L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 20 zkia. (1992-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

—Ai gureak balira!—

 

Baltazarren arratsalde miresgarria

 

Gabriel García Márquez

 

        GUREAK EGIN DITUGU

        Hatse orok bere fina, noski, eta gure honek ere egina du berea. Pasearazi ditugu gure artean Tabuchi, Benedeti, Calvino, Schowb, Tobias Wolf... Juan Garzia Garmendiaren bertsio gutxi-asko etxekotuetan. Milesker aitzakiazko gure lehiaketa xumean parte hartu eta animoak eman dizkiguzuenoi (ailegatuko ahal da denentzat mila esker horiekin...). Azken ale honetan, berriz, gabon opari gisako beste guretze-saio bat doakizue, jatorri are kolektiboago batetik Idoia Aranberri, Maite Solozabal eta Fran Ispizuak elkarlanean moldatu digutena: García Márquezen ipuin borobil bat, kasu honetan bere giroan utzi nahiago izan duguna. On egin.

 

Kaiola bukaturik zegoen. Baltazarrek teilatu-hegalean eskegi zuen, ohiturak hala aginduta, eta bazkaria bukatu zuenerako bazter guztietan esaten zen rnunduko kaiolarik ederrena zela. Hainbeste jende bildu zen hura ikustera, non iskanbila handia sortu zen etxe aurrean, eta Baltazarrek gakotik kendu behar izan zuen eta aroztegia itxi.

        — Bizarra kendu beharrean hago —esan zion Ursula bere emazteak—. Kaputxino itxura duk.

        — Txarra dun bazkaldu berritan bizarra kentzea —esan zuen Baltazarrek.

        Aste biko bizarra zuen, ilea motza, gogorra eta tentea, mandoaren zurdak bezalakoa, eta mutil izutuaren itxura. Faltsua zen, ordea, itxura hori. Hogeitamar urte beteak zituen otsailean, eta azken

lau urtetan Ursularekin bizi zen, ezkontzeke eta haurrik izan gabe, eta bizitzak erne ibiltzeko motiboa franko emana zion, baina izututa egoteko bat bera ere ez. Ez zen konturatu ere egiten bukatu berria zuen kaiola zenbaitentzat munduko ederrena zela. Baltazarrentzat, ordea, umetatik kaiolak egitera ohitua, besteak baino lan nekezago bat baizik ez zen izan hura.

        — Etzan hadi, bada, piska batean —esan zuen emakumeak—. Horrelako bizarrarekin ez hago inoren aurrean azaltzeko.

        Hantxe etzanda zegoela, behin baino gehiagotan jaiki behar izan zuen hamakatik auzoei kaiola erakusteko. Ursulak ez zion jaramonik egin ordurarte. Nahigabetuta zegoen senarrak aroztegiko lana

utzixea zuelako kaiola egiteari buru-belarri ekitearren, eta aste bitan gaizki lo egin zuelako, ohean itzulipurdika eta zentzugabekeriak esanez, eta ez zitzaiolako burutik pasa ere egin bizarra kentzerik. Baina nahigabea aienatu egin zitzaion kaiola bukatu berria ikusi zuenean. Loalditxotik itzartu zenerako, emazteak prakak eta alkandora bat plantxatuak zizkion, eta hamaka ondoko aulki batean paratuak. Kaiola jangelako mahaira eramana zuen. Han begira zegoen, isilik.

        — Zenbatean salduko duk? —galdetu zuen.

        — Ez zekinat —erantzun zuen Baltazarrek—. Hogeitamar peso eskatuko dizkinat, ea hogei ematen dizkidaten.

        — Berrogeitamar eskaitzak —esan zuen Ursulak—. Hamabost egun hauotan ez duk lo askorik egin. Ondo handia duk gainera. Bizitzan ikusi dudan kaiolarik handiena duk, nik uste.

        Baltazarrek bizarra kentzeari ekin zion.

