L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 14 zkia. (1990-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskal kulturaren panorama—

 

Bernardo Atxaga, edo literato bat zubian

 

        Iazko Azaroaren 20an, Irunen, eta Euskal Liburu eta Diskoaren IV. Azokaren egitarauaren barruan, Bernardo Atxagak hitzaldi hau egin zuen. Han esandako guzti-guztia agertzeari luzeegia deritzogu; horregatik hemen plazaratzen dizueguna hitzaldi hartako zenbait pasarte besterik ez dira; hala eta guztiz, beti ere Atxagaren solasaren haria ez mozten saiatu garelarik.

 

Nik uste dut idazlea sekula ez dela bizi izan txoria gari artean bezala. Hori da, bai gizartearekiko harremanak bai literaturarekiko harremanak, bai bere buruarekikoak, beti zail eta kezkatsu izan zaizkiola. Idazleak, baita Euskal Herrian ere, beti bere bidean estropozo leku bat izan du, beti aurkitzen du harriren bat eta harri horren gainean pentsatu beharra dauka aurrera jarraitu baino lehen. Eta izan baldin bada harri euskaldunik eta estrapozo-leku euskaldunik literaturan, hori izan da zubi batean dagoen harri bat, eta zein zubi da? berezitasunetik unibertsaltasunera dihoan zubia. Izan ere, badirudi badaudela bi leku, badaudela bi paraje eta paraje horietako bat unibertsaltasuna dela, eta hortik, paraje horretatik, lur horretatik askok eta askok euskal idazleari esan diote ezin dela mundurako idatzi euskaraz idatziz. Beste batzuk esaten digute baietz, ongi dagoela euskaraz idaztea, baina horrek ez digula, nolabait esateko, idazlearen ohorea emango, guk idazle izateko derrigorrezkoa dugula beste eremuetara, beste esparruetara iristea eta, orduan, euskaratik beste hizkuntzetara isuriak garen egunean jakingo dugula, froga hori pasa eta gero, benetan idazle garen ala ez garen.

        Beste aldekoek, zubiaren beste aldekoek, berezitasunaren edo partikulartasunaren aldekoek kontrakoa esango digute: "zuek esan behar diozue munduari gu ez garela besteak bezalakoak", eta guk jarri beharko genuke berezitasun delako horren ejenplua. Nola gainera gero eta zailagoa den Euskal Herrian besteak bezalakoak ez garela esatea, orduan eta eskakizun gehiago dauka, antza, idazleak; hau da, badirudi Euskal Herrian jende gehienak dituela sekulako problemak berezitasunarekin; begiratzen dio bere buruari eta ez du ikusten bere mundua berezia besteengandik, ikusten du beste munduko beste edozein bezala baina, hor gaude euskal idazleak eta euskal idazleok eman behar dugu adibide hori. Euskal Herriaren berezitasuna neurri handi batean literaturatik barrena pasatzen da. Orduan, hor daude bi parajeak, hor dago zubia eta zubi horretako harrian gelditzen gara eta estrapozo egiten dugu euskal idazleok.

        Nire ustez, eta hau da hemen argitu nahi nukeen eritzia, jokaera zuhur bakarra zubi horretan bertan gelditzea da, zeren, ez bait dago nire ustez literaturan ez erabateko unibertsaltasunik eta ez erabateko berezitasun edo partikulartasunik.

 

Unibertsaltasuna

        Unibertsaltasunik ez dagoela diot, ba, mundutik barrena ibili den edonork galdetu baldin badu behintzat, badaki beste lekuetan beste idazle batzu daudela eta hemengo idazleak ez direla batere ezagunak.

        Aurreneko hitza izango litzateke esatea unibertsal den idazlerik inon ez dagoela. Egia da badaudela idazle batzu mundu guztian ezagunak direnak, Hemingway, esate baterako, baina Hemingway mundu guztian ezagutua izatearen arrazoia ez dago bere literaturaren kalitatean, ez behintzat hor bakarrik, baizik eta hor unibertsala dena merkatua da eta ez beste ezer. Aspaldi esan zuen Buñuelek, esate baterako, ez Hemingway, ez Dos Passos ez Steinbeck, ez zirela deus ere izango baldin eta amerikarrek ez bazituzten izan dituzten eta izan zituzten kainoiak. Orduan, jakina da, harreman zuzena dagoela poterea eta literaturaren artean. Merkatua unibertsala baldin bada, unibertsala da gauza guztietarako, eta berdin amerikar batek sal dezake hemen telebisio bat nola sal dezake hemen idazle bat.

