L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Xakurra ala umea

 

Paul Yonnet

 

euskaratzailea:

Jesus Peñagarikano

 

        Aldi hartan zakurra, gizonarentzat, zakurra baino ez zen. Familiaren bizitzan ez zuen esku hartzen, gizonak botatako hondakinen artean ibiltzen zen deslai, berauek desagerreraziz. Kidejale ziren aintzinako herrietan ere, geratzen ziren hondakinen kargu bera egiten zen. Azkenik, zaunka eta abarren bidez, herriko mugak zaindu eta giza taldeak babestu egiten zituen.

        Pertsonaren eta zakurraren arteko hurbilketa, hots, bata bestearenganakoa, izan zen sorburu eta bide azken honen otzandura lor zedin. Hurbilketa honi esker, berezko gaitasunak garatu egin ziren, helburu jakin batzuri begira hezi zen zakurra: eskimalek elurretarako legak garraiatzeko, greziarrek, erromatarrek eta ingelesek gerlarako, fueginoek, Behring itsasatekako biztanleek eta Feroe eta Sajalin uharteetakoek arrantzarako; asko edo gutxi, denek erabili zuten defentsa edo babespenerako. Beste herri askok, gehienek esango nuke, txakurkiz hornitu ahal izateko, zakur hazketari ekin zioten. Eta arratoiak uzta-hondatzaile eta izurrite-igorle ziren garaian, zakurrak berauek ehizatzen ikasi zuen. Otsoak desagertzen hasi zirenean eta ondorioz artxakurrak defentsa-lan handirik ez zuenean, XIX. mendeaz gero hedatuko zen ekintza berri bati lotu zitzaion, artaldea gidatzeari, hain zuzen.

        Egun, gauzak erabat aldatu dira; gizarteak ez du onartzen, are gehiago, galerazi egiten du txakurkia jatea, eta zakurra ez da, jada, jan hondakinez edo zabortegietan aurkitutakoaz bazkatzen, aitzitik, gizonarentzako elikagaiak prantatzerakoan hartzen diren osasun neurriak eta prozedura —industriala zein beste era batetakoa— berberak jarraitzen dira zakurrarentzako jana prestatzerakoan. Gizonaren zerbitzura egoteari laga dio, jantzakur bilakatu da, gizonak ez dio ezer eskatzen, eta onartu egin du, gainera, daukan guztia erdibanatzea: janaria, kotxea, aisia, ohea.

        Bilakaera prozesu honek animalia hauen hezketan ere izan du eragin. Zakurraren kasuan, adibidez, gizarte mailan eginkizun berezirik ez duenez —garai bateko trebetasunek ez dute, gaurregun, funtsik, noizik eta behin zaunka egin badea adierazteko, beraz, egokiagoa litzateke gizonak zakurrarekiko hartu dituen betebeharrez hitz egitea (elika dura, zainketa berezia,...)— lasterketetarako zaldien kasuan ez bezela, gaitasunen egiaztapena eta selekzioa ez dira kezkagarriak.

        Garrantzitsua zera da, tasunak, batez ere mentalak, alde batera utziz, morfologia jakin batetara egokitzea. Hau dela eta, arraza ospetsu batzu endekatzen ari omen dira, besteak beste, lautadetako San Bernardoa, Schäferhund-a (Alemaniako artzai-txakurra), zeina animalia urduri eta aldabera bihurtu den, harzkume gaimelikatua dirudien Chow-Chow-a. Baina degeneratze hau —Naturak berezitako askazien garbitasunaren aurkako atentatua dela eta Konrad Lorenz-ek behin baino gehiagotan salatua— egoera sozial berri batetara, hau da, "su inguruko" animaliek eta nagiek osatzen duten maila sozioprofesionalera egokitzeko eman den berezko prozesuaren ondorioa baizik ez da.

