L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 14 zkia. (1990-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Ai gureak balira!—

 

Ekiboko txiki garrantzigabeak

 

Ujierrak "zutik, epaimahaia dator" esan duenean, eta salan instant batez isiltasuna nagusitu denean, justu une hartantxe, Federiko komitibaren buru atetxotik bistaratu denean, togaz eta ilea jadanik ia zuria, Yesterdayz oroitu naiz. Ikusi ditut jezartzen, halako erritual ulertezin urrun baina etorkizunerantz proiektatu batean egokitu balira bezala, eta gurutze batez koroaturiko auzilekuaren atzean jarritako gizon betilun haien irudia niretzat presentea zen iragan baten imajinaren atzean desegin da, antzinako pelikula batean bezalaxe, eta, ekarri dudan ohar-koadernoan, nire eskuak, ia berekasa, Yesterday idatzi du, ni beste leku batean nengoelarik, ebokazioaren atzerajotzeari men eginik. Ela Leok ere, pizti arriskutsu baten gisa kaiola haren barruan eserita, berak ere galdu du zoritxarraren hondo-hondoan dauden pertsonek ageri duten gaiso eite hori, ikusi dut bere amonaren inperio-estiloko kontsolan apoiatzen, Leok bakarrik zuen eta bere xarma zen asper eta maltzur aire harekin, eta esaten: Juantxo, jarri berriro Yesterday. Berriro jarri dut, beraz, diskoa, Leok merezi zuen Malenekin dantzatzea. Malen, bestelako izenez Trajika Bikaina, zeren urte buruko eskolako teatro emanaldian, Antigona antzesten ari zela, benetan negar zotinka hasi baitzen eta ezin baitzen gelditu; eta huraxe zen justu zegokien diskoa, Leoren amonaren inpenio-estiloko saloian sutsuki dantzatzeko egokia. Eta halaxe hasi da epaiketa. Leo eta Federikorekin, txandaka dantzatzen baitzuten Trajika Bikainarekin, heriosuan begiratuz begietara, biek ere itxura eginez ez zirela aurkari, neska ilegorri hark ez ziela axola handirik, dantzarako ari zirela hala; neskaz zoratuta geunden, ordea; ni ere bai, jakina, ezer gertatuko ez balitz bezala diskoa jartzen nuen hau.

        Dantza joan dantza etorri, hurrengo urtea iritsi zen, sinbolo bihurtuko zen esaldi baten urtea gertatu zena; nazkatzeraino erabiltzen genuen, era guztietako egokieretarako baitzen baliagarri: zita batera berandu iristea, genuena baino gehiago gastatzea, zin egindako aginduari huts egitea, ustez bikaina zen baina zeharo aspergarria gertatzen zen liburu bat irakurtzea; gertatzen zitzaizkigun hankasartze, oker-aditze, ezuste guztiak ziren "ekiboko txiki garrantzigabe bat". Estraineko gauza Federikori fortunatu zitzaion; egundoko barre algarak sortarazi zituen; izan ere, Federikok bere bizia programaturik zeukan —gainerako guztiok bezala, bestetik— eta literatura klasikoan matrikulatua zen; grekeran genio hutsa izan zen beti, eta Antigonan Creonteren papera egiten zuen; gu literatura modernoan matrikulatu ginen, aktualagoa zen, zioen Leok, nola konparatuko duk Joyce autore astun horiekin? Ongi Etorrin geunden, nor bere matrikula agiriarekin, ikasketa planei begira, programak bilar gainean zabaldurik; Santi ere bildua zen taldetxora, Iruñetik etorria zen eta konpromezu politikoak zeuzkan, oso kezkaturik zegoen politika egoki egin zedin; beraz, Deputatu Txiki jarri genion ezizena, eta gerora klase guztiak esan izan zion horrela. Halako batean Federiko agertu zen asaldatu itxuran, bere matrikula agiriari eraginez, arnasestuka zegoen eta ez zuen ia hizketan asmatzen, bere onetik irtenda zegoen: hankasartze bategatik Deretxon matrikulatua zuten, ezin zuen ulertu. Animoak emate aldera, idazkaritzara lagungu genion; enplegatu atsegin lasai batek hartu gintuen, bere aurretik milaka ikasle desfilatzen ikusitako aguretxo bat zen; Federikoren agiria aztertu zuen, eta hark ageri zuen larridura:

        — Ekiboko txiki erremediaezin bat da —esan zuen—, ez da zertan horrela kezkatu.