        Inori ez zaio ezkutatzen literaturak badaukala —nik esaten diot elektrizistek esaten duten bezala— beti lurrerako kablea, beti daukala literaturak bera bizi den lurrera doan kable bat, esan nahi dut, beti dagoela harreman hertsi bat gizarte baten artean eta gizarte horretan idazten ari den idazlearen artean.

        Begira diezaiogun, esate baterako, Frantzian XIX. mendean egin zen literaturari: ia nobela bakoitzeko azaltzen zaigu adulterio bat, eta nobela handi asko Frantzian eta XIX. mendean idatzi ziren arazo horren inguruan. Ba, adulterioa azaltzen da literaturan mende horretan sekulako arazoak zeudelako ezkontza halabeharrekoekin. Garai hartan, andre asko ezkontzen zen derrigortuta, bizibide bezala beste erremediorik ez zeukalako, eta ez ziren erromantikoek hainbeste zabaldu dituzten maitasunen bitartez egindako ezkontzak. Horrelako gizarte batean, adulterioa bihurtzen zen horren arazoetako bat.

        Mende berdinean, Japonen, ez zen hori arazo nagusia, baizik eta inperio zaharraren deuseztapena. XIX. mende bukaeran inperioa, eta inperioak gizartean zeuzkan eragin guztiak, gainbehera zihoazen eta orduko idazleak saiatzen ziren aztertzen zer gertatuko zen enperadoreak bere jainkotasuna galduko zuen egunean.

        Orduan, XIX. mendeko Japongo literatura eta Frantziako literatura, alderdi askotatik, ez dira erabat berdinak, beren gizartearekiko harreman hori, beren lurrerako kable hori oso desberdina zelako.

        Ez dut irakurriko, baina hona ekarri dut gaurko idazle japoniar batek esaten zuen zerbait; honi bere itzultzaileak, alemaneraz itzulitakoak, esaten zion: eta zer garrantzi du zuretzat liburua Alemanian ateratzeak? Eta berak esaten zuen: batere ez. Eta itzultzailea izugarri haserretu zen baina berak adierazi zion, alegia, ongi iruditzen zitzaiola, ez zegoela gaizki liburua alemaneraz ateratzea baina bera ziur zegoela bere irakurleak Japonen eta mende honetan zeudela; ez zeudela mundu guztian barrena eta ez historian barrena ere. Gainera, askotan, aldez aurretik unibertsala izan nahi duen literatura, eta horretarako unibertsalak omen diren gaiak, elementuak eta ardatzak hartzen dituena, jeneralean izaten da beste autore handi baten epigonoa eta, gehienetan, epigono kaxkarra.

 

Berezitasuna

        Orain zubiaren beste aldera joango naiz. Ez dago erabateko unibertsaltasunik baina hori esan eta erabateko berezitasuna dagoela pentsatzen duena nire ustez hori ere oker dago. Edozein idazle literaturaren historian dago, idazterakoan harremanetan jartzen da ez bakarrik bere inguruko idazleekin, leku askotako idazleekin jartzen da harremanetan, eta ez bakarrik gaurko egunean bizi direnekin, baizik eta historian barrena, orain dela hamar-hogei mende bizi izan direnekin.