 

        Askazien estetika

        Gizonak zakurrarenganako zituen betebeharren aldaketa sakonak izan du, bai, eraginik katuaren egoera ere hobe dadin. Garai batean, katu izateagatik hala nola beste animalia sakratu bat (lehoiemea) oroitarazten zuelako goratua eta gehienbat, txoriak eta marraskariak zirela eta, uzta-babesle gisa erabilia izan bazen ere, egun, bere egoera gizoenarenaren pareko izatera iritsi da, gizonak, ordainetan, ezer eskatzen ez diolarik. Aldaketak, jakina, katukien hazketari ere eragin dio; aidanean, garrantzia duen gauza bakarra arrazaren estetika da; hari matazarekin jolasean ibili edo bakarren batek, arinkeriaz, hozkailuaren gainean utzitako urdaiazpiko xerra jan baino egingo duenik ez dugu espero.

        "Hustutze lanetan" nabarmentzen da, batipat, gizonarengandik hartu duen heziketa. Berau, oinarrizko ikasgai multzo batek osatzen du: garbitasuna, jan araua eta nagusiaren aginduari obeditzeko era; eraitzak, aurrez kalkulaturiko zailtasunaren arabera neurzen dira. Honexegatik, gozaldirik haundienak, aparteko eroapena eskatzen duten ariketak egin erazteak (zakurrari bi hankaren gainean ibiltzen erakuste, esaterako) eta katuak eman ohi dituzte, kontutan izanik, animalia libre eta independientetzat hartzen dela eta agindua-egiketa-zigorra edo sariaz osaturiko ohizko era edo metodoaz hezitzea oso zaila dela. Bietan arrakasta, jabearen aburuz, ez datza berezko dohai batean, baizik eta animaliak jabeagan ikusten duen ustezko gaitasun edo nagusitasunean. Beraz, etxeko animalia hezitzean, horretarako duen trebetasuna neurtzen du gizonak, aita batek, bere semearen erreakzioak ikusirik, egingo lukeen bezalaxe.

        Hamaika liburu idatzi da etxeko animaliei buruz, argi eta garbi erakutsiz abereei eta haurrei heziketa berbera ematen zaiela. Libururik ezagunenak, gurasoei zuzendutako liburuen plagio huts dira, —"Zakurra nola hezi", "Zer egin zakurra gaixotzen bada", "Zakurrentzako sukaldaritza berria", "Zakurrari nola hitz egin", "Zakurraren elikadura"...— eta arraza bakar bati buruzkoak eskema berbera jarraitzen dute beti (elikadura, heziketa, psikologia, sexualitatea). Konrad Lorenz-ek, 60-70 hamarkadan izan zuen arrakasta dela eta aipatua izatea merezi duelakoan gaude, behin eta berriro errepikatzen du bere liburuetan: "haur" hitza "zakur" hitzaz ordezkatzen badugu ere, esaldiak ez du bere baliotasuna galtzen.

 

        Ume zintzoen moduan

        "Dena baimenduz, dena baietsiz" hezitzeko amerikar eraren aurka joateko aitzakiarik aurkitzen du Lorenz-ek bere lan guztietan. Batzutan kexu da "umeak astunegiak" direla esanez, eta ulertzen du zenbait zakurrek haurrei erasotzea; bestetan, "haur jasangaitz eta maltzurrez" hitzegiten digu, eta "asko eta asko neuropata bihurtu omen dira". 16 urteko gazteak daraman irratiaren zarata ere ezin du pairatu, "gazteen eromen sexuala" ere deitoratzen du (ahalmen sexuala gutxiagotua dirudien arren). Lorenz-en eritziz, umeak gorrotatu eta zakurrak maite dituena ezin daiteke pertsona txarra izan. Garbi gera bedi, Konrad Lorenz-ek gorrotatzen dituen umeak, gaurregungoak, errealak eta mugarik gabeko maitasunaren exijentziei amore emateko prest edo gertu ez daudenak direla. Beraz, bere ume eredutik at geratzen direnak gorrotatzen ditu.

