L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-1 / Suizidioa (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

John Foggertyren azken balada

 

Felipe Juaristi

 

Astearteko egunkariak zekarren berri tristea. Orduantxe, Marian, enteratu nintzen, eta ez lehenagotik, esaten duten moduan. Humphreyen pelikuletan bezala argazki ilunean ikusi nuenean gorpu lasai antzekoa, argazkilari, kazetari odoltzaleen sarraski defentsagabea. Eskubiko eskuan errebolberra, STARRA zirudiena, egun hartan neramanaren irudikoa, baina horrelakorik ehundaka daude hiri krudel honetan. Zergatik izan behar du prezisoki nirea? Bekokia ubeldua. Hori ez nuen paper latzean somatzen. Horrela imajinatzen dut ordea, eta bekokian zuloa. Filme batetan tiroz hildako mutil onaren bala zuloetatik mitxeletak irteten ikusi nituen, marrazki bizidunak noski. Eta zulotik odol haria, putzu, ia itsaso bihurtzen zena ikusi nuen isuria. Odola mitxeletak izatea desiratu nuen. Orduantxe jakin nuen, fotoaren azpikaldeari begiratuz. John Foggerty izenez ezagutzen genuena hilik zetzala, eta dakidana kontatzen badizut ere, neska, ez pentsa atzetik aurrera kontatzeagatik zerbait aldatuko denik, ezta haseratik kontatuko banu ere, baina hori nire ezagueratik kanpokoa da. Zeuk jakingo duzu ongien. Bestela, esadazu, nolatan etorri zen yanki bat munduko ipurdira, Donostiara, zuregatik izan ez bazen. Beti izan zara niretzat nahiko berezia, hezkuntzaren akatsak beharbada, burugogorra, orain zeureari hilketaren zama guztia leporatu nahirik, eta eszentrikoa. Ameriketara ingelesa edo han hitzegiten dena ikastera joan eta bertako musiko batekin etorri. Garai hartan, zu Atlantikoaz bestaldera abiatu baino pare bat urte aurreragotik oso atsegina genuen Estatu Batuetako popa. Ez dakit non aurkitu zenuen baina bere ingeles trakets hartaz, amerikanoaz, ez nion tutik ere ulertu, Bruce Springsteenekin jo zuela kontatu zigunean, hori adierazi nahi izan zuela kontatu zidatenean, zu ere hantxe zeunden, Mikelen etxean, gure algara, jabeak kitarra utzi eta «Burn to run» bertsionatu zigunean gure alaitasuna. Gurea egin genuen haren bizitzaz ezer gutxi jakinik.

        Ez da erraza esplikatzea, Antton, nola etorri zen hona. Ameriketan dena hemen bezalatsu, zakurrak oinutsik herrenak ez direnean, eta Johnny, Johnny Taylor zuen izena, Foggerty ez dakit zein rokero famaturen omenez jarri zuen, arras galdurik, oso desorekaturik zebilen ezagutu nuenean, Mendebaldeko hiri erraldoi batetan. Horrelako hirietan galdurik ezezik eroturik ere ez egotea da arraroa. Musikoa ere izana zen, horretaz behintzat egiati jokatu zuen, baina leku nazkagarri eta itxura txarrakoetan mozkorrentzako, prostitutentzako musika egiteaz aparte ez zuen beste zereginik. Zuhaitz eroriaren gisan, oso jaurtia, ez du axola non jakiteak, ezertarako ilusiorik qabe, desintosikasioa alde batetik sortu berria eta inoiz kontatu ez zidan, antzeman behar izan nion, amodio desengainu batez kutsaturik. Maitemindu nintzen berehala, nigan ama instintoak piztu zituelako eta umea balitz bezala zaindu nahi nuelako. Ez zen sekula heldu. Berak uzten zidan; ama gisan maitatzen ninduen haseran, aldizka maitatzaile moduan ni maitatzeko, azkenean justu-justu onartzeko. Orduan Donostiara etortzeko proposatu nion beraren girotik kanpo elkar oso maite genuelakoan. Karino beharrak, aldatzeko esperantzak, niganako sentimendu apurrak bultzatu zuen agian, John moduko pertsonekin ez bait da sekula asmatzen. Orduan ez nuen asmatu. Lehendabiziko tenoreak glorian igaro genituen, estraineko eta urriak zehatza izango banaiz. Ni ikastolan lanean, bizitzeko lain bagenuen. Batzutan amarena egiten aldizka maitatzailearena. Berak uzten, uzten zidan. Emandakoa hartzen zuen, haserakoetan eskerrak eta berarengandik trukean zerbait ekarririk; azkenean deus esan gabe, dena normalena, hats hartzea bezain sinplea balitz bezala. Gaizki, oso gaizki sentitu ohi nintzen orduan. Ameriketara bidaltzeko gogoak jo ninduten. Egunak izaten ziren ikusten ez nuela, haren presentzia ohartzen ez nuela. Agertzen zen, kalatxoriak elikadura bila lehorrean azaltzen direnetan bezala, eta umea zen, nire ume bihurri eta gaiztoa berriro. Ez zen sekula helduko. Dena atzera polita, zoragarria zen. Deus aldatu ez balitz bezala berriro maitatzen nuen eta uzten zidan: Gero enteratu nintzen, hobe Mikel ikusi izan ez banu, zuk, nire lagunak, ez zenidan, esan jakinaren gainean egon arren, zulatzen hasia zela. Gero enteratu nintzen denbora aurrera joan ahala zaldizalego bihurtua zela, gero eta beranduegi zenean. Eta horrek mintzen, erdiratzen banau, gehiago berak azkenerarte deus ez aitortzeak. Nola lortzen ote zuen dirua galdegiten nion neure buruari. Askotan bezala Mikelek zuen erantzuna. Zenbait gauetan, zenbait tabernetan jotzen zuela. Ez zen nire barrua lasaitzeko baizik esana. Egia, Antton, errekuperatzeko itxaropena hurbildu zitzaidanean jakin nuen, aspalditik oroitzen ez nuen beilan gaudenean, berak isilik maitatzen uzten bere gorputza saltzen zuela bota zidan, ondorioa dakienaren antzean, labainkadaz erasotzen den bezala. Negar egin nuen, Antton. Mila irudimen, mila oroitzapen, mila projektuk zulatu ninduten. Zinez diotsut, hilik hobe horrelakorik bitan jasan baino. Harrez gero, sutan alde batetik, bestetik indargabe, nire bizitzatik aldegiteko agindu nion. Ez nion hori esan behar. Neuk hil nuen, Antton, haurturik zegoen, ezin zitekeen ni gabe bizi, zuen bakarra, ama, amorante ni bait nintzen. Abandonatu egin nuen, bertan behera utzi gehien lagundu behar nionean. Nigatik, entzun, nigatik suizidatu zen.

