L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

Mari Carmen Abasolo

 

Leku hau iluna da. Ez da gau baten edo gerizpearen iluntasuna, berezkoa baizik, kolore beltzarena. Ez dut ezer ikusten, ezin dezaket ezer ikusi, eta nere buruari galdetzen diot zertarako ote diren nere begiak iluntasunean. Ostean, entzun dezaket ezer entzunik ez. Aldrebeskeria!

        Latza da hemen izatea. Izatea ez, irautea. Toki honek txikia izan behar du. Airea agortzera joango balitz bezala igartzen dut. Higitzen naiz. Zerbait ahozkatzen dut, baina nere ezpain lehorrak mututzen dira. Gainera, min ematen du aireari bakarrik hitz egiteak. Honela, obe da pentsatzea, bakarrik pentsatzea. Isiltasunak asko laguntzen bait die pentsamenduei.

        Lurra hotza dago, ormak ere bai. Aireak hezetasun handia du. Ahozpez ez nuen ezer egiten eta zutitu naiz, eskuak luzatu eta pauso bat eman. Ez nabil ondo, baiben handia bait dut. Lo ez baina mundutik aparte bezala sentitzen naiz. Zerbaitekin topo egin dut. Bigun samarra. Alde egiten dut. Erortzen naiz.

        Zerbaiten oihartzuna entzun nahi nuke. Ezer ere ez. Ahalegintzen naiz zutitzeagatik eta tarranaz biguntasunarenganaino noa. Lurrean marra handi bat egingo nuen, nere pisuaren marra.

        Gauza hau aztertzen dut. Nere hatzamarrek ez dute bizitasunik. Lana poliki doa, baina eten gabe. Gogoaren indarrak narama, gogoaren indarrak. Jausten diren zarramarrez, nere oinak estaliz doaz, baina tente jarraitzen dute. Bakarrik nere barrua dabil arnasestuka, nere gorputza iratzartzeagatik.

        Lekua txikia baina beharbada orma sendoa izango da. Eskuak ormara josita ditudala gira-birei egiten diet, gero eta azkarrak eta berriz ere lehengo tokian gelditzen. Leku honek ez du aterik. Ez ote da iluntasun hau, isiltasun hau, nere buruaren kateren bat?

        Aztertzen jarraitzen dut; zuloa handituz doa, sakonduz, sipunduz; nere besoa barruratuz ere bai. Ene! zar da! nere hatzazalek ez dute zer azterturik. Ateratzen dut besoa eta zulotik begiratu. Hau mina! Izpi ahaltsu batek nere ezkerreko begia erre du. Nere begi gaixoa hitxiz doa, hitxi da, eta nere eskuineko esku lohiak tapatzen du. Gero geldirik.

        Orain, begi biak hitxita, zuloa handitzen saiatzen naiz. Orma samurra da. Ez!, ez!, zer ikusten dut? Argia besterik ez!, itzaltzen ez den argia! Hamar eguzki uda bateko egun zoragarri bateko eguerdiko hamabietan.

        Nere aldameneko gela ez da iluna, argia baizik, baina argia liluragarria da, harritzeko hainakoa. Bere aurrean begiek hitxita egon behar dute, bestela goritzen dira eta beren izatea galtzen.

        Eta non ote dago erdiz-purdizko lekua? Aurki ezin dezakedana? Inork aurki ezin dezakeena?

        Zulotik datorren aireak nere aire hezea lehortzen du. Arnasa hartzea gaitza egiten zait. Jausten naiz. Itoko ote naiz zulo hori hil baino lehen?

        Bakarrik eskatzen diet nere buruari, nere barruari, nere erraiei, zain dezatela nere gogoa, nere desioa bizirik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.