        Etxeko abereak, bestalde, nahiko genituzkeen umeak bezalakoak dira: esanekoak, adeitsuak, harrigarriak, ohitura jakinekoak,... eta era berean esker berokoak jabearekiko. Gainera, bizirik dirauten bitartean horrela jarraituko dute: heriotzak ez beste ezerk hauts dezake erlazio hori. Hala da, gizonaren eta aberearen arteko harremanaren bereiztasunik nagusiena animaliaren portaeraren infantilizaketa iraunkor eta aktiboan datza. Lehen ere esan dugu, bai katuek, bai txakurrek beren gaitasunak galduak dituztela; hiri ingurunean ezin dira bizi eta zaintzen dituenaren mende geratzen dira; jan besterik ez dute egiten, beti dute norbait babes ditzan eta, ondorioz, memeldu, gizendu egiten dira. Zakurraren kasuan, adibidez, jabearekiko duen erabateko fideltasunak aipatu berri dugun neurri gabeko babes horri infantilki erantzutera bultzatzen du, mantenduz, esate baterako, jokurako joera. "Cristalización neoténica" deritzan fenomeno hau, katua ardatzean dagoenean ere argi eta garbi ikusten da.

        Hasera batean, portaera hau amarenganako menpetasun edo atxikidura-aldian gertatzen zen, eta basapiztiengan ugatz-aldia amaitzean desagertu egiten zen. Haatik, etxeko aberearengan —zeinak, nahita nahi ez, menpetasun-aldira itzuli beharra daukan— bere ezaugarri nagusi bihurtu arte mantendu da. Katua ardatzean egotea fideltasun seinale da, "horrela, gu bere gainetik gaudela adierazten digu"; era honetan, gainera, babes ezin hobea erdiesten ahal du. Azken batean, trebatze lan hauekin lortu nahi dena zera da, animaliak, "atzeraldia" edo "regresioa" jasatea eta zaintzaile guztiz ahaltsu, babesle eta zapaltzaile baten mende jartzen diren aro arkaiko horretara behin betirako itzultzea.

 

        Hezkuntz krisiaren metafora

        Zoofilia fenomenoa noiz sortzen den aintzakotzat hartzen badugu —50-60 hamarkada, zeinetan herralda errurala eta hazkunde ekonomikoaz gain, esku artean dugun arazoarekin hertsiki harremandurik aurkitzen den gertakizuna ere azaltzen bait da, hau da, rock'n'roll-en inguruan sortzen den gazteria berria— zakur eta katuen ugalketa garaiko hezkuntz krisiaren metaforatzat hartzera bultzatzen gaituzten elementuak aurkituko ditugu. Jabeek guraso izatera jolasten dute, abereei haur txikienek azaltzen duten menpekotasun arkaiko berbera eskatuz eta harremana mugagabe bilakaraziz. "Haurrak joan egiten dira eta abereak geratu" egia bada ere, ez da ahaztu behar "haurrak joan egiten direla hazi egiten direlako, eta animaliak geratu ume izaten jarraitzen dutelako".

        Gaur egun, nerabeen iharduera sexualak gurasoen kontrolari itzuri egiten dio eta arlo honetan gurasoek duten aginteari luzatzen dioten erronka inoiz baino sendoagoa da. Gazteriaren askatasun sexualak —hala baieztatzen dute, bederen, estraineko aldiz izandako sexu harremanei buruzko inkestak— eta bera sortu den ingurune sozialak zenbait teknika eta joeraren hedapena bultzatu dituzte, esate baterako, obario-erauzketa eta zikiraketa katuen kasuan, umeak hobeto kontrolatzearren aurrez izendatutako estalketak zakurrarenean, eta azkenik, bizitza sexualaren erabateko kontrola.

