L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Perezarako eskubidea

 

Paul Lafargue

 

euskaratzailea:

Patxi Apalategi

 

        Klase produktorea kondenatzen den barauak behartzen du burgesia hark araugabeki fabrikatzen dituen produktuak gainezka kontsumitzera. Produkzio kapitalistaren hasieran, duela mende bat edo bi, burgesa jende ordenuzalea zen, ohitura moderatuetakoa eta baketsua. Bere emaztearekin konformatzen zen, eta egarriak zegoenean bestetan ez zuen edaten, ezta goseak zegoenean bestetan jan ere. Bizimodu lizun eta nabarmenaren birtuteak gorteko dama eta zaldunentzat uzten zituen. Gaur egun ez dago burgesik trufaz betetako kapoiez eta bordele-ardoz asetzen ez denik, oilakia gizentzen dutenak eta ardoa egiten dutenak desanparaturik ez uztearren; ezta aberats-berri etorkinik ere meretriz-tratuan sartzera beharturik sentitzen ez denik eta bere gorputza merkurializatu beharrean dagoela pentsatzen ez duenik, merkurio-mehategietan langileek beren gorputzei ezartzen dizkieten lan eta penamenak justifikatzearren bederen. Ofizio honetan organismua berehala ahitzen da; ileak bakandu egiten dira, hortzak kilikolatu, gorputza ajetu, sabela puztu, arnasa hartzea neketsu bihurtzen da, mugimendua baldartu, junturak gogortu, falangeak lotu. Beste batzuek, bizitza libertinoaren nekeak jasateko ahulegiak, baina filantropia azaluts ustelaren sentimenduaz hornituak, elukubraziotan atrofiatzen dituzte beren garunak, esate baterako ekonomia politikoko Garnier-tarrak eta filosofia juridikoko Acopas-tarrak, liburu lodi loeragileak, horrela enkoadernatzaileei eta tipografoei zeregina ematearren. Jende dotorearen munduko emakumeek, martiri-bizitza daramate. Modistak ahalegin guztiez josten ari diren soineka majikoak probatu eta balioztatzeko, gajoak hor ibiltzen dira bat erantzi eta bestea jantzi etengabeko zorabiozorian; beren buru hutsak, orduak joan eta orduak etorri, ile-apaintzaileen esku edukitzen dituzte, hauek orrazkera neketsu eta nekagarrirengatik eta ilaje postizoengatik duten grina ase dezaten. Beren kortse eta botinetan hertsaturik, eta granadero zakarrena lotsaz gorritzeko adinako eskotez jantzirik, gau osoak botatzen dituzte benefizentzia-baileetan jira eta buelta, behartsu gaisoentzat txanpon batzuk biltzearren. Emakume gajoak!

        Organismoa birrindurik uzten duen gehiegizko lanaren ondoren, erabateko atseden behartua: datorkie hiru edo sei hilabetez, eta... lanik gabe janik ez! Lanerako bizioa deabrukeria baten gisa langilearen bihotzean erroturik dagoenez, bizio horren grinak beste grina natural guztiak itotzen dituenez, eta, bestalde, gizarteak eskatzen duen lan-kopurua kontsumoak eta lehengaien existentziak erremediorik gabe mugatzen bait dute, zergatik irentsi sei hilabetetan urte guztirako lana? zergatik ez banatu egokiro hamabi hilabeteetan zehar, eta langilea urte guztian zehar eguneko bost edo sei ordutako lanarekin konformatzera behartu, sei hilabetez egunero hamabi ordutako lan-betekadak hartzen utzi ordez? Egunero tokatzen zaien lana seguro edukiz gero, langileek elkarrekiko, bekaizkeriarik ez dute izango, eta ez dute liskarrik eta burrukarik izango elkarri lana eta zer-jana harrapazka kentzen. Kondizio hauetan, moralki eta materialki birrindu ordez, nagitasunaren birtuteak praktikatzen hasiko lirateke.

