L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-3 / Haur gozo horiek (1987-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Bihotzgabeko tirano horiek

 

Koldo Etxabe

 

        Egon badago haurtzaroa nabarmendu eta bereiztu ohi duen zera penagarri baina ukaezinezko bat: ergelkeria. Gehiegikeriz edo-ta gutxiegitasunez, baina haurrek ez dakite zer nahi duten, umetxoak dira aingerutxo horiek, hots, ez dute ezaguerarik. Ergelkeria ez da xalotasun edo inozentziarekin nahastu behar ordea, pertsona heldu askok egin ohi duen legez; izan ere, iadanik jaiotzatik bide okerrera jotzen duten haur bakan batzu badaudela onartzen da, baina gehienak ordea, natura orekatsuak oker bidera egotzi ohi ez dituenak (kromosoma gora, kromosoma behera: honetan datza beti ezberdintasuna), errez gainditzen dute bere froga, adin saindu hori lerdea dariola goraipatzen duten helduak txuliatu eta bentzutuz.

        Gure mendebaldeko kulturak bere haur grina azaldu nahi izan digun bakoitzean, lorategi edeniko edo itxas paraje bukolikoenetan kokatu ditu beti umeen istorioak. Ballantyne idazle ingelesaren «La isla del coral» liburua litzateke horren adierazpenik lerdoena; izan ere Daniel Defoe-ren amets ergel robinsonianoaren mukurua besterik ez bait da aipatu nobelari darion «mezua», altxor, basagizon zintzo, haur azkar eta heziera onekoekin gure subkonzientea koipatzeko eginahalik kirtenena.

        Norbaitek imajinatzen badu unetxo batez besterik ez bada ere, haurtalde batek harmoniatsuki eta bakean irautea posible izanen lukela Defoe-ren liburuan azaltzen den bezalako egoera larri batetan, William Golding-en «El señor de las moscas» irakur dezala, bere eritzi inozo hori erabat nola aldatzen den ikusteko. Berehala jabetuko da robinson zintzoak, aingerutxo basati horiek, laisterrean degeneratu eta gorroto, biolentzia, krudelkeri, norberekeri, ondamu, ager-mina eta barbarerizko sentimendu nahiz ekintza ankerrenak beraiengan nola gauzatzen direnetaz, koral eta altxorren arteko jolas polit hura, errukigabeko borroka batean bihurtuz. Supitoki aienatzen dira hezkuntza eta giza baloretzat hartzen diren printzipio erretorikoak, eta benetazko hondakari basatiaren aurpegia ematen digu gizakiak (haurrak gizaki legez kontsidera badaitezke). Horrez gero zer geratzen zaigu positiborik amets-istorio horietatik? Ingurugiro baretsua, naturak desinteresatuki eman ohi dituen fruitak eta paisaia idilikoa soil-soilik.

        Gogoko dute haurrek borreroarena egitea, injustizia zer den ongiasko dakite eta premeditazioz jaukitzen dute beraien inozentziari buruzko mito burugabeaz baliatuz. Inori ez zaio laket irain edo zigor dezaten, berataz trufa daitezen; hau da, inork ez du nahi bere burua biktimatzat har dadin.

        Dena delarik gauzak behar lekuan kokatzen dituenetarikoak ere existitzen dira helduen artean eta... «haurrak oro herri arrotz bat legez ikusi ohi dituzte; sarritan leinu etsai bat bezala ere bai, krudela eta gupidakaitza, basati eta kanibalak ere, eta gizadiaren arerio moduan ez bada, bai bederen desleial eta inutilak, horrelako oralde eta gizabidetasun zipitzik gabeko andanekin bakarrik harremanak dituena luzarora bere inteligentziaz gabetu eta tontaraziz.» Peter Handke-ren «Historia de niños liburuko protagonistaren hitzak ditugu bere urtume propioa ere estima horretan paratzen duen protagonista zentzuduna.

        Bere seme-alabatxoak soportatzen eta konbentzitu nahiz bide zintzotik bideratzen baliabideak oro agortu dituzten gurasoentzat doaz azken lerro hauek. Laburra bada ere, inkursio pedagogikotzat har ezazue arestian aipatu liburuan aita batek bere semeari aurpegiratzen dion oinarrizko irain-taula:

        Hire gurasoen lotsa! Morroi mutur hori! Idiota, geldoa! Irritsaren esklabu anarkikoa! Eskergaiztoaren eredu! Heure buruaren urrezko zekorra! Begirunerik ezaren gatzezko estatua itzela! Ene suminduraren erdigunea! Berekoitasunaren monumentoa! Tirano bihozkabea! Alferkeriaren miraria! Zabarkeriaren tenplua! Hoben guztien egoitza! Zalantzaren eredu! Errugabe aurpegidun torturatzailea! Handitasunaren oztopoa! Nire ondokorik handiena eta nire etsairik gaiztoena! Nire ameskaizto ororen kausa! Nire bularreko zauri sendaezina! Erosokeriaren, gupidarako gaitasunik ezaren, arinkeriaren eta huskeriaren eredu! Hik eta nik bukatu diagu! Hitaz ez diat berriro ezer jakin nahi! Etxe honetan hire izenik ez duk inoiz gehiago ahozkatuko! Ospa hemendik!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.