L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren braga (1979-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Kritiko literarioen aideplano konplexuaz
eta beste zenbait arazo xelebrez...

(girlatxe sozialistei dedikaturiko 3.000 hitz eta piko)

 

Superabertzale Jones

 

        Ez nuke gure probentziako literaturaren gorabera eta ingurumariaz izkribatu behar, oso arazo printzipala delako, eta oso zaila halaber, makina aurrean eseri eta hitzak suelto botatzen hasterakoan, esandakoak gerora ekar litzakeen ondorio izugarriak kalkulatzea; gai honi berberari buruz ihardun nuen azkenengoan, esate baterako, Murcian berrogei gradutako bero zergela egin zuen, eta Bilboko hauzune batetan emakume antzu batek biritxiak izan zituen bere pelutxearen esperma zela medio. Beste batetan, Mao Tse Tung boy scout ospetsuaren heriotzea jaso zen ene letrak liburudendan sartu zirenarekin batera, eta Amezketako alkateak filma porno bat ekartzea erabaki zuen kazeta honetan argitaratutakoa gaingiroki —hots, normalki— begiratu ondoren. Eta okerrena Lesakan gertatu zen, pentsa, Morito deitu asto batek (poema librea defenditu genuelako) bi langa eta bost meta apurtu zituen ostiko sonetotsu pare batez.

        Broma irudituko zaizue, ene irakurle maiteak, ene irakurle kuttunak, ene irakurle axukrekoskortxuak, literaturaz izkribatzea. Beste arlo kultural asko bezala, gure probentzian gai honek duen dinamika eta bizkortasuna harrigarria da. Eta merezi du, kosta lain kosta, harrisku gorrienei ere aurrera ematea. Izorra bitez murzianoak, eta edan bezate ardoa limoiaz; egin bezate marru maoistak, eta gal bedi betiko Amezketako alkatearen arima, eta labur bedi Lesakaren hazienda, baina ene aitaren etxeak zutik iraunen du, hori da, ez naizela geldituko festa honetan parte hartu gabe.

        Espia errusoari (Bilbon oraindik gogoratzen haugu, dear Gabriel) parodia tuntun hori egin eta gero, ailegatu da muturra okertzeko sasoia. Irakurle maiteorrek, zigarro bat piztu behar huke mementu honetan.

        Muturra okertuz, bada, goazen avanti poxpolo, gaiean barrena abia gaitezen.

        Gure literaturaz erreflesio bat egiteko asmoz mahaian jartzen den edonork izaten duen lehen ideia, egoera horren orijinaltasun ezarena izaten da, hau da, literatura beste aktibitate askoren moduan arkitzen dela, ez dela bere kaskartasuna inolako salbuespen bat, eszepziño bat, eta bere problematikaren zeraz mintzatzea euskal munduaren nondik norakoaz mintzatzea ere ba dela. Atomo batetan mundu oso bat kabitzen omen da, eta era berean, osotasunaren parte batetan, osotasun horren xehetasun guztiak aurki omen daitezke. Literaturaren egoera argitzea lortuko bagenu, berau gertatzen den gizarte konkretuarena ere ezagutzea ez litzateke harrigarri, eta exenplurako, euskal prentsaren pobrezia aztertzea Euskal Herriaren pobreziari errepaso bat ematea litzateke, ez baita harena honenaren ispilu dina bat baizik.

        Octavio Paz-ek gazteleraz eginiko literaturaren gainean esaten zuena gogora datorkit; bere ustez, idazle espainol edo latinoamerikanoen handikap handiena "erresonantzia kaxa" ezarena zen (erresonantzia kaxa, tresna musikalarenaren zentzu berean, hain zuzen). Obra edo lan bat gizarte batetara jaiotzen denez, premiazkoa du gizarte horretan hedatzea, ezagutzera ematea eta banatzea, bestela, izkribatzearekin bakarrik, ez baita etetzen obra horren xede nolabait naturala, edo normala, hobeki esanda. Arrazonamendu hau, jakina, zabaltzeko borondatearekin sortu den obrari dagokio soilik (eta borondate horren seinale lojikoena argitalpena litzateke).