        — Zer uste dun; emango dizkidate berrogeitamar peso?

        — Huskeria duk hori Don Chepe Montielentzat, eta kaiolak horrenbeste balio dik —esan zuen Ursulak—: hirurogei eskatu beharko huke.

        Gerizpe sargorizko batean zegoen etxea. Apirileko lehen astea zen, eta beroa okerrago jasaten zen txitxarren zarata zela eta. Jantzitakoan, Baltazarrek patioko atea zabaldu zuen etxea freskatzeko eta haur-talde bat sartu zen jangelan.

        Berria zabalduta zegoen. Octavio Giraldo doktorea, mediku zahar bat, bizitzaz kontent baina lanbideaz gogaitua, Baltazarren kaiolaz pentsatzen ari zen bere emazte elbarrituarekin bazkaltzen zuen bitartean. Bero zen egunetan mahaia barruko terrazan ipintzen zuten, eta han lorontzi asko zeuden eta bi kaiola kanari batzuekin.

        Emazteak gogoko zituen txoriak; hain ere gogoko non katuak gorrotatzen zituen txoriak jateko kapaz zirelako. Emaztea buruan, Giraldo doktorea gaiso bat bisitatzera joan zen arratsalde hartan, eta bueltan, Baltazarren etxetik pasatu zen kaiola ikusteko.

        Jendetza handia zegoen jangelan. Burdin harizko kupula itzelak, mahai gainean erakusgai, barruan hiru pisu zituen, eta pasabideak eta jateko eta lo egiteko konpartimentu bereziak txorien jolastokian. Jela-fabrika erraldoi baten molde txikia zirudien. Medikuak kontu handiz aztertu zuen, ukitu gabe, pentsatuz benetan zeukan ospea gainditu egiten zuela kaiolak, eta askoz ederragoa zela inoiz

emaztearentzat amestu zuena baino.

        — Irudimenaren abentura bat da hau —esan zuen—. Baltazar bilatu zuen taldean, eta bere begi maternalez hari begira-begira gaineratu zuen—: Arkitekto aparta izan zintezkeen.

        Baltazar gorritu egin zen.

        — Eskerrik asko —esan zuen.

        — Egia da —esan zuen medikuak. Gaztetan ederra izandako emakume baten antzekoa zen bere lodian, leuna eta samurra, eta eskuak finak zituen. Bere ahotsak latinez ari den apaiz batena zirudien—. Txoriak sartu beharrik ere ez da izango —esan zuen, jendearen begi aurrean kaiola jiratzen zuelarik, saltzen ari balitz bezala—. Nahikoa izango da zuhaitz artean eskegitzea berez kanta dezan. —Mahai gainean utzi zuen berriro, une batez pentsatzen egon zen kaiolari begira, eta esan zuen:

        — Tira! Eraman egingo dut, bada.

        — Salduta dago —esan zuen Ursulak.

        — Don Chepe Montielen semearena da —esan zuen Baltazarrek—. Berak aginduta egin nuen.

        Medikuak halako jarrera errespetagarri bat hartu zuen.

        — Modelua eman zizun?

        — Ez —esan zuen Baltazarrek—. Kaiola handi bat nahi zuela esan zuen, horren modukoa, turpial bikote batentzat.

        Medikuak kaiolari begiratu zion.

        — Ez da turpialentzat, ordea.

        — Horixe baietz, doktore jauna —esan zuen Baltazarrek, mahaira hurreratuz. Haurrek inguratu egin zuten—. Neurriak ondo kalkulatuta daude —esan zuen konpartimentuak hatzez seinalatuz. Gero, kupula hatzkoskoez jo zuen, eta kaiola akorde sakonez bete zen.

        — Dagoen alanbrerik gogorrena da, eta lotune guztiak kanpotik eta barrutik soldatuta daude —esan zuen.

        — Loro batentzat ere aproposa —tartekatu zuen haur batek.