 

        Eta gainera hitz egiten dute

        Azken batean, abere-heziketak, ume-heziketarekin alderatzen badugu, ispilu batean isladatuko bailitzen, alderantzizko itxura ematen digu: animaliak behin betirako eskuratu ko duen oinarrizko ikasketa multzora mugatzen da, jabetze hau, elkar lehiarik gabe (gizona aberea "des-gizarteratzen" ahaleginduko da) izango delarik eta sexualitateari —berau ondo baino hobeto kontrola bait daiteke— zein garapen sozial eta psikologikoari buruzko arazorik agertuko ez delarik (neotenia eta umetan animali joeren finkatzea dela medio). Heziketa modu honetan kontutan izan behar da, bestalde, hezitzaileak ere bere burua saritua ikusten duela (animaliak nagusiari baino ez dio obeditzen), horrela, gurasoen narzisismoa asez (abereak, umeak ez bezala, esker onekoak dira), larritasunak gaindituz eta usteak eta asmoak betetzen direla ikusiz. Harreman honek, funtsean, "gizatasun" izpirik ere ez du, porrota ezinezkoa izatean, hezkuntz porrotaren arriskua erabat ezabatzen duelako. Gizonak, erlazio honen bidez, guraso eta hezitzaile izateak sortzen duen bakardadeari egin nahi dio aurre.

        Descartes, Buffon eta Diderot-en garaian, gizadia, humanitatea, pertsonez bakarrik osatzen zela uste zen, lengoaiak ezartzen bait zuen muga: hiztun izatea zen, itxura fisikoaz gain, arrazoirik garrantzitsuena animaliek pentsatzen zuten ala ez neurtzeko garaian; hitza izan da, hain zuzen, animaliei beti falta izar zaiena. Etologiak isladatu eta bultzatzen du humanitatea abereengana ere zabaldu behar deneko eskaera soziala; bera ari da, Chamollion-ek idazkun egiptiarrekin egin zuen legez, abereen lengoaia argitzen: Von Frisch-ek "erleen hizkuntza" ikasi du eta Lorenz-en arrakasta, hein handi batean, "Abere, arrain eta txoriekin hitz egiten nuen" (Labor, 1979) liburuan oinarritzen da. Azken hogei urte honetan, abere basati zein etxekoen hizkuntzari buruzko liburuak ugaritu egin dira eta animaliek beren artean hitz egiten duten ustea indartu ere bai; eta guzti hau gutxi balitz, gizona animaliarekin kidekotu ondoren, beste hainbeste eskatzen dio, gizadiarekiko gizonak animaliari. Zenbait etologo, tximuei gormutuen lengoaia erakusten eta sailkapen tekniken bidez (fotografikoak gehienbat) animaliaren gizatasun izpirik nimiñoena atzematen ahalegintzen da.

        Etologia gonbaratuak —zeinak izakien portaera-konstanteen bila bait dihardu, gizatiar edo aberetiar hutsa ez den izatasuna kausitu nahian, alegia— azaltzen digu zein misteriotsu eta hunkigarri zaion gizonari mundua edo humanitatea hedatzearen eskaera soziala. Bilatze-lan setati hau, ez da gure garaikideen zoofiliarako joeran bakarrik agertzen, baita beste gauza askotan ere, esate baterako, O.H.E. fenomenoan, fikziozko zine eta literaturan, eta egundo zinearen historian izan den arrakastarik handienean, Steven Spielberg-en E.T. pelikulan, hain zuzen; bertan, pertsonairik nagusiena, beste planeta batetik etorritako heroe neotenikoa da, ez gizon, ez abere, oskolik gabeko dortoka antzeko zerbait, etologia gonbaratuak eta lehen aipatu dugun eskaera sozialak amesten duten izaki-eredua. Orain NASA-k mezu akustikoak igortzen ditu ortze zabalera beste planeta betekin —bertan E.T. edo erdi gizon-erdi abereak biziko dira, agian— harremanetan jartzeko.