        Ezpairik gabe, erresonantzia kaxa horren zutabe nagusienak kritikoak dira, zeren eta kritikarik gabe, eta gauden gizartean gaudela, obra hori ito egiten baita anonimatoan, eta ahazturan erortzen bere presentzia adierazi gabe sikira, jaiotzean bezain birjin lehengo monja asko bezala. Kritikoa, eta kritika hitza bera, zentzurik zabalenean hartzen dira hemen, idazle eta irakurlearen arteko zubiaren zentzuan, berau baita egin dezakeen lanik nimiñoena. Erresonantzia kaxa baten sortzera ez baitute barthesek bakarrik laguntzen, erreseñagileak ere partaide baitira ekintza horretan. Nahiz eta gaur egun, eta kritikaren funtzio honi dagokionez, desbiaketa latzak egon (esate b. sarritan esaten da egungo anitz kritika autonomoa dela, bere objetuarekiko —literaturarekiko— erreferentzia sendorik gabe) eta kultura bera ere situazio berdintsuan dagoen arren (gizarte postindustrialetan kultura ez al da geto komunikagaitz eta aldendua?) zentzu zabalean hartzen dugun kritika horrek bere lana egiten jarraitzen duela uste dut, bide-batez baino ez bada ere (esan nahi da, kritikaren futziorik nagusiena komertziala litzatekeela, eta bidebatez bakarrik beteko lukeela zubitasun delako hori).

        Nazkantea dateke gonparaziotan sartzea, baina mexikanoak zioena iraku rri ondoren jota gelditu nintzen, eta izugarrizko depresioa harrapatu nuen. Zer den gero!... kordenada desberdintasuna, pentsatu nuen. Hemengo literatura eta hemengo kritika neuzkan gogoan, eta ene lagun mina den Jon (Maripotta gurea) liberalaren izpiritua azaltzen zitzaidan esanez: euskal kultura ez duk simulakro bat baizik. Eta nik erantzuten nion, mesedez, ez hadi izan hain sinzeroa.

        Baina ez dut debideratu nahi. Gure kritikaz ari nintzen, eta leheneno eta behin deklaratu nahi dut ez dagoela zerupean hori bezalako harririk.

        Hemengo kritikaren erretrato bat egiterakoan kamara gorantz ipintzea derrigorrezkoa da, kritiko euskaldun guztiak aideplano konplexu tterriblea baitaukate, bere kritika guztiak, ondorioz, panoramikoak direlarik.

        Aspaldi honetan gai honetaz zerbait irakurri duenak berehala igerriko dio aipatutako konplexuari. Harrigarria baita, gaurko egunetan, eskritore konkretu batetaz, edota edozein liburutaz lan zehatz bat ikustea (normalki, liburu berrien erreseñarik ikustea ere ez da erraza izaten, aldizkariaren gaitasun ezagatik batzutan, eta —egin egunkarian kasu— Txukadiko West Coastekoa, Zarauz, Sausalito, Usurbil, Los Angeles, Hollywood eta Donostiakoa hain zuzen, izan beharra dagoelako bestetan prebenda hori lortzeko).

        Gaurko kritika horik mendetako lanak aztertzen dituzte ehun lerro laburretaa; urtebetea neurri minimoa izaten delarik; nahiko mormala da "orain arteko poemagintza"-ri buruzko artikuluak aurkitzea, zeinen senide gastronomiko hurbilena soldaduskako ensaladilla inperiala den, eta ez bakarrik kalitatean. Beste saio batean, gure kamikaze hauk bi dozena poetaz mintzatzen zaizkigu, eta bere azertuaz gauza bakar bat esan dezakegu, zera, japonesek beste horrenbestekoak izan balituzte, ez zela sekulan gertatu izango Pearl Habourrekoa, itsasoan itoko zirela eta ez zela gerra mundialik azalduko historiaren orrialdetan,... mesede galanta, halazankua. Artikulu horietan, inpentsamente, X.X. poeta —Campoamorren itsurakoa abanikorik ia erabiltzen ez den sasoi batetan— sinbolista edo surrealista (ma o meno, ezta?) dela dion baieztapen batekin topo egiten duzu. Milagro bat bezain harrigarria, noski.

        Lan hauk, Santo Tomasetan, Urte zaharrez edo Durangoko Euskal (edozein gauza, parnea ematen badu) Azokaren aitzekiz kaleratzen dira, ez dute egunerokotasunik, edo asterokotasunik sikira. Noizbehinkako kritika, beraz, kukutik kukurakoa, eta panoramikoa gainera. Esta noski, nola urte batetik bestera erdi gauzak ahazten zaizkion gure herri baliente honi kritikak beti gauza berberak errepikatzen ditu behin eta berriro no nos moveran, no nos moveran junto a Euskaltzaindia en la Erribera, bai euskarari, biba Villasante (oharra: Villasante abade majoa da, hori posible bada behintzat, eta bere izena hemen aipatzea ene surrealismo, ia sinbolismo, honen behar estilistiko bat baizik ez da izan).

