L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mermelada Ustela (1976) —Hurrengo artikulua




 

 

Eta examinak gaizki egiteagatik kateatu egiten gaituztek xarra (eta guk Nafarroako kateak ere ezkututik kendu nahiean!), eta pentsa ezak, klasera joan beharrean baxoerdiak hartzera joaten garelako haserretu egiten dituk, eta ezin ditek ulertu fonetika bost axola zaigula, eta latin hartu beharra ere izaten diagu, eta mehatxuka hasten dituk, jendilaje honek ez dik txikiteo artistikoa ezagutzen xarra, gu badakik, sasia maldaren alde.

        Baina gauza batzuk ezin dizkiagu katilupean gorde hi, nik hori guztia konprenitzen diat, zer eginen diok ba, itxurak gorde egin behar dituk, batez ere unibertsitate erlijiosoetan eta, arrazoi puntta bat ere badutela aitortzeraino iritsiko nintzatekek, baina ezin konprenitu dudana, eta behingoa barkatzekoa duk xarra, baina ez baitakit zenbakarrena den honez geroz, ba esaten nian bezala, hasitakoa bukatu egin beharko, ezin konprenitu dudana, edo hobeki esateko, gehiago ezin soporta dezakedana, euskal unibertsityarena duk, eta hitz batek bestea, noren izenean ari zaizkiguk xarra, zer oholkia duk hau, idiak min eta gurdiak soinu, mihina leku bustian zegok bai, neronek ere bazekiat horrenbeste, baina oraingoan ez ote dabiltzan mihina hortzak baino aurrerago aterata negok, bueno xarra, ez didak orain esanen, agerian dagoenak ispilu beharrik ez aizak, orain arte latin zopaz jan bagaituzte hemendik aurrera baztan zopaz nahi gaituztek, zera, ahaidearen ahaide pariente, eta herorrek ere badakik xarra, zopak baraurik denarentzat direla, eta azken finean, abstemioa denak ezin baitu besterik, eta begira zer esaten diadan, apustu eginen nikek beren tesina inefableak hauspetik atera eta nola edo hala euskaratzen hasiak direla, baietz xarra, euskal kulturarena egin dik, horretarako hobe ziaketen intxaurrak berotzen jarraitu, berdinean jarraitzeko demokrazia antolatzen ditek zenbaitzuek, eta deskulturizatzen jarraitzeko euskal unibertsityaz apropiatzen dituk ez gutik, baietz xarra, baietz.

        Xarra, lagun zintzoa, negarra libre duk.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.