L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 15-16 zkiak. (1990/91-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Gabonetako ipuina

 

Pako Aristi

 

Gabonetan geunden, eta bakarti antzekoak ari zitzaizkidan gertatzen egun guziak. Aldizkari pornografikoak erosten nituen. Kalean emakume titi handien atzetik lerratzen zitzaizkidan orduak. Gero idiarena jotzen nuen edozein tabernetako komunetan, eta erotzen ari nintzen. Gero eta beharrezkoago nuen zerbait beroa hankartean. Titi handien pezoiak behar nituen ahoan, ipurdi lerdenak eskuetan, eta zakila potor bero eta amaigabe baten barruan. Horiek ziren nere zorionaren hiru zutabe. Eta tristeak zihoazen Gabon egunak, berez bakarti samarrak izanik are bakartiagoak Donostian hamargarrenean alokaturik neukan pisu ttiki eta triste hartan.

        Franky ene lagunaren bisita izan nuen egun goibel haien erdian. Eta nere noraezeko ibileren konponbidea ekartzera heldu zen Franky. Medikuntza ikasten zuen Frankyk Ifar Ameriketan, eta anatomiako klaseetan erakutsi ziotenez, emakume guziek glandula mamaria berdin bendinak zeuzkaten titi bakoitzean, nahiz titi handiak izan, edo txikiak, edo batez. Glandula horien neurria berdina zen, eta haurra izan ondoren esnea bideratzea zen beren funtzioa. Glandula mamariak dira titien funtsezko gorputza. Gainontzekoa grasa besterik ez da, grasa gehiago edo grasa gutxiago. Hori jakinik bere kasa jauzten zen, ene lagun Frankyren arabera, titi handien misterio guzia. Ahoa titiz betetzea grasaz betetzea besterik ez da. Eskua bete titi ikutzea grasa mordo bat ikutzea besterik ez.

        Nik entzuna nuen antzeko teoriaren bat, eta ez zidan orduan eraginik egin. Niri bendin gustatzen zitzaizkidan titi handiak, eta berdin jiratzen nuen burua kalean titi handidunen bat ondotik igarotzen zitzaidanean. Erremediorik gabekoa zen titi handiek niregan sortzen zuten lilura.

        Frankyk beste argibide bat eskaini zidan. Frankyren teoriak burmuinera zuzentzen zuen konponbidea. Burmuinean bada glandula bat, glandula pineal deitua, Descartes zaharrak arima zela uste zuen glandula bera. Garai hartan, izan ere, deskubritu berri samarra zen glandula pineala, eta bere funtzioak zehaztu gabe irauten zuenez, Descartesek arima zela esan zuen, lasai lasai, eta sinesmen horrekin hil zen. Glandula pineala, aldiz, ez da arima. Glandula pineala seksua buruarekin lotzen duen glandula bat da, eta esate baterako, seksuaren gora behera guziak glandula horrek osatzen duen txokotean aurkitzen dira. Horregatik, nik jakin nezakeen titi handiak grasa besterik ez zirela, baina ene glandula pineala komentzitzen ez zen bitartean, deseoa piztuko zitzaidan beti titi handiak ikustean. Klabe hori eman zidan Franky ene lagunak, eta asko lasaitu nintzen, arazoaren konponbidea ere erakutsi zidalako. Glandula pineala ene buruko zein lekutan agertzen zen seinalatu zidan zehatz. Zihur eta errurik gabe aurkitzen ikasi nuenean egurrezko mailu ttiki bat erosteko agindu zidan, txaketako poltsikoan kabitzeko moduko mailua. Nere zeregina hau zen: emakume titi handidunen batek liluratzen ninduenean kalean, eta ohi bezala atzetik segika eta masturbazioka eta zer egiten nuen ez nekiela jartzen nintzeneen, mailutxoaz glandula pineala jo behar nuen, kolpetxo ttiki eta jarraietan, lilura desagertu arte.

        Mailua erosi nuen. Kalera atera nintzen. Oso ondo joan zen guzia lehen egunetan.

        Beti mailutxoa poltsikoan nuela kaleratzen nintzen. Titi handidun bat ikusi eta jarraitu behar nuen bidea okertzen hasten nintzenean, taka, taka, taka, mailutxoaz glandula pineala jotzen nuen eta bapatean ahazten zitzaidan lilura.

        Semaforoan beste titi handidun batekin portunatzen banintz parez pare, taka, taka, taka, eta aurrera jarraitzen nuen neskari gehiago begiratu gabe. Kamareraren bat kristoren titiekin etortzen bazitzaidan, taka, taka, taka, jo mailuaz pineala eta behar nuena eskatzen nion, lasai, urduri jarri gabe edo biluzik nolakoa izan zitekeen imajinatzen hasi gabe.

        Oso ondo zihoan terapia hura, eta oso zoriontsu sentitzen nintzen. Ondo amaitzen diren horietako ipuin bateko protagonista sentitzen nintzen, Gabonetako ipuin eder eta gozo bateko izar argia. Gizatasunaren bidea berreskuraturik, gizaki guziengandik hurbilago sentitzen nintzen, nere bakardade miserabletik urrun. Lau egun nituen titi handidunetaz pentsatuz idiarena jo gabe. Titi normaldunekin ere ez. Lau egun. Edo bost. Edo sei.

        Halako egun batean dena hankaz gora joan zitzaidan. Gabonetako ipuina gaizki amaitzeko bidera sartu zen. Kristorenak zeuzkan. Egundoko titi handiak. Tenteak eta sendoak. Liluragarria zen, benetan, intensidade osoz, emakume haren bularraldea. Heldua zen. Altua, oso gorpuzkera ederrekoa, argala eta abar. Eta titiak aurrera ernetzen zitzaizkion, hamarren bat zentimetro edo aurrera. Hizketan hasi behar zutela zirudien. Urte Zahar inguruan geunden, eta eskaparateak ikusten zebilen. Atzetik jarraiki hasi nintzaion. Perfilez zoragarria zen. Pontentosoa. Erotuta nengoen. Mailuaz kolpeka ari nintzaion glandula pinealari, etengabe, taka eta taka, gero eta kolpe gogorragoetan, baina alferrik zen, alferrik zen. Eroturik nengoen, eta ene begiek ezin zuten titi ikusgarri haiengandik aldendu. Nere imajinazioa bero zebilen. Zakila gogorturik neukan. Galtzak estu estu.

        Eskaparateetan zehar jarraitu nion. Zerbait esan behar nion. Derrigorrez. Behar nuen titi haiek ikutzea, eta haran gozo hartan korritzea. Erotu egingo nintzen bestela. Semaforo batean gelditu zen. Ni ondoan. Izerditan nengoen. Berdea. Kaminoa zeharkatu zuen. Azken saialdia egin nuen, mailuaz pineala joka. Alferrik zen. Atzetik jarraitu nion. Artzai Onaren katedralera sartu zen. Ni atzetik. Ilun zegoen eliza. Pentsona apurrak eserlekuetan. Multzorik handiena Jesusen Jaiotza ikusten zegoen. Hara joan zen emakume eta Jaiotzari begira gelditu zen. Ni bere ondoan.

        — Oso pobita da e? —esan nion.

        Ninietan dizdira berezi bat zeukan.

        —Zoragarria!

        Irifarrez begiratzen zuen Jaiotza.

        —Zoragarri benetan! —eta asko hurbildu nintzaion oraingoan.

        Horrela egon ginen biok, besoak elkar ikutzen irrifarrez. Maitemindurik sentitu nintzen. Emakume hura besarkatzeko irrikaz.

        Bapatean ondotik aldegin zitzaidan. Atzetik jarraitu nion. Eserlekuetara joan zen, eskuin aldera, nahiko ilun zegoen zati batera. Han eseri zen. Ni atzean eseri nintzen. Kafesne bat hartzera gonbidatu nahi nuen, afaltzera, arropak kentzera, nere zakila mihastera. Agian bakarrik bizi zen eta behar zuen gau hartan norekin hitzegin eta nor maitatu. Zenbat gizon maitatu zituen jakin nahi nuen, zenbatek egin zioten amodioa noizbait, zenbat korritu ziren titi haiek gozatuz.

        Galtzak haziaren aurreko likaz blai eginda neuzkan. Fraketan gora, zakila gerrikoraino heltzen zitzaidan. Eszitazioak mina ematen zidan. Bi behatz artean hartu nuen zakil burua eta idiamena jo nuen, isilik eta gozo. Berehala isuri nuen hazia. Praketatik kanpo erortzen ikusi nuen, eserlekura, lurrera, zapata gainera.

        Bapatean glandula mamarietan pentsatu nuen. Eta aurrean zegoen emakume hura ez zitzaidan hain liluragarria iruditu. Ez nuen ezta ikusi ere egin nahi gehiago. Kanpora atera nintzen.

        Jaiotza ez zitzaidan hain zoragarria iruditu bigarren bistazoan. Kanpora atera nintzen eta mozkortzea pentsatu nuen. Mailutxoa paperontzira bota nuen. Gaizki sentitzen nintzen.

        Hura ez zen maitasunaren bidea. Nik emakume hura ezagutu nahi nuen, hitzegin, eta berotasun piska bat eman elkarri Gabonetako egun hotz haietan. Polita izan zitekeen hain adin urrunetako bi pertsonen harremana. Baina nik idiarena jotzea besterik ez nuen egiten. Oraingoan eliza batean gainera.

        Glandula pinealaren menpe bizi zen gizaki ernegatu bat besterik ez nintzen. Ezin nuen maitasunik sorrerazi inorengan neregana. Nere aldetik ere, maitasuna ez zen korritu arteko une horietan sentitzen nuen mareo purtzil bat besterik. Glandula pinealaren menpe bizi nintzen. Mozkortzea pentsatu nuen, eta mozkortzera abiatu nintzen, ni, Gabonetako ipuin bat gaizki amaitu zuen glandula miserablea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.