        Horretaz gain, bere ihardunak kontabilitate xelebrez beterik egoten dira maiz. Escarpit zale izatea gauza bat da, eta guri askorik gustatzen ez ba zaigu ere, kontabilitatea kuantitatiboa denean ez zaigu inporta izaten. Baina kontabilitatea kualitatiboki ere egiten denean (edo, zifren tartean, "hoberena ene laguna da" sartzen dutenean) larria, eta bihotz errea sartzen zaigu koskorretaraino. Izen batzuk aipatzen hasiz, par exemplis, nola esan Lasagabaster jaunak, Egin egunkarian, euskal literatura (den dena) euskal pinturaren azpitik dagoela? Nola gonpara daitezke Arteta-ren kuadro bat eta Mirande-ren ipui bat? Zein kriterio berdintzaile erabiltzen du epaimen hori —eta hori hakarrik, ez baitzen beste ezerrekin luzatzen— botatzeko hirurogei mila pertsonen aurrean? Eta, batez ere, nola esan dezake hori historiak ematen duen perspektibarik gabe? Nola aurre azterketa konkreturik egin gabe, kuadroz kuadro eta liburuz liburu?... benetan errenditzen naiz, mesié.

        Artikulu horietan ikus daitezke, baita ere, azken urteotan aparra bezala dabiltzan zenbait ideia bitxi ere, euskal poemagintzaren ugaritasunari eta kalitate handiari dagokiona bezalakoak. Euskaldun guztiak ondo dakiten bezala, "poemagintza dugu jenerorik nagusiena" eta "nagusitasun horren arrazoiak bertsolaritza eta beste ahozko tradizio izugarrian" bilatu beharko lirateke.

        Poemen kalitateaz —zeina dekretoz erabakia izan den Txukadiko zenbait irrati lokutore dela medio— ez dut hemen ezer handirik esanen, lehen salatu dudan konkretasun ezan ez erortzearren. Galdetu bakar bakarrik, ea non dauden kalitate hori abalatuko luketen saiakera eta lan teknikoak, non dauden "europear mafia" hori erakusten duten lan gonbaratiboak (faltsua ez izatearren, zera salatuko dizuet, hau galdetzerakoan irrifar maltzur batez okertzen dela ene aho apasionatua, non Greta Garbok musukatzen ninduan mende batean ez eta bestean ez-eta-ere).

        Baina ugaritasunaz, eta tradizio kontu horretaz, zerbait esan dezakedala uste dut. Estrainekoz, dudakoa deritzaidala aipaturiko arrazoia, hots, poemagintza ahozko tradizio sakon bati esker dela ona (eta nobelagintza txarra tradizio gabezia horregatik, noski), bi prozeso horik, ahozkoarena eta literaturarena desberdinak direlako guztiz. Esate baterako, bere funtzionalitatea ez da iguala, folklorea hizkuntzari (langue) dagokio, eta literatura hizketari (parole), poeta folklorikoak ezin du "tresna edo bitarteko berririk" sortu ahal, bere komunitateak zensuratu, eta mapatik ezabatuko bait luke, folklorea ezin baita esistitu komunitate horretatik kanpo; aldiz, poeta literarioak duen lanik funtzeskoena bitarteko berri horik arkitzea da, eta horregatik dira bariatuagoak, horregatik dago estilo eta forma gehiago literaturan (folklorean, estilo desberdinak baino, jenero desberdinak daude, eta bertsolari guztiak, kasu, tresna beti berdina enplegatzen dute erremediorik gabe). Ahozko tradizioaren eta literaturaren arteko desberdintasunak ikusteko lan bat nahitaezkoa da: Ensayos de poetica / Roman Jakobson / Edit. F.C.E.