        Badakit, Marian, hori esan dutela eta ni ere partean nintzela. Denak horrelaxe izan zela pentsatzera garamatza, zu zure kontzientziak, ni gau hartako egoera bereziak. Halako egun dohakabean ez zitzaidan ezer onik gertatu, egun aziagoa inondik ere. Baina heriotza horretan, lainotsu ikusten dut, orduko hordialdia berebizikoa izan zen eta, ez nintzen ezta lekuko izan ere. Errebolberra nirea zela esan dezakete eta horrek badu bere istoriotxoa, abokatuak kontatu didanez. Esaten dizut, halako egunetan ez zitzaidan ezer onik jazo, ekintza bat burutzera joan eta ihesi atera behar eta ez dakit nola ahaztu nuen harma Mikelen etxean, ez dakit Johnnyk kendu al zidan, ez dakit ezer, ez dut gogoratzen, mozkorraldiaren gailurrean bait nengoen. Etorri orduko hasi zen gurekin ibiltzen. Zure laguna zelako gogoz ametitu genuen. Erreparatu dut ez zintudala ezagutzen, zu horren burugogor eta berezia, zer egin behar zen udako zeruak bezain garbi. Eszentrikotzat hartu zaitut koadrila utzi eta iraultzan intelektual plantetako haiekin sartu zinenetik, guk gertaera hartako gibela egurtzen genuen bitartean. Zuk paradisua lurrean nahi eta guk edalontziaren hondoan. Zurea interesante izateko joera zela iruditu zitzaidan. Ezingo nizuke zergatik erantzun. Berandu, beti berandu iristen naiz garaiz heldu behar den tokietara, maiz alferrikakoa denean, orain bezala, zu bihozpera, samaritana zarela, Johnnyrenak konponbiderik ez duela konturatzean. Ondo konpontzen ginen honekin, hizkuntza harresi genuela, gazteleraz yankiek aparteko duten beren doinu horretan zenbait hitz ikasi zituen arren. Une batetan urrundu zitzaigun, desagertzeko zeharo ondoren. Where can I get heroin?, galdetu zion Mikeli, berau horretan sartuta ez zegoen sasoian. Hala edo hola lortuko zuen, ageri denez, zenbaitetan tabernaren batetan jotzen ikusten genuenez. Zertara ere dedikatzen zen ohartzean, egunerokoak ez didate zirrararik ematen eta ez nintzen gehiegi harritu, hau ez da zuk amestutako mundua, pena galanta hartu nuen, zuregatik batez ere. Ez nintzen hala ere zuri ezer esatera ausartu, zure sentimendua ez urratzearren. Egun tragikoan Mikelekin agertzen ikusi nuen.

