30
aldizkari argitaratu zituen Susak 1980tik 1994ra, 33 zenbaki
(horietatik hiru bikoitzak izaki). Lehen aleak EUTG ikastetxea
du helbide, bigarrenak Donostiako Herrera auzunea 1980ko apirilean
(azalean Rafa Serrasek egindako logotipo betirakoa), eta laugarrenetik
hamaikagarrenera Donostiako Alde Zaharra 1983ko martxoa bitartean.
"Ttonto-ttonttuan iritsi gara eta atzeko atetik sartu; eta gainera
ia ezer ikusi gabe irabazi! Gero eta indartsuagoak gara, gero
eta trebeagoak... Laster nobelak idazteko gai izango gara". Estreinako
bost urteetan Mikel Antza, Mikel Hernandez Abaitua, Josu Landa,
Xabier Montoia, Eneko Olasagasti, Pablo Sastre eta Iñaki
Uria dira eragile nagusiak (portadista: Julio Pardo); hala eta
guztiz, sorkuntza literarioak hartzen duenez toki zabalena, asko
dira Susan plazaratzen diren idazle izenak, Euskal Herri osokoak.
1983an bilakatu zen argitaletxe, Xabier Montoiaren "Anfetamiña"
poema liburuarekin abiaturik (indar handiz aurreneko lau urteetan:
34 liburu); eta horrekin batera Argia astekariaren helbide bera
zekarren, Donostiako Egian aurrena, Lasarte-Orian 1990ko abendutik
1994ko abendura. Gorka Arresek eta Iñigo Aranbarrik gidatu
zuten azken zazpi urteetan. Susaren 31, 32 eta 33 zenbakiak Lubaki
Bandak burutu zituen (Asier Serrano, Xabier Aldai, Harkaitz Cano,
Gari Berasaluze...). Ale monografiko eta gehigarri berezi franko
kaleratu zituen Susak, noiz edo noiz errezitalen bidez aurkeztuak.
|