L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Herri bigarren milenioaren bukaerako eliza

 

Luis Daniel Ispizua

 

        Herria eta eliza ez dira inoiz gauza oso ezberdinak izan, eliza betidanik Jainkoaren herria izan denez gero eta Jahve zaharrak Abraham aitonari herri bat agindu zionez geroztik. Ez gabiltza, beraz, okerretarik Herriaren jatorri erlijiosoa aipatzen dugunero, nahiz eta garbi utzi ere behar dugun Herri horrek, herri hoiek, aspaldi moztu zutela beren Jainkoari lotzen zien ituna. Harrezkero, zentzugabea gertatu zitzaion ebakia gizonari bere gorputz erdainduan zirkuntzitatuan; baina hari gustoa hartu ziolako agian, edota bere herrikideekin lotzen zuen ebaki honek bakardadetik salboan uzten zuelako bestela, gizona zentzu berri baten atzetik hasi zen, eta herriaren partaide izan bitartez Jainkoari lotzen zionak, honunzka —lurrerantz— begiratu zuen zentzu horren bila eta, honela, gizaki banak Herriari berari ordaindu behar izango dion zerga bihurtu zen ebaki ospetsu hura. Jainkoa bizarrik gabe gelditu zen ez ordea izen berririk gabe, aldaketa honetan, baina, bere erruki amaigabea bide hertzan apurtua galtzen zuela, gizakiei ebakiarekin bai baina kontsolamendurik gabe utziz betiereko.

        Eta demagun abenda dela, edo auskalo nolako ohiturak edo izaerak direla sexua bakarrik ez bai eta gorputza osoa zeharkatzen digun ebakiaren mamia. Eta has gaitezen ondorioak ateratzen, batez ere pentsatuz zer nolako neurriak hartuko dituen gorputzik gabeko Jainko horrek, hau da Herriak, ebakiaren orbaina beren gorputzetan ukatuko dutenekin. Hauen gorputzak, txikituak izango dira, irekiak, ebakiak, beren Jabearen boterea eta jabegoa inoiz ahaztu ez dezaten, ze Jainkoaren lotura izateko sortu zena Jainkoaren mami bilakatu da. Jainkoa, hots, Herria, ebakia bera da. Eta bizirik iraun ahal izateko zaurituak behar dituenez gero, ez du barkatzen. Jahvek bezala, bada aurpegirik gabeko Jainko guztiak berdintsu gertatzen dira. Kristo azkoz ere gizatiarragoa zen, eta edozein gizonek aurki zezakeen bere aurpegia Harengan. Gizatiarragoak ere Jainko greziarrak, Zeinen ekintzetan edozein pasiok aurki zezakeen bere gorputza.

        Ebakiak izaera baten itxura eskatzen ohi du bere ezerezari jantzi bat emateko. Izaera bat eta bai eta maiz gorputz bat ere: izaeraren neurri lerdotuari egoki izango zaion gorputz berdindua. Eta Herriaren ilusioa izango diren herri ezberdinek, bana ezarriko dituzte norberari komenigarriagoa izango zaizkion izaera eta gorputz hoiek. Hemen gure artean, hots Euskal-Herrian, jatortasuna deitzen diogu gure ebakia estaltzen duen izaera bereziari, nahiz eta erraza ez den jatortasun hori —edota gaur inposatzen ari den majotasuna— zer den definitzea. Ni, ordea, eta arriskutsua iruditzen bazait ere, definizio horren atzetik ausartuko naiz aurrerantzean, behin ebakiaren makina den giza-molde hori itxuratu ondoren, makina hori zer nolako hazainak egiteko gauza den aztertzen saiatuko naizela.

