L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 15-16 zkiak. (1990/91-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Jardineko lore horixkak

 

Iñaki Aldekoa

 

Goiz hartan Viktor Eamon beste egunetan baino azkarrago esnatu zen. Ez zen ordea, ohetik jeiki, begiak jarri zituen leiho alderantz eta bidaian pentsatu zuen.

        Duela hilabete medikuarekin batera hartutako erabakiaren ondoren jakin zuen Viktorrek bere amarengandik elkarrekin Frantziara egingo zuten bidaiaren berri. Eta horrelako notizia batek hamahiru urtetako mutikoarengan biztu zuen interesa ez zen txikia izan; eta hain ustekabean harrapatu zuenean gainera —ezen defentsarik gabe utzi bait zuen— are gutxiago. Horrexegatik ekin zion egun berean bere bizitzan zabaltzen hasia zitzaion horizonte ezezagunari egokitzeko antolamendu lanari.

        Aurrena mapa bat eskuratu behar zuen eta horretarako korri egin zuen Berminghan kalean barrena Mr. Adisson dendariarenganaino laguntza eske. Eta arratsalde osoa igaro zuen maparen azalean ama eta Vikton bera Frantziaraino eramango lituzkeen traiektoria zirriborratzen. Mr. Adisson hau Viktorren fameliaren lagun zaharra zen; zenbait bider kontatu ote zizkion mutikoari Charles-ekin, Viktorren aita defuntuarekin batera alegia, Gerra Handian iragandako pasadizoak. Viktorrek arreta handiz jasotzen zituen Mr. Adisson-en ezpainetatik entzundako istorio haiek. Arratsalde hartan ordea, Mr. Adisson-en istorioaren haria Frantzian aitarekin gertatutakora erakarri nahian aritu zen Viktor. Mr. Adisson-ek ez zuen mutikoaren jakinmina defraudatu nahi, eta kontatu zion nola bere aita ohore handiz hil zen konpainiako lagunen babesa gorde nahirik etsai amorratu haiekin izandako enkontru batean. Mr. Adisson-ek nabaitu zuen Viktorren aurpegian isladatuta mutikoaren barrea kilikatzen zuen emozioa, eta aldi berean, bere aitaren gizontasunari esker ernarazitako harrotasuna. Mr. Adisson-ek pentsatu zuen ordea, ezingo ziola Viktor bezalako mutiko gaixo bati egi garratza inoiz kontatu. Baina, bapatean, gogoeta honek bere ohizko sosegua urratu egin zuen, eta hortzak estutzerakoan bere aurpegiaren imintzioak salatu egiten zuen Mr. Adisson-en haserrea. "Egia beti da garratza, baina zein ote da egia? Gogoz kontra gerlari izatera derrigortuak ezin al du desertatu, akaso?; inork ez zizkion galdetu Charles-i bere arrazoiak... egia garratza da, eta are gehiago, bat fusilatu egiten dutenean, Charles-ekin egin zuten arauera". Oroitzapen honekin zebilela erreparatu zion mutikoaren begiratuari, eta baietz, segitu zuen esanez, heroi bat bezala nola hil zen. Baina ez ibiltzeko inori kontatzen pasadizo hura, biona bakarrik izango zela handik aurrera, bion arteko sekretua. Erregutu zion baita amaren aurrean ez ikutzeko aitaren iragana, amak pena handia hartuko zukeela eta, lehen ere asko sufritua zela eta iritsia zela ordua Viktorrek berak ere gizon nagusiak bezala erantzun zezan. Eta arratsalde hartako bion arteko konplizidadea areagotuz, Mr. Adisson-ek bere despatxuko kutxa batetik jadanik hautsez zikintzen hasita zeuden paper batzu erakutsi zizkion Viktorri. Viktorren aitarenak ziren eta bertan Gerra Handiko urteetan sinatutako paperak ikusi ahal izan zituen. Mr. Adisson-ek adierazi zion mutikoari Frantzian hil zenean Charles-ek berarekin gorderik zeraman bagaje bakarra zela, Dianaren —Viktorren ama— eta Viktorren beraren erretratoekin batera. Bere amari entregatu nahi izan zizkion garai hartan, baina Dianak erretratoak onartu bazizkion ere paperak Mr. Adisson berak gorde zitzan eskatu zion. "Baina, dagoeneko, Viktor, handi egin zara eta, tori, zeureak dituzu" esanez Viktorren eskuetan jarri zituen paper grapatuak. Eta gau hartan ohera sartu aurretik eman ohi zuen musua eman eta gero, izkutuan gordeta zeukana hartu zuen Viktorrek, eta leitzera jarri zen.