        Proletarioek burutazio bitxia eduki dute, alegia, kapitalistei hamar ordutako fundizio edo birfindegi lana ezarri nahi; hauxe da errorerik handiena, gizarteko ezinikusien eta gerra zibilen iturria. Lana ezarri ez baino debekatu egin beharko da. Rothschildarrei eta Say-tarrei beren bizitza guztian zehar alfertzar hutsak izanaren frogak aurkeztea ametituko zaie, eta baldin eta, mundu guztiaren lanerako grina gorabehera, haiek benetako alfertzar gisa bizitzen segi nahi balute, bakoitza dagokion Udalean erroldatuko da eta beren plazereetarako egunero hogei-liberako bana emango zaie. Gizarte-tirabirak desagertu egingo dira. Kapitalistak eta errenta-jabeak izango dira alderdi popularrera bilduko diren lehenak, zeren eta kalte egin ez, baizik eta aitzitik, sortuz gero jasan behar izan dituzten gehiegizko kontsumoaren eta zarrastelkeriaren lanbide eta nekeetatik haiek libratzea nahi dela ikusiko bait dute. Burgesei berriz, beren alfertzartasun tituluak frogatzeko ez bait dira gauza, beren instintuei jarraitzen utziko zaie. Haientzat kolokazioak aurkitzeko adina zeregin badago. Dufaure-k, esate baterako, kumun publikoak garbituko lituzke; Gallifet-ek urdeak eta zaldi zuldardunak hilko lituzke; Poissy-ra bidalitako Grazien Batzordeko partaideek hiltegi publikoetan ganadua markatuko lukete, eta senadoreak hileta-zeremonietan ehorztailetarako baliagarri lirateke. Besteentzat, beren intelijentzien tamainan dagozkien lanbideak bilatu beharko lirateke. Lorgeril-ek eta Broglie-k, champagne botilak irekiko lituzkete, baina horditzerik izan ez zezaten, aurrez mutur-uhal barra jarriko litzaieke. Ferry-k Freycinet-ek eta Tirard-ek, ministerio eta beste zenbait ostatu publikotako tximutxak eta gainerako intsektuak harrapatu eta ezereztatuko lituzkete, baina —jakina— diru publikoak haien eskuek atzemateko bidetik at ipini ondoren, zenbait maina zaharretan trebatzen segi ez dezaten.

        Baina giza-natura gaiztotu eta kutsatu duten moralisten aurkako mendekua ikaragarri gogorra izango litzateke; azaluts, itxurati, hiprokrita eta «gizadia engainatzeko mozorroturik eta zurikeriatan ibili izan diren indibiduoen beste zenbait sektaren aurkako mendekua benetan izugarria litzateke. Kontenplazio eta debozioetan murgildurik, barau eta sakrifizio eta haragiaren penitentzietan ahalegintzeko bakarrik bizi direla eta zertxobait jaten badute bere giza-gorputz ahulari iraunerazteko bakarrik dela herriari sinesteraziz dabiltzan indibiduo horiek zer-nolako bizimodua daramaten, nork jakin! Et Curios simulant sed Bacchanalia vivunt (s). Beren itxura eta zilborrondo lodi bikainetan letra handiz idatzirik zeuek irakur dezakezue».

        Kolektibisten herri-jai handietako egunetan, burgesiaren Abuztuaren 15-etan eta Uztailaren 14-etan bezala, hautsa irentsi ordez, herria okela-erre ugariz eta, ardo bikainez aseko denean, Zientzia Moral eta Politikoen Akademiako partaideek, frac-ez edo sotanaz jantzitako eliza ekonomiko, katoliko, protestante, judutar, positibista eta librepentsatzailekoek, malthusianismoaren eta moral kristau, altruista independiente edo menpekoaren propagandazaleek, horiz jantzirik, behatzak erre arteraino eutsi beharko diete beren kandelei eta, okelaz, fruituz eta lorez betetako mahaien ondoan gosez akatzen egon beharko dute, eta ardo-upel handiren oinean egarriz hilko dira. Abokatuek eta legegileek penamen bera nozituko dute.

