L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 18 zkia. (1991/1992-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Fata morgana

 

Felipe Juaristi

 

91ko "Donostia Hiria" Sarian 3.a.

 

I

Autobus-geltokia hiri erdian dago kokatuta aspaldidanik, udal-arautegi zaharkitu bat dela medio. Oso eraikuntza garbia da, ttikia bezain deseroso eta desegokia. Apenas taberna bat, egunkari saltzailearen denda, eta lau eserleku luze egongelan, bidaiarien edo zain dagokeenaren atseden.

        Gizon bakarra zegoen itxoiten, pareta zikinean zintzilikatutako erlojuaren esferari eta kanpoko euri etengabeari begira. Hamabiak puntuan iritsiko zen autobusak barruko herri batetik ekarriko zion anderea, emaztea, zuen gogoan. Pentsamendua ibaia baita, ur tira horren oldarrean iragan uneak. Zein aroak ari ziren ezari-ezarian zilingatzen. Gezi jaurtiaren abiadaz linburtu zitzaizkien ezkondu zirenetik hamabost urte; hainbeste desiratu izan zuten semea hil zitzaienetik hatsaldi gisako bost. Halabeharrak erabakita erdi zen emaztea alaba batez, hiru urte, hiru urre mendi bezain distiratsu, zituena. Amarekin joana zen aiton-amonaren etxera, hiriburuko hezetasun berunezkoak kalte egiten ziola biriketan eta mendi inguruko giroa hobexea izango zela sendagileak aholkaturik. Hotza sentitu zuen. Hari izoztu bat igo zitzaion bizkarrezurrean zehar.

        Urduri begiratu zion erlojuari, gabardina zuria lepo bueltan estutzen zuen bitartean. Gero eta gogorrago ari zuen euria. Bere begiek leihoko kristal lurrunduetatik begiztatzen zuten beste ibai bertikala, zeru-ortzearen zaurietan barrena ihesi. Ikuskizunak pentsamenduak garaitu zituen, txalupa bateko eskifaiak bailiren. Laster iritsiko zitzaion emaztea: brontze fineko gorputza, tristuraren erregarri; ispilu bat, non gizona isladatzen zen zorion-printzeak inguraturik.

        Matrimonioa etxe irekia baita, horren oroimenez gelaz-gela ari zen bisitatzen. Bion ohantzea aurrera, hantxe elkartu ziren hainbatetan nekeak berezi arte, hantxe izan ere zuhaitz ostogabeak, landare zuri baten hazi-ereile. Maite zuen emaztea, eta alaba ere maite zuela baieztatzeak haren gelara eraman zuen. Erdi-erdian zurezko sehaska, artzatxo eta untxitxo bat alboan, azken honek, sokari eraginez gero, kantu baten airea jotzen zuelarik. Alaba dorre sendoa zen, aitaren bizitza eguneroko errutina eta lan mekanikoaren mediokredidadetik babesle etorria. Lan-gelara pasa zen tupustean eta marrazteko mahaian anabasa orekatuan pilatutako planoek buruan forma zehatza hartu zutenean entzun zuen motor karrankari eta ilaun baten zaratotsa.

        Erlojuari begiratu zion, ibaia galdu zen metalezko orratz ttikiek sortutako itsasoan. Ondorenean, bost minutuko atzerapenarekin zetorren autobusaren bila jaitsi zen nasara, euria egiteagatik ajolagabe.

        Pentsamenduek soilik bustitzen dute.

        Emakumearen begiak, bi txori berde irudi, gizonarenetan pausatzeko hegaldatu ziren. Elkar besarkatu zuten. Gizonak alabaz galdetu zion. Ondo zegoela baietsi zuen emakumeak ahots ukituaz, bera ikusteaz pozten zela gaineratuz. Senarrak gerritik oratu zion bere esku ahulekin, elkar ikusi gabeko aste hura infernua izan zela esanez. Barre egin zuen emazteak, infernua beste zenbait izango da, erantzunez.

        Kanpora abiatu ziren.

 

 

II

Denbora osoan hantxe egon zirela zirudien arren, hiru gizonak minutu bat lehenxeago ziren jaitsiak Chevrolet beltz batetik, eta ate ondoan jarririk irtenbidea eragotzi zieten. Atxiloturik zegoela esan zioten senarrari. Emazteak oihu egin zuen bere beirazko ahotsarekin hiru gizonek automobilaren atzekaldeari senarra indarrez sartu zutenean eta euripean bakarrik ez geratzeko bere ahalmen guztiekin indar egiten zuenez, automobilari gogor helduz, bera ere gizonaren albora sartu zuten. Izuz, instintoz baino, jokatu zuen emazteak. Garai hartan altzairua baino arruntago baitzen izua, eta maizenik biak, izua eta altzairua, elkarrekin ibiltzen ziren pasean. Senarrak tinko hartu zion eskua emazteari eta aurrean eseri ziren bi gizonei begiratu zien etsipenez. Sonbreru banarekin estaltzen zuten burua. Senar-emaztearen eskubian eserita zegoen hirugarrenari begiratu zion ondoren, horrek ere sonbrerua zeramala jakiteko. Hiria itzaletan bildurik bere atzean geratzen ari zela konturatu zen. Ez zen ahalegindu atea irekita ihes egitera. Aldez aurretik bazekien ez zuela deus egingo bere egoera alda zedin. Nora zeramatzaten galdegin zuen ahots nahigabetuaz. Atzeko gizonak ez zuen erantzun. Ahoa zabaldu besterik ez, eta hortik iritsi ziren irri karkarak entzun bezain pronto, gehiago jakin zuen senarrak gizon hari buruz, ia hortzik gabe egoteagatik goizegi zahartu zela. Jendea garai hartan behar baino lehenago hiltzen edo zahartzen zela pentsatu zuen. Emazteari begiratu zion. Ez zuen deus ikusi.

        Izuak ez baitu hondorik.

        Euripeko gau hartan etorbide zuzenetan zehar mantso-mantso zihoan automobil beltzak fantasma baten antza hartu zuen. Berritu zuen galdera. Aurrekaldeko eskubitik iritsi zitzaion isiltzeko errogua. Bide bazterreko farolei begiratu zien. Argi puntu bakarrak desertu ilun hartan. Errealitatea eta desioaren arteko muga. Bizitzaren haragia mozten duten aiztoak iruditu zitzaizkion. Inoraezeko bidea erakusten zuten begi bakarreko izarrak. Emaztea besarkatu zuen. Baten begirada bestearenarekin lotu zen airezko gurutzea marraztuz.

 

 

III

Burnizko ate handiarekiko etxe gris erraldoira iritsi ziren. Automobiletik jaitsiaraziz, korridore estu eta oihartzun beteriko ate ugari zeharkatu ondoren nortasunik gabeko gela ttiki batera behartu zituzten sartzera. Bonbila hautseztatutako bat piztu zen. Bost espektro horixka ziruditen. Leiho-zulo bat zegoen sabaian; burua altxatuz gero burni-hagen artetik ikus zitekeen kanpoko ezereza. Gidariak esku-zeinu batez jakinarazi zien ez zutela handik mogitu behar. Gero desagertu zen. Senar-emaztea aulki luze batean ziren eseri. Ahozuloan ia hortzik ez zuenak barre egin zuen. Ez algara bat, ehizak ihes egingo ez diola dakien piztiaren barretxo maltzurra baizik. Hobetoxe erreparatu zion senarrak. Hezur huts zen, Begi gorrituek adierazten zuten bizitzen jarraitzeko interes guztia galdua zuela. Handi geratzen zitzaion traje lisoko poltsikoetan gordetzen zituen eskuak. Argiaren isladapean dirdira egiten zuen soildutako buruak. Bestearengana zuzendu zituen bere begiak gero. Bietan altuena zen. Begi-niniak, tximeleta grisak irudi, gelako bazter batetik bestera zebiltzan dilin-dalan. Sudur zapal haragitsuak eta ezpain lodiek borondate flakoko baina, era berean, lanaz eta bere sinesmenaz harro dagoen gizona zela seinalatzen zuten. Bizarra ondo moztuta, dotore zegoen jantzita, gorbata puntudun eta traje ilunkara batez. Zigarroak libre uzten zion eskua ezkerraldera eramaten zuen usu: Garai hartan pistola bihotzaren ordez jende gehiegitxok zeramala pentsatu zuen senarrak. Emaztearenetan pausatu zituen bere begiak. Minen baso batean galdua zirudien begirada hark. Barruko herian bakean utzitako alabaz ari zen pentsatzen. Ez ziren hitzegitera ausartu.

        Izua edozein metale baino pisuago baita.

        Bi gizon zain zeuden beste gelara eraman zuten. Bata ezaguna egin zitzaion berehala, automobil gidari berbera. Ate ondoan zutik geratzen zen bitartean eseritzeko errogatu zion amultsuki. Intxaur zurezko mahai atzean eserita zegoen gizona ez zuen inoiz ikusi lehenago. Begiak betaurreko beltzek estaltzen zizkioten arren, handitxik sortzen zenak biluzik, larrurik gabe, uzten zuela somatu zuen. Gorputzeko lehotzean leher zorian sumendi bat ote du, galdetu zion bere buruari. Paretan zintzilik errepublikako presidenteak dena zuen ikusmiratzen.

        Izen-abizenak eskatu zizkioten. Eman zituen lapur armatu bati dirua emango liokeen moduan. Lanbidez zer zen galdetu zioten. Arkitektoa zela, etxeak eraikitzeko planoak marrazten zituela arrapostu zuen.

        Betaurreko beltzekiko gizonak irteteko agindu zion zutik zegoenari. Eta senarrari zuzenduz, ba ote zekien zergatik zegoen han. Ezetz erantzun zuen. Behin ere ez zuela eman atxilotu zezaten motiborik. Nazio hartan atxilotua izateko motiborik ez zela behar jakinarazi zion besteak. Errugabe zela esan zion senarrak apalki. Besteak gogorarazi zion nazio hartan ez zegoela errugaberik. Iraultza Frantsesean Arrazoia jainkosa bihurtu nahi izan zuten moduan nazio hartako jainko bakarra terrorea zela. Eta terrorearen kontrako terrore-ereileek ere jainko bera gurtzen zutela. Haiek eta guk, azpimarratu zuen, Kristo gurutziltzatuaren mitoa berregiten dugu etengabe. Odola isurtzen ari zirela, esan zion, zeru bila. Ez baitzegoen errugaberik. Senarrak erantzun zion bera ez zela errudun. Besteak komentatu zion, ahotsaren doinu suabeaz, diktadura garaian denak errudun zirela. Alde zeudenak, kontra zeudenei gerta zekiekeenaren errudun, eta kontra zeudenak, besterik gabe kontra jartzeagatik. Horiek boterea lortuko balute, gaineratu zuen, berdin jokatuko lukete. Harridura eta haserrea piztuta zeuzkan begirada luzatu zion senarrak. Garai hartan bere mundura fanatikoen izurritea erori zela pentsatu zuen. Ez alde eta ez kontra egon zitekeela esateko mogitu zituen ezpainak. Okerrenak horiexek zirela aurpegiratu zion besteak. Hipokrita hutsak, oilo koldarrak. Nazio hartan ez zegoela erdibiderik. Baieztapen hori faltsua zela adierazi zion senarrak umilki. Bera ez zela hipokrita, ezta koldarra ere. Puntu batetik aurrera denok gara koldar, erantzun zion besteak. Hara zergatik ekarri zuten jakin nahi izan zuen berriro senarrak. Egunero hamabost pertsona atxiloturik ekartzeko agindua zutela jakinarazi zion besteak. Laguntzaileetariko hiruk autobus-geltokian ikusi zutela bakar-bakarrik. Kopuru hura betetzeko baten faltan zeudenez, geltoki aurrean itxoin zutela haraino ekartzeko. Fatuaren agindua zela. Diktadura Fatua izenez bataiatu zutela pentsatu zuen senarrak. Besteak zigarro bat piztu zuen unean begiak zituen itxi. Emaztea agertu zitzaion bere irudimenean. Iraganean esandako hitzez zen oroitu. Semea hil eta sofritzen ikusi zuenean, zainduko zuela agindu zion. Berarengatik zegoen hura ere irtetea zaila zen etxean atxiloturik. Fatuarengatik elkarrekin. Zergatik emaztea?, galdetu zuen bat-batean. Zergatik ez?, izan zen erantzuna. Senarrak ahots tristeaz esan zion horrela jokatzea ez zela zuzena. Gure nazioan ez dago zuzenik, aditu zuen.

 

 

IV

Hiru gizonak beste gelan emazteari ari zitzaizkion begira. Berak ere begiratu zien. Aurpegia arimaren ispilu omen, baina gizonezko haiek halakorik ba ote zuten galdetu zion bere buruari. Ia hortzik gabeak irribarre zikina marraztu zuen. Altua ere iritsi zen ahoa irekitzera, mingain laszibo bat, zirauna bailitzan, kanporatzera. Automobil gidariak erakusten zuen duintasun apur bat. Traje gris bat zeraman gorputz flako baten gainean. Aurpegi lasaia, gorrotoaren hazpegirik ez. Emazteak pentsatu zuen arrazoimenaren bidez, eta ez pasioarengatik, egin zela borrero.

        Begiak itxi zituen segituan iraganera bidaiatzeko izuaren zaldi azkarrean. Aspaldikoak ziren sofrikarioak erneberritu zitzaizkion. Matrimonioa etxe itxia zela pentsatu zuen. Gela handi hutsekin, isiltasuna ibilki bisitari. Leihorik gabeko sukaldea, kontu tristeak besterik ez zituen irrati-aparailu batekin. Hustutzen ari zen alaba bat, jaiotzetik biriketako gaitzak zurrupatuta, eta seme hilaren oroitzapen lausoa. Maite zuen senarra, azken hamabost urte hartan bizitza iraungi zion arren.

        Argirik gabe ari zen geratzen.

 

 

V

Senarrak bere burua hilda, leize-zulo batera amilduta, ikusi zuen. Zigarro bat piztu eta barre egin zuen beste gizonak. Libre geratzeko modurik bazegoela esan zion. Ez zuela onartuko agian. Zein?, labaindu zitzaion senarrari. Emazteak zure tokia hartuko balu..., proposatu zion. Inoiz ez!, ozen entzun zen supitoan. Horrela balitz, ez dago zertan ihardunik, esan zion besteak. Senarrak lurrera begiratu zuen, izerdia eta odola izoztu zitzaizkion. Itxoin, mesedez! Senarrak aurpegia igurtzi zuen eskuekin.

 

 

VI

Senarra eta bestea zeuden gela sarrarazi zuten emaztea. Kokilduta zegoen. Bikotea bakarrik gera zedin bestea altxa zenean ulertu zuen senarrak zergatik ezkutatzen zituen begiak. Ahuldadea gordetzeko. Lodia eta ttikia baitzen. Borrero barregarria.

        Senarrak azaldu zion bestearen proposamena. Hamabost behar zituztela atxilotu egunero eta berdin zitzaiela kopuru hori osatu ahal izateko bata zein bestea. Egoeraz ohartzeko eskatu zion. Alabak bizi behar zuela, bera baitzen garrantzitsuena. Emazteak ez zion haseran ulertu. Zer esan nahi zuen galdetu zion lantutik oso gertu. Biotako batek geratu behar zuela, bestea libre izan zedin. Ez zuela hil nahi, esan zion.

        Senarra itsasoa zela pentsatu zuen emazteak. Dena aurretik eramaten. Eta itsasoak ez dira hiltzen. Ondorenean, alabarengana eraman zuen pentsamendua. Ama beharrezkoa zen mundura etortzeko orduan, baita aita ere bai bizitzari aurre egitekoan. Itsasoa bezain gogorra zen indar baten pean egon zitekeen salbo.

        Bera geratuko zela esan zion emazteak senarrari. Faborez, betetzeko bi agindu hauek; alabari beste amarik ez eskaintzeko, emazte izan zuenaz gogoratzeko beti. Berak senarra maite baitzuen, hondartza bazterreko harea xehe eta zapalduak itsasoa maite duen gisara. Eguna joan eta eguna etorri, beti haren besarkada beroari itxoiten.

        Apar zuria uzten den lur hezea baita emakumea.

        Gizon ttiki eta lodia sartu zen berriro, beste hiru gizonek senarrari lagundu zioten ateraino. Barre karkara batek kordokatu zuen. Alboetan farolak zeuzkan etorbideari begiratu zion. Ez zuen atertu. Argiek errainotzen zioten aurpegi zurbila, elurraren parekoa. Gabardina igota oinez hasi zen irristatzen, anima huts bailitzan. Ez zuen izurik sentitzen, hondoraino jo baitzuen. Ez zuen bere emazteaz pentsatu. Bazekien azkenean garaile aterako zela. Bazekien bere aurrean bakardaderik latzenak irekitzen zizkiola ateak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.