L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa (1981-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

—«Donostia Hiria» Ipuin Lehiaketan lehen saria—

 

Gurutzegramak egiten zituen gizona

 

Mikel Hernandez Abaitua

 

In memoriam G.A.

 

Kalamuzko aulkian eserita dagoen beltzez jantzitako andrea eztiki mugitzen da ezkerraldera. Silak kraska lehor bat egiten du, bere ipurdia, bere ipurdi handi eta mamitsua mugitzean. Emeki, goizeko lehenengo orduetan, leihora ematen duten argien bideetara begiratzen du, egunsentiaren esnea bilatu nahiz bezala. Bera, 67 urtetako trapo zirpildu bat; hain da trixtea 45 urtetako seme bat hiltzen ikustea... Ekaineko goiz epel hontan gogora joaten zaizkio ñabardura guztiak, haren bizitzaren ogi papurtxo guztiak peregrinazio absurdo batetan, peregrinazio guzitak diren bezala, pentsatzen du, ibilera ordenatu eta desordenatu batetan gertaerak, pasadizuek, dena burura bueltatzen. Bere semetxoaren haur garaietatik zetozkion gogorazioak... eta irriparre bat formatzen du gaztain zimelak bailiran, ustelduak dauden ezpain zimurtuetan.

        Berak dena konta zezaken nahi bazuen, bere ama propina baitzen, txikitatik nabaritzen zitzaion gurutzegramekiko bere zaletasun bitxi hura... apenas aharrausi simulatu bat egiten du bere semearen gorpua zaintzen duten kandelen kearen zentroan, gaupasa egina baitzeukan jadanik ahaztuak zeuden malko eta tristuren erdian.

        Hain bakarrik bizi izan zen bere seme hark ez zuen nahiko laguntza izan, pertsonengandik esan nahi da, gizona eta emakumea beti bakarrik bizi baitira munduaren azkeneko izkina zikinenean. Eta hain erraz amaitzen ari zitzaion bizitzaren bukaeran kontatu behar zion bere buruari bere semea izandakoa. Gilen. Gauhil honetan zeharo hilik dagoena. Bere ile beltz-kirrua. Gilen. Begi grix urdinak, haserratzeko bere manera berezi hura. Trixte eta serio jartzeko bere zera hura. Nola konprenitu bizitzaren misterioa, bere sabeletik ateratako zirpila, gauza handi hura bera zela? —Eta hila.

        Lau urtekin egin zuela bere lehenengo gurutzegrama kontatu behar zion bere buruari edo nornahiri. Egia zen gurutzegrama hura haurrentzako egina zegoela, baina ez edozein haurrentzat, ez pentsa, baizik eta bera baino lau urte gehiago zituzten haurrentzat. Eta berak oso erraz atera zuen; atera zion hobeto esanda, zeren zortzi urteetako anaiari egin baitzion, irriparre inuxente batekin bere superioritatea jakin gabe adieraziz. Oso pozik zegoen bere deskubrimenduarekin, hori arpegian nabaritzen zitzaion, bere begi alaitsu haiek... ai ene... eskolara joan baino lehen bazekien izkribatzen eta letzen, hoixe baietz.

        Emakumeak geldi geldi begiratzen dio leihoaren hegalean dagoen euli handi bati, baina begirada areago luzatuz, konturatu gabe, mototsa esku batekin moldatzen du.

        Zenbat, zenbat gurutzegrama egingo zituen gero, bere semeak 41 urte luzeetan... Auskalo. Aurreko egunean etorri zitzaion gizonak, bizarduna eta zahartua bera, semearen gurutzegramak estudiatu behar zituela esan zion; semiologia edo semasiologia edo zer deabru ez zekien esan zuen ere. Ala ez? Baina zerbait esan al zion? Egia esan ez zen gogoratzen, orduan oso mundutik aldendua baitzegoen, trixtatua, birrinduta. Eta gizon harek bueltatuko zela esan zion. Baina zer axola zitazion?

        Normalean bi edo hiru egiten zituen egunero eta etxean gelditzea nahiago zuen, ni josten ari nintzela, kalean gora eta behera ibiltzea baino. Aitak amazulo esaten zion baina Gilenek ezta kasorik ere. Beretzat bizitza hitzetan eta koadroetan zegoen, beste inon ez, baina hori ezin zuen inork entenditu.

        Hemezortzi urtekin izan zen gutxi gora bera nere laguna Maritxuren alaba enamoratu zela Gilenekin eta honek nola ez zuen ia beste neskarik ikusten borondate onez onartu zuen Uxoaren karinoa. Honek bazekien ondo zer nolako bizitza espero zitzaion baina kontura gabeko konpresio bat azaltzen zuen beti. Edade hortarako koadernoak eta koadernoak beteak zeuzkan, eta orduan izan zen hasi zela saiatzen ez gurutzegramak askatzera baizik eta bera, bere kasa, fabrikatzera. Nik izkutuan eta kuxkuxean begiratzen nituen ordu galduetan eta haietatik sortzen ziren historiak dastatu nituen. Lehendabizi koloreen gurutzegramak zeuden, gero animalienak eta hola, baina jarrian, eta zahartzen zen neurrian, materia oso diferenteetan zeuden klasifikatuak. «Egi garratzen gurutzegramak» errezatzen zuen titulo batek: egia, gezurra, bizitza, erlijioa, zerua, gosea, boterea... «Hitz zoriontsuen gurutzegramak»: infernua, sexoa, esnea, gurutzegrama, uxoa, ama, tea, heriotza... «Joan eta aneren historia», «Santa katalina eta seme tontua»... Eta beti horrela milaka koaderno milaka gurutzegrama milaka gaietan banatuak.

        Perito Merkantil ikasi zuen eta karrera bukatuta bulego batetan jarri zen lanean. Kontatu zidanez, jabeak ikusten ez zuenean bere gurutzegrama berriak asmatzera eta fabrikatzera dedikatzen zen.

        Oso kuidadosoa bere semea, benetan. Egiten zituen gurutzegrama guztiak koaderno batetara pasatzen zituen bere fetxaren laguntzaz jarriak. Hasieran berak ez zion inportantzia gehiegi eman baina haziz eta handituz zihoan proportzioan gehiagotzen zen bere gurutzegramekiko zaletasun eta erraztasun harrigarri hura. Zeren oso gauza jakina baita: menperatzen duzuna gustatzen zaizu.

        Azken egunak, bere gaixotasunean murgilduta, laztarriak izan ziren oso, estertoreetan amildua baitzen gizon gaixua eta izugarrizko oihu espeluznanteak egiten baitzituen. Azken doloreak oso jasangaitzak omen ziren beti, medikuek esan zutenez, eta bera oso konorte normalean zegoen, bazekien hiltzen ari zela. Gibela pure bat egina zeukan.

        Gurutzegramak altxor preziatu bat bezala gordetzen zituen, gainera ni garbi aliegatu nintzen ikustera haietan, gurutzetan eta koadroetan, bizitzaren explikazio garbi bat zegoela, bizitza mamitzera iritxi zen gizonarena.

        Eskolara joan zen lehenengo egunetik oso garbi, oso heldu esan zidan han esaten zen guztia bost axola zitzaiola eta orduan esan nion gurutzegramak egiteko jan behar zela ere: «primum vivere, deinde philosophari». Konprenitu, ondo konprenitu zuen zailago dela bizitzan atzera ematea edo suizidatzea, inertziaz aurrera joatea baino eta alegrantzi desprokupatu handi batekin hartu zituen bere ikaskizunak, gurutzegramak egiteko posibilitatea emango zioten estudioak. Harrezkero betiko hartu zuen ohitura: lehendabizi lana eta gero gurutzegramak, askotan orden hori aldatzen bazuen ere.

        Bere aulkitik eguzkia altxatuz ikus dezake, bere gogoetatik, bere gogorazioetatik urruti dagoen eguzki borobil bat. Kandela gehienak erdi gastatuak daude, malko txuriz beterik, elkar lehian ez gastatzearen lasterketan. Ez dute nahi zaintzen ari direnaren heriotz berberara ailegatu, heriotz bat bakarra baitago bai gizon-emakumeentzat, bai animali edo objetoentzat.

        Uxoak oso kejati ez bazen ere, maiz esaten zion ateratzeko, baina hura kaleak ez zuen tiratzen, mila aldiz nahiago zuen bere fikzio hura, bestela aspertzen zen. Gurutzegramak beti berdin eta beti diferente ziren, gauza guztiak bezala; eta azkenean bere egitearen absurdoan erori zen, baina konturatzen bazen ere, zer axola zitzaion, bakoitzak bere errealitatea du, ondo ikusten zuen ezerk ez zuela ezertarako balio.

        Baina egun batetan serioago gelditu zen bere paper guztien erdian, eta Uxoak esan zuenez ordu erdia egon zen horrela, harriztuta, estatua bat bezala. Sekula baino areago zegoen bere errealitatean, sekula baino indiferenteago eta serioago. Behin batean, arpegian nabaritzen zitzaion ikara handi batekin hitz hauek esan zizkigun: «nere gurutzegrametako kuadro guztiak hutsik daude, ez daukate hitzik». Nik ezin nuen sinistu eta korrika joan nintzen begiratzera, baina letraz beteta zeuden. Orain hobeto ulertzen ditut haren hitz haiek baina orduan tutik ez; nola zegoen ezer egin gabe, gurutzegrama bat egin gabe. Bederatzi hilabete iraun zituen horrela (nere sabeletik ateratzeko bazainbeste) eta gero hemen daukat, bera eta biok gela latz honetan, non kandelak gastatzen ari diren bera gastatuko zen bezala eta ni laster gastatuk onaizen bezala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.