L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz1100>— Plazara. 11 zkia. (1988-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Literatur lehiaketa—

 

Metroan sutan

 

Edu Zabala

 

        Hona hemen zenbaki honetako lehiaketan irabazle geratu direnak:

        — HITZ LAUZ: Edu ZABALA, donostiarra, orrialde honetan bertan irakur dezakezuen "METROAN SUTAN" narrazio laburraren egilea.

        — HITZ NEURTUAK: Ramon SANCHEZ, irundarra, hurrengo orrialdean argitaratu dugun "AMUARRAINAREN AGONIA" olerkiaren egilea.

        Bejondeiela biei; eta, irabazi ez duzuenok, ez etsi!

 

—Limosna bat jauna, zuk ahal duzu, utz iezadazu erregali bat arren, faborez... kabroi alena, kiskaliko al haiz infemuan!!!

        Tunela argi borobilez argiztatua, lasaiago dago, duela ordu erdi langile sortak utzitako zigarro ke eta bestelako arrastoz horniturik.

        Aurrerago, eskubian bi gaztek kitarra eta txirula jotzen, hasi berria dute bere kontzertua, oraindik nota disonanteak jaurtikiaz, delako tresnak hezeak eta haien eztarriak lehorrak bait daude.

        Duro bat erortzen da larru beltzeko esku pulkrotik. Klonk!! Bakanak oraindik. Diruaren txin-txinak buelta arazten dio motxailari, umea magalean.

        —Una limosna, por caridá. Caballero, señorito, usté vale, usté tiene, la Virgen Santa sel lo agradecerá, la buena suerte lo acompañe.

        Horrenbesteko letaniak merezi izan du beste hogerleko bat; pausoa arinago, horrenbeste geldiunekin atzeratuko da gure gizona eta

        7rak eta 5. Leihatilan txanda iristean, hartzen du bere txartela, eskularruak kendu gabe ordaintzen hura eta metro batzuk haruntzago, letreroaren azpian dagoen aldizkari-dendan, egunkaria.

        7' 15. Iristear dago bere trena. Metroko erdigune-terminal honetan, orain, elkartuko dira lau tren, eta bakoitzak jaurtikiko du bere barrunbetako jende piloa, ateak irekitzerakoan darioten txirrioarekin batera.

        Ehundaka pertsona jeisten eta igotzen da batera, sakatzen, tropelka. Hura mila esku eta buruen herensuge bat dirudi. Atseden labur bat dago, geltokian, batzuk kanpoko irtenbiderantz abiatu eta besteak tren barnean moldatzen dihoazen bitartean. Hartan, irteerako kabina batetik sortzen da sute bat eta instant berean indar-kordoiak polborineko metxa bat lez, sutan jartzen, takila ondoan dagoen aldizkari dendari, era berean garra bizia dario, irtetzea ezinezkoa da, trenak ezin dira mugitu indarrik ez bait dago, argitasun bakarra, garrena da, bere mingain luzeak igotzen direlarik hormetan eskegita dauden anuntzioetan gora. Tuneleko zapaiak igortzen ditu su-garrak geltokiko beste aiekarantz. Artean, berotasuna gero ta jasanezinagoa zen zulo hartan. Trena tranpa bat bilakatu eta bertan sarturikoak ostikoka ateak apurtu, ireki nahiean; azkarrenak leihoetatik salto egin, ahal zen bitartean, besteak orru bizian erdi erotuak, kea leiho ireki berrietatik barneratzen deneko.

        Iluntasunean, erdi totelduak buruak, birikak leherzorian, tunela badirudi heriotz atarirako bidea. Oihu ozenak, karraxiek berpizten dute bai eta lokartuena ere.

        Metroan direnak, bizi, esistitzen direnak, baina hartan joateko diru gabeak, han ziren goiz hartan; 6'30ak dagoeneko dorre nagusiko erloju erraldoian. Txindurri gisa jende andana abiatzen da eskailaretatik behera, begiak ezerezean galdurik, aurpegia memeldurik, orrazkera baldarra. Zangalatraba, elkarri sakatzen, bultzaka. Ganadu bilketa dirudi, ez besterik. Marruak, han tunelean, urrutirago, tren artikulatuaren gurpil burnizkoek eransten dizkiote goizeko giroari.

        Metroaren ahoan, kalera begira dagoen lehen eskilaretan ia, zarpaila dago hezurrak mindurik, bart kristoren hotza egin bait zuen.

        —Limosna bat, limosna bat txiro goseti honentzat

        Geltokiko erdialde bat eta hango bi trenak sutan daude, beste erdia haren gorritasunez argiturik. Su gabeko azken bagoiek utziriko zirrikituetatik ahal dutenek salto egiten dute tunel beltzarantz abiatuz, ke atmosfera batetan igerika, beste andena eskuratu nahiean ihesbide bakarra infernu gorri hartan.

        Beste zenbaiten artean sutan dagoen gorputz baten eskularruak garra urdinxkak jaurtikitzen ditu giroko gorritasunarekin kontrastatuz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.