L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren praka (1979-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Lana

 

Andolin Eguzkitza

 

Goizeko bederatziak dira eta insititutura heldu berria naiz, gaur egun osoan egiten baitut lan, goizeko bederatzietatik arratseko zazpietararte. Hizkuntzalaritzarako institutua da hau, nik ikasten eta lan egiten dudan tokia. Egun oso eguraldi ederra dago, atsegin dudan eguraldietariko bat. Zerua goibeltsu hodeiez beterik; ez dakar hala ere, euria, eta haizea kulunkari dabil beheko aldeko parke eta lorategietan orbela toki batetik bestera bultzaka dabilelarik. Haize epela, masailetan ederkiro jotzen duen haize leun eta fina. Lana, egia aitortu behar banu, ez da gogorra, eta ez dut ezer egin behar, denborarik luzeena neuretzat erabil nezake. Institutua etxe zahar batetan dago Koloniako unibertsitate-hauzunean. Beheko aldean Egiptologiazko mintegia dago, eta oin bat gorago, bigarrenean, Afrikamistikazkoa; gaineko hiruotan gu gabiltza. Gerrostean egin etxe bat izan behar du beronek, hain baita txar eta itsusi, deus ere ez zegoenean eraikitako etxea seguru asko. Honez gero ezin daiteke ezer berrantola, liburuen pisuaz ormak jauts bailitezke eta irakasleen langelak izan ezik gortaki baten antza handia dauka. Oin batbederan komun bi daude, komun zaharrak eta txiki txikiak, lehenagoko denboretan ohi zirenen antzekoak. Haatik asko egiten da lan, nahiz eta oso jende guti etortzen ohi den hemendik. Ez dut inoiz, nik uste, ene egotaldi hau ahantziko, asko ikasi baitut eta anitz jende ezagutu.

        Bele baten antzo —egunon— esan dit gure nagusiak, katu baten moduan higitzen den gure buruzagitxoa, neska txiki zatar bat, honez gero gizonarengandik aldendua. Sukaldera doalarik kafea gertatzera, sukalde txiki bat baitaukagu laugarren oin honetan, gorpuzkera jende faltsuei legez higitzen zaio, ipurdia ezker-eskuin eta sorbaldak gora-behera, beraren sendimenduak ezkatu behar dituen sorgin baten modura. Adatsa dauka eta aurpegia ez du itsusi, baina katutzar bat bezalakoa da, Jainkoari eskerrak ez zaio egundaino sudurpekorik hazi; mesedezka aritzen den pertsona okaztagarri horietako bat, baina bira egin eta borbor duena ahoa esamesez eta hirakaz, eta irakasle zuzendariaren aurrean polito agertzearren, burutik erdi eginda dago jainkotxoa bestalde, edozertarako prest dagoena. Erantzun diot eta neure liburua irakurtzen jarraitu dut, orain goizean mahaitxo baten ondoan, atetik hurbil, nor sartu eta egiten den erreparatzeko. Arratsalderarte ba dut denbora nahikoa gogaitzearren eta aspertuta amaitzeko.

        Atzo gertatu zen ederra ordea. Ba dago hemen neska zahar bat irakaslea dena, ez nago seguru baina berrogei bat urte eduki behar du; egia esan, aski txarra izaten naiz jenderen adinari igartzeko eta gehienetan gutiago jotzen dut behar dena baino, hala eta guztiz ere hortxe inguru dabilkeela eginen nuke. Heldu da eta deihadarka hasi, saldua izan delako guraz. Handi xamarra da eta ileak holliak ditu. Normalean ere egiten duenean berba oso gora mintzo ohi da, atzo ordea institutu osoa betetzen zuen bere zaratotsez, zeren entzun behar baitzitzaion, ezin bide daitekeelako ikasleekin fida, eskergabeko hutsak baikara. Aurten, izan ere, bertan lan egiten dugun ikasle guztiak, langile gutziak, bat izan ezik, ikasleak garelako batera, haren etxera gomitatu gintuen arratsalde batetan, zeredozer hartzeko edo, eta langileak ere izanik nonbait, guretako hiru sei t'erdietan barik bostetan joateko agindu zituen askaria presatzeko lagun zezaten. Guztiz dago zoraturik, beraren xakurñoa bera bezala esanen nuke, biak bizi baitira batera, eta zeinek gehiago esan gabe ez baitakit, nahiz eta susmatu egiten dudan, inguruan erotzeko prest: eta ez da noski kasu bakarra, oraindik ezin izan baitut ondikotz unibertsitatean ezagutu beharrean egon nintzen beste neska zahar irakasle lodia, txakurduna hura ere, osotoro ahaztu. Atzo zenbait lege berriren kontrako greba zegoen Alemania osoan, eta ikasleak haren eskolara joan ez zirelako gorroto ziotela zebilen esaka, beraren burua munduko uzkitzat hartzen zuenik kontutan hartu gabe. Hainbeste irakaslerengan soma daitekeen jainkosindrome famatua bera; besterik ez, egia bada ere haren heina neurrizkoa baino gorago dagoela. Eta beti izaten da hala.

        Hortxe dator berriro kafe bete edalontzi eskuan Annemarie, hala baitu izena, irriparrez dator, seguru asko zeredozer agintzekotan dagoelako.

        —Martin?

        —Zer? —artega jarri da ja honelako erantzun zuzena irriparrik gabeko entzun duenean. Ez dit begietara begiratzen.

        —Herr Rosenberng-entzat liburu hori, mahaitxoaren ertzekoa fotokopiatu behar da. Eginen duzu?

        —Hi egonen haiz begira bitartean?

        —Bai, noski.

        Atzera etorri naiz eta nire jezarlekuan jarraitzen dut. Hamarrak hamar gutxiago dira, laster nik edo Karl-ek postagulegora joan behar du gaurko gauzen bila...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.