        Gure nagitasun errejimenean, momentuz momentu gu hiltzen doan denbora hiltzeko, molde guztietako ikuskizunak eta antzerki emanaldiak izango dira. Gure legegileentzat aukerako lanbidea da hau, beraz hauek, taldeka banaturik, herriz herri ibiliko dira jairik-jai, legislazio-antzerki saioak emanez. Generalak, beren zaldun-botaz jantzirik, bularrak kordoiez eta ezkarapelez josirik, eta idurikatu daitezkeen animali guztien ordenez estalirik, kalez kale eta plazarik plaza ibiliko dira ikuskizunerako jendea biltzen. Gambettak eta bere konpailagun Cassagnac-ek egingo dute sarrerako numerua. Cassagnac-ek, kazkarro-trajez jantzirik, begiak jirabiraka, bibotea bihurrituz, ahotik iztupa sutan dariola, bere aitaren pistolaz mundu guztia mehatxatuko du, eta Lullier-en erretratua erakutsiko zaion orduko zulo batetan barrura desagertuko da. Gambettak atzerri-politikaz ihardungo du, Turkiari ziria sartzeagatik Europa guztia sutan jarriko lukeen bere dotrinari Grezia txikiaz; Europako Ekialdean bere azpilana egitearren eta bere herrialde-barruan nihilismoa itotzearren Europako Mendebaldearekin iskanbila bila dabilen Errusia handiaz, Bismark-ez zeren haren onberatasunak laga bait dio amnistiaz bere eritzia azaltzen,... eta gero, hiru kolorez pintaturiko bere tripandia biluzirik, deia joko du, eta nekazaritza zuzpertzeko eta Belleville-ko hautesleak kontentatzeko irentsi behar izan dituen animalitxo delizios, baserriko hegazti, trufa, Margaux-trago eta Yquem-botilen zerrenda emango du.

        Barrakan, hauteskunde-farsarekin ekingo zaio.

        Zerrautsezko buru eta asta-belarridun hautesleen aurrean, hautagai-burgesek, pailasoz jantzirik eta promesaz betetako hautes-programaz estalirik, libertate publikoen dantza dantzatuko dute eta, begiak malkotan, populuaren mixeriez hitzegingo dute, eta ahots ozenez, aberriaren mixeriez hitzegingo dute. Eta zerrautsezko burudun hautesleek guztiek koruan arrantza egingo dute altu eta berdin: ih! oh! ih! oh!

        Baldin eta bere bihotzetik erauziko balu bera menderaturik daukan eta bere natura zitaltzen dion bizioa, eta langileria bere indar ikaragarri guztiarekin altxatuko balitz, baina ez hain zuzen «giza eskubideak» erreklamatzeko, hauek explotazio kapitalistaren eskubideak besterik ez bait dira, ezta «lanerako eskubidea» erreklamatzeko ere eskierki, hau miserian bizitzeko eskubidea besterik ez bait da; baizik eta eguneko hiru ordu baino gehiago lan egitea gizon orori debekatuko dion lege tinko bat finkatzeko, orduan lurrak, lur zahar honek, alaitasunezko zirraraz beterik, bere erraietan mundu berri baten eragina sentituko luke... Baina, moral kapitalistak usteldurik daukan proletargo honi nola eska liezaioke gizabeteko erabaki sendo bat?...

        Kristoren antzera, aintzinako esklabutzaren pertsonifikazio oinazetsu haren antzera, duela mende bat proletargoa herrestan doa oinazezko Kalbario gogorrean gora. Duela mende bat, beharturiko lana bere hezurrak hausten ari zaio, bere haragia torturatzen, bere nerbioak lotzen ari zaio; duela mende bat, gosez zarratatzen zaizkio barrunbeak eta bere garuna liluratzen zaio... Oh Nagitasuna! Zu bederen urrikal zaitez gure mixeriaz! Oh Nagitasuna! Artearen eta birtute nobleen ama hori, gizonaren bihotzesturarentzat baltsamoa zu izan zaitez!

        Zibilizazio kapitalista nagusi den herrialdeetako langile klaseak grina harrigarri bitxi batek hartu ditu menpean; azken bi mende hauetan Gizateria triste hau torturatzen duten miseria indibidual eta sozialak gizarte modernoan sorrerazi dituen grina hauxe da hain zuzen. Grina hori lanarenganako maitasuna da, lanerako amorru zoro hori, indibiduoaren eta bere leinuaren bizi-indarren akiduraraino eramana. Burugabekeria ere horren kontra erreakzionatu ordez, apaizek, ekonomistek eta moralistek santubedeinkatu egin dute lana. Zenbait gizaseme itsu eta intelijentziaz mugatuk bere Jainkoa baino jakitunago izan nahi izan du. Gizaki ahul eta arbuiagarri hauek, beren Jainkoak madarikatu duena goraipatu egin nahi izan dute. Ez kristau, ez ekonomista ezta moralista ere ez naizela baiki aitortzen dudan honek, hauen burubidearen kontra beraien Jainkoaren zuhurtasunera apelatzen dut, hauen moral erlijioso, ekonomista nahiz librepentsatzailearen aginduen aurrez aurre, gizarte kapitalistan lanak dituen ondorio izugarrietara jotzen dut.