        Ikusteko nola ezin daitekeen ezer erabat berezia izan, eta errespeto guztiarekin, nire lan baten sorrera aipatuko dut. Nik idatzi nuen Camilo Lizardi izeneko ipui bat eta, badirudi, eta askok esan didate hori dela nire ipuinik euskaldunena, ze, nik ipui horretan, basurde bihurtzen den ume bati buruz hitz egiten dut, eta, jakina, umeak basurde bihurtzea, hori gune kulturan dago eta gure tradizioan; baina, beste alde batetik, basurde hori zuria da, kolore zurikoa, gainera basurde hori ibiltzen da jendearen atzetik borondatez eta argitasuna buruan balu bezala, eta ez da asko behar, nik uste, ikusteko, basurdea zuria dela Moby Dick zuria izan zelako, hori da, Moby Dick, Melvillek asmatu zuen bale hura zuria zen eta bazirudien buruan argitasuna eta borondatea zuela, gogoa zuela, hau da, giza-abere batek bezala jokatzen zuela, eta nik, basurde hori antolatzeko garaian, pertsonaia bezala, gogoratu nintzen Melvillek Moby Dick-ekin egindakoaz, beraz, ahalegindu nintzen harremanetan jartzen orain dela mende bat bizi izandako idazle batekin eta harek sortutako pizti batekin. Eta kontutan hartzen baldin badugu Melvillek bale zuria asmatu zuela, seguraski, XVII-XVIII. mendeko marinel istorioetatik, ze, XVII eta XVIII. mendetan marinel denak izututa bizi bait ziren Crackel izeneko bale izugarriarekin, orduan ikusten dugu oso berezia eta oso partikularra dirudien istorio bat nola joaten den Ameriketaraino eta nola Ameriketatik joaten den mundu guztian ezagunak diren istorioetaraino.

 

Batasuna

        Honen ildotik, esango nuke, gaur egunean Europa osoa eta, areago, Mendebalde guztia kultura bakarra dela. Jakina, beharbada nik ez nuke horrelako baieztapen seguru bat egingo kultura zentzu antropologikoan edo hartuko banu, esan nahi dut, kultura bizimodu bezala. Bizimoduan oraindik ere nik uste dut bai Europan eta bai Mendebaldean aldaketa handiak daudela, baina ni orain ari naiz kultura zentzu hertsian. Nik esan nahi dut, Mendebaldean eta Europan egiten den literatura, dena, batasun baten barruan egiten dela.

        Ez dakit noraino luza naitekeen batasun honi buruz, edo nola sortu den batasun hau. Baina nik egingo dizuet halako laburpen bat. Kultura, literatura batasun bat dela erakusten du literatura horren bi oinarriak zein diren begiratzeak. Galdetuko nizueke, zein izan dira Europako literatura sortu duten bi liburuak? Bi liburu nagusiak, nola ez, izan dira, alde batetik, Biblia Saindua, eta, besterik, Homero-ren liburuak, bai "Odisea" eta bai "Ilíada". Europak ikasi du idazten bi liburu horiek tartean direla, eta ez pentsatu, esate baterako, Bibliak erakutsi ziola idazten ba XII. mendeko fraile ttikiari, edo XVI. mendeko gotzaiari bakarrik, baizik eta mende honetan bertan, lehen aipatutako Hemingway batek beti esan zuen bere liburu funtsezkoa Biblia Saindua izan zela. Gainera, esan behar dut bi liburu oso desberdinak direla, hau da, liburu horiek —Biblia eta Homerorenak, alegia— izan dira oso garrantzizkoak biak oso desberdinak zirelako eta hitz gutxitan adierazi nahi nuke zertan den berezitasun hori. Ez dakit gogoratuko duzuen irakurri duzuenok, nola dagoen idatzita Homero-ren "Ilíada" edo "Odisea". Ba, bi liburu horien berezitasuna aipatzerako esan beharko nuke, Homero-k idazten zuela den-dena esanez, eta Bibliak idazten duela ia ezer esan gabe.

