L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz1700>— Plazara. 18 zkia. (1991/1992-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

...hainbat aburu

 

Xabier Leterekin hizketan jardun duena ez da hausnarketarako gai faltan etxeratuko. Eta horrelaxe gertatu zitzaigun geuri ere barruko orrialdeetan aurkituko duzun elkarrizketa berarekin egin genuenean. Gogoeta aberasgarri ugari eta, ezinbestean, laburtu egin behar... Bada, hala ere, espazioaren menpekotasun ankerretik salbatu nahi izan dugun zati bat: Aresti zenari buruzko gogoeta biltzen duena, hain zuzen ere. Testuinguruz kanpo egonda ere, merezi duela uste dugu, eta atal berri honetan eskaini nahi izan dizuegu. Horra, beraz, Xabier Leteren hitzetan, Gabriel Arestiri buruzko gogoeta hori:

        "Arestiren nortasuna oso berezia izan zen. Aresti, hasieran, ez zen familiaz, hizkuntzaz eta ingurugiroz euskalduna. Ez dut uste formazioz abertzalea zenik ere. Eta momentu batetan hasten da biak izaten eta poesia sinbolista tankerako bat, interesgarria, idazten —"Maldan behera"—. Gero, kolpetik, arazo sozialez arduratzen da, eta hasten da, abertzale izanaz, argitasun batzu bilatzen arazo sozialaren gorabehera guzti horretan, eta nik uste dut hasten dela sentitzen marxista, edo erdi marxista, abertzale marxista edo komunista, baina oso modu gozagaitzean moldatzen zaio, bai abertzalego klasikoari —Bilbokoari, batez ere— eta bai garai hartako Bilboko komunistei. Aresti izan zen, alde batetik, abertzaleen laguna, eta uste dut Euskaltzaindian, hasieran, izan zituela abertzale peto-petoen artean baledorerik onenetakoak, poeta gisa —Antonio Arrue bat eta horrelako jendea, baita integristak eta erdi karlistak zirenak—. Bestetik, Bilboko garai hartako komunisten laguna zen —Ibarrola, Vidal de Nicolás, Blas de Otero eta abarrena—. Nik uste dut gozagaitz sentitzen zela batzuekin eta besteekin; batzuekin, kulturalki oso burgesak sentitzen zituelako, PNV-ko jende zaharra oso tradizionalista, oso katolikoa, burgeskeria sozialera makurtua sentitzen zuelako; eta, bestetik, komunistekin, garai hartako ezkerreko jendearekin ere oso gaizki sentitzen zela uste dut, ikusten zuelako hor ez zegoela euskal baloreekiko batereko maitasunik. Hasi zen, beraz, kontradikzio mundu batetan sartzen; alde batetik egiten ditu "Nire aitaren etxea" bezalako poema eredugarriak, enblematikoak, eta, bestetik, hasten da bere lan teorikoetan, prosazko lan ideologikoetan —Zeruko Argian eta Anaitasunan— zenbait gauza kuestionatzen: ea Nafarroako Erribera Euskadi den; ea Bilbo Euskadi den; ea euskalduna izatea zer den; ea Euskadi balore abtsolutua den... Hasten da esaten abertzale izatea ez dela balore abtsolutu bat, baizik eta euskaltzale eta abertzale izatea baino lehenago dagoela gizona, gizon unibertsala, batez ere gizon pobrea, lanera makurtua, proletarioa, eta justizia lehenago dela euskara baino, eta hortik hasten da Aresti teorizatzen. Hortxe sortzen da abertzaleen izugarrizko su hori bere aurka.

        Hori dena errepresentatu zuen Arestik, eta oso gizon konplejua izan zen. Gaur egun oso gutxi mintzatzen da arazo horretaz, baina Aresti oso atormentatua bizitu zen bizi guztian arazo horiekin, azkeneraino. Eta espainolista izatea egotzi zitzaionean eta jendea bere kontra oldartu zenean, asko sufritu zuen, baina berak ere ez zuen ahalegin gehiegirik egiten hori esklarezitzen eta beti anbiguedade horretan jarraitu zuela uste dut nik.

        Berarentzat, Bilbo oso gauza maitatua zen, baina oso gauza gogorra ere bai. Berak ezagutzen zuen Bilbo hartan ezin zuen identifikatu, inondik ere, 36koen "aberri maitea", "Euskalerri txukuna", Sabino Aranaren antzinako "Bizkaia laborioso, euskaldun eta katolikoa", eta hor izugarrizko kontradikzioak zituen. Noizbehinka, "boutade" batzu botatzen zituen "pour epater les burgeois" —berak hala esaten zuen, literalki—, eta egiten zituen koplatxo batzu —argitaratzen ez zituenak, baina eskuz esku ibiltzen zirenak— oso xelebreak, adibidez: "El Banco de Vizcaya / digno de bendición, / que a los nacionalistas / les pasa la pensión. Siempre te odiaremos / banco de perdición". Eta horrelako koplak egiten hasi zen. Bilboko mundutxoan pertsonaje bat izatera heldu zen, baina gainerako Euskalerrian, momentu hartan, enkaje oso txarra izan zuen Arestik, eta uste dut Aresti dela tipo bat gaur jendeak batere ezagutzen ez duena, ez duena irakurtzen, noski, eta, azkenean, topiko bat gehiago bihurtu da, inork aztertzen edo kantatzen ez duena. Egin dituzte halako laudorio batzu, goraipatzen dute batzuek eta besteek —bakoitzak baditu Arestirekiko identifikagarriak diren puntu batzu...—, baina beste ezer ere ez."

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.