        Gizarte kapitalistan endakatze intelektual ororen eragile, deformazio organiko ororen eragile, lana da. Konpara itzazue bestela Rotschild-en zalditegietan ehundaka hankabikok zerbitzatzen dituzten moxal purasangreak, lurra landu, simaurra garraiatu edo uzta etxera eraman behar izaten duten zamari normandiar baldar eta trauskilekin. Begira bestela merkatal-misiolariek eta erlijio-merkatariek beren dotrina, sifilis eta lan-dogmarekin oraindik usteldu ez duten salbaia noblea, eta konpara ezazue gure makina-morroi mixerableekin. (a).

        Gure Europa zibilizatu honetan, gizonaren jatorrizko edertasunaren aztarrenen bat aurkitu nahi denean, aurreritzi ekonomikoek oraindik ere lanaren zioetara joan beharra dago. Espainia, Ai! bera ere endakatzen ari da baina, oraindik ere harro ager daiteke, guk presoak eta koartelak baino fabrika gutxiago dutelako; baina artistak gozatu egiten du andaluz oldarkoiari begira, gaztaina bezain gorriluna, altzairuzko enbor baten gisa zuzen eta malgua; eta eskaleak zuloz jositako bere capa-n harro-barro bildurik. Osunako dukeari amigo deitzen diola entzutean, gure bihotzaren taupada ozendatu egiten da. Espainolarentzat, beregan jatorrizko animalia oraindik ere atrofiatu gabe bait dago, morrontza guztietan okerrena laganako gorrotoa deserrotu ez duten nanarena da. Aro bikaineneko greziarrek ere lanarenganako ez zuten arbuioa besterik: esklabuek bakarrik zuten zilegi lan egitea; gizon libreek gorputz-ariketak eta adimenaren jolasak besterik ez zuten ezagutzen. Garai hura izan zen Aristotelena, Fidiasena, Aristofanena, gizaseme-ausart sail batek Maratonen (gero Alejandrok berehalaxe menderatu zuen) Asiatiko hordak suntsitu zitueneko garaiak.

        Aintzinako filosofoek, lanarenganako, gizon librearen degradazio honenganako, arbuioa irakasten zuten; poetek imnoak kantatzen zizkioten nagitasunari, jainkoen dohain honi.

 

                Meliboe ...

                ... ... ...

                ... ... ...

 

        Kristok Mendiko Sermoian pereza predikatu zuen: «Begira nola hazten diren zelaietako liliak; ez dute lanik egiten, ez dute iruten, baina halere, esaten dizuet nik, Salomon bere gloriarik handienean ez zela oparoago jantzi izan».

        Oh burgesiaren hastapen iraultzaileen hilor mixerableak! Oh jainko —eidol Progresoaren opari goibelak. Lanik egin gabe aberastearren probreei lana ematen dietenei Gizadiaren ongile deitze diete filantropoek. Nekazari-herrialde batetan fabrika bat eraiki baino, hobe lukete izurria erein eta urak pozoindu. Fabrika-lana sar ezazue eta bizitza alaia, osasuna eta askatasuna kitto: hondatu da betirako bizitza eder eta bizitzek duin bihurtzen duen oro.

        Eta ekonomistak hor ari dira etengabeko leloan langileei esaten: «Egin lana, egin lana, gizartearen aberastasun ugaltzeko». Baina ekonomista bat da halere erantzuten diena:

        «Nazio probreetan harria lasai bizi da. Nazio aberatsetan berriz, gehienetan estu eta larri».

        Brasilgo tribu gerlarietako indioek, beren arteko agureak eta gaisoak hil egiten dituzte; horrela aitortzen eta frogatzen diete beren maitasun eta begirunea, iadanik guduetan, jaietan eta dantzan pozik eta plazererik hartzeko aukerarik izango ez duen bizitzari azken fineko errematea emanez. Aintzinako herri guztiek eman ohi izan dizkiete beretarrei honelako maitasun frogak: Kaspio itsasaldeko Masagetarrek (Herodoto), Alemaniako Wens herrikoek, eta Galiako keltarrek ere bai. Sueziako elizetan, gurasoak zahartzaroko atsekabe eta mixerietatik libratzeko erabili ohi zituzten borrak, famili-borrak zeritzatenak, duela gutxi arte gorde izan dituzte. Zenbateraino endakatu diren proletario modernoak, fabrika-lanaren mixeria izugarriak horrelako pazientziaz onartzeko!