        Poemagintzaren indarra tradiziotik datorrela dioen batek, erakutsi egin behar luke nola ailegatu den hain erabaki deslojikora. Eta ez hori bakarrik, erakutsi egin beharko liguke gure probentziaren tradizio horren bizitasuna norainokoa den sortu zuen komunitatea (nekazariena) suntsitua izan den garai honetan. Ez dut esaten infludentziarik izan ez duenik, ukatzen dudana da influentzia horren nagusitasuna poeta ugaritasunean, eta poeten kalitate altuan (nik sinesten ez dudan gauza, kalitatearena ere, azkenean esan dut, ezin ixildu motellak). Eta batez ere, zera salatu nahi dut, kritiko honen eta beste askoren "joera autarkikoa", guretarra puztuz eta hauzokoa urrituz (ia adibide batekin argi gehio ematen dudan: euskal abeslari batek, bere jatorria eta bere infludentziak aipatzerakoan bertsolaritza jarriko balu bere abiapunturik, eta madale kreatiborik funtzeskoena bezala, Jaques Brel edo Brassens edo Tom Paxton aipatzeke, bere joera "autarkikoa" litzateke). Baina joera hau, ideolojikoa dena, gero ikusiko dugu. Segi dezagun orain poema ugaritasunarekin. Narratiba baino poemagintza gehio egotea ez dut uste ezer harrigarri denik, fenomeno unibertsala baizik.

        Granadan ere prosalari baino poeta gehiago dago, eta edozein ikastetxetan hamabost edota hamasei urteko mutiko-neskato maitemindu guztiak —gehientsuenak, halafede!— poemak izkribatzen dituzte, ez nobelak. EDOZEIN poema egitea EDOZEIN nobela egitea baino errezagoa da, eta hemengo poema ugaritasuna hortxe bilatu behar da. Nobela eta poema liburuen arteko proporzioa, Euskal Herrian, anormala baldin balitz beste herrietan ematen dena baino handiagoa edo, desproporzio horren arrazoia argitalpen errezetan bilatu beharko litzateke. Euskal Herriko editorialetan arrazoi extraliterarioak indar handia izan dutenez gero ("euskaraz idatzia egotea nahiko arrazoi da" esaten zen lehenago; orain, "Euskal Herriaren problematikarekin zer-ikusia nahitaezkoa da" entzuten da maiz, eta euskaraz egotea bigarren mailako arrazoia bihurtu da) edozer gauza argitaratu izan da egileak hala nahi izan duen guztitan.

        Beste arrazoi bat, ene ustez, hizkuntzaren baitan legoke. Euskarak ez du presentzia handirik literaturan, eta ondorioz, ez dago apenas tradiziorik alor horretan, esan nahi da, hizkuntza "birjin" bat dela, zeina idazleak ia "asmatu" egin beharra duen lanean jartzen den bakoitzean. Frantseseraz, esate baterako, zeinean hainbeste lerro izkribatu den, ezinezkoa litzateke, adibidez, adjetibo berri bat plazaratzea, edo testuratzea, hobeto esanda. Euskaraz, aldiz, arraultze prejitua egitea baino errazagoa da hizkera pertsonal bat erabiltzea, sekulan ibili ez diren hitzek eta formak hartuz, edota asmatuz. Ni neu, esate baterako, hutsune handi batetaz ohartu nintzen: inork ez zuela kontutan hartu, euskaraz poemak egiterakoan, gure hizkuntzak aditz forma ezkonjugatuetan duen aberastasuna (gerundio pila bat, partizipioak, erlatibo-ordezko formak...) eta teknika hori erabili nuen Etiopia ezkribatzerakoan, aditz perifrastikoa, eta beste edozein aditz konjugatu ere, enbarazu ikaragarri bat iruditzen baitzitzaidan (edozein hizkuntzetan ere, aditzaren enplegu handiak poemaren balioa gutxitu egiten du, eta areago euskaran, non aditz sintetikorik ia ez dagoen). Frantseseraz, ez dut uste hori posible litzatekenik, ez teknikoki eta ez (teknikoki ahal izanez gero) pioneroki: Cioran-i irakurri nion aspaldi nola hizkuntza supererabilietan edozer gauza prosa bihurtzen den, eta nola frantseseraz poemak egitea oso zaila gertatuko litzaiokeen. Prosarako, ordea bentaja hori zerbait kaltegarri bihurtzen da, ez dago argotarik, aditza baldarra da, elkar-hizketak asmatzerakoan kitaezina da ia artifizialtasun zaporea ("qué pasa contigo, tio" esateko "zer pasatzen da zurekin, osaba" ipintzea heroitasun bat da) eta, hitz batetan laburtzeko hizketa oso pobrea izanik, edo hizkuntzara pasa gabeak hizketaren bariaketak, oso zaila da edozein historia kontatzea garantia minimo batzurekin (beste exenplu bat ene irakurle maiteak, ez al duzue probatu inoiz zein zaila den euskaraz txiste bat kontatzea?) Honek guztiak ez du esan nahi —euskal linguista askori entzun diodan bezala, bere esperientzia pertsonala kontatu didatenean— gazteleraz izkribatzea errazagoa zaionik euskal idazle bati ere. Horrek esan nahi duena zera da, planteamendu literario bereziak egin beharko dituela euskaraz nobela hori egiten hasterakoan, eta Bilboko subauzunetaz testu errealista bat egiteari —adibidez— utzi egin beharko diola euskarak edo txukerak aldaketa handi bat ematen ez duen bitartean.

