L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 12 zkia. (1989-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Zenbait preludio

 

Karlos Zabala

 

        "... barrenean baditut gauza asko sufriarazten nautenak. Bihozkadak, kezkak, ametsak eta lo hartu ezinak ere. Une batean guztiz axolagabe sentitzen naiz, eta urrengoan nostalgiak eta estutasunak harrapatuta; bizitzeko gogoa badut, hiltzeko hainbat.

        Eta batzutan "lokartze moduko zerbait sentitzen dut, eta gozoa bada ere, gauza guztien kanpo uzten nau. Eta bat batean, oroitzapen zehatzak sortzen zaizkit, eta ni oinazetu: arrenkurak, samintasunak, sentikizun nahasmen ikaragarriak erauzten nau eta astintzen." FREDÉRIC CHOPIN

 

II.

Bost ordu edo aurretik, bere gelako ganga haundi hautsuaren azpian dago, monastegi bakartian, pantaleoiaren aurrean eserita, tekla zuri-beltzei amorruz begira, kanpoan hodei harrotuei euria mantso darien bitartean.

        Negu berantkorreko arratsaldearen hotzak ezin du begi gris-urdinen sumindura itzali, ezta soaren erauzimendua otzandu ere, brontzezko suontziaren beroak bularreko min hormatua, emea bezain sakona, eztitu ezin duen antzera; gelaren epelak ez ditu orratzik zorrotzenaren zauriak orbantzen.

        Frédéric liraina da, mehea, delikatua, higiduretan aristokratikoa; begitarte fina du, horaila, papilote luzeak, sudur bourbondarra... Eta furfuriatsu dago. Oreinkumea otsoaren indarraz harrapakinaren gainera oldarturik iduri du; txolarrea belatzaren azkartasunaz.

        Pianoaren aurrean dago, begirada tekletan galdua, haserre, eskuak izterretan, ezintasuna gogoan. Belarrietan soinu triste batek durundi egiten dio, buruan oihartzuntzen zaio, kanpoko zirimirian ere aditu uste du, monastegiko egurats zaharrean dabil, baina bazter guztietatik altxatzen bada ere, ezin du pantaleoiaren notetatik berriz sortu.

        Eta ezinak oroitzapen mingarria dakarkio. Herri urruti baten sinu tragikoek hunkitzen dute.

        Polonia.

        Eta haiekin nahiko luke bizi, nozitu, maitatu eta hil. Vistulako lautadetan zabaldu ziren eslabiar tribuen askatasuna nahi du arnastu; poloniar konkistatuen etsipena, poloniar ezpataz banatuen gorrotoa barneratu nahi ditu. Ostrolenkako guda galduan hilzorian egon zen bere adixkidearen alboan, haurtzaroko betiko adixkidearen alboan izan nahiko zukeen, deus egin gabe, deus egiten ahal ez zenez geroz, presentzia hutsaren laguntza ezin hobea eskeintzen ziolarik. Eta ezin.

        Orain, behatz geldiei begiratzen die.

        Ezintasuna oroimenean, behatzetan; eta mina, min iraunkorra, kirioetarainokoa, eta, halere, leuna, lehiarik ez duen bidelagun aldentezin hilgarria, biriketan. Eta bi zauri horien kontra, Frédéric, burrukan, kemenik ahaltsuenak horniturik, isiltasunetik garrasia sortu nahiean, bakartasunetik mintzoa, pianotik xarma.

 

 

IV.

Gelako altzari urrien artean etsipenarekin sokatiran dirau, pantaleoiari so ikusteke.

        Pantaleoia, piano haundia, musikariaren tresna miragarria, artarik arduratsuenaz zaindua, paretaren kontra dago, Frédéric-en aurrean; atzean, eskubian, lorategiko atearen oztopo ia ia, lan-mahaia: lumak, portzelanazko tintontzia, italiar erako pentagrama zuriak, Bach-en musika-liburu zenbait. Ezkerrean, pendulu-erlojuaren laguntza monotonoa, beste atearen ondoan. Kanpoan, teilatuko itzaizurak, euri nekagarriak, odeiezko erreinu beti misteriotsuak arratsalde goibela osatzen dute.

        Mundu gris honetan itzal bat dabil, kantan ahopeka; edo horrela iruditzen zaio, behinik behin, Frédéric-i, eta kanta ezti horren notak dira, hain zuzen ere, bildu nahi dituenak. Aspalditik itzal baten kantuaren atzetik abiatua da.

