L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kaka zaharra!

 

Joxerra Gartzia

 

        Agintzeko era asko dago (o, o!, Mendibil-Xeberriren harako haren arauera), eta hala agindu zidaten egin nezala artikuluren bat, zerbaiten kontra, azken Porrotarako. Berdin ziola zeren, zeren zerbaiten kontra izanez gero berdin bait zion zeren.

        Eta nik, lelo erremediobako honek, baietz, egingo nuela agindu. Ez da, ez, txantxa, Euskadiko martxa! Ez eta artikulu xixtrin honek sortu didan saltsa ere.

        Otsoen kontra, lukurreriaren kontra... idatz nezakeela otu zitzaidan lehen kolpean. Aresti aipatzea beti ere badela zerbait, eta horrela. Polita zatekeen. Gainera, metafora exkaxia urarena bezain larria omen den honetan, mesede ederrik egingo niokeen, bidenabar, Euskal Literatura maiuskulari. Badakizue: otsoak botere faktikoen metafora bihurtu, eta abar...

        Egin ere egin nuen artikulu hori. Baina 38ko apretak 42ko oinetan bezala geratzen ote zen errezeloa hartzen nion idatzi hari.

        Hala, bada, egindakoa desegiteari ekin nion, zeina den desegindakoa berregitea baino askozaz ere errezago. Handik laster, esku hutsik agitzen nintzen, ordea, berriro.

        Hala nengoela jaso nuen agintzaileen bigarren deia. Ezetz, ez neukala ahaztuta, ia egina nuela, eta gisako egierdiz ihardetsi nien. Sinistu ez zuen noski sinistuko, baina isildu bai, eta gaitzerdi. Halaxe atera nintzen, beraz, ataka gaizto hartatik.

        Ondorengo egunak ilun samarrak izan nituen. Lanez gainezka, batetik, eta bestetik zeri kontra egin asmatu ezinka. Eta hara non egun haietako prentsak euskararen egoeraren diagnosi ofiziala argitara ematen duten. Jakina, inoizko sasoirik onenean dago euskara: ehuneko ez dakit zenbatek ba omen daki, jakin, eta erabili ere gero eta gehiagok. Gizarte mailan ere gero eta ospe eta itzal handiagoa omen. (OSPE eta ITZAL OSPEL ETA GERIZAtik zetozkeela bururatu zitzaidan depresio une batez, baina kia!)

        Bien bitartean, Donostiako D ereduko (Deskafeinatutik ote dator D hori?) haurtxoak euskararekin kaukasierak duen adinako ahaidetasuna duen hizkuntzaz mintzo somatzen ditut nik kalean, euskararen kontrako eritziak gero eta lotsagabeago azaltzen zaizkigu nonnahi; Bilboko Euskadi irratian euskara debekaturik dagoela dirudi; eta ETB-DOSek etengabeko hazkundea bizi eta pairatzen du. (Bizi, berak... pairatu, guk); trikitrixetako errepika jatorra ALA MORENA, ALA MORENO bihurturik Guzti horren aurrean ez da harritzekoa izango, eta optimismoaren kontra idazteari ekin nion, amorru biziz (amorruz bizitzea baino onuragarriago delakoan.)

        Baina horrek ere ez ninduen asebetetzen. Mitin usain nabarmenegia zeriola iruditzen, nonbait. Garai batean saskibaloirako izan nuen abildadea ez dudala guztiz galdu, gure etxeko zakarrontzia da lekuko. Hantxe dautza, nik eskuin kakoz bidalirik optimismoaren kontrako ene amorru zimurtuak.

        Honez gero susmatuko zenutenez, nire saskiratzearen puntuak markagailura igo baino ere lehenago, telefonoaren hotsak dardarez jarri ninduen. Agintzaileen deia izango zen, dudarik gabe.

        Baita izan ere. Baietz eta baietz, makinaz pasatzea besterik ez nuela falta, eta hori aste buruan egingo nuela, sin falta.

        Artean, Europarako hauteskundeen kanpaina hasia zen ofizialki (bestela inoiz amaitzen al da, ba, kanpainiarik?). Horra hor, egin nuen nirekiko, artikulu-hari polit bat. Ironia eta beste hainbat baliapide literarioren erakutsia antolatzeko. Horretzaz esan ez denik asmatzen gaitz izan, ordea, eta hari mutur hari jareinik oso osorik utzi nuen hauteskundeen balizko mataza.

        Eta konturatzen naiz, ez dudala astirik izango, deus ere idazteko. Ameskaiztoak ere hasi zaizkit gauez erasoka, zeinetan agintzaileak agertzen zaizkidan behin eta berriz, eskuak eskaleen modura aurrerantz luzaturik, artikulu eske. Zer edo zer asmatu beharra daukat, erotuko ez banaiz.