        — Halaxe da —esan zuen Baltazarrek. Medikuak burua mugitu zuen.

        — Bai, baina modelua ez zizun eman —esan zuen—. Ez zizun ezer zehatzik eskatu, turpialentzako kaiola handi bat baino ez. Ez da hala?

        — Bai, hala da —esan zuen Baltazarrek.

        — Beraz, ez dago arazorik —esan zuen medikuak—. Gauza bat da kaiola handi bat, eta oso besterik kaiola hau. Ezin da frogatu hauxe denik egiteko agindu zizutena.

        — Hauxe da —esan zuen Baltazarrek temati—. Horrexegatik egin nuen, bada.

        Medikuak urduritasun keinu bat egin zuen.

        — Beste bat egin hezake —esan zuen Ursulak senarrari begira. Eta gero medikuari—: Zuk ez duzu presarik.

        — Arratsalderako agindu diot emazteari —esan zuen medikuak.

        — Sentitzen dut jauna, benetan —esan zuen Baltazarrek—, baina salduta dagoena ezin da saldu.

        Medikuak soinak goratu zituen. Lepoko izerdia zapi batez lehortzen zuela, kaiolari begiratu zion isilik halako puntu zehaztugabe batetik begirik kendu gabe, urrutiratzen ari den itsasuntziari begiratzen zaion bezala.

        — Zenbat eman zizuten horren truke?

        Baltazarrek Ursula bilatu zuen, erantzun gabe.

        — Hirurogei peso —esan zuen emakumeak.

        Medikuak kaiolari begira jarraitu zuen.

        — Oso polita da —hasperen egin zuen—. Zeharo polita.

        Gero, aterantz zihoala gogoz abanikatzen hasi zen, irribarrez, eta pasadizo haren oroitzapena betirako joan zitzaion burutik.

        — Montiel oso aberatsa da —esan zuen.

        Egiatan, José Montiel ez zen zirudien bezain aberatsa, baina edozer egitera iritsia zen aberastearren. Handik ez oso urruti, saltzerik ez zegoen usainik sekula sartu ez zen etxe zaldi-tresnez iositako batean, Montieli ez zitzaion artean kaiolaren berri iritsi. Haren emazteak, heriotzaren obsesioak torturaturik, ate-leihoak itxi zituen bazkaldu ondoren, eta ordu bi egin zituen gelako itzalean etzanda, begiak zabalik, José Montielek bazkalondoko loa egiten zuen bitartean. Hartan, ahots ugarik sorturiko zalaparta baten hotsa iritsi zitzaion ustekabean. Orduan, salako atea ireki eta jendetza ikusi zuen etxe aurrean, eta jendetzaren erdian Baltazar kaiolarekin, zuriz jantzita eta afeitatu berria, pobreak aberatsen etxeetara etorri ohi diren inozo itxura apain horrekin.

        — Bai gauza zoragarria —oihu egin zuen José Montielen emazteak, pozaren pozez, Baltazar barrura zeramala—. Bizitza osoan ez dut horrelakorik ikusi —esan zuen, eta atean pilatzen ari zen jendetza ikusita haserre, gaineratu zuen—: baina sar ezazu barrura, etxea oilar-burrukaleku bihurtuko digute eta.

        Baltazar ez zen arrotza Montielenean. Behin baino gehiagotan etorria zen arotz-lan txikiak egitera, langile trebe eta zintzoa bait zen. Hala ere, sekula ez zen gustora sentitu aberatsen artean. Haiek burura etorri ohi zitzaizkion, haien emazte itsusi gatazkatsuak, haien operazio kirurjiko beldurgarriak, eta errukitu egiten zen beti. Haien etxeetan sartzen zenean, ez zuen asmatzen oinak arrastaka erabili gabe ibiltzen.

        — Pepe etxean da? —galdetu zuen.

        Salako mahai gainean utzia zuen kaiola.