        Jatorrak, majoak, Herriaren zerga arriskuan ipintzen ez dutenak dira. Eta hor non ezer ez denak bere sustantzia aurkitzen duen bere hatzak guztion gorputz eta arimetan ipiniz gero. Gizaki argia ez da berez jatorra, nahiz eta jatorra izan daitekeen. Eta berdin gertatzen zaie gizaki sentsibleei, irudimentsuei, kritikoei, beren buruaren jabe agertzen direnei. Guzti hauek beren jatortasuna frogatu beharrean aurkitzen dira balore hoiek funtsezko ez dituen herri honetan. Jatorrak, berriz, hau da berez jatorra denak —eta berehala itxuratuko du gizaki mota hau— ez du ezer frogatu beharrik, ez eta inolako barkamenik eskatu beharrik ere argia, sentsiblea, irudimentsua edo bere buruaren jabe ez izateagatik. Jatorrak nahiko du ohiturak —Herriarenak noski eta ez bereak— agintzen diona betetzearekin. Sendoa izan beharko du, edo sendotasunaren mireslea behinik behin; ardozalea, taldeak ipintzen dituen neurriak gainditu gabe bada ere, nahiz eta neurri hoiek gero eta zabalagoak bihurtzen ari diren; tripazalea, hau ere, ordea, taldearen liturjiaren barruan hobe; gutxi hitzegingo du, nahiz eta mintzo hasten denean sutsu mintzatu beharko duen, hau da barrabilekin buruarekin baino, hitzegin, taldearen, hots, Herriaren ez dakit nolako ideiak defenditzeko hitzegiten da eta; kantorea ere izango da, baina ez pentsa hori musika gustatzen zaiolako denik, ez, kantua barrabiletatik, hau da Herriaren altabozetatik, aterako zaion bere abots zoragarria erakusteko aitzakia besterik ez du-eta izango; jazten ere ez du inoiz inolako gusto pertsonalik erakutsiko: edo moda mesokratiko baten jarrailea izango da, edo bestela, batez ere gaztea baldin bada, edozein nortasun itotzen duen alprojeria triste hoietaz estaliko ditu bere haragiak.

        Badakit nik itxuratu berri dudan tipo hau karikaturan erortzen dela, baina eredu soil guztiak nola edo halako karikaturak izaten dira, eta jatorraren karikatura hau gure eredu sakaratua delakoan nago. Baliteke berau osatzeko aukeratu ditudan mustupiletan nire fantasma pertsonal batzuk sartu izatea, baina beste edonolakoak aukeratuz gero ere, gauza bat dute elkarrekin bat nik aipatutakoek eta hauei erantsi lekizkiekeen beste guztiak: hoietan, gizakiak, bere nortasuna taldearen legearen menpe itota ikusten duela; ez da taldean integratzen taldea bihurtzen baizik. Eta taldetasun horrek emango dion ondoezak, beste edozein giza posibilitate ukatzera bultzatuko dio, honela bere burua hondamenditik salboan ikus dezan. Ebakirik ez duenak, bera ebakiduna dela gogoraraziko dio eta jakintza eramanezin hau beste horren ebakiarekin bakarrik lasaituko da. Horregatik, behar bada, argitsuek eta sentsibleek, ez beren argitasuna eta sentsibilitatea frogatzeko izaten duten beharra, jatortasunaren seinale bat edo beste badutela frogatzeko izaten dutena baizik. Eta erruki horrelakorik erakusten ez badute, ze orduan gorriak pasa beharko dituzte beren haragiek orbainaren gordintasuna agertuko duten arte. Nik ez dakit Txillida bat, esate baterako, jatorra den edo ez den, baina munduan zehar ospea lortu izan ez balu, ziur naiz ez zitzaiokeela gure artean inori interesatuko harengan benetan interesatu beharko ligukeena, alegia, bere eskultura. Oteiza, berriz, eta barka betiko dikotomian erortzen banaiz ere, jatortasunaren tranpan erori zen, nahiz eta azkenean jatortasun hori beraren aurka itzuli zen; gaur zigorraren zauriak erakusten dizkigula bene-benetako jatorra inoiz izan ez delako, inoiz izango ez delako: Herri honek bizkarra eman omen dio; ez zitzatekeen horrela inoiz gertatu izango, berak Herriari bizkarra eman eta bere lana, sentsibilitatea, argitasuna, gizakiei eskeini izan ohi balie.

        Baina alde batera utz ditzagun Herriak bere seinalea erakusten ez dutenei egiten dien kaltea, eta goaz ikustera nola gauza guztiak atontzen dituen bere Jainkotasuna beti garaile atera dadin, horretarako, gorputza ematen dioten ia ebakidun guztiak erahil egin behar izaten baditu ere. Jahvek urrezko zekorra gurtu zutenekin egin zuena egiten du Herriak ere, nahiz eta kasu honetan inolako zekorrik gurtu ez den, areago, urrezko zekorra Herria berbera izaten den bestelako itxura gordetzen badu ere beste Jainkoen abotsak ixildu zirenez geroztik. Jainko honek ez du ezer agintzen, eta edozein traszendentzia gorroto du, onartu, bere gurtzaileen izaeran gorpuzten den inmanentzia bakarrik onartzen duelarik, ze inmanentzia horretan osatzen da bere izaera ere. Bere burua berbera da Herriak eskeintzen digun traszendentzia faltsu bakarra; zekorrak Jahveren izena hartu zuen eta, Honek eskeinia balitz bezala, bere urre urtua bakarrik eskeintzen digu honen inguruan dantzak eta kantuak ospa ditzagun.