        Egin ezazue, bai, egin lana, proletariook, gizartearen ondasunak eta zeuen mixeriak ugaltzeko; egin, egin lana, horrela zeuen buruak gero eta behartsuago bilakatuz, lana egiteko eta mixerable izateko gero eta arrazoi gehiago izan dezazuen. Horixe da produkzio kapitalistaren lege kupidagabea.

        Proletarioak, ekonomisten ele-jario ustelei jaramon eginez, gorputz eta arima, lanaren bizioan murgildu dira, gero gizarte-organismoa lardaskatzen duten gehiegizko produkzio industrialaren krisi horietan amiltzera gizarte osoa bultzatuz. Orduan, merkantziak gainezka eta erostunak eskasian, fabrikak itxi egin behar izaten dira, eta langile-auzo eta familiak gosete gorriak zihoztatzen ditu bere mila uhalezko zigorraz.

        Mixeria indibidual eta sozial hauek guztiak handiak eta elemenia izan arren eta beti-betirakoak diruditen arren, desagertu egingo dira, ienak eta txakalak lehoia hurbiltzean desagertzen diren bezalaxe, proletargoak esango duenean: nik hauxe nahi dut. Baina bere indarraren kontzientzia izatea lortu ahal izateko, proletargoak moral kristiano, ekonomiko eta librepentsadorearen aurre-eritziak hankapean zanpatu behar ditu; bere instintu naturaletara itzuli behar du; nagitasunerako bere eskubideak aldarrikatu behar ditu, iraultza burgeseko abokatu metafisikari haiek asmaturiko giza-eskubide tixiko horiek baino mila eta mila bider nobleagoak, jatorragoak, sakratuagoak bait dira. Ahalegin guztiz setatsuki saia dadila eguneko hiru ordu baino behiago lanik ez egiten, egunaren gainerakoa eta gau osoa atseden eta atsegin hartzen opor eginez.

        Orain arte nire eginkizuna erraza izan da; tamalez guztiok oso ondo ezagutzen ditugun gaitz bizi-bizi horiek deskribatu besterik ez dut egin behar izan. Baina proletarioa konbentzitzea, muinetaraino sartu dioten moral hori gaiztoa eta makurra dela konbentzitzea; mende hasieraz gero lotu zaion lan hori, frenurik, mugarik, neurririk eta helbururik gabeko lan hori, Gizadiak sekulan jasan duen zigorrik izugarriena dela konbentzitzea; eta baina lana zuhurtasunez eratu eta gehienez ere eguneko hiru ordutara mugatuko denean nagitasuneko plazereen bixigarri bihurtuko dela, giza-gorputzarentzako iharduketa mesedegarri bilakatuko dela eta gizarte-erakundearentzat grina onuragarria izango dela konbentzitzea, nire indarrez eta ahalmenez gaindiko eginkizun itzela da. Fisiologo, higienista eta ekonomista komunistak bakarrik izango lirateke lanbide hori burutzeko trebe. Ondorengo orrietan, gaur egungo produkzio-medioak eta hauen erreprodukzio-ahalmen mugagabea kontutan hartuz, langileek lanerako duten grina zoroa zentzatu beharra dagoela eta produzitzen dituzten merkantziak kontsumitzera beraiek behartu beharra dagoela frogatzera mugatuko naiz.

 

        Gehiegizko produkzioaren ondorioak

        Ciceroren garaiko poeta greziar batek —Antiparos-ek— ondorengo termino hauetan kantatzen zuen ur-errotaren asmaketa (garia eihotzeko) zeinak askatu bait zituen emakume esklabuak eta erakarri bait zuen urrezko aroa:

        «Lasa ezazue harria jirarazten duen besoa, ho emakume errotariok, eta lo egin ezazue trankil-trankil! Alferrik emango du oilarrak egunsentiaren berri! Esklabu emeen lana ninfei ezarri die Danaek, eta hor dituzue alai-asko saltoka aserin gainean; eta horra hor haga astindua bere argizpiekin jiraka igararri astunari eraginez. Gure arbasoen bizitzatik bizi gaitezen, eta nagitasunean goza ditzagun pozik, jainkosak ematen dizkigun dohainak».

        Baina, Ai!, gure poeta paganoak iragarri zituen erosotasunak oraindik ez dira heldu. Lanerako grina itsu, zital, gaizto eta gizahiltzaile horrek, makina askatzailea gizon libreentzat esklabutzabide bihurtu du: haren produkzio-indarrak gero eta behartsuago bilakarazten ditu.

        Langile on batek bere ardatzarekin, minutuko bost pondu baino gehiago ez du egiten; zenbait makinak denbora berean hogeitamar mila egiten ditu. Makinaren minutu bakoitzak beraz, langilearen ehun ordutako lanak adina balio du, edo halaber: makinaren minutu bakoitzeko lanak, langileari hamar egunetako oporra eta atsedena hartzeko bidea ematen dio. Ehungintzako industriarako egia dena, gutxi gora behera berdin da makina modernoak berritu dituen industria guztietarako. Baina zer da, ordea, ikusten duguna? Makinak hobetzen doazen eran eta gizonaren lana gero eta azkarrago eta doiago ordezkatzen duten neurrian, langileak bere atsedena era berean gehitu beharrean, bere ahaleginak bikoiztu egin behar ditu, makinarekin lehian ekin nahi balio bezala. Oh konkurrentzia zoro gizahiltzailea!

        Gizonaren eta makinaren arteko konkurrentzia honi bidea libre uzteko, aintzinako korporazioetako artisauen lana mugatzen zuten lege zuhurrak proletarioek abolitu egin dituzte, eta jai egunak kendu. Baina garai hartako langileak, astearen zazpi egunetatik bost egunez lan egiten zutelako, aire freskoa eta ur freskoa bakarrik hartuz bizi zirela sinetsi behar al dugu, zenbait ekonomista gezurterok dioen bezala? Ez horratio! Lur honetako atseginak dastatzeko, maitasuna egiteko eta dibertitzeko eskuera osoa zuten, eta Atseden jainko handiaren ohoretan bankete alai-askoak ospatzeko aukera ere bai. Gaur egun protestantismoaren azaluskeria itxuratiz jantzirik dugun Inglaterra serios hori garai hartan «Inglaterra alaia» zeritzan (Merry England). Ravelais, Quevedo, Cervantes eta nobela pikareskaren egile ezezagunek ahosapaia izarrez ezatzen digute, bi gudualdi eta bi triskantzaren artean, eta biharamonerako ezer gorde gabe, beren buruei opa ohi zizkieten egundoko tripazagi-festa haiek kontatzean. Jordaens eta pintura-eskola flamandarrak oso ederki jasorik ekarri digute haietako giroa beren obra bitxietan. Urdail gargantuakide sublimeak, zer zarete orain!? Giza-pentsamendu osoa berengan zuten adimen sublimeak, noraino erori zarete zuen galbidean!? Zenbateraino endakatu eta ahuldu garen! Behi gaitzepeldunak, oliozopak, ardo bataiatuak eta alkoholak, beharraren-beharreko lanarekin aztiki nahasturik, gure gorputzak ahuldu eta gure adimenak ilundu egin dizkigute.

        Eta eskierki gizonak bere urdaila hertsi eta makinak bere produkzio-indarra handitu duenean, orduantxe datozkigu ekonomistak teoria malthusianoa predikatzera, baraukeriaren erlijioa eta lanaren dogma! Aukera hoberena, hauei mihia brauts erauzi eta zakurrei botatzea.

        Langileriak bere xalokerian eta sinesberakerian, bere burua nahasten utzi eta bere berezko oldar naturalaz lanari eta barauari ekin dionez gero, klase kapitalista nahitaezko nagikeria eta gozamendutara beharturik gertatu da. inproduktibitatera eta gehiegizko kontsumora. Baina proletargoaren gehiegizko lanak bere gorputza deuseztatu eta bere nerbioak lotzen baditu, gehiegizko kontsumoak ez dio sofrikario gutxiago jasanerazten burgesari.

 

        (*) Ikus daitekeenez hemen azaltzen direnak, «Perezarako Eskubidea» liburuaren zati batzuk besterik ez dira.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.