L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 12 zkia. (1989-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Narrazio laburrak

 

Edu Zabala

 

        Orrialdeotara dakarzkizuegun Edu ZABALA adiskidearen narrazio laburrek berez daukaten literatur balioaz gain, badago haiek argitaratzeko bestelako ziorik ere: "inprimategiko intxisuek" (irakur "gure abildade urriak") PLAZARA 11 .enean, Literatur Lehiaketan irabazle bezala, argitaratu genuen "Metroan sutan" ipuina (28. orrialdea) guztiz zilipurdikatu eta itxuragabetu bait zuten.

        Izan ere, 11. (Metroan direnak...), 12. (Metroaren ahoan...) eta 13. (Limosna bat...,) paragrafoek ipuinaren hasiera osatu beharko lukete.

        Eskerrak saria inprimategira igorri aurretik eman genuen! Barka ezazue, Edu eta irakurle errukigarri horiek.

 

 

 

Ze goxoa!

 

Baziren etxe hartan barne-susmo edota burutazio gaiztoak koinatarekiko. Hura oraindik, ez hain zaharra, konkortua zegoen, horrenbeste urtetako lanaren poderioz. Beti sukalde hits hartan bere lapiko, burduntzi ea abarrekin, olagarroa zirudien pertsona baino. Haren eskuetatik, sortzen zen hain estimatua zen jaki biguin eder hura.

        — Nola egingo ote? Zion bere bururako baten koinatuak, taberna zeramanak, egunero mostradore gibelean txikito eta zuritoak banatzen ziharduenak

        — Behin baino gehiagotan saiatu naiz baina ezin antzeman. Inoiz, bere otartekoen artean, nerearen pare bat tartekatu eta jaten ari zenak, halako nazka aurpegia erakusten aldamenekoari. Nahiko adierazgarria errezeta zuzena ez nuela hautatu ohartzeko.

        — Ba zekiat bai, bera gabe ezin diadala behinik behin aurrera jarraitu ahal, behintzat orain zeukeagun arrakastaz, ba zekiat. Baina arraio honek sekretua berarekin beste aldera eramatea pentsatuko al du!!!! Urde galanta, horrelako mesedeak eskeintzen aterpea eman dion sendian... Alu hori, asmatuko diat nahi ta nahi ez hire sekretua.

        Koinata zaharrak han jardutzen zuen bere arraultzak krask, olioan zirpist, patatak glon-glon, nahaste-borrasten, nabarrtzen ziolarik bere koinatuari gero ta begirada sarkor eta basatiagoa, egunetik egunera.

        — Hire arraultzetatik behintzat, jakina da ezin izan dela ez opilik ez umerik ezta plazerrik sortu izan nire ahizparengan, hire barrabilak eta bitarteko hori beste batentzako zuzenduak bai dituk; ezaguna diat kontu hori! Nere ahizpa gizarajoarekin ezkondu, tabernaz jabetu, nitaz baliatu (ez naun ni hiretzat lanean aritu urtetan, nere ahizparentzat, baizik, erdi koittadu horrentzat) eta adarra jo, harrapatzen huen edozein azpiberorekin. Konponduko dizkiat nik barrunbak urde hori!!!!

        — Joxe, hire otartekoa egina zegok.

        Tabernaria hurbildu zitzaion eta hain gustokoa zuen tortila usain hartan murgildu zen tripek gron-gron egiten ziotelarik.

        Egun hartan bazeraman ordu pare bat lanean edo berriketan barrara hurbiltzen zen edozein neskatxarekin, eta gosez zegoen. Zer eskeintza hobeagoa bere tripa orruentzat koinatak astean behin prestatzen zion bokata berezia baino...

        Aldi hartan, aitzitik, patata tortilan ongi disimubaturik, nahastuta zihoazten osagaiek, ba zeramaten zertxobait berezia bere mezulari gosetiarentzat.