        Goiz hartan leihora begira ziharduen bitartean iruditu zitzaion Viktorri bazuela bere aitak gauzak kontatzeko goxotasuna, eta aitaren paperetan deseinatutako paisaia haien zertzeladak medio, Frantziako lore horixkak ezagutzeko desira biziagotu egin zitzaion. Baina gogoeta hau desegitera zetorrenean ohartu zen, bapatean, ezaguera zuenez geroztik lore horiz adornatuta ikusi ohi zuela bere etxeko leiho ondoko lorontzia. Eta gogoratu zuen orduan bere amak kontatua ziona, ezkondu eta Londres-era bizitzera etorri baino lehen alegia, nola Charles-ek bere etxeko jardina zaindu eta loreak landatzen zituen. Eta deskubrimendu hauekin tristetu egin zen pixkat Viktor; eta ohartu zen baita leiho ondoko lore xume haietxek bitarteko gordetzen zuela bere amak, seguruena, Charles bere aitarenganako oroitzapena; eta pentsatu zuen halaxe egiten zituela amak gauzak, ixilean, inoren aurrean gauzak azaltzen eta ibili gabe. Eta orduantxe konturatu zen Viktor bere amak ere bazuela gordeta bere sekretua, Viktorrek berak Mr. Adisson-ekin zuen bezainbatekoa, eta terneziaz igurtzitako negar anpuluak masailetan behera labaintzen zitzaizkionean pena sentitu zuen bere amaz. Eta Viktor bera hain gaixo egon zen egun haietako akordua etorri zitzaion burura, eta espantu larriaz begiratzen zion amaren aurpegiarekin egin zuen topo.

        Egia esan Viktorrek ahaztu beharra zeukan tuberkulosoen klinikako usain itogarri harekin nahastuta iragandako inpernua. Momentu batez imajinatu zuen Stanford kalean dagoen tuberkulosoen klinika; eta bertan ikusi zuen Michael agurearen aurpegi urratua, goizero goizeno bizarra moztu ondoren Viktorri karamelo bat eskaintzera etortzen zenean, beti fijatu ohi zen hau agurearen aurpegi kastigatuan. Ikusi zuen, baita, Arthur itsusia, eta ezingo zuen inoiz ahaztu nola gauero begiak biltzen zituen Arthur itsusiarekin ez pentsatzeko, eta lehenbailehen loak harrapatzeko atzekoz aurrera berrehunetik behera kontatzen saiatzen zen.

        Viktorrek erabaki zuen leiho alderantz begira ziharduela guzti hura dagoeneko atzean geratua zela eta, une batez, aspaldiko kontua bailitzan ikusi zuen. Noiz edo noiz medikuari ihes egindako hitz solteak ere "landa, mendia, biriken umeltsuna, giro osasungamia" bururatu zitzaizkion, baina ez zituen gaiz hartararte aintzat hartu: goiz hartan, ordea, hitz horiek Frantziarekin lotu zituen eta bidaian zentratu zen berriro.

        Pentsamenduen tramazoa hariltzen ziharduen bitartean ez zion Viktorrek jaramonik egin goraka zetorkion eztul jarioari. Bidaiaren inguruko gorabeheraz pentsatuaz iragandako denbora hartan ixildu gabe egon zen eztulka Viktor, nonbait; eta halaxe adierazi zion bere amak logelara hurbilduaz momentuan edateko medikamentua ahora eraman zionean. Viktorrek pentsatu zuen bere barrurako eztul traidore hura ez zela batere aliatu ona bidaiaren planetarako; eta errezelo handiz adierazi zion amari ez zela ezer, lasai egoteko, eztul hura gainera goizero goizero izaten zuela, eta berriro etzan eta loak instantean hartuko zuela. Bere borondate ona amak ikus zezan Viktorrek begiak bildu egin zituen. Amak, bere aldetik, gela utzi eta etxe azpiko tabernara jaitsi zen, eta telefonoa eskuetan medikuaren zenbakia markatu zuen.

        Goiz hartan ere —eguneno bezala— bidaiarako ezinbestekotzat jotzen zituen antolamendu lanetara jarri zuen bere burua; eta, berehala mesanotxera eskua luzatuz dendari gaiztoak ukatu zion landare liburua hartu zuen bertatik. Baina biburua zabaltzearekin batera Mr. Adisson-en dendara egindako azkeneko bisita hartaz gogoratu zen, eta gogoratzearekin batera egoneza nagusitu zitzaion. Izan ere, egun hartan bene laguna lanpetuta bait zegoen oso, eta eskaparateko kristaletik kirikatu ondoren jarraitu egin zuen kalean barrena, ezezagun haren dendaraino. Denda ilun hartara sartu zenean, ez zegoen barruan klienterik eta bazter batetik ikusi ez zuen gizon handi eta zarpail batek "zer nahi duzu?" galde egin zion.