        Orain, itzal hori norena izan litekeen pentsatzen du, eta nondik, zergatik jakin gabe, herioren irudi lazgarria gailentzen da beste balizko guztien artetik.

        Une horretan bularreko mina biziagotzen zaio.

        Herioa.

        Arreba txikiaren heriotzaz oroitzen da. Haurtzarotik atera orduko besarkatu zuen, laztan hotzez; senideak, inolako usaingabeko hatsak ferekaturik, kontsolaezinak, abandonatuz. Ama betiereko doluz jantzi zen, eta bera, ume makala, Varsoviatik landa bidali zuten, aire osasungarriagoetaruntz.

        Urte batzuen buruan, aita hiltzerakoan, berriz gogoratuko da arreba txikiaren bukaeraz, baina kolpea askoz latzagoa izango da orduan, bien artean tartekatuko diren espazio amaigabeak, denbora kontaezinak oroitzapen errealitate-aldagarriek soilik beteko bait dituzte, maitasunez. Eta arreba nagusiak joan beharko dio kontsolatzera.

        Pentsamenduetatik itzuri, hatzak kasik konturatugabeki tekletan jarri, eta jotzen hasten da. Eta konposatu nahi duena ez izanik ere, hurbiltzen zaio. Behin eta berriz jotzen du gogoratu zaion pasartea, nota hau igoz, hori kenduz, hura errepikatuz. Ez da guztiz ados gelditzen, baina lanean jarraitzeko oinarria izan daiteke, eta, bestalde, noiz gelditu da guztiz ados?

 

 

VI.

Gelako bakartasunean, sukarra eta lilurapenak, musika konposatzen ari da, arratsaldearen tristura bustian.

        Lan mingarria da. Zenbat ahalegin, erabakiezin, larritasun... gaiaren xehetasun minimo zenbait bereganatzeko.

        Melodiaren erro nagusia badauka, idatzi aurretik, ordea, zehatz-mehatz aztertu behar du, arradatu behar du, eta garbi ikusten ez badu, nahigabeak oratzen dio, eta konpas bera hamaika bider idazten du, eta beste horrenbestetan ezabatu, azkenean lehena jartzeko; idaz-luma hausten du; zutitu eta gelaren zabala korritzen du pausokada haundiz; eseri, eta paretako erlojuari, pantaleoiari, arratsaldearen ateari ea lagundu nahi dioten galdetzen die begi mehatxagarriz; erantzuna itxoin gabe, urratu ezinezko iraupenak horniturik, pianoaren tekletan dantzan hasten zaizkio hatzak berriz ere.

        Bide onean doala sentitzen duen une honetantxe, eztulak eraso egiten dio, bat batean, gorputz gaixoaren min guztiak burmuineratzen zaizkiolarik. Lokietako astuntasuna, birikietako zauri sakona, sukar gogaikarria tregoatik esnatu egiten dira, eztul bihurturik. Nerbioek doi doi egiten diote ihes suntsidura osoari. Egoera penagarrian dago, baina ezin du melodia hori bukatugaberik utzi, oinazeari aurpegia eman behar dio, kreatzen jarraitu behar du.

        Eztularen dei kezkagarria entzun bait du, George gelan sartzen da. Frédéric-i konposatzen ari deneko bakartasuna errespetatzen dion bezataxe, eritasunean beharrezko laguntza eskeintzera.

        Emakumearen eskuak lepoa ferekatzen dio hitz gabeko hizkuntzaz mintzo zaiola; Frédéric, idaz-luma berria eskuan, eztulaldia gelditzen saiatzen da, osatzen doazen pentagrametan idaztea eten gabe.

        George ezkilore infusio lasaigarri bat prestatzeko asmoz, bakarra haren burrukan uzten du, norberak soilik irabaz dezakeen gudan diharduela ulertzen duenean.

        Gela itxian ahots misteriotsuaren kanta jira-biran dabil, baina orain, azkenik, Frédéric-ek hatzematen du.

 

 

VIII.

Langelak katabutaren itxura du, luzea, meharra; ganga haundia estalkia izango litzateke. Frédéric, aldiz, ez dirudi gorpua. Minez badago ere, neurrigabeko sentikizun multzoa biltzen du, inolako gorpuak bilduko ez lukeena.

        Herriko jendeak begi txarrez ikusten ditu arrotzak. Georgeren alabak galtzak daramatza. Ez dira mezetara joaten. Eta gainera, gizonak birikeria omen du.