        Lehen bizpahiru koska azkarrak bota eta ohitura zuenentz, ia murtxikatu barik irentsi zitueneko, Joxeren aurpegia harridurazko keinu estatiko batan plantatu zen fite ohartuz, beranduegi jada, eskuen artean zeukan hura erlojeri lehergaibu bat zela bere sabelean nabaritzen zituelarik lehen ostikada jasanezinak.

        Laugarren horzkada oraindik irentsi gabe, utzi du erortzen otartekoa bertan behera eta koinataren zintzurra bere esku amorratuez estutzera bidean, seko erori da.

        Koinatak bekokitik amantalarekin sukaldeko berotasunak sortzen zion izerdia lehortu eta begiratu gabe Joxeren gainetik pasatuz atea erdizka ireki eta bere ahizpari hots egiten dio.

 

 

 

Ilunabarreko biktima

 

Arratsaldeko seirak, egun zoragarria, lainoek mendi gaina ferekatzen dute; bertatik alde egiteko asmorik ez dute agertzen.

        Gure gizonak bolanteari bi eskuz atxikiz zuzentzen du lasaiki kotxe-muturra txaletarantz. Aurrez-aurre agertzen da etxeko dotoretasuna: hiru pisu, magalean garajea, bestaldean tresneria anitzen gordeleku eta lantegi ttipia. Garajerantz gidatzen du, larru beltzez estalitako eskubiak martxa-palanka makurtzen duelarik abiadura geldo batetara. Aisa sartzen da kotxe galanta bere kabian, segundu batzuk dirau haren ke-tutuak estulka, ke-ponpak botatzen. Ixildu da. Gizakiaren zapata txarolatuak ozenki zuzentzen dira barne-atetik, etxera daraman pasabideruntz. Behin barnean egonez aldatzen du bere jazkera kaletiarra, eginkizunerako beharko duen beste erosogoagatik: txandal urdina, buruestalki grixa, telazko eskularru gotorrak, mendirazko plastikozko bota luze berdeak.

        Bere oinak etxetikan aldameneko zelaira bideratu dituenerako, arratseko argiek etsi dute zeruan eta ingurumaria ilun dago, haize hozkirriak ziztatzen duelarik bere betazalen aurka, kupidagabe. Esku gorririk, delako haizea uxatu asmoz edo, begien aurretik pasatzen du, igurtziz. Guantedun eskuan guraizak, guraiz haundi eta zorrotzak, bezperan olioz lubrikaturikoak bere zeregina samurrago bete dezaten. Aurpegia igurtzeko ankartean utzi duen serra malgu eta txikia berreskuratzen du eta "pistolero" baten antzera esku banan tramunkuloak, badijoa bere begien aurrean duen biktimarantz.

        Ehun metrotara edo, egonen da zelaian mendi aldera behatuz deusik esan gabe. Bere enborra ederra da, altu xamarra eta bertatik sortzen dira bi beso ederrak, zabal-zabalik erreguka bailiren. Ixil-ixilik dago eta badirudi haizearekin dantzan ari dela haren soinupean mugitzen bait da fitxik erran gabe. Gure gizonaren hurbiltasunaz ez da ohartzen eta konturatu denerako, kupidarik gabe, delakoak, trontzatu dio beso bat —lurrera doa— eta sinesgaitz zaigun askatasunez, heren ezkerrarekin guraizek hatzak moztu.

        Berehala, lurrean dagite ilunabarraren giro hotzean zerraldoek eta gure gizonaren arnasa azkartzen da, lurrun boladak sortzen zaizkiolarik bere ahotik, ezpainak more. Ekintzak berotu dio soina eta eskularru gotorren oihalarekin sikatzen ditu bekokiko izerdi ttantta sortu berriak. Asaldaturik baitlego begiratzen du egindakoa eta ontzat ematen —ongi deritzo—. Datorren Udaberrian zuhaitz inausiak fruitu ederragoak emango ditu bere gozamenerako.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.