        Izan ere, ez baita presa zoro hau baino deus gogaitgarriagorik munduan. Eta zergatik bizi gara presaka? Hala bizi izatera behartzen gaituztelako, gu hala bizi izatetik probetxua ateratzen dutenek. Hori datorkit burura, ameskaiztotik esnatu, eta laguna ez asaldatzearren argia piztera ausartzen ez naizelarik, gau luze, izargabeetan.

        Egia da, aldian behin entretenigarri politik asmatzen digutela, presaka bizi gaitezen agintzen digutenek. Urrutira joanda, zer besterik da Ben Johnson gizarajoarekin egin digutena? Gure bizimodu zoroaren metafora beltza iruditzen zait Ben Johnson. Baina denok gara Ben Johnson. Denok behartu nahi gaituzte bizitzaren ehun metroak gero eta denbora laburragoan korritzera. Azkenik, eta logikak ezertarako balio badu behintzat, eta jendea estadioetara joango bada, irten ere baino lehenago iritsi beharko da helmugara, bidean arnasa hartu dugun ere jakin gabe. Markak hausi eta markak hausi, Iñaki Perurenaren antzera. Hori da, hori, marka. Sisifok zigor handia zuela? Bada, hark ehintzat beti harri bera karriatu behar zuen maldan gora (MALDAN BEHERA berez zetorkion). Gaurko Sisifok, berriz, gero eta harri pisuagoak ditu jaso beharra, inork jaramonik egingo badio. Eta guk ere halamoduz.

        Ibilgailu azkarrak asmatu ditugu (barka: dituzte), baina lehengo eginbeharrak patxaraz egiteko erabili beharrean, zeregin gehiagotara iristeko erabiltzen ditugu, ondorioz lehen baino estu eta larriago bizi garelarik. Kazetariek ere, gertatu aurrez eman nahi izaten dituzte berriak. Berriak, berriz, gertatu orduko zahar. Tokitan gelditu zaigu gertakariei itxarotearen xarma. Posmoderno izan nahi dugu, modernotasuna ezagutu eta bizi aurrez.

        Guzti horiek zetozkidan burura, ameskaiztoek utzitako tarte ilunetan. Eskerrak, udako oporrak iritsi, eta urrutira hanka egiteko aukera izan nuen orduantxe. Hori baino garrantzitsuagoa: agintzaileak ere oporretara joan bide zirela. K.O. gelditzear dagoen bozeolariak gonga nola, halatsu hartu nuen nik oporretarako adar-deia.

        Oporren ostean, eskatzaileen arrastorik ez, baina Imanolen mogida. Alde batekoak eta bestekoak berdin jokatzen ikusten ditut: parekoari ezein gizatasun arrastorik ukatu, eta "horiekin dena libre" lemaraua nagusi. Sorgin ehize zaharberritua. Sorgin ordez, "terrorista" ehizatu nahi batzuk, "traidorea" besteek. Bi blokeen arteko leizea gero eta sakonago, eta leizean behera inolako euskarririk gabe amiltzen, etorkizuna bermatzeko barrikadak desmontatu behar direla uste dugunok.

        Norbaitek esango du, lorontzitik at kaka egiten ari naizela. Baina beste batzuk kaka esplikatzeko eskubide baldin badute nik ere ba dut neurea, nahi dudana nahi dudan tokian egiteko. Ustez, behintzat. Bertoldt Brechten K jaunak ere halaxe erantzun zion, langabetu bat epaitzen ari zen juezari. Langabetu horrek: "ni langabezian nago" besterik ez omen zuen esaten epaiketan, juezak zernahi galdetzen ziolarik ere. Juezak zorotzat hartu zuen epaitua. Eta K jaunak honela ihardetsi zion juezari: "zoroa ez duzu hori, zu eta ni baino sanoago baizik. Esan nahi duena zera da, langabezian dagoela, eta egoera horretan beste gainontzekoak bost axola diola".

        Nik ere ez nion akaso agintzaileen eskaerari behar bezala ekingo, baina buruan etengabe jiraka ari zaizkidan obsesio gaiztoak paperera ekartzen saiatu naiz. Beste guztiak bost axola. Desordenatua eta kaotiko samarra atera zaidala artikulua? Baliteke, baina nik ere uste dut, Arestirekin berriro:

 

                "Heuskal Herrian

                situatione chaotico bat dago

                chaos handiago batequin suntsitu behar duguna".

 

        Ez dakit argudio guzti hauek aski izango ote diren agintzaileak baretzeko. Baina agindutako artikuluaren bila letozkidanean hauxe esango diet nik, lasai arraio: ni ere presaka bizi naizela, munduan beste asko bezala, eta ez dudala ezer taxuzkorik moldatzeko astirik izan. Kaka zaharra!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.