L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott tropikala (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itzulpenak—

 

Ene bizia uhainarekin

 

Octavio Paz

 

euskaratzailea:
Gaxuxa

 

Itsaso hura uzterat nindoanean, uhain bat aintzinatu zen bertze guzien artetik. Arina zen eta liraina. Bertzeak oihuka ari izanagatik, bere soineko harroari loturik, atxiki beharrez bezala, besotik hartu ninduen eta eni segitu, jauzteka. Ez nion deus erran, beldurrez eta ahalgetuko zela bere lagunen aintzinean. Gainera, handienen hasarrezko behakoek ene indar guziak kentzen zauzkidaten.

        Herrirat heldu ginenean, esplikatu nion ez zitaikela hola gauza onik, hiriko bizia ez zela harek bere uhain osotasunean asmatu zukeena, bere denboran sekula ez itsasotik alde egina eta!

        So egin zautan serioski: ez! erabakia zuen ez itzultzea. Eta hantxet nindagon egin ahalak ezin eginez, batean eztitasunez betea, bertzean gogor edo trufatzaile. Nigarrez ari zen, oihuka, batean ferekatzen ninduela eta bertzean mehatxatzen.

        Barkamendu galdatu behar izan nion. Biharamunean trabak agertu ziren. Nola igan treinerat, kontrolerrak, ibilkakariek eta polizak ikusi gabe? Egia erran, legeek ez dute deus aipatzen uhainen treinetan erabiltzeaz. Bainan huts hori bera aski zela gure bortizki jujatzeko dudarik ez da. Gogoeta ainitzen buruan presentatu nintzen gararat treina abiatu baino oren bat lehenago. Leku bat hartu nuen eta nehork ikusten ez ninduen batean, ur-untzia hustu nuen eta ene adiskide uhaiana hantxet ezarri pollikiño-pollikiño.

        Lehenbiziko halaezbeharra gertatu zen ene ondoko senar-emazte batzuen haurrek aitortu zutelarik oihuka, egarri zirela. Oraikoan ene trantzetik atera nintzen haurreri eskainiz edari fresko eta limonadak. Onartzekotan zaudenean, emazte bat jin zitzautan egarriak itoa omen zagola: pentsatu nuen hura ere gomitatzea bainan bere lagunaren behako tzarrak beiratu ninduen deusen erraitetik. Emazteak hartu zuen paperezko baso bat, hurbildu ur-untzirat eta dutxulua ideki. Basoa erdikala bete zueneko, hantxe sartu nintzen emaztearen eta ene lagun uhainaren artean. Emazteak behatu zautan harriturik. Barkamendu galdegiten nion artean, haur batek ideki zuen dutxulua. Eta nik bortizki hetsi. Orduan emaztea ikusi nuen basoa ezpainetarat zeramala: "Puah! Ur hau gazia da!". Haurrak ere gauza bera. Ibilkari zonbait xutitu ziren. Senarrak kontrolerrari dei egin zion: "Gizon hunek gatza ezarrri du ur-untzian". Kontrolerrak deitu zuen treineko buruzagia: "Zuk ezarri ahal duzu zerbait ur horren barnean?".

        Treineko buruzagiak deitu zuen poliza: "Zu zira ur hau pozoinatu duzuna?" Polizak bere aldian ekarrarazi zuen komisarioa "Zu zira pozoinatzailea?" Komisarioak deitu zituen bere eskuko zaduzkan hiru zaintzaile. Hok ezarri ninduten bagon batean bakar bakarrik, ibiltarien behako gaixto eta zikinen artetik eramanez. Lehen gelditokian jeutsarazi ninduten eta busakoka eraman presondegirat. Zonbait egunez nehork ez zautan hitzik atera, galdaketa luze batzuetan baizik. Ene gertakaria kondatzen nuenean nehork ez ninduen sinesten. Ez eta presondegiko zaintzaileak ere! Burua inarrosiz erraiten zautan: "Zure kasua seriosa da, biziki seriosa! Haurrak pozoinatu nahi!"...

