahi gabe egiten diren txisteak. Honetan bai aberatsa gure herri hau! Euskararen kontura egindakoak dira maizen entzuten direnak.

                — Partiduaren mandoa...

                — Erantzunkizun eskasa mitinetan...

                — Berjaurtipen industriala...

                — Erakarpen parkea..

                — Oinezkoen alderdi historikoa...

                — Azpigonak... goiz eta berandu...

        Baina horrelakoetan ez dago umorerik. Barregarri bezain negargarri izan litezke, gainera.

        Garbi dago, beraz, hemen esan dugun zentzuan behintzat umorerik ez dagoela paraje hauetan. Herri txistosoa izango da Euskal Herria, baina ez umoretsua. Eta uste dut, gainera, gero eta gehiago direla nahi gabe egiten ditugun txisteak.

        Umorerik ez izatea, bat da. Baina bada gehiago ere: Umorearen kontra-kontrako diren alderdiak (ez politikoak) ere ugari dira. Goazen sailez-sail:

— HAUTESKUNDE KANPAINAK Umoreak, nik dakidala, balore guztien erlatibizazioa du ezinbesteko. Eta non dago hemen baino gauza sakratu ukituezin, dudaz kanpoko gehiago?

        Zein politikok jarri du UMOREA bere boto-biltze kanpainan? Ez pentsa, halere, dena txarra denik: hau pasa, eta ez dugu puska batean politikoren beldurrik: kanpaina eginda geratuko bait dira denak, hurrengora arte.

— EUSKAL LITERATURA. Apaiz jendearen nagusigoa alde batera utzita ere, umorerik gabekoa dugu, jeneralean. Bada, noski, liburu barre-eragingarririk. Txiste liburu, alegia: eta hemen ere, bietatik: nahita txistoso direnak (Felix Bilbao, Labaien, antzerki tradizioa, kostunbristak..). Eta baita nahi gabe txistoso gertatzen denik.. baina sail honetako adibiderik ez dut aipatuko, inor mindu ez dakidan. Bestelako umorearen bila hasiz gero, jai dago. Non dago literatur obra gorenetako umorea? Ez naiz Mirande eta igeletarrekin ahaztu. Baina ez al da nahikoa adierazgarri haren umorerik gogokoena umore beltza izatea? Eta azkenean euskaraz idaztean utzia?

— KOMUNIKABIDEETAN egiten ditugu txisterik txarrenak. Batetik, txiste txar etengabeko bat besterik ez garelako: erderazko komunikabideetan ari direnak baino bitarteko gutxiagorekin, hizkuntz-politika garbirik gabe...

        Hizkera neutro, zentzu bakarrekoa ari gara zabaltzen. Eta zentzu-bikoiztasunik gabe, anbiguitaterik gabe, ez dago umorerik. Baina ALDE ALA KONTRA egotea esijitzen den lekuan ez dago anbiguitaterik. Ez dago, beraz, umorerik.

        Asko idatzi da, euskaldunon hitzaz. Hitzeko gizon izan, edo hitzeko gizon eta emakume izan, politikoek kanpainan esan ohi duten bezala. Denon artean akatu nahi dugu anbiguitatea, akatu nahi dugu gutako bakoitzaren baitan dagoen TRATANTEA. Eta ez ote da ordua, Joseba Zulaikarekin batera, Tratantearen anbiguitatea, definiziorik eza, jolas-gura, eta hitz batez, umorea erreibindikatzen hasteko?

— IRAKASKUNTZAN. Ez da hau nere arloa, baina pare bat hitz: erakundeak zaindu bai, eta ez ote gara IRAKASLEEZ ahaztu? Zertarako balio du bere burua barregarri ez jartzearren negargarri egiten den irakasleak? Sartzen al da hori irakasleak kontratatzeko azterketetan? Ez? Ederki gaude, orduan!

— LABUR ESANDA. Umorerik ez dago hemen. Eta ez dago, zentsura dagoelako. Kanpotik ezarritakoa askotan, eta nork bere buruari ezartzen diona ez gutxitan. Azken finean, hori baita zentsore ororen helburua: berak kolperik jo gabe, jendeak berak lan egin diezaiola.

        Azkenean, kontua da ea norberak bere zalantzak, dudak, usteak eta abar guztiekin agertu behar ote duen, sakratuak diren gauza horiei buruz ere barre eginaz lasai, edota hitzegin, agintariek, botereak nahi duena esateko bakarrik hitz egin behar ote dugun.

        Alizia bezalako haur txiki batek aspaldi ikasi zuena ikasi ezinik gabiltzala dirudi, tamalez, eta ez herrialde harrigarrian, prezisamentean.

        Ez da ez, harrigarria, hemengo martxa. Harrigarri ez den bezala txosten hau Marx-en (Groutxo, noski) aipu batez amaitzea:

        "Jaun-andre agurgarriok: jakin ezazue, partaidetzat nahi nauen elkarte batetako partaide izateak ez duela neretzat inolako interesik. Ken nazazue, beraz, zerrendatik."

        Tamalgarria, gure artean Groutxo baino Harpo gehiago izatea!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.