L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa (1981-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Zonbria

 

J. Bari

 

Behin izan zedin gizon bat Erdi-Haroko udazkenez Zonbria erresumara heldu zena. Gizon honek Flick izena zuen eta gutxienez hasierako lehenengo hogei eta hamazazpi hitzak entzun gura ziezaizkion zonbriar orori, esaten zion erresuma topatzeko bere senaz baliatu zela, are gehiago, senari ez ziezaion jaramonik ere egin behar izan, indar misterios batek bultzatu baitzuen. Baina onena zen —eta bakarsolasaldiaren momentu hauetan laborari zonbriarra iada haren begiei so egiten ari zitzaien haietan alkoholaren lurruneztatze edo erotasunaren xastatxo gorrian idorotzeko— erresumara heldu eta erregea non bizi zen ezin zuela jakin. Zeren, noski, berak pentsa zezan aurkitzea gaztelu, hobe, gordeleku bat erregeren egoitza eta talaia zedina haran nagusia gaintzen zuelarik.

        Laborari zonbriarrak farre egin zezan, farre egitean errapeak iharrausten dituen behi batek bezala, nola behi batek farre egitean eta errapeak iharraustean ordea formalitatezko puntu bat gordetzen duenak biharamunean bere senargaia lidian hilgo dela gogoratzerakoan Flickek betartea zimur zezan burua pittin bat erretiratzen zuen bitartean: hori zen Flickek hartzen ohi zuen jarrera golpe bat izango zuela aurresentitzen zuenean. Baina Flickek ez zituen zonbriarrak, oso jende irakurria, ezagutzen. Zonbriarrak (laborari zonbriarrak) esan ziezaion:

        —Adi ezak, Flick, hik egin behar duana duk gure erresumako mugetara itzultzea, pasatzea eta honaino gidatu hauen indar misterios hori aurkitzen saiatzea.

        —Ez, orain ulertzen dut indarrak mugan utzi behar ninduela. Gainerakoaz den bezainbatean, jauna, zure erresumara sartzean burua garaiz higitu nuen ikusteko nola indar misteriosoa herbestera zihoan zonbriar batengan sartzen zen.

        —Ah, hi hatorren erresumara eramango duela suposatzen diat.

        —Posible da... Eta nola dakizu nere izena jauna?

        —Ene errespeto guziez, galdera txotxolo bat iruditzen zaidak. Aurpegira beha hakit. Zein izen izateko itxura zeukeat? Ondo begira eta ez erantzun tartetxo batetaz adi egon barik.

        —Sandro, zalantzarik gabe.

        —Bai —haitzurra utzi eta eskua eskain ziezaion Flickek har zezan—. Beno beharrera nihoak. Gero ene etxetik pasa hadi.

        Flick, laborari zonbriarrarekin hizketan egonda gero berekiko segurtasuna neurri handiz galdu zuelarik, erregeren gaztelu eta bere etxeko kokaduraz galdegiteaz zirikatzen ez zedin ausar. Egin ahal izan zuena izan zedin entzutea nola beste laborari batek berarekin hizketan egondakoari agurtzen eta esaten zion:

        —Agur, Mario.

        Eta nola Sandro-Mariok ihardets zezan:

        —Agur, Felix.

        Flickek Felixi begira eta ikus zezan Estefan izena izateko itxura zuela.

        Eguerdia zen. Zerua osorik goibelduta zegoen eta hodei talde batetan zehar eguzkiak distiratzen zuen zeruko kristaleran bere islada bailitzan. Flick, erregea ikusten nola lortu pentsatzen ari zela, on batetaz nahiz besteaz harri bati ostikoka ari zitzaion bere pentsamendu eta karrika hautsu batetik aurreratzen zen bitartean. Erremata zitzanean («oroimenaren karrika hautsuetako batetik...» poetarena eginen dut!) harriak ostiko definitiboa har zezan, beregandik urrunduz.

        Herriko plazara allega zedin (egun hartan azoka zegoen —egon behar zen, egilea eta berarekin irakurlea ez dela eguna izan dadila etxaroten egongo—). Bere merkantzia oihu egin zezan:

        —Poesia saltzen dut: trebeki bordatutako sonetoak, bertso librezko poemak oso prezio merkean.

        Erregea hurbil zekion. Erregeak eta eskolta buruak hitz batzuk elkar esan eta errege eta Flick oihanera sartzen zen bideska batetik joan zitezen.

        —Poesiaz beste, zer eskaintzen duk?

        Klickek sendoki pentsa zezan sakonki pentsatzeko eta esan ziezaion:

        —Berba batetaz unibertsoa suntsitzeko ahalmena. Badaukak? —alferrik galdetzen zuen erregeak, ezen erantzun guztiak ezagutzen zituen.

        —Ez, oraindik ez zeukeat. Horretan ari nauk.

        —Ahoskatuko bahu, mundua arrakalatuko litzatekek?

        —Arrakalatu? Ez huen ezer geratuko. Gainera, hori gertatzeko gogoan izatea nahiko izango huen.

        Erregea motzondo batetan eseri eta Flickeri aurpegira bota ziezaion:

        —Hiltzaile bat haