L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 12 zkia. (1989-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Gau neutroak

 

Anjel Lertxundi

 

— Pixalarria zeukat, zaudete une batez —autotik jaiki eta bide bazterreko ilunpera herrenka izkutatu zenean, argi xume, azkarrak ikusi ziren lehendabizi eta tiro hotsak entzun gero. Ondoren, urruti samarrean entzuten ziren auto hotsek bakarrik eteten zuten autobideaz jabetutako isiltasuna.

        Pare bat minutu pasa zirenean, herren pixalarritua bueltatu zen autora beste bi itzal aldamenean. Hiruren artean atera zuten gorpua autotik:

        — Hemen utzi behar al diagu? —galdetu zuen herrenak.

        — Non bestela? Ez zeukat begi galdu horiek gainean ditudala biajatzeko gogorik. —Ahotsa neutroa zen, ohera joateko desiratzen dagoenarena

        Asfaltora bota zuten gorpua. Ondoren, hirurak autoan sartu eta motor erreboluzionatuegiak saltoka bezala urrutiratu zuen handik autoa.

        — Makina bat autok zapalduko dik. Bihar aurkitzen dutenean ez zizkiotek tiroak berehalakoan nabarmenduko. —Zigarroa piztu zuen ahots neutroak.

        Noiz behinkako argi distira azkarretan irakur zitekeenez gertu zegoen hiriranzko irteera. Hamabost kilometro... hamar... bost..

        — Hoa lasaiago! Norako presa daukak? —bota zion ahots neutroak gidariari. Honek, ordea, ez zion jaramonik egin. Orratza ehunda larogei ingurua markatzen hasia zen eta gorantzako borondatea nabarmentzen zitzaion orratz urduriari.

        — Akojonatuta? —gidariaren lehendabiziko hitzek alkoholaren zakardura zuten. Bizkarra ongi finkaturik zuen siloian eta eskuak tenk bolantean. Kamioiren bat aurreratzerakoan, ezkerreko eskua kanbiora eraman eta kuartara aldatzen zuen burrundara izugarritan gero kintaren nagitasunera bueltatzeko.

        — Ez duk zaila izango —esan zioten herren pixalarrituari goiz hartan—. Egizak esandakoa; ez duk harrituko, inork baino hobeto ezagutzen dik-eta hire komunerako joera plantoso hori.

        Herrenari ez zitzaion tonua zipitzik ere gustatu, ez zitzaion plana bera ere gustatu baina tonuak atera zuen batez ere bere onetik:

        — Aurki ezazue beste bat.

        — Aja, le petit ami garbitu behar eta akojonatuta?

        Ez zen hura galdera gordin bat. Baina galdera ez izan arren, ironia nabarmenak beti zekarren ondorio aurrera jotzeko ondra pitzatua osatu beharraren derrigorrezko beste galdera bat:

        — Zer egin behar da?

        Egoera laburtu zioten. Ekintza: Garbitu egin behar diagu. Arrazoia: Gehiegi zekik. Seguru al zaudete?, herrenak, hago isilik, hori geuk erabakitzen diagu, ahots neutroak. Nola eta non: Ahots neutroak gerrira egin keinua eta Beretta bat zeukala; kafe bat eskaini zietenean ahots neutroak ez zuela gosaltzeko ohiturarik eta autobideko atseden paraje bat seinalatu zuen ekintza burutzeko. Gauez. Hamabitatik ordubatera bitartean. Zakarrontzira inguratu behar zuela herrenak.

        — Ez al dago beste modurik?

        — Hi, hi... noiztik dago beste moduren bat? Engainatu egin hau, bi aldiz sartu dik ziria eta hirugarren aldiz okertzen bazaizkigu gauzak, ez duk galderarik egiteko betarik izango.

        Ahots neutroak arnasa hartu zuen efektoa hitzen inpaktoa indartu nahiz:

        — Waldo eta Ducak ere ez ziaten betarik izan. Noiz dakarte abisua?

        — To, to, to.. Ez diat nire seguritatea galdu nahi, ez zaik gaizki irudituko, ezta? ahots neutroak mekaguen! batez irentsi zuen herrenaren ironia.

        — Astiroago, jode! —ahots neutroa suarra izatera pasa zen madarikazioan. Baina gidariak azeleragailua sakatuagotu zuen. Orratza igotzen ari zen, autobideko irteeratik beherantz, bihurgune batean gidariak autoaren kontrola galdu zuenean.

        — Frena! —esan eta Beretta ateratzera egin zuen gerrira ahots suarrak. Ez zuen astirik izan eta gidariak aurretik eraman zuen alanbrezko hesia. Gidaria frenoa sakatuz eta ziaka ahalegindu zen arren, autoa iraulita geratu zen erreten batean salto egin ondoren.

        Herrena eta ahots neutroa bakarrik irten ziren autotik. Bozinaka ari zen gidariak bolantearen aurka zeukan bularra. Odol arrasto xumeak irriztatzen zitzaizkion lepaurrean zuen zauritik.

        — Horrenak egin dik. Baina badaezpadare... —Beretta atera eta tiro bat bota zion lepaurrera...

        — Preziso al huen?

        — Gehiegi zekian. Goazemak!

        Korrika larriari ekin zioten baina ez zuen ilargiaren argitan distira bizitan difuminatzen zen Beretta gorde. Zelai bat zeharkatu, eraikitzen ari ziren etxe tzar baten aurretik pasa eta hiria lotsa ez zezan kanpo samarrera zegoen suburbiora sartu ziren. Orduan bakarrik gorde zuen ahots neutroak Beretta gerrian. Herrenak matrai hezurrera zeukan esku bat.

        — Mina hartu al duk?

        — Gauza haundirik ez. Uste nian haginik gabe gelditu behar nuela. Trago bat hartuko niake.

        Kosta zitzaien taberna bat irekita topatzea. Bezero gutxi zegoen argi gorritako barran bi emakumeen jazkera urriko ibileren lilurapean.

        — Bi zerbeza —eskatu zuen herrenak, beti ere esku bat matrai hezurrera.

        — Nahiago diat koinaka. Anima hadi heu ere. Ondo sartuko zaizkiguk.

        Zerbeza koloreko ilajea zuen emakume batek atera zizkien koinakak.

        —  Pasadizoan?

        — Hor nonbait... —erretira zedila eskatu zion ahots neutroaren keinu batek zerbeza koloreko ilajeari. Honek, ordea, herrenari, bular puztuak mostradoreratzen zizkion bitartean:

        — Hagineko minez? —kopak hutsik ikusi zituenean, beste bi koinak atera zituen inork eskatu ez bazizkion ere.

        — Ez, ukabilkada bat —gorrotoz bezala begiratu zion ahots neutroari. Berehala itzali zen irrifarra somatu zitzaien honen ezpainei.

        — Sendatuko diat. Ezagutzen duk erremedioa... —bular puztuak finkatu zituen barra gainean. Leize sakona zen haien arteko erretena.

        Herrenak errukarri begiratu zion ahots neutroari. Baimen eske bezala. Honen begiak, ordea, irakiten zeuden:

        — Goazemak hemendik!

        — E, e... Ez al du hire lagunak bere kabuz erabakitzeko eskubiderik? —bere eskua eraman zuen zerbeza koloreko ilajeak herrenaren lepondora.

        Ahots neutroak, ordea, besotik heldu herrenari eta kanpora ateratzera egin zuen. Herrena ezezkoan, ahots neutroak eskua eraman behar izan zuen gerrira.

        Higidura eta distira definigaitzak nagusitu ziren herrenaren begiez, baina zerbeza koloreko ilajeak ez zuen ehiza galdu nahi:

        — Esaiok ez haizela titikoa.

        Herrenak etsipen keinu bat egin eta kanpora irten ziren bi gizonak.

        — Eta orain?

        Sirenadun auto baten argi beteek atera zituzten itunpetatik bi gizonak. Herrenak korritzera egin zuen baina ahots neutroak gerarazi zuen. Autoaren argiak autobiderantz galdu ziren.

        — Joan al zaik puta zahar horrekin huen ausardia?

        Hirirantz hartu zuten.

        — Lo ere egin beharko diagu... Ahots neutroak seinalatutako bulebarraren inguruko ostatu batean eskatu zuen gela bat:

        — Betikoa, Giorgio... Deituko al diguk hamarretan?