        Gaizki dago, bai, eta agian, horregatik, hain zuzen ere, adierazi nahi duena aldarrikatzea eritasunak galerazten diolako, inoiz baino biziagoa, bizitzari eutsiagoa, sentitzen da.

        Obra kasik burutu du; azken ukituak baino ez zaizkio falta. Jotzen ari da, lan amaituaren poza aldez aurretik barneratzen zaiolarik. Lasaiki aritzen da, berak konposatutako musika osoki gozatuz. Ageriko kontzertu batean lortzen ez duen epeltasunak beterik.

        Ageriko kontzertuetan publikoak lotsatu ohi du, horrenbeste begirada jakinguratsuk gerarazi, horrenbeste aurpegi ezezagunek mututu.

        Gutxitan egon da prest (eta geroan ere gutxitan egongo da) jende askoren aurrean musika jotzeko; bere burua konposatzailetzat hartzea atsegin zaio; hala ere, pianoan arront trebea da, eta entzuteko ohorea gutxik erdietsi arren, pianolari bezala ospe haundia dauka.

        Jotzen ari da; bere sentikortasuna agertzen ahalegintzen da, bere hondo-hondora jaisten, jatorrizko ideia, honen geroko garapenak osatzen dituzten grinak zabaldu nahi ditu airean, gela honetatik, haizeek eraman dezaten nahi du, eta Izadia, lipar batez, geldi dadin, kantu berri hau hobeki aditzeko irrikan.

 

 

XII.

Arratsaldea aurrera doa, zirimiri eta tristura.

        George sartzen da gelan, ezkilore infusioarekin, eta, nahiz eztulka ez dela ari korredoretik entzun duen, ez zuen espero Frédéric horren pozik aurkitzea.

        Oinazerik baduen galdetzen dionean, galdetuaren besoek bizkarretik oratzen diote, amoltsuki. Eta ezpainak kikarara hurreratu beharrean, beste ezpainetaruntz abiatzen dira, musuaren eske.

        George ezuste atseginean hartu du. Musuan biltzen diren bitartean, besarkada itzultzen dio, eta Eros-en bizitasunari Budaren gelditasuna gehitzen zaio elkar gozatzen duten mementu berriz eskuraezin honetan.

        Logelara doaz lotura askatu gabe.

        Elkarri eranzten dio; eta agertutako bizkar, bular, sabel, sabelpeei laztanez agur egiten diete, erdi lotan zeutzan sentsibilitate ezkutuak esnatzen dituztelarik.

        Emakumearen gorputz sendoaren gainean gizonaren gorputz ahulari makaltasuna ahazten zaio; erresuma haragikoiaren errege-erregin bilakaturik, batera ferekatzen dute elkar, batera igurtzi, batera hatzaparka, haginka egin emeki; guztiz elkartzen dira, eta helbururuntz oldartzen dira, goren puntura iristea gutiziatuz, eta berandutuz, gailurra lortzeko zorian plazerra aurretik sentituz. Eta bi maitaleak nahasten dira, urtzen dira, izerdi eta dardara, besarkada unibertsalean. Bestearengan hustu egiten dira nahikundearen zeruan.

        Leihotik, euria mantso lurreratzen da.

 

 

XIV.

Tximistak saltoka dabiltza hodei beltzen artean, han itsasoaren erdian, itsasontzirik gabeko itsaso olazorrotzean.

        George bertan utzirik, Frédéric ohetik jeiki da, eta kartuxako leiho estu batetik ekaitza nola datorren behatzen du.

        Bularreko minak esnatu du arratsean, maitasunez beteriko arrats euritsuan, gau ekaiztsu baten sarreran.

        Beldurrak dago, erauntsiko trumoiak hurbildu ahala barreneko oinazea areagotzen joango zaiola baleki bezala.

 

 

XVIII.

Tximist hau bertan erori da, ankerki, komentutik hurbil hurbil; oinarriek kirrika egin dute.

        Frédéric gaizki dago, larri.

        Birikek erretzen diote, eta sugarrak bota nahiean eztul egiten du, gelditzeke. Itotzeko zorian dirudi batzutan.

        Ezkerreko eskua bularrean jartzen du egozketa errazteko; eskubiak doi doi sostengatzen du eserita.

        Negarrez ari da, konturatu gabe. Aurpegia gorritu zaio, eztul, eztul eta eztul. Okadak datozkio, eta azkenik odola botatzen du goitik. Sukarra buruan, bularrean oinaze pairaezina eta eztul eta eztul.

        Kanpoan, ekaitzak ez du honen berri.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.