L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<porr0300>— Porrot-3 / Haur gozo horiek (1987-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Editoriala

 

        Gogorra, benetan, gerrako legea. Giza-bizitzak kasu horretan ez du xemeikorik balio. Herriak sakeatzen dira, neska zein emakumeak bortxatu eta mutiko eta gizonezkoak hil. Horixe izan ohi da agindua. Etsaiaren lurrean ezer hazi ez dadin, arrastorik ttipiena ere ezabatua geratzeko. Lojika horrexegatik etsaiaren landa-zelaietan garai batetan gatza erein ohi zen, belarrik ttipiena agertu ez zedin lur azalean.

        Txarra da gerra, orain ezaguna dena. Indioak ziren horretan humanitarioenak, hitz honek zentzurik badu behintzat. Izan ere hauek beraien guda eta borroketetan ez zituzten etsaiaren haurrak hiltzen. Sekuestratu egiten zituzten eta ondoren beraiek hiltzen zuten moduan hiltzen irakasten zieten.

        Askotan aipatzen da haurrek besteek baino gehiago sufritzen dutela edozein egoeratan, errugabeak direla beti eta helduen huts eta akatsengatik beraiek kaltetuak ateratzen direla. Babestu behar direla helduak edo nagusiak izatera iritsi arte behinipein.

        Baliteke arrazoiz betea izatea proposamen edo uste hau, baina zer gertatuko litzateke mundu honetan haurrak nagusi izango balira, boterea beraien esku xumeetan balego, armak eta guztiren jabe izango balira.

        Beldurra sartzen zaigu bizkar hezurretatik zehar, izu ezezagun bat baina sentikorra jabetzen da gugan. Haurrak nagusi izango balira, gure esterminioa aginduko lukete. Hauxe bait da giza-semearen lojika: iraun dezala gure modukoa denak, gainontzekoa sobran bait dago.

        Dena den adibide hori ukronia edo utopia horietako fantasian erortzen da, behin ere horrelakorik gertatu ez bait da. Ala gertatu da noizpait? Argi ibili badaezpadaere.

        Haurrak munduan egoteak bestalde gizon-emakumeen porrota adierazten du. Naturalezaren aurrean galdu egin dutela uzten du argi eta garbi. Derrotaren seinale dira.

        Oso ondo zekiten hori XIX mende bukaeran Bartzelonan batez ere propoganda egin zuten anarkista batzuk. Beraien eritzian haurrak eskoletatik ateratzen zirenean hil behar zituzketen, Naturalezarekin berdinak izateko haurrik ez zen egon behar, horiexek akumulatzen bait zituzten beraien ttipitasunean gizateriaren akats eta oker guztiak. Haurrak munduan egotea konformismo seinale da. Onartzen dugula gure derrota eta porrota. Baina, tira, zer ajola du garai hauetan beste bat gehiagok.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.