        — Hartzazu zeuk.

        Bi izen faltsu eman ostalariari eta ohituta dagoenaren patxadaz hartu zuen ahots neutroak gelako giltza, ostalariak irrati zahar bateko diala nagitasunez mugitzen zuen bitartean.

        Gelan sartu ziren.

        — Antzekoa izango zenuten habia, ezta? —Ahots neutroaren galdera neutro entzun zen, baina haren begiek irrifar egin zuten.

        — Ez hadi marikoia izan.

        Berettaren inguruko gerrialdea lasaitu zuen ahots neutroak pasadizoan bezala adieraziz:

        — Eta? Noiz arte egon behar dugu abisuaren zai?

        Herrenak haserre begiratu zion:

        — Hik Beretta daukak eta nik, berriz, kontaktoa. Badakik, tablas...

        Komunerako bidea hartu zuen herrenak. Bueltatu zenerako lo zerraldo zegoen ohe gainean ahots neutroa, erroparik erantzi gabe.

        Bihamamoneko argi nekatua gelaratu zitzaienean, ahots neutroak ate azpitik sartua zieten egunkaria jaso zuen eta ohean etzan zen.

        — Ikusten? —bota zion herrenari egunkariari pasada eman zionean. —Ez dituk batere tontoak. Hire petit ami horren argazkia ere bazekarrek...

        Herrenak bi iztarrak estutu zituen, pixalarriari eutsi nahi nabarmenean.

        — Hoa lasai, motel.

        Herrenari larria lasaitu zitzaionean, ahots neutroa zeukan komuneko atean, begiak bare. Zigarro bat ezpainetan, irrifar xumea indartuz. Esku bat eraman zuen gerrira, ohizko tenorean. Irrifarra okertu eta errukarri begimatu zion herrenak atera berria zion Berettari.

        — Esango al didak zergatik ez diren tontoak? Heure klasekoak direlako, ezta?

        Ahots neutroaren aurpegiari ezin zitzaion lasaitasunik irriztatu.

        — Neuk esango diat egunkariak dioena: —pausa luzea egin zuen herrenak—. Aurkitu dizkitek bi gorpuak eta bazekitek dagoeneko nola izan den...

        Eta Berettarekin egoera menderatua indartuz:

        — Propio eman hion putakume horrek tiroa gidariari. Akojonatuta, ezta? Abila haiz pistak lagatzen...

        Ahots neutroa errukarri izatera pasa zen:

        — Berdina diagu biok negozioa.

        — Tira, tira... Hala iruditzen al zaik? Ez duk hain berdina... Lehen heuk heukan Beretta bat eskutan. Orain, berriz... jake mate deitzen zaiok, ezta? A, eta arratsaldeko bostetan izango diat abisua... Baina ez haiz jasotzera helduko.

        Telefonoak jo zuen.

        — Har zak heuk. Eta tiento zer esaten duan. Broma bat eta badakik...

        Telefonoa hartu zuen ahots errenak:

        — Hamarrak? Eskerrik asko, Giorgio. Igoko al didak gosaria?

        Telefonoa esegi zuenean haserre eraso zion herrenak komuneko atetik:

        — Denbora irabazi nahian al habil, putakume hori?

        Hamar minututara jo zuten atean. Beretta gerrian gordetzera egin zuen herrenak.

        — Hoa atea irekitzera... Ez hadi badaezpadare deskuida... —mehatxu egin zion esku bat beti ere gerrian.

        Aterantz joan zen ahots neutroa. Atea ireki eta salto egin zuen pasilora. Hemendik komunera bitarteko tiroak itzali zinenean, ahots neutroak estuasunetik askatu berria zirudien:

        — Uste nian ez zinatela iritsiko.

        — Noiz izango da abisua?

        — Galdeiok putakume honi. Erantzun al baleza... —ostikada gordina eman zion herrenaren gorpuari.

        Ez zitzaion estuasunik nabarmendu ahots neutroari, nekazioa baizik, ostalaria ere gelaratu zenean:

        — A, Giorgio, hemen al hintzen... Portatu haiz. Bapo gosaldu behar diat gaur aspaldiko partez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.