        Bi liburu desberdin horietatik sortu da Europako literatura guztia eta horiek erakutsitakoa ikasi dugu ondonengook, eta idazten dugu gutxi gora behera bi kanon eta bi bide horien artean. Dela bi liburu horiek direla gure oinarriak, idazle guztien oinarriak, dela latina izan delako piska bat gure hizkuntza maisua, kontua da, gaur egun ezin dela esan halako herrialdeetan edo halako beste nazioetan, hizkera literario bereziak daudela; esan behar da, Europa osoan, Mendebalde osoan, denok estilo berdinean idazten dugula; horrek ez du esan nahi denok berdin idazten dugunik, dudarik gabe, baizik eta esan nahi dut, estiloa hartzen baldin bada bere zabaltasunean, berdin uler daitekeela, nik uler dezakedala nola idazten duen idazle sueziar batek eta berak ere oso ondo ulertuko duela nola idazten dudan nik. Orduan, esan dezaket, gaur egun, Europa eta Mendebaldeko kultura etxe bakarra dela edo, hobeto esanda, uri bakarra dela eta, beraz —gogoratu berezitasunaz ari naizela— arazoa ez dela egotea uri horren barruan edo uri horren kanpotik, ze, kanpoan ezin bait daiteke egon, kanpoan ez bait dago ezer, ez bada desertua, basamortua, ez bada kultura-eza; derrigorrez guk egon beharra daukagu uri horren barruan. Eta arazoa orduan da, uri horretako auzo onetan egotea edo uri horretako auzo txarretan egotea. Zer da ona eta txarra literaturan? Ba, hau ere oso luze joango litzateke, baina nik uste dut minimoa behintzat hemen edozeinek onar dezakeela; guk badakigu egoera, mundua, gizartea, aldatuz doala eta badakigu aldaketa horien atzetik eta aldaketa horiek askotan igarriz eta profetizatuz literatura bat egon badagoela. Askotan entzun duzue Kafka batek aldez aurretik ikusi zuela zer gertatuko zitzaigun gure gaurko bizitzarekin "Metamorfosis" delakoa idatzi zuenean. Orduan, badirudi

literatura ona beti oso harreman onetan egoten dela bere gizartearekin, bere gizarte aldaketarekin, eta gertatzen dela beti bizia kontsolagarria, beti gertatzen da pentsaerazten duena, eta abar. Horren aurka auzo txarrak izango lirateke, hitz bakar batekin esateko, literatura anakronikoak, hau da, gaur XIX. mendeko arazo bati erantzunez ari balira bezala idatzitakoak.

 

Berezitasuna Euskal Herrian

        Nik uste, inork pentsatzen baldin badu apartatzearekin, irlaratzearekin, hori da, pentsatuz —eta arrazoiarekin— euskaldunok, esate baterako, ez dugula zertan unibertsalak izan beharrik. Hori —beharbada arrazoia— pentsatuz berezitasuna bandera bezala hartzen duen horrek ez du lortzen horregatik —eta ematen du paradoja bat dela— literatura harrigarri bat, literatura bakar bat, literatura orijinal bat; sekula ez du hori lortzen. Baizik eta lortzen du literatura jeneralean degradatu bat, literatura pobre bat, literatura anakroniko bat eta hori kontuz, horrelako literatura bat sortuz, ez du, berak nahi bezala, bere herriaren berezitasuna areagotzen, baizik eta bere herriaren kultura jaisten, bere herriaren kultura zerbait parregarri bihurtzen.

        Nik uste, alde batetik, euskal idazleak daukala presio handia, lehen esan dudan unibertsalzale haiena, baina, baita ere, Euskal Herrian beti egon da korronte bat, eta nik uste dut gainera hasi zela XVII. mendean eta gaur arte hortxe dirauela, berezitasun horren aldekoa, aparte egotearen aldekoa, irlaren aldekoa. Badaukagu harrotasun bat, seguraski bere hizkuntza aurreindoeuropearra gorde duen herri bakarra garelako, eta, beharbada, arrazoi askogatik, joera handia dago berezitasun hori, partikulartasun hori, azpimarratzeko. Zuek ikustazue zer nolako papera eman nahi zaion bertsolaritzari. Zergatik eman nahi zaio paper handia bertsolaritzari? Zergatik atera nahi da bertsolaritza bere ohizko lekuetatik eta eraman nahi da Unibertsitatera edo urira, eta zergatik ematen zaio halako prentsa handia bertsolaritzari? Ba, dudarik gabe, nire ustez, partikulartasun hori, berezitasun hori azpimarratu nahi delako. Pentsatzen da bertsolaritza dela, seguraski, daukagun espresiorik euskaldunena, eta nola hori bait den espresiorik euskaldunena, horrek bereizten gaitu, eman dezagun, beste espresio bideetatik eta beste herriengandik.

