L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Panpina Ustela (1975-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Maite zaitut, eta kito

 

(Ba dakizu, maite, nondik, noiz eta nola diren borobilduak hitzok, eta ez direla berresanak izanen beste inorentzat inondik, inoiz eta inola).

        Arbolek euria ari dute ta agian aterkirik gabe abiatu zara Urumea bazterreko bidetik helbururik ez ibili ta ibili hezurrak urezkoak bailiran inorekin topatzeke negarrak lehenengo astean ahitu ziren pentsatu. Bakarrik. Iragan neguko plastikozko gabardina arina ez zait atsegin azpiko jertze ta galtzak agerian uzten dituela biluzik zoazela dirudi. Hatzazal itsusiak sakeletara gordeak ukabilean hestutuak. Iragan neguko adats luzeaz naiz oroitzen euria zure kopetaren aurka errabiaz kristalezko zipriztinak sortuz eta urrezko melena luze bustia beharri laburrak aidean atzera geure gaztetasun guztiahaldunaren bandera zein ederra. Itzal itzazu begiak euriak ito eginen dizkizu-ta ezkuta. Herri lantegidun hartako baserritar kutuna, inork kontzertuetara eraman ez zaituna. Aurrera zoaz halare oraindik ez zaizu nunbait harri koxkorrik botan sartu hainbat aldiz eskolara bidean eginiko ibilialdia. Ene gorputzak aideari ohosturiko itxura ez dagokizu neurrira apur bat buru-makur sartu behar izanen zenuke irudi hutsean. Herritik maitea ni zugandik nora bidali naute. Bainan nik neure azalaz bildu nahi zaitut hatzak zure bihotz-ostean gurutzatu zure itsas-bazterra erasoka hartu neure apar hamorratuaz miazkatu garbitu egosi zure bularretan beldurrik gabe hondoraino murgildu belar gozoa ezpainez laztandu dastatu bertigoa. Ez izateko zurekilan entradarik entradarik. Zertan duzu gogoa nora da zure oroimena zerk txertatu dizu holako hotzikara. Nigan zure maitearengana ene gorputzaren oihartzunak txertatutako hotzikara noski. Bideari atxikia buru-makur ene irudian sartu ote pentsakor lurrari so galtzak bustiak dituzu nik ere maite zaitut ez izan hortaz penarik ez eta ere xangrinik. Aspaldiko kontu zaharrak zoroak musu bat emanen dizut egun gertatu zaidana asmatuz gero. Lana aurkitu zenuela ez zenidan eman ez iadanik aspertua zara lanetik nahiago duzu belardian etzanik suaren poema hura gogoratu besoak zabaldu ez dator inor maldan gora ene eskuez oroitu egun ez dut alfabetazio-lana eginen. Bere nobioak estrapuz egin du bizitzan. Eta zer. Diotela. Amodioa fidelagoa urrundanik. Malkoak estalaktitak bilakatu ziren. Ez ahal nakusazu. Hemen nauzu. Zuk ni. Iguriki nazazu. Ez zaitut ez kitaturen sekulan nik sekulan nik. Itxadon egon zaitez. Hemen ere euria da. Arbolarik ez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.