L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott (barnean dio: Pott bandaren blaga) (1978-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

La poesía irlandesa (M. Manent)

 

        Eireko estatua sortu zenerako iadanik berandu zen gaelikoaren iraupenarentzat. 1501 ez geroztik gaelikoa ez zen hizkuntza ofiziala eta Cronwell.ek 1649an uhartea militarki okupatu zuenetik aurrera hizkuntza gaelikoaren galera prozesua etengabea izanen zen. Irlandar nazionalismoak eta independentziak ere ez zuen joera hau eragotziko.

        Yeats eta Joyce-ren garairako keltar munduaren azken zatiak desagertu egiten ziren herri tradizioan. Inteligentsiaren liburuetan eta folklore gai batzutan bakarrik gelditu da Europako herri-literatura zaharrena, imajinatiboena eta ederrenenetariko bat. Rhiannon-en xoriak zeinek beren kantuez laurogei urtez xoratu baitzituzten gerlariak, Teirnyon-en behor miresgarria zeinaren pottoka maiatzaren batean jaio eta misterioski desagertzen baitzen gero, orein zuriak, sidhe nekagaitzak... ez dira iadanik laborarien mintzoan eta imajinazioan lerratzen.

        Ulsterreko eta fianen ziklo arkaiko eta heroikoak, Maelruain eta Duiblitir abadeen ondorengo IX eta X. mendeetako monje eta ermitauen poemagintza sinplea eta gardena, Brian Boroma errege jakintsuaren ondorengo Erdi Haroko irlandar tradizioaren igorle ziren bardoen obrak eta modernagoak, ia dekadenzialdikoak... Hizkuntza gaelikoaren tradizio luze eta ederra hautsia izan da. Hala ere, texto haik irakurri nahi dituenak badu bibliografia ugari bat. Liburu interesante hauetariko bat da LA POESIA IRLANDESA delako antolojia, Plaza & Janes editorialarentzat M. Manent-ek prestatua. Edizioa oso egokia ez den arren, irakurriko duenak hor aurkituko duke poemagintza arkaiko eta xarmangarri bat. Izan ere irlandar tradizio literarioa xit interesantea baita. Irlandako lurraldeen latinizazioa oso berantkorra izan zen (V. mendean) eta keltar tradizioak iraun zuen. Kontinentean jermaniar nagusigoa inposatu eta monastegien tradizio grekolatinoa itzali zenean, hala ere, Irlandan monastegi sakabanatuek garrantzi handi bat harta zuten harreman kultural eta ekonomikoekiko, (hain zuzen, Irlandatik hedatuko ziren gero Europa guztira). Latinizazio berantkorrak eta monastegien eta bardoen tradizio honek esplikatzen du mitologia zaharren eta literatura fantastiko eta lirikoen iraupena.

 

 

 

Joan zen uda

 

Anonimoa

IX. mendea

 

   Hona hemen zuretzako ene mezua: marra dagi oreinak;

neguelurra erortzen da; joan zen uda.

 

               Haize izoztu eta bortitz bat; eguzki oso behe eta

ibilketa laburreko bat; itsaszakarra.

 

         Txilarra gorribeltza da, tankerarik gabekoa.

Basa antzarek beren aintzinako deihadarra egiten dute.

 

        Hilgogor uzten ditu hotzak xorien hegalak;

horma izotzaren urtaroa da: hona hemen ene mezua.

 

 

 

Izkribaua

 

Anonimoa

IX. mendea

 

                           Zuhaitz hesi batek inguratzen nau.

Niretzat kantatzen du zozo batek:

                                     ez dut bere gorespena izkutatzen.

Ene liburu marratu ttipiaren gainean

xorien abotsa da.

 

                  Bere soineko grisarekin, sasi batetan pausatua,

kuku batek zuzentzen dizkit bere kantuak

Babes Nazala Jaunak!

Ongi idazten da abar berdeen azpian.

 

 

 

Misterioa

 

Amerginena omen da

 

Itsasoaren gainean arnas hartzen duen haizea naiz;

ozeanoko uhaina naiz;

hauslekuko zuzmurrua naiz;

zazpi batailetako idia naiz

eta arroketako putrea;

eguzkiaren errainu bat naiz

eta landarerik ederrena;

basurde adoretsua naiz;

izokina naiz uretan

eta lakua lautadan;

zientziazko hitza naiz;

lantzaren muturra naiz batailan;

buruan sugarra sortu zuen jainkoa naiz.

Nork, nik ezik, argitzen du mendiko batzarrea?

Nork, nik ezik, esanen lituzke ilargiaren urteak

eta non etzan ohi den eguzkia?

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.