        Eta tajuera bat du Herriaren inguruan biltzen diren ebakidunen dantzak. Ebakidunik inuzenteenak, hau da, eta gure kasuan, jator xinpleenak, dira gertuen dantzan aritzen direnak. Ondoren, eta azkenengo zirkulua osatu arte, gero eta xinpletasun guttiagokoak mailakatzen dira, xinpletasunaren galtze horretan sendotzen dela Herriaren indarra, bada xinpleenak ebakiaz ohartzen ez badira, oso bestela gertatzen zaie xinpletasunik ez dutenei, ze hauengan ebakiak erre egiten du. Eta erredurak, gorrotatzera eramaten ditu. Zer, ordea, gorrotatu hau Herria ez denez, honen gorrotoak ebakia haragi gordinean ipintzen digunez gero? Eta zeren izenean gorrotatu Herriaren izennean ez bada erreminaren lasaitzeak garbi erakusten digun bezala? Herriarenganako maitasunean ipiniko dira, bada, sendatzeko neurri guztiak, eta etsaiak atzerrian agertzen ez badira eta ez dira beti hor agertzen, herritarren artean aurkituko dira. Maitasun dantzak arindu egin beharko du, eta honen jira-bira zoratuei jarraitzeko gauza ez direnak, infernuetara bidaliak izango dira. Zutik, jatorrenak bakarrik geldituko dira. Eman diezaiegun —nahiz eta Herria eta nazioa gauza berbera ez diren eta ni hemen herriaz, eta ez nazioaz, mintzo ari naizen— botere politikoa jatorren dantza bultzatu duten azkenengo zirkuloko apaiz eta buruzagiei: Hiltzaileak nahikoa purifikatuak egongo dira ordurako, buruak moztuz are eta soilagoak bihurtzen direla senti ez dezaten. Herria ere purifikatua geratuko da bazkalondo odoltsu horretan, bere soiltasun hori goratua ikusiko duelarik gainera bere izena aldarrikatzeak utzi dituen hondakinetatik geroa eraikitzeko behar izango diren lanetan, gorapen horrek jatorren bat edo beste postrean bazkaltzea eskatuko badu ere.

        Molokek haurrak eskatzen omen zituen bazkal orduan. Jahveren agindua izan zen Molok maskaratu berri honek —hau da Herriak—, ez ditu haurrak eskatuko, gizaki helduak baizik, eta beren izaera —eta bai eta gorputza ere— molde orokor batetik hurrun osatzen saiatu direnen artetik aukeratuko ditu bere biktimak. Zenbat eta ugariagoak izan molde horretatik at gelditzen ari diren gizakiak, orduan eta estuagoak egingo diren Herriaren exijentziak, gizarte osoa gorputz bakarra bilakatu eta —azkenean eta Inoren pozaren ispilua bihurtuz— Herriaren beraren mustupilak erakutsiko dituen arte. Etsaiak, jentilak, aise izango dira ezagutuak orduan, eta, tartean odolik ez bada ere, suntsiduraren zeremoniak berehalaxe izango du bere hasiera, bada gorputz horri, aurpegi horri, bere iraupenak bakarrik axolatuko dio, nahiz eta horretarako nazio oso bat ankaz gora ipini behar badu ere. Munstro hori dela diote gaur egungo eliza, eta mundu honetara epai batetarako, hau da ikusten ez dutenek ikus dezaten eta ikusten dutenak itsu geldi daitezen etorritako Kristoren hitzak, oso egokiak suertatuko zaizkigu Jainkoen dantza arriskutsu honetan argi piska bat ezartzeko: "Badakit Abrahamen odolekoak zaretela; baina Ni hil nahian zabiltzate, nire hitza ez bait da zuengan kokatzen. Nik nire Aitarengan ikusia esaten dut; zuek, berriz, zeuen aitari entzundakoa egiten duzue" (Joan 8,37-38). Edota Pablo apostoloaren beste hauek: "kontu zakur hoiekin!, kontu langile txar hoiekin!, kontu sasierdainkuntzarekin! Gu gara egiazko erdainduak, Jainkoa izpirituz gurtzen dugunok eta Jesukristorengan harrotzen garenok, gure uste ona giza izatean ezarri gabe" (Filip. 3,2-3) Jatortasunaz gain, jatorrek beste zertxobait erakutsi beharko lukete Isaiasen "hondar geldituen" artean onartuak izateko. Bai, ale batzuk salbatuko dira, eta denak ez dira ebakidunak izango. Gainerako guztia fariseismo hutsa da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.