        Gau batez azkenean, prokuradorearengana eraman ninduten. "Zure kasua ez da xinplea", zion. "Igortzen zaitut jujearengana".

        Holaxet pasatu nuen urte bat osoa. Azkenean jujatu ninduten. Nehork ez baitzuen kalterik ukan, ene gaztigua arina izan zen.

        Handik denbora guti barne, libratu ninduten. Presondegiko buruzagiak deitu ninduen: "Huna, libro zira. Xantza ukan duzu. Ez ahal zira berriz hasiko. Urren aldian untsa gostako zaizu!" Eta behatu zautan jende guziek ere botatzen zautaten so bortitz harekin. Gau hartan berean treina hartu nuen eta zonbait orenen bidaia akigarri baten buruan Mexikorat heldu nintzen. Taksi baterat jauzi egin nuen eta etxerat sartu.

        Ene bizitokiko aterat hurbiltzen entzun nituen kantu eta irri karkailak. Bularrean min bat senditu nuen, uhainak ustegabean "zafla" joiten gituenean bezala: ene laguna han zagon, kantuz eta irriz beti bezala. "Nola jina zira?" galdegin nion. "Arras aisa: treinean norbaitek lokomotibaren barnerat ixuri ninduen segurtatu ondoan ez nintzela ur gazi bat baizik. Bidaian untsa inarrosi izan naiz. Ustegabean ur-laino xuri batean jiratzen nintzen eta handik ixtanteko euri xehe batean jeusten maxinaren gainerat! Frango mehatu naiz eta zonbait xortagalduere...!"

        Ene lagunaren hor izaiteak ene bizia kanbiatu zuen. Etxea bera ere funtsean! Orain artio barne-bide ilun eta nuble errautsdun batzuez beterik baitzagon, bat batean airistatu zen eta iguzkiz argitu. Bete zen bozkariozko arrabots eta dirdira berde eta urdinez. Zonbat uhain, uhain batean! Eta nola egiten ahal dituen pareta batetarik, bular batetarik, kopeta batetarik, hagunez ingurinatu eta, plaia bat, arkaitz batzu, uharri batzu! Ez zen errauts eta ondarkinez bete zoko zikin bat bera haren eskuek unkitu ez zutenik. Han ez zen gehiago irriño eta hortz xuri dirdirarik baizik. Iguzkia plazerrekin sartzen zen ganbara zaharretan eta han egoiten orenak eta orenak. (Bizkitartean, bertze lekuetako, hiri eta herrietako etxeak aspaldidanik abandonatuak zituen). Eta zonbait gauez, frango berantz, izarrek ikusi zuten, berak afrontaturik zaudela, ene etxetik ateratzen gordezka.

        Amodioa josteta bat zen. Betiereko kreazione iraunkor bat. Dena zen plaia, itsas-legar, ohe, beti bere mihise freskoekin... Ene besoetan hartzen nuenean, xutitzen zen, ezin sinetsizko lerdentasun batean, zurxuri baten trunko ixurgarri bat bezala. Eta lerdentasun hori ixtanteko loratzen zen, lumak jalgitzen zitzaizkiola eta irri karkail batzuetan ene ilearen eta soin-buruen gainerat erortzen, ni xuritasun batez estaliz. Edo ene aintzinean luzatzen zen, uhartze bat bezain bururapenik gabe, nihaur ere uhartze eta ixiltasun bilakatuarazi artio. Bertze batean ingurinatzen ninduen musika batek bezala edo ezpain neurrigabezko batzuek bezala. Haren presentzia zen fereka, murmurika eta musuzko harat-hunat bat. Haren uretan sartzen nintzen eta erdi itorik, begiak hetsi eta hantxet nunbait, izigarri goiti aurkitzen nintzen xoradurarik handienean, misterioski zintzilikatua, gero harri bat bezala erortzeko ene burua sendituz goxoki pausatzen, idorte batena luma bat bezala.