        Nik uste dut bizitzak erakusten duela ezin dela bertsolaritza XX. mendearen bukaeran dagoen lekutik atera, ezin dela bertsolaritza eraman Bilbora, edo Unibertsitatera, ze, nire esperientziak esaten du, hori aitortzen dutenak eta horren alde daudenak, gero, zoritxarrez, izugarri aspertzen direla bertso saioetan. Eta ikusten da, baita ere, nola bertso saioek gero eta kritika gutxiago duten, nola jendeak berdin txalotzen duen bertsolari txarra, nola bertsolari oso txarra, nola munduko txarrena, nola potoak barkatzen diren, nola oso bihurtu den halako formula ttiki batzuen errepikapena, eta abar. Eta, gainena, absurdoa da, kasu honetan pentsatzea bertsolaritza euskalduna dela, hori da, beti, lehen esan dudan bezala, pentsatzea gauzak mundu honetan erabat partikularrak, erabat bereziak direla, hori beti absurdoa da, bai hemen, bai Turkian eta bai Txinan eta bai Japonen. Esate baterako, bertsolaria egon da leku askotan mundu honetan, eta pelikula asko daude non azaltzen diren bertsolariak, oraintxe bertan gogoratzen dut bat, "Rizo amargo" izeneko pelikula eta hor azaltzen dira bertsolari italianoak, andreak gainera, eta badirudi bertsolaritza dela, esate baterako, juglarrek eta hemendik pasatzen zirenek, Santiago bidean, herri honi erakutsi zioten zerbait, eta, nik uste, espresiobide bezala badaukala bere lekua eta ongi dagoela, baina hemen ez naiz ari espresiobide horren arrazoiaz, baizik eta espresiobide horrekin egiten den azpimarraketa, horri jarri zaion altaboza eta gizarte honek espresiobide hori bultzatzeko daukan gogoa.

 

Zubia

        Esan dut lehenago, joera hau aspaldidanik datorrela euskal kulturan. XVII. mendea aipatu dut, eta hori da Micoleta izeneko batek, XVII. mendean eta Bilbon, esaten zuelako sonetoak eta horrelako lirak eta horrelako metro-latinoa oso gaizki egokitzen zitzaizkiola euskal pertsonari. Euskaldunei ez zitzaizkiela gustatzen sonetoak edo lirak eta, beraz, jo beharra zegoela metro tradizionaletara, hau da, kopletako metroetara eta bertsoetako metroetara.

        Miranderi askotan esaten zioten ez zela benetan euskal idazlea, bere gaiak ez zirela euskaldunak eta euskaldunek ez zituztela konprenituko. Lizardiri, gaur hain euskalduna iruditzen zaigun idazleari esaten zioten gauza bera, eta hor badago Lizardiren gutunak aipatzen dituen liburu bat, eta hon ikusi daiteke nola Lizardik erantzun beharra zeukan bere poemak ez zirela euskal animari zegokienak eta horrelako gauzak esaten zizkionari. Kontrakoa ere esan dezaket Euskal Herrian zerbait egin duen edozein idazle beti izan dela beste kulturak bereganatu dituen idazlea, eta bat aipatuko dut esanez Axular bera izan zela pertsona bat euskaraz idatzi zuena, baina bere liburuaren hitzaurrean jarri zituela esker onak eta horrelakoak, metro latinoak erabiliz. Orduan, azken esaldia bezala, eta zuen argitasunen zai, nik esango nuke, hasieran esan dudan gauza berdina, hau da, unibertsaltasun erabatekorik ez dagoela, baina ez dagoela berezitasun, partikulartasun erabatekorik ere. Eta hor dagoela zubi bat eta zubi hori ez dela zaila, eragozpen handiz beteta dagoela, hor harri bat dagoela eta, jakina, idazle bakoitzak jakingo duela kasu bakoitzean nola konpondu bi paraje horien arteko gorabehenak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.