        — Landare liburu baten bila nator —esan zuen Viktorrek.

        — Eta zertarako nahi duzu landare liburu bat?, jakin liteke?

        Ordurako Viktor urduri jartzen hasia zen, eta benetan zakarra eta nardagarria aurkitzen zuen dendariaren hitzegiteko modua.

        — Eskolan eskatu digutelako —gaineratu zuen Viktorrek lehen eztulak ihes egiten zion momentuan.

        — Bada, begira mutiko —hitzegin zuen dendaei itsusiak— mila gauza dauzkazu eramateko, eta ez daukadan zerbait eskatzera etorri zara.

        "Barkatu" hitza esatearekin batera korri egin zuen Viktorrek dendatik kalera, eta kaletik etxeko portala harrapatu zuen arte. Eguerdian arnasestuka eta eztulka sartu zuten Viktor ohean eta medikuari deitu zion amak mutikoarentzat bazkaria urduri gozatzen zuen bitartean. Baina guzti hori aspaldiko kontua zen. Iragana. Eta berriro bidaian pentsatzera jarri zen.

        Eta, poliki poliki, loa pausatu zen leihorantz jarrita zeuden begi haietan. Baina loak baretu bazuen ere egunsentiko mutikoaren egoneza ez zen itzaliko erabat Viktorren baitan bidaiarako zuen izkutuko ardura. Viktorrek loaren olatuetan itsasoa zeharkatu bait zuen amarekin batera eta Frantzia lautadako herri txiki batean plantatu. Gaua igaroko zuen pentsiora iritsi zenean ordea, Viktorrek asaldatunik begiratu zion bertako rezepzionistani, Arthur itsusiaren igoai igoala zenak "kaixo Viktor, etorri zara, eh!" esan bait zion.

        Hau gertatzen zenerako Viktorren amak bigarren aldiz deitua zuen medikua, aguroago etor zedin, ordurako nabaitua bait zuen aspaldian ez bezalako itolarria nagusitzen ari zitzaiola Viktorri. Amak telefonoz hitzegiten zuen une berean, itsasoaz bestaldeko lautadan, pentsioa utzi eta kalera bitartean dagoen jardinera egin zuen ihes Viktorrek, eta han lore horixken artean etzan egin zen. Momentu batez bizitzearen plazerra sentitu zuen; eta, egia esan, asko iraun ez zuen arren, zoriontsu zela amets egin zuen. Ez zuen ez, egoera gozagarri hartan linburtzeko betarik izan, mutiko batzu tropelean sartu bait ziren jardinera eta, loreak zanpatuz eta txikituz, Viktorrenganaino hurreratu. Orduan mutikoen atzetik dendari itsusiaren aurpegia agertu zen esanez "hau da sorpresa, Charles Eamon-en semea!". Viktor bigarren aldiz asaldatu zen, eta une hartantxe jakin zuen bere aitaren izen onak jardina defendatzera konprometitzen zuela, eta mutikoengana oldartu zen karraxika. Egia esan, bere gaixotasunaren kausaz, existentzia osoan bizitzea suertatu zitzaion egoera ezindu eta umilaren aurka errebebatu bailitzan, egundo ezagutu gabea zuen firmeziaz egin zuen eraso. Baino orduan tropeieko mutiko batek tiragoma bat altxatuz harri kozkor zorrotz bat bertan egokitu zuen, eta aidearen ziztuarekin batera Viktorrek bularra zulatzen zion kolpea nabaitu zuen, eta txilio handi bat entzun zen etxe osoan. Etxe zoko guztiak iharrausi zituen txilio buze hark eta Viktor, derrepentean, esnatu egin zen eta salto handi bat eginez, ohean jezarrita paratu. Orduan bere bularreko mantxa gorriari erreparatu zion eta instant berean irrifarre xume batek jantzi zuen Viktorren aho odoldua, eta azkeneko gomitoarekin batera jakin zuen bere aitak konpainiako lagunekin egin zuen bezala babestu zituela berak ere jardineko lore horixkak.

        Viktorren gelatik zetorren oihu larri hark astinduta ama mutikoaren gelan sartu zenean Viktorren begi galduak leiho alderantz jarriak zeuden.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.