        Ur haiek kulunkatuz lokartzea ez ditaike deuseri konpara nun ez den mila azote arin eta goxoek joz iratzartzeari. Bainan ez nuen sekula uhainaren erdia kausitzen, haren izaitearen koropiloa hunkitzen. Funtsean, berharbada uhainek ez dute emaztea zaurigarri eta hilkor egiten duen lekuño hura, botoin elektrika hura, nun oro koropilatzen eta gogortzen baititu handik ixtanteko alditxarturik bezala erortzeko!...

        Haren sendikortasuna, emaztearena bezala hedatzen zen, ura hedatzen den bezala harri baten inguruan, gainerat erortzean. Bainan haren hedadura urrunago zoan, nunbaiteko izarrak kausitu arte. Haren maitatzea zen ezin asmatuzko izar urreneko batzuekin dardaratzea.

        Haren gorputzaren erdia aldiz... Ez, ez zuen erdirik, huts bat baizik, zirimola bat iduri. Eta zirimola harek bereganat biltzen ninduen eta itotzen. Luzaturik bat bertzearen ondoan, gure segeretuak elgarri salatzen gintuen ahapetik. Holaxe egoiten ginen dena murmurika eta irri. Halako batean, kurumilkatzen zen eta ene bularraren gainerat erortzen, barreatuz belar idor baten finfirarekin. Gero maxkor bat bezala ene beharrian kantuz ari zen. Edo umil eta argal, ene zangoetarat erortzen zen animale ttipi bat bezala. Hain zen garbia nun bere gogoeta guziak ikusten bainituen. Gau batzuen haren larria estaltzen zen halako distiratasun batzuez. Haren besarkatzea, suz larrantzatu gau puska baten besarkatzea bezala zen. Bertze batzuetan, ilun eta kirets izaiten zen. Eta ustegabean marrumiaka eta hasperenka hasten zen. Haren intzirinek auzoak iratzarrarazten zituzten. Itsasoko haizea bera ere, arrabots heiek entzutean, etortzen zen etxeko atearen karrankatzera edo teilatuetan gaindi bazabilan erreberitan, sukar-amets batean bezala.

        Egun hedoitsuek kexarazten zuten: mubleak puskatzen zituen eta, zer nahi erranka laidostatzen ninduela, hagun beltz-xuri berdaska batez estaltzen ninduen. Tuka eta sakreka, nigarrez hartzen zen iragartuz.

        Ilargiaren, izarren, eta bertze munduetatik etorri argien meneko bezala baitzen, noiz nahi aldatzen zen itxuraz eta umorez, itsas-aldia bezain xuxen. Bat batean hasi zen arranguratzen bere bakartasunaz. Etxea bete nion maxkorrez eta belauntzi ttipi batzuez. Baina bere hasarrezko egunetan denak funditzen zituen. Zonbat aberastasun ez ziren holaxe galdu! Bainan ez zitzaizkon aski, ez ene untzi ttipiak ez eta ere maxkorren kantu eztiak etxean ezarri behar izan nion arrain kolonia bat. Aitortu ere behar dut ez nituela jeloskeriarik gabe ikusten ene adiskidearen baitan iherikan, haren ilea apainduz argi dirdira ezti kolorezko batzuez. Arrain haien artean baziren batzuk bereziki basak eta okaztagarriak, iduri tigre ttipi batzu beren begi handi geldiekin eta mutin arraildu-haragijalekin. Nik ez dakit zer erokeria lotzen zitzaion ene lagunari heiekin jostetan hartzeko hoin gostuan, goritu ere gabe, erakutsiz ezagutu nahi ez nukeen berexkunde bat.