        Harira itzuliz: poemagintzaren ugaritasuna prosaren zailtasunean ere bilatu behar dela. Eta hirugarren arrazoi bat ere ekar genezake hona, eta hau da euskal eskritoreen gaztetasuna; ia ez dago beteranorik eta eskritore gehienak urrun daude bere heldutasunetik (eta historian izan direnetan ere, heldutasuna ailegatu baino lehen hildakoak ba dira bi baino gehio).

        Arrazonamendu baldarrak, demostraziorik gabeko tesi harrigarriak, egunerokotasunik eta, aideplano konplexua, hara hemen orain arte aurkitu dizkiegun zehaztasunak. Baina gehio ere ba dira, eta hauen artean, ideologizazioa ez da hutsaren hurrengoa. Eta honetaz hitzegiteko Lasagabasterri irakurri niona (nik ez dut, inolaz ere, Lasagabasterrekin edo hemen aipa nitzakeen beste guztiekin sartu nahi, esan dut lehenago ere hauen iritziak gizartearen ispilutzat hartzen ditudala, ez baita aurkitzen horiengan tesi konfliktibo bakar bat ere) hartuko dut abiapuntu bezala.

        Hau esaten zuen kritiko horrek nobelagintzari buruz: "nahiz eta orain arteko nobela hauk euskaraz izkribatuak egon, ezin daiteke esan BENETAKO nobelak direnik"...

        Jakina, hau irakurrita edozeini burura lezaiokeen lehen ideia hauxe litzateke: nola ote daki tipo honek zer den benetako euskal nobela bat idatzi ere idatzi gabe dagoen sasoiean, perspektiba historiko ttikienarik gabe? Galdetzekoa da halaber, zer suposatzen duen BENETAKO horrek, nork emango dion nobela bati egiaztasun hori, nobelak egiteko modu bakar bat suposatzen duen edo ze letxe.

        Eritzi honetaz ia ahaztuta nengoelarik, filma osteko berbaldi horietako batetan beste antzeko bat entzuteko aukera izan nuen. Hala esaten zuen batek euskaldunak zinea ikastekotan Madrilera joateko duen beharraz: "okerrena zera da, hara joanez gero EUSKAL IZPIRITUA galdu egiten dugula, eta IZPIRITU ESPAINOLA sartzen DIGUTELA (haiek guri) ordez". Eta esana gehitzeko, eta adibide bezala zera esan zuen, madrilekoak La Celestina irakurtzen zutela, hori zela bere tradizio kulturala, baina ez gurea.

        Gogoratzen dut baitaere —eta Saizarrek "Beta" liburuaren hitzaurrean aipatzen du berriro— Zeruko Argian argitaratu zen artikulu batetan, eta Guerra Garridok planteiatu zuen polemikaren barnean, Rinconete y Cortadillo "bere" tradiziotzat nola hartzen zen (guretzat zer gelditzen zen ez naiz akordatzen orain), eta, antza denez, esaera hau ere aipaturiko zinegilearena da, E-Izpiritua I. Espainola aipaturiko antinomiaren hildotik doalarik.

        Oraintxe bertan eskutan daukadan egunkarian ere, eta euskal arteari buruzko lan batetan, perla hau sartzen zait begitik: Euskadin ezin daitezkeela euskal arte bezala jo euskal PENTSAERATIK urrun zeuden batzuk egindako obrak, hala nola ermita erromanikoak. Ez duela nahi (Gonzalez de Zarate jaunak, artikuluaren egileak) ermita guzti horik arbuiatzea, zibilizazio baten, zibilizazio kristauaren PASOA, iragatea adierazten dutenez gero, baina berak, berarentzat eta bere semeentzat beste gauza bat nahi duela, gure herriaren jatorri eta joera benetakoa ("lo auténtico" bere hitzetan) hain zuzen. Euskal kultura ez zela euskara bakarrik eta ez zela 1.332an hasten, askozaz lehenagokoa zela.