        — Eskolan da —esan zuen José Montielen emazteak—. Honez gero etortzekotan behar du. —Eta gaineratu—: Montiel bainua hartzen ari da.

        Egia esan, José Montielek ez zuen izan bainatzeko astirik. Bere burua alkanfor-alkoholez presaka igurtzitzen ari zen, zer gertatzen zen ikustera irteteko. Hain zen gizon zuhurra, haizagailu elektrikorik gabe lo egiten zuen, loaldian ere etxeko hotsik txikienak noiz entzungo.

        — Zatoz gauza zoragarri hau ikustera —oihukatu zuen emazteak.

        José Montiel —sendoa eta iletsua, toaila lepo-jiran jarria— logelako leihora atera zen.

        — Zer da hori?

        — Peperen kaiola —esan zuen Baltazarrek.

        Emazteak harri eta zur begiratu zion.

        — Norena?

        — Peperena —baieztu zuen Baltazarrek. Eta José Montieli—: Peperen aginduz egin dut.

        Une hartan ez zen ezer gertatu, baina Baltazar komuneko atea ireki baliote bezala sentitu zen. José Montiel galtzontzilo hutsik atera zen logelatik.

        — Pepe —oihu egin zuen.

        — Ez da oraindik etorri —esan zuen emazteak ahopeka, geldi-geldirik.

        Pepe atean agertu zen. Hamabi bat urte zituen, amaren betile kizkurrak eta patetikotasun geldia.

        — Hator hona —esan zion José Montielek—. Hik agindu huen hau egiteko?

        Mutikoak burua makurtu zuen. Ileetatik heldu eta begietara begiratzera behartu zuen José Montielek.

        — Erantzun.

        Mutikoak ezpainari kosk egin zion erantzun gabe.

        — Montiel —xuxurlatu zuen emazteak.

        José Montielek mutikoari jaregin eta Baltazarrengana bihurtu zen, asaldatuta.

        — Sentitzen dut Baltazar, benetan —esan zuen—. Baina nirekin hitzegin behar zenuen ekin aurretik. Zuri bakarrik okurritzen zaizu mutiko batekin tratua egitea. —Hitz egin ahala, aurpegia bere onera etortzen hasi zitzaion. Kaiola jaso zuen, begiratu gabe, eta Baltazarri eman zion—. Eraman ezazu hemendik berehala eta ea baten bati saltzen diozun —esan zuen—. Batez ere, ez egin kontra, mesedez. —Bizkarrean zapladatxo bat emanez—: Medikuak amorratzea debekatu dit.

        Mutikoa geldi-geldi egon zen, begirik kliskatu ere gabe, Baltazarrek, kaiola eskuan zuela, harrituta begiratu zion arte. Hots gutural bat egin zuen, zakurraren zurrunga bezalakoa, eta lurrera bota zuen bere burua, garrasika. José Montielek sorgor begiratzen zion, ama semea lasaitzeko ahaleginetan ari zen bitartean.

        — Ez ezazu jaso —esan zuen—. Utzi ezazu burua lurraren kontra hausten eta bota gero gatza eta limoia gogoz amorratzeko.

        Mutikoa malkorik gabe ari zen garrasika amak eskuturretatik eusten zion bitartean.

        — Utzi —esan zuen berriro José Montielek.

        Baltazar mutikoari begira egon zen, azken arnasetan dagoen animalia kutxakor bat bailitzan.

        Orduantxe, etxean, Ursula oso kanta zaharra kantatzen ari zen tipula txikitzen ari zela.

        — Pepe —esan zuen Baltazarrek.

        Mutikoarengana hurreratu zen, irribarrez, eta kaiola luzatu zion. Mutikoa salto batez jaiki zen, kaiola besarkatu zuen, ia bera bezain handia baitzen, eta Baltazarri begira geratu zen metalezko harien artetik, zer esan ez zekiela. Ez zuen malko bat bera ere isuri.