        Orenak pasatzen zituen kreatura laztagarri heiekin hetsirik. Egun batez, gehiago ezin iraunez, atea errotik jalgi eta sartu nintzen heien artean. Lerden eta mamu batzuk iduri, ene eskuetarik ihes egiten zuten, ene adixkideak irri karkailaka jotzen ninduela bidenabar, erorrarazi artio. Ene burua senditu nuen itotzen ari zela. Eta hiltzeko heinean nintzanean pausatu ninduen musuz estaliz eta xurxurikatuz nik dakita zer. Ene burua ahul, ehotua eta umiliatua senditzen nuen. Nahiz denbora berean, atseginik begiak hetsarazten zauzkidan! Haren boza eztia zen eta itorik hiltzearen goxotasunaz mintzo zitzautan.

        Eneganatu nintzenean, lotsaturik, ene lagunaren hastiatzen hasi nintzen.

        Denak beren gisa utzi nituen. Ene adixkiden ikustera abiatu nintzen eta hain maite nituen ezagun batzuekin harremanetan sartu.

        Gazte denborako neska lagun bat aurkitu nuen. Lehenik zineginarazirik segeretua atxikiko zuela, kondatu nion uhainarekilako ene bizia. Emazteak ez ditu deusek hainbertze hunkitzen nola gizon baten salbatzeko ahaltasunak. Ene salbatzaileak eginahalak egin zituen, bainan zer dezake emazte batek bere gorputz-izpirituekin, ene uhainaren kontra, hau beti hain aldakor eta beti bera iduri betiereko bere aldakuntzetan?

        Negua jin zen. Zerua beltzatu zen eta lanbroak estali zuen hiria. Eurixka hotz bat hasi zen. Ene laguna gau oroz oihuka ari zen. Egunaz, bazterturik zagon ezti eta basa, hitz bat bakarrik marmarikatuz, atso zahar batek zoko batean bezala. Hoztu zen. Harekin lo egitea zen gau guzia hotzak ikaran pasatzea eta polliki polliki hormatzen senditzea hezurrak, odola eta izpiritua. Bilakatu zen sakon eta uher.

        Kanpora nindoan ardura. Eta ere etxetik kanpo egoiten gero eta luzazago. Bere zokoan orroaz ari zen. Bere hortz zorrotz eta mihi latzarekin paretak higatzen zituen eta artesiak suntsitzen.

        Gauak atzarrik iragaiten zituen eni erasiaka. Edo amets tzar batzuetan zagola, erreberian ari iguzkiarekin eta itsashegi beroekin. Amets egiten zuen lur-buruan zagola. Eta, horma puska handi bat bilakaturik, itsasoan gaindi zabilan zeru beltz batzuenpean gauez gau, hilabete osoak.

        Laidostatzen ninduen. Gauza guziak madarikatuz irri karkailaka, etxe guzia fantasmaz betetzen zuen. Sakontasun handienetako mamu tzar itsusieri dei egiten zuen. Eta elektrikaz beterik, hunkitzen zituen guziak kiskailtzen zituen doi-doia hunkitu orduko.

        Lehen hain eztiak ziren haren besoek, soka bortitz batzuek bezala itotzen ninduten. Eta haren gorputza, berdaska eta elaztika, azote bat bezala ari zitzautan jo eta jo.

        Alde eginen nuen. Arrain laztagarri heiek bota zuten halako irri basa tzar bat. Mendietan, pino gorai eta pendoitzen erdian, askatasunaren iduriko aire fresko eta mehatx batez hatsa hartu nuen.

        Hilabete bat iragan zen eta berriz itzuli nintzen. Erabakia nuen.

        Hainbertzerainoko hotza egin zuen, nun marmolazko ximiniaren gainean, su itzaliaren ondoan, hormazko itxura bat aurkitu bainuen.

        Haren edertasun gaitsestuak ez ninduen hunkitu. Zaku handi baten barnera bota nuen eta bizkarrean harturik atera nintzen.

        Ostatu handi batetako nagusiari saldu nion. Eta hunek mila puskatan xehaturik, botoilak freskatzen zaduzkan eltze baten barnean ezarri zuen.

        Holaxe burura zen uhainarekilako ene bizia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.