        Adibide gehiagotan luzatu gabe arestiko esakuntzak beste honetara bihur genitzake: ba da euskal izpiritu bat ahistorikoa eta zenbaiten ustez paganismoaren garaietatik datorkiguna, bene benetan euskalduna, zeina bereskuratu behar dugun zeren izpiritu espainolak eta izpiritu kristauak kendu egin baitigute, eguna gaua (hots, oposizio peto petoz borrokatuz) kentzen duen bezala.

        Gauzak hola, Lasagabasterrek "benetako nobela" eskatzen duenean, "euskal izpiritua duen nobela bat" eskatzen ari da, euskaraz idatziz bakarrik lortuko ez dena. Horregatik, baitaere, muzin egiten dio, kosta egiten zaio "herri-tradizioa" ez den beste edozein tradizio aipatzea (mistiko kastellanoak Lauaxeta influentziatu zutela, adibidez) hori egitea euskal izpiritua kolokan jartzea bait litzateke (bere ustez, noski).

        Bestalde, gaurko euskal ezkertiarrek nola ametituko dute, bada, gure herria Maria Goretti baino mezatiago izan dela, eta dela oraindik ere?... hobe da gure historia erlijioso guztia kolpetik ezabatzea (tradizio horrek beste oraindik antipatikoago batetara garamatzanean, hots, espainolera eta latinora, ukazio hori egiteko are eta behar gehio ikusten dute). Ez, euskal izpirituak ez du zer-ikusirik erlijio kristauarekin, eta gainera, zer dira bada 1.000 urte... ahuntzaren gau erdiko eztula, horixe, gehienera gehienera hamar mende.

        Hasieran esan dudanez, platonismo hau (euskal ezpiritu hori zer da-bada bestela, platonikoa ezik?) gizartearen ispilu da, eta zehatzago esatearren, gizartearen hiperpolitizazioaren ondorio, honen aplikazio mekaniko bat. Mimesi hau Arestiren garaikoak bezain baldarrak ez ba dira ere jeneralean ("zuk ez duzu nire gaztaroko giroa ezagutu, ez dakizu zer zen hura, euskaldun askok ez zuen naranjarik jaten Valenciakoak zirelako" izkribatu zidan behin), eta gaur Don Quijote espainola delako ez irakurri nahi izatea oso joera normala ez bada ere politikaren baitan sorturiko kontzeptuak mekanikoki aplikatzea ez da hain gauza harrigarria gertatzen.

        Gure gizartea hiperideologizatua dago, eta aurreko ale batetan esan genuenez lan politikoan dabilen askok, ideologiara nolabaiteko teoriatik pasa ondoren, eskema edo hitz pare baten soiltasunean bukatu du bere karrera. Hemen, beraz, politika hitza ez dugu bere zentzu jatorrizkoan edo hartzen, baizik eta joera ideologikoaren zentzuan, zeinen izenean gizarte antolaketazko lanetatik kanpo (boterearen aurkako borrokatik kanpo, euskal ezkerraren kasoan) beste biziera eta aktibitate oso deuseztatzen diren, deuseztatzen edo haren anekdota huts bihurtzen (zure gogoz edo zure gogoaren kontra, zeren aktibitate politikoak ez baitio "harnasa hartzen" uzten beste ezerri, eta kristo guztiaren eguneroko bizitza zilipurdikatu bait lezake ehundik 3 (hiru) politizatu batek; eta hau hemen eta kontxintxinan). Zentzu honetan, euskal prentsak (sopa gansa) eta abeslariak eta beste askok, esan eta errepikatzen dute nola lehen, diktaduraldian, kultura (?) lanetan murgildu beharra zegoen, baina nola gero, borroka zuzena egin beharra zegoen eta abar. Kultura delako hori besterik ez dagoenerako gelditzen da, edota, euskaldunaren aspergo eta nekeak edozein aktibitate moeta harriskuan jartzen duenerako (hijiene funtzioa, hots, kultura dutxa zentzuan).

        Ideologia, errealitatearen maskara baizik ez den pentsaera denez —pentsaera hertsi eta komunika-ezina— bazter guztietara zabaltzen da, gauza oro esplikatu nahi du, eta aktibitate guztiak kutsatzen ditu petrolioa bailitz. Honetan ere, oroesplikatzaile borondate honetan, sinismen erlijiosoaren sistemarekin antza dezente du ideologi politikoak. Ezin izan zitekeen bestela "euskaldun fededun" lemapean bizi izan den gizarte batetan, eta sinismen batetik bestera pasa garela esatea ez da hipotesi txarra. Objetua aldatu da, baina sistemak lehen bezala dirau (ikus, pundu honi buruz, Javier Sadabaren "Sistema de creencias" deitu liburua).

        Euskal ikuspundutik ari diren politikariak (niri zentzu zabala iruditzen zait hemen komenigarriena) bere definizioa bilatzen eta egiten ari dira, eta bere herriarena (justu justu nirea ere ba den herri honena) eta ene ustez definizio hori, ideologikoa izanik, barbaroa da, bitriolikoa.

        Arlo batzutan, historian adibidez, karlismoa hartzen da "euskaldun" zirenen politika bezala, eta gaurko abertzale asko haiekin gonparatzen da. Santa Cruz apaiz integrista, anarkista abertzale inkonsziente bat bihurtzen da, eta liberalak, noski, euskaldun gaiztoak bezala ikusiak daude (hau bada historia zientifikoa, "kontzientzizazioa" "Kontxiren sensazioa" dela esatea ere zientifikoa da, batez ere Bizkaian, non zeta ez den ondo ebakitzen).

        Politika berari ere —hots, bere aktibitateari— heriotasun zentzu bat eman nahi diote, eta "sofrimendua" "martiriak" eta horrelako hitzak sarritan enplegatzen dira, zeren politika, "gure" politika aktibitate desnormal bat baita, sakrifizio asko eskatzen duena (sakrifizioa oinezko euskaldunentzat, jakina, ez baita beti horrela gertatzen dotrina horien sortzaile askorekin). Adibide bezala, Monzonen kantak hor daude ikusi nahi dituenarentzat, erortzen banaiz lepoan hartu eta segi aurrera... inor gelditzen bada behintzat, ezta?

        Literaturaren arloan azaldu ditudan eritziak ere ideologizazio honen ondorio dira. Don Quijote española da eta ez irakurri, jaunak. Kultura espainolak ez du zer ikusirik gurekin (la hostia da, hau esaten dutenak, askok behintzat, erderaz jaio eta hitzegiten, balsea dantzatu eta futbolean jokatu baizik ez dutela egin kontuan hartuz gero) eta gainera negatiboa da (bada ez, kultura espainolarik gabe ez dago euskaldunen definiziorik, eta eskertzekoak dira La Celestinak, Mistiko kastellanoak eta beste; kultura guztiak dira aberasgarri hauzokoarentzat; eta Nafarroa Euskadi bada, zuek esango didazue zer den probentzia hori kultura espainolik gabe. Beste gauza bat da Madrileko gobernua eta estatuko oligarkia gure etsai izatea, hor norberak ikusi beharra dauka zer egin, independentista izan edo federalista edo zer dakit bada).

        Eta kristautasunik gabe, espainoltasunik gabe, eta laburrago esatearren, gure historiarik gabe, zer izan gaitezke aberrazio bat baizik? (aberrazio exenplu berri bat kolekzionatu dut azken egun hauetan: orain, Olentzerok ekarri behar omen dizkie ume euskaldunei erregaliak —santa sekulan gertatu ez den gauza— eta ez Hiru Erregek —Alkizako azken baserrian ere betidanik ezagutuak— hori tradizio espainolekoak omen dira eta).

        Euskal izpirituaren kontu horrekin joan zaitezte Cataluñara, eta eman ezazute bakea jaunak.

        Behar bada hobe izango zen euskaldunentzat ez balitz kristautu, edo ez balitz latinizatu, baina urak joan eta gero —Txirritak esan zuenez— ezin harrapa daiteke amorraia. Eta barbaro berri horik bere joerak aurrera eramaten ba dituzte oso herri polita geratuko zaigu, bai jaunak, kartoi harrizkoa, txuri berde eta gorriz pintatua eta —funditutako ordenadore bat bezala— memoria eta iragan huts baten jabe orguilosoa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.