 

        Zakurren moduan

        Mundua, humanitatea zabaltzearen ondorioetako bat, gizonak banantzen dituen bereizketa soziala eta kulturalaren ukapena dela egia bada ere, ezin uka zabaltze berberak alde txarrak ere badituela, gizatasuna, aberetasunaren hobebeharrez, auzitan jartzen duelako eta adimenean zein ekintzetan eragina duelako. Ikusi ahal izan dugunez, bizilagun gogaikarri honi dena eman diogu: espaloiak, kaleak, kotxea, bizilekua eta, baita geurea eta geure seme, senar emazte edo ezezagun baten gorputza ere.

        Gizonak animaliaren bizkar, bizigunea murriztuz, aurreratu duen bezalaxe, aberea gizonaren lepotik zibilizatu da, bere espazioaz, jabetuz; gizonak, jogging egiten duenean edo kale, bide, baso edo oraindik ere jendea duten landako herrietan zehar pasiatzen duenean, arrisku handia du bere aurrean, inguratu zaizkion zakurrek onera edo txarrera joko duten igerri ezinik geratuko da behin baino gehiagotan. Zer arraio egingo ote du zaunka batean datorren zakur honek? Albotik pasatzean helduko ote dit? Nolatan ahaztu, bestalde, erasotzeko heziak izan diren animaliatzarrek sortzen dituzten arazoak, jabeak berak ere errenditu ezin dituen munstroak, haurrak jasaten dituzten izualdiak...; bitxia da honelako piztitzarra eskuratzeko inongo arma-baimenik ez eskatzea.

        Dena dela, arazo honi buruzko edozein eztabaida, "hau ez zatekeen gertatuko haurrak sokatik helduta eraman izan bazenitu" esanez bukatzen da. Bizigune beragatik lehiatu beharrak sortu duen etxeko aberearen eta gizonaren arteko kalapitak gizatasunaren beheraldia (aberearen goraldia, beraz) darakuskigun bitartean, Micaux diputatuak defendatzen duen proposamenak, hau da, animaliak "umeki, preso, etorkin, ikerle eta azken hauen semeez" ordezkatzeak, humanitatea zabaltzearen aldeko jarrerari irmoki loturik dagoen gizatasun kontzeptuaren mengeltze nabarmena errotzen du. Natura eta kultura kontzeptuei esker, gizonak mundua bi mailatan banatzen zuen: ohiturak eta izakiak; bada, etxeko abereak edukitzeak eta zoofiliak, piskanaka-piskanaka, bi kontzeptu hauen porrota dakarte. Gizona izaki mailatik badatorkigu ere, bere sorrera bi mailen arteko erabateko hausturatikoa da. Gizonaren jatorriak, Darwin-ek XIX. mendean ezarria, eta bere aberetasunaren baieztapenak, nahitaezkoa egin zuten izakiaren sorrera ekarri zuen hausturaren frogen ugalketa (etnologia eta psikologiaren hautagunea). Animalismoak eta zoofiliak, zeinetan gizonak bere ingurunearekin duen harremanari dagozkion lau erlazio mota konbinatzen diren —gizatasuna auzitan jartzen da: a) umeen heziketa b) Mendebaldeak herrialde txiroen lepotik bizitzeko joara c) gizakion mundua beste espeziei irekitzea eta d) bizigunea murriztu nahiari eta ohitura kulturalak suntsitzeari dagokienean—, berriz, gizonak bere tasuna galtzea dakarte hala nola aberearen endekaketa, azken hau, bi alditan izaten delarik (jale ala jana den hartu behar da kontutan).

        Gizonak gainontzeko espezie, planeta eta berekiko duen alegiazko egoera, "eskuzabaltasun" galbideratzailea dela medio, nahasia, non eta hankaz gora ez den, geratzen da. Neurriz kanpoko gizatasun barregarri horren atzean —altruismoaren azken ondorioa: gizona ez dago, jada, bere baitan— gizatasunaren aurkako ustegabeko joera aurki dezakegu, baina hala eta guztiz ere garaikide izaten darrai: gizona, gizonarentzat, zakurra baino ez da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.