        Konstituzio enparantzan egin nuen topo. Hiru aldiz deitu behar izan nion enteratzeko, hain ero moduan, hain urduri goizeko ordu haietan, nondik nora zebilen ez zekiela. Donostiatik zehar buelta batzu eman genituen, isilik, bi ezezagun bezala. Bapatean, trumoia bailitzan jo ninduan, bi gramo —I say, Will... will you get me two grams of heroin? eskatu zizkidan, sobera zintzilik eta beharturik dagoenaren ahotsez. Saldu nizkion, gehiago nahi izanez gero neure etxean, esan nion. Mikelek aitortu zuela komisario buruaren aurrean kontatu dit abogatuak.

        Ni neu zergatik baino nola agertu nintzen jakitea abenturagoa da, nirea menturazkoa izan bait zen, filme beltzetan jarraitzaileak atzetik dituzten horietakoen gisakoa. Etorri zireneko alkoholez, besteaz bete-beterik nengoen, munduko edo behinipein nire gorabehera desastrosoak ahazte aldean. Ez zen leku segurua. Ez dago leku segururik suerteak iparraizeak bezala aurretik astintzen bazaitu. Han sikira gustora nengoen. Lasai ez. Ez dut inoiz inor hain goibel ikusi. Geroa begietatik erortzen zitzaion. Diskoek eragindako giroa apurtu zuen, denborak tiroka gaztaroa puskatzen bezain tragikoa, arrastoetatik beste aroan sartu garela jabetzen garenean bezala. Musika hitz, malenkoniatsua jotzen hasi zitzaigun: aintzinako bluesak, balada erdiragarriak. Kitarra, gure arima, aurpegia bezain ilun, isil, bai isilik zegoela zirudien. Musikak berak, beste lekutik sortua eta tantoka gu, hangoak, estaltzen gintuela ematen zuen. Orduan hemen bukatuko nuela, zu lehiatilaren ostean ikusiko zintudala jo zidan zainak. Ez nintzen kezkatu hala ere.

        Hura errezitala, kitarra Johnnyren eskuetan bere baitako samin, oinazeen islada zen. Denok biziatu gintuen gogogabatu arte. Antton, gu bezala, doinu eta alkoholaren menpean pelikula bat kontatzeari ekin zion. Johnny etzanda zegoen orduan, momentuan momentutik eskapatu nahi duenaren antzu. Besteok arnasari libre uzten, gurea izango ez bailitzen, artega. Soldado amerikarrak Vietnamen, ulertu ezin zezaketen gerra, iguina, errebolberra bala batez, bakea batentzat, alabeharrak aukeratzen zuenarentzat, erruleta. Mundu guztia pentsakor geratu zen, mututurik, Anttonen ahotsa izan ez balitz hori aitortu zuen Mikelek abogatuak esan zidanez. Eta komisario buruak zer esan nuen galdetu zuelarik, Mikelek dioenez mehatxuka, hau idatzi omen ziola, dudatu gabe, zulatzen balute bezala:

 

                Bidean zehar lokatza,

                haizeak lainoak dakartza

                oso aspaldi genuen galdu

                edozein esperantza.

                Ez dugu ezertan nahi pentsa

                badugu nahiko zalantza,

                geure burua sartuko genuke

                suizidioaren dantzan.

 

                Ikusi dugu biria,

                lau hankako zerria;

                bihartik aurrera hartuko dugu

                sekulako jaia.

                Hau da gure nahia

                aukera alaia:

                Bihar irakur ezazue

                aurreneko orria.

 

                Beti gabiltza horrela,

                ardi galduak bezala,

                hori ezin daiteke eta

                pistolan dugu bala.

                Tiroa bota ahala

                hilgo gara berehala,

                kopeta ertzeko zuloa

                ez da izango makala.

 

        Badaiteke hori kantatzea, baina zoritxarrekoa gertatu zenean, nahiz eta hori esaten duten, ez nengoen. Mikelek berak daki ondo. Berak bakarrik.

        «Isilunea egin zen. Antton bistatik galdu genuen, Johnny ere bai, laster agertzeko. Eskuan errebolberra zekarren, STARRA. Halako gauean inork ez zion non lortu zuen galdetu, beti bere esku dardartietan egon balitz bezala. Eseri zen, ginen, bala bat sartu zuen harman, bueltak eman danborrari, kopetan jartzen amaitzeko, izerdi patsatan zegoen, geunden. Denbora trapu zikina, ezertarako balio ez duena zela pasatu zen nire burutik. Are you ready? oihukatu eta begirada distiranta batez barkamena, ziur naiz barkamena, gure onespena eskatzen zituela. Hau istant, mendea zirudien segundu batez. Gatiluari sakatu zion irribarre egiten zueneantxe. Izuturik, ikaraz beterik, batzu negarrez, harrapalada bizian korrika joan ginen». Ni ez nengoen, Marian, Mikelek daki, baina hau aitortzera ez da ausartu. Horrela konfesatu dit abogatuak.

        —Zer egin genezake, Antton?

        —Ezer ez, egunen batetan ateratzen banaiz hemendik, elkar ikusten badugu, zineman ikusitako pelikula txarra izan dela imajinatuko dugu eta dirua eta orduak itzultzeko esijitu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.