        Federikok txunditurik begiratu zion, aurpegia gorri-gorri eginik, eta hitz totelka errepikatu:

        — Ekiboko txiki erremediaezin bat?

        Aguretxoak ez zuen bere itxurarik galdu:

        — Barkatu —esan zuen—, lapsus bat izan da, esan nahi dut ekiboko txiki garrantzigabe bat, Eguberri baino lehen hemen izango duzu matrikula zuzena, bienbitartean nahi baduzu Deretxoko klaseetara joan zaitezke, hartara ez duzu behintzat denborarik galduko.

        Barrez lehertzen irten ginen: ekiboko txiki garrantzigabe bat! Eta behean, barrez segitu genuen guztiok Federikok ageri zuen suminduraz.

        Bitxiak dira, gero, gauzak. Goiz batez, aste gutxi garrenean, sufizientzi aire batekin etorri zen Federiko Ongi Etorrira. Zuzenbidearen Filosofiako klase batetik zetorren, joate aldera joana zen, zerbait egitearren: beno ba, mutilak, ez sinisteko nahi ez begenuen, baina bizi guztian ulertzerik lortu ez zuen zenbait arazo ulertu zuen ordu betean, haren aldean greziar klasikoek ez zuten ezertxo ere argitzen, Deretxon segitzeko erabakia hartua zuen, gainera, klasikoak jadanik ezagutzen zituen.

        Federikok zerbait esan du galdera doinuz, halako ahots urrun metalikoa iruditu zait, telefonoz entzungo balu bezala, denbora kordokatu eta gainbehera amildu da: burbuilaz inguraturik, urte-putzu batean flotatzen, horra Malenen aurpegia azaleratu.

        Ez da beharbada aproposena bat maitemindurik egon den neska bat ikusteko bularrak ebaki behar dizkioten eguna aukeratzea. Autodefentsaz, besterik ez bada. Baina nik ez nuen defenditzeko inolako gogorik, errenditua nintzen. Eta joan egin nintzen, beraz. Kirofanoen aurreko atartean itxaron nion, beren txandaren zain minutu batzuz edukitzen dituzten leku horretan. Gurpildun ohatilaren gainean etorri zen, aurpegiak pre-anestesiaren alaitasun inozoa isladatzen zuen, halako emozio inkontziente bat eragiten baitu, uste dudanez. Begiak dir-dir zeuzkan eta eskua estutu nion. Oraindik beldurrez zegoen, kimikak eragotzitako beldurra, ordea, hori ulertu nuen. Zerbait esan behar nion? Gustora esango nion: Malen, beti egon naiz zutaz maitemindurik, auskalo zergatik ez dudan lortu lehenago esaterik. Baina ez dago halakorik esaterik halako operazio baterako kirofanoan sartzen ari den neska bati. Eta orduan azkar-azkar esan nion: anitz dira munduaren gaizkiak baina oro gainditzen ditu gizonak are bitsezko itsasoaz haraindi hego haize oldartsuaren pean hark aurrera egiten du eta inguruan orroaka ari zaizkion olatu arriskutsuak zeharkatzen, Antigonako esaldi bat baitzen, hain aspaldiko antzestaldian nik esaten niona; auskalo nola oroitu nintzen hain ondo eta ez dakit berak gogoratzen zuen, aditzeko gauza ote zen, eskua estutu zidan eta eraman egin zuten. Ni ospitaleko tabernara jaitsi nintzen, zeukaten alkohol bakarra Bitter Cinzano zen, hamar horietakoak behar izan nituen mozkortzea lortzeko; zorabioa sentitzen hasi nintzenean klinika aurreko banku batera joan eta bertan eseri nintzen, eta ahaleginak egin behar izan nituen neure burua konbentzitzeko zirujauarengana joatea txorakeria zela, mozkorrak eragindako nahikunde bat zela, zeren nahi nuena zen zirujauaren bila joan eta esatea ez botatzeko bular haiek krematoriora, niri emateko, gorde egin nahi nituen eta, eta nahiz barrutik gaitzak joak egon ez zidala axola, zeren beti baitaramagu gaitzen bat edo beste gure barruan, eta nik maite bainituen bular haiek, tira, nola azaldu?, esanahi bat zeukaten, espero nuen ulertzea. Baina gelditzen zitzaidan arrazoimen apurrak galerazi zidan eta taxi bat hartzea lortu nuen, etxean arratsalde guztia eman nuen lotan, telefonoak iratzarri ninduen ordurako gaua zelarik, orduari erreparatu ere ez nuen egin, Federikonen ahotsa zen:

        — Juantxo, ni nauk; entzuten nauk, Juantxo?, ni nauk.

        — Non hago, baina? —erantzun nion ahots lodiz.

        — Tafallan negok —esan zuen berak.

        — Tafallan? —esan nuen nik—, eta zer egiten duk hik Tafallan?

        — Fiskaletarako oposizioak egiten ari nauk —esan zuen— Malen gaizki dagoela aditu diat, ospitalean dagoela.

        — Halaxe dut —esan nion—, goratzen dituk Malenen bularrak?, ez dago gehiago bularrik: dzas. Berak orduan:

        — Zer diok, ordea, Juantxo, mozkorrik al hago?

        — Horixe mozkorrik nagoela —esan nuen nik—, mozkor bat bezain mozkirrik negok eta bizitzak ikara ematen zidak, eta hik ere ikara ematen didak Tafallan oposizioak eginez, zergatik ez hintzen berarekin ezkondu? Bera hitaz zegoen maiteminduta, ez Leoz, eta hik beti jakin izan duk eta beldurrez ez hintzen ezkondu, zergatik ezkondu haiz hire andre marimaistra horrekin, jakin ote hiteke?, nazkagarria haiz, Federikillo.

        Klik bat entzun nuen, eskegi baitzuen; nik beste behar ez denen bat esan nuen hutsean eta gero ohera itzuli nintzen eta bitxilore sail batekin egin nuen amets.

        Eta halaxe atzera eta aurrera itzulimintzulika segitu dute urteek, nahi izan duten bezala, bitartean Leo eta Federiko inperio-estiloko saloian Malenekin dantzan darraitela geratu gabe. Instant batez, oraindik aintzinako pelikula batean bezala, han atzean eserita zeudela, bat togaz eta bestea kaiola barruan, denborak jirabira zoroan ekin dio tiobibo baten gisa, halako egutegi-orritxo haizeak eraman eta atzera bata bestearen gainera biltzen direnak irudi, eta bitartean beraiek Malenekin dantzatzen zuten, begiak harenetan iltzaturik, nik diskoa jartzen nuelarik. Eta aurrerago, udaran denak elkarrekin Komite Olinpiko Nazionalaren mendi-udalekuan, basoetako ibilaldiak, teniserako amorrazio hura, denoi kutsatu zitzaiguna, baina benetan jokatzen zuena Leo zen, errebes geldiezin hura eta era berean dotorezia hura, elastiko pintxo-pintxoak, ile distirantea, toaila lepo bueltan partiduaren ondoren. Gauez belazean etzanda, munduaz hizketan: zein petxuren kontra jarriko zuen burua Malenek? Eta gero denok ustekabean harrapatu gintuen negu hura. Batez ere Leogatik, nork esan behar zuen, bera, hain dotore eta hain nabarmenki axolakabea, erretoretzaren atariko estatuari besarkatua, estudiantetzaren buru-bihotzak hitz sutsuz berotzen. Militar tankerako anorak berdaska bat zeraman, izugarri ondo ematen ziona; nik urdina aukeratu nuen, pentsatuz hobeto zetorrela nire begi argiekin, baina gero Malen ez zen erreparatu ere egin, aitzitik, Federikoren anorakari begira zegoen, lasaiegi gelditzen zitzaion eta apur bat gizenago egiten zuen, niri ridikuloa iruditzen zitzaidan mauka luzeegiekiko mutikote zurrun hura, baina, bistan denez, emakumeei hunkigarri zitzaien.

        Gero Leo ahots baju monotonoz hizketan hasi da, alegia bat kontatuko balu bezala, eta horixe da Leoren ironia, banekien nik, salan ez da euli baten hegal hotsik ere aditzen, kazetari guztiak buru-belarri ari dira notak hartzen Sekretuen Sekretua kontatuko balie bezala, eta Federiko ere adi-adi zegoen; Jainkoarren, pentsatu dut, zergatik egin behar duk, ordea, halako arreta jartzen dioalako itxura, ez dik ezer harrigarririk kontatzen, negu hartan hi ere han hintzen. Eta ia-ia imajinatu dut halako batean Federiko juezen erdian altxa eta esango zuela: epaimahaiko agurgarriak, zuen baimenarekin parte hau neuk kontatzea gustatuko hitzaidake, gotik behera dakit historia, neuk bizi izan baitut; liburudendak "Mundu Berria" zuen izena, haren lekuan perfumedenda dotore bat dago orain, non poltsarik dotoreenak ere saltzen baitira. Sala zabal bat zen, eskuinean erantsia gela kaxkar bat eta harantzago komuna. Gelatxoan ez genuen inoiz bonbarik ez inolako lehergairik eduki, Santik oporraldirako bere herrira joaten zenean ekantzen zituen Etxarriko erroskilak gordetzen genituen, eta gauero han biltzen ginen eta erroskilak olibekin jaten genituen. Solas gaia ia beti Kubako iraultza zen, izan ere, Che Guevararen poster bat ere bazegoen dirukutxa zegoen mostradorearen gainean; baina historiako gainerako iraultzak ere aztertzen ziren eta ni nintzen ikuspuntu historiko-filosofikotik azaltzen nituena, nire lagunak nahikoa ezjakinak ziren, ni, ordea, pentsamentu politikoaren historia ikasten ari nintzen azterketa baterako, zeinean notarik altuena atera bainuen, eta, beraz, eskola batzu eman nizkien, guk mintegi esaten genienak, Trotsky, Bakunin eta Gramsciri buruz; nahiz eta, egia esan, niri iraultzak ez zitzaizkidan askorik interesatzen, Malen izeneko neska ilegorri bat tartean zegoelako egiten nuen nik hori, hartaz maitemindurik bainengoen, baina ni guztiz sinistuta nengoen bera Leoz maiteminduta zegoela, edo, hobe esan, nik banekien nitaz maiteminduta zegoela, baina beldur nintzen Leoz maitemindu zedin, tira, ekiboko txiki garrantzigabe bat izan zen, sasoi hartan gure artean maiz erabiltzen genuen esaldiaz esateko, eta gertatzen zen, besterik, Leok barre egiten zuela nire kontura, beti izan du trebetasun handia jendeari adarra jotzeko, hizketan abila da eta ironiaren dohaiaren jabe; beraz, zangotrabatzeko galderak egiten zizkidan, zital samarrak, mundu guztia kontura zedin ni erreformista hutsa nintzela eta bera bene-benetako iraultzailea, radikala oso: baina Leo ez da sekula hain radikala izan, ni Malenen aurrean nabarmen uztearren egiten zuen, nolanahi dela ere, aldez sinesmenez eta aldez halabeharrez, azkenean lehen planoko paper batean egokitu zen, taldeko garrantzitsuena bilakatu zen, baina berarentzat ere halako ekiboko txiki ustez garrantzigabe bat izan zen. Eta badakizue zer gertatzen den, nork bere gain hartzen duen papera benetakoa bihurtzen dela azkenean, bizitzak primeran daki gauzak esklerotizatzen, eta jarrera zirenak hautabide bihurtzen dira.

        Baina Federikok ez du halakorik ezer esan, adi-adi egon da Fiskalaren galderak eta Leoren erantzunak entzuten, eta nik neure artean egin dut: ez da posible, komedia bat da guzti hau. Baina ez zen komedia bat, ez, egi-egia zen, eta benetan ari ziren Leo juzkatzen, Leok egindakoak ere gauza errealak ziren, eta heraberik gabe aitortzen zituen, lasai asko, eta Federiko hantxe entzuten, aurpegirik mudatu ere gabe, eta orduan otu zait berak ere ezin zezakeela besterik egin, huraxe baitzen bere papera interpretatzen ari ziren komedian. Eta une horretantxe errebelatzeko oldar halako bat sentitu dut barnean, jadanik idatzia zirudien historia hari kontra egiteko, bertan esku sartzeko, alda arazteko, gogo bat edo. Zer egin nezakeen?, pentsatzen egon naiz, eta iruditu zait soluzio bakarra Santi zela, egin zitekeen bakarra hura zen, salatik irten eta atarira joan naiz pasea poliziei erakutsiz; zenbakia markatzen nuen bitartean tupustean pentsatu dut zer esan: Leo kondenatzen ari dituk, esango nion, hator hona, zerbait egin behar duk, bere burua bere eskuz lurperatzen ziharduk, absurdoa duk, bai, bazekiat erruduna dela, baina ez horretaraino, jo-ta-txehetuta utzi duen engranaia baten gurpiltxoa baizik ez duk, eta engranaiaren palankei eragiten zienaren papera egiten ari da, baina bere irudiarekiko fidel izan beharrez ari duk, berak ez ziok sekula inongo makinari eragin eta deskuidatzen bahaiz espia lanik ere ez dik egin, Leo duk soil-soilik, toaila lepoan tenisen aritzen zen Leo haren berdin-berdina, ez hala ere batere tontoa, ergel hutsa duk bere azkarrean, absurdoa duk guzti hau.

        Telefonoak luzaroan jo du eta gero goierritar doinu nabarmena zuen emakume ahots edukatu hotz batek erantzun du:

        — Ez, deputatua ez da etxean, Madrilen duzu, zer nahi zenuen?

        — Lagun bat naiz —esan dut—, lagun zahar bat, nahi nuke berarekin egoteko modurik egingo bazenu, oso garrantzitsua da.

        — Sentitzen dut —esan du ahots edukatu hotzak—, baina ez dut uste posible izango denik, deputatua bildurik dago momentu honetan, nahi baduzu mezu bat utz dezakezu, ahal bezain laster helaraziko diot.

        Eskegi egin dut eta salara sartu, baina ez naiz neure lekuan jarri, hemizikloaren gaikaldean gelditu naiz, polizi ilararen atzean; momentu hartan halako txutxumutxu sor bat entzuten zen salan; antza, Leok bere bihurrikeria horietako bat jaurtia zuen, oraindik nabari zitzaion maltzurkeriaz beteriko esaldi bat bota duenaren aurpegikera hori, eta nik halako tristura handi bat irakurri dut espresio horretan. Eta Federiko ere, aurrean zituen paperak ordenatzen ari baitzen, tristura handi batek jota begitandu zait, sorbalda gainean zama handi bat sentituko balu bezala, eta orduan gogoa eman dit sala zeharkatu eta fotografoen flashen artean epailekuraino joan eta hizketan hasteko, bostekoa emateko biei, tira, horrelako zerbait. Zer esan niezaiekeen, ordea?, halako ekiboko txiki erremediaezin bat zela? Zeren horretaz ari nintzela, hain zuzen ere, pentsatu baitut bizitzak berekin eramaten ari den ekiboko txiki erremediaezin ikaragarri bat zela dena benetan, orain paperak banatuta zeuden eta ezinezkoa zen jokatzeari uztea; eta ni ere, neure ohar-koadernoarekin etorria nintzen hau, haiek beren papera interpretatzen ari zirela begira egotea bera ere, besterik gabe, paper bat zela, eta horixe nuela noski nik errua, jokuan sartzea, alegia, zeren inork ez baitio ezeri ihes egiten eta guztiaren errua baitugu, nork bere erara. Eta orduan neke handi batek hartu nau, eta halako lotsa moduko bat, eta aldi berean halako ideia bapateko bat bururatu zait, deszifratzen asmatu ez dudana, Sinplifikazioaren desira edo dei nezakeena. Halako batean, matazatik zistu bizian askatzen ari zen hariari jarraituz, ziplo argitu zait Konplikazioa deritzan zerbaiten kausaz geundela gu han, mendeetan, milaka urteetan, milioika urteetan, kapaz kapa kondentsatuz joan baita gero eta zirkulu konplexuagoak, gero eta sistema konplexuagoak, orain garena eta bizi duguna osatzeraino. Eta Sinplifikazioaren nostalgia sentitu dut, ni neu eta Federiko, Leo, Malen, Deputatu Txiki izeneko izaki batzu sortu zituzten milioika urte horiek ezerezez eginiko denbora partikula batean ziplo desegin balira bezala: eta imajinatu dut hosto batean eserita geundela gu guztiok. Alegia, ez zehazki eserita, gure organismoak mikroskopiko eta mononuklear bilakatuak baitziren, sexurik gabeak, historiarik eta arrazoirik gabeak: kontzientzia apur bat bazuten artean, hala ere, posible baitzitzaigun geu ginela konturatzea, geu bostok ginela jakitea, hantxe hosto baten gainean ihintz tantak xurgatzen, Ongi Etorrin freskagarri bat hartzen ari bagina bezala, eta gure eginkizuna hantxe egotea zen soil-soilik, bestelako gramofono batek bestelako Yesterday bat jotzen zuelarik guretzat, bestelakoa baina funtsean bera zen modu batez.

        Eta ni hosto haren gainean sor eta lor nengoen bitartean, Tribunala zutitu egin da, eta orobat publikoa; Leok kaiolan eserita segitu du eta zigarro bat piztu du, akaso epaiketaren etenaldi bat izango zen, ez dakit, baina ni oinpuntetan irten naiz, kanpoan garbia zegoen eguratsa eta urdin-urdina zerua, Justizia Jauregiari aurrez aurre izozki-karro batek abandonatu itxura zuen eta kotxe gutxi zebilen; moilera jo dut oinez; kanalean gabarra herdoildu bat zegoen uretan isil-isilik zihoana, motorrik ez balu bezala; ondotik pasa naiz eta gabarra gainean Leo eta Federiko zeuden, bere aire sarkastikoarekin bata, kopetilun eta gogoetatsu bestea, eta galdetu beharrez edo begiratzen zidaten, zerbait esatea espero zuten nigandik, garbi zegoen; eta gabarraren atzekaldean, lema balerama bezala, Malen zihoan, gaztetasunaren loretan, gaztetasunaren loretan dagoela dakien neskato batek egin dezakeen bezala irribarre egiten zuela. Adiskideak, pentsatu dut esatea, gogoratzen Yesterday? Baina hirurak zirkinik ere egiteke zeuden, eta konturatu naiz igeltsozko irudiak zirela, era errealistan eginak eta kolore gehiegiz, eskaparateetako manikiek batzutan ageri dituzten pose bitxi karikaturesko horietakoetan. Eta, jakina, ez dut ezer esan, agur lege bat egin bakarrik egin diet gabarrak berekin eraman dituelarik, eta moilean aurrera segitu dut pauso txiki mantsoz, lauxa tarterik ez zapaltzen saiatuz, haurra nintzelarik ni nintzen haur horrek erritual, inozo batez harrien simetriaren gainean artean ritmorik eta neurririk ez zuen mundu baten desziframendua arautzen ahalegintzen zen bezala...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.