        — Baltazar —esan zuen Montielek, emeki—. Eramateko esan dizut.

        — Emaiozu atzera —agindu zion emakumeak mutikoari.

        — Hiretzat hartu —esan zuen Baltazarrek. Eta gero José Montieli—: Horretarako egin nuen.

        José Montiel atzetik joan zitzaion salaraino.

        — Ez du axolarik —esan zuen Baltazarrek—. Peperi oparitzeko egin nuen propio. Ez nuen ezer kobratzeko asmorik.

        Baltazarrek atean pilatuta zeuden begi luzeen artean pasatzea lortu zuenean, José Montiel oihuka ari zen salaren erdian. Zuri-zuri zegoen, begiak gorritzen hasiak.

        — Burugabe halakoa —esaten zuen oihuka—. Eraman ezazu tramankulu hori hemendik. Horixe besterik ez nuen behar, etxean kanpokoak agintzen hastea. Demontre!

        Txaloka hartu zuten Baltazar bilar-gelan. Ordurarte, besteak baino kaiola hobea egin zuelakoan zegoen, Montielen semeari oparitu behar izan ziola negarrez jarrai ez zezan, eta horiek guztiak ez zirela aparteko gauzak. Geroago, ordea, horrek askorentzat nolabaiteko garrantzia bazuela konturatu zen, eta zirrara moduko bat sentitu zuen.

        — Berrogeitamar peso eman dizkiate kaiolaren truke, ezta?

        — Hirurogei —esan zuen Baltazarrek.

        — Zeruan marra bat egin behar diagu —esan zuen baten batek—. Heu haiz bakarra Don Chepe Montieli dirutza hori atera diona. Hori ospatu beharra zegok.

        Garagardo bat eskeini zioten, eta ondoren, Baltazarrek erronda bat eskatu zuen denentzat. Edaten zuen lehen aldia zenez, arratsalderako total eginda zegoen, eta egundoko proiektu bati buruz hitz egiten zuen: lehenengo hirurogeina peso mila kaiola egingo zituen, eta gero milioi bat, hirurogei milioi peso lortu arte.

        — Gauza asko egin behar dizkiagu aberatsei saltzeko, bizi diren bitartean —esaten zuen, mozkorrak burua kez beteta—. Denak gaisorik zeudek eta hilzorian. Izorratuta egongo ez dira, bada, amorratzea ere debekatuta daukate eta.

        Diskogailu automatikoak ordu pare batez jo zuen bere kontura, etengabe. Denek egin zioten topa Baltazarren osasunari, haren zorion eta fortunari, eta aberatsen heriotzari, baina afaltzerako bakar-bakarrik utzi zuten bilar-gelan.

        Ursula zortziak arte egon zitzaion zain, tipulaz hornitutako haragi frijitu plater bat mahaian jarririk. Baten batek senarra bilar-gelan zegoela esan zion, pozaren pozez, bertako guztiak garagardoa edatera gonbidatzen, baina ez zion sinestu, ordurarte Baltazar ez zelako inoiz mozkortu. Oheratu zenean, ia gauerdian, Baltazar areto argitsu batean zegoen, bertan laurentzako mahaiak zeuden, aulkiz inguratuta, eta kanpo aldean dantza-toki bat, alkarabanen pasealeku zena. Aurpegia koloretez zikinduta zeukan, eta pausorik eman ezinik, bi emakumerekin batera oheratu nahi zuela otu zitzaion. Horrenbeste gastatua zuenez, erlojua utzi behar izan zuen hurrengo egunean ordainduko zuen konpromezuaren seinale. Zertxobait geroago, kalean hanka-zabalik erorita, oinetakoak kentzen ari zitzaizkiola konturatu zen, baina ez zuen galdu nahi izan bere bizitzako ametsik zoragarriena. Bostetako mezatara pasatu ziren emakumeak ez ziren begiratzera ere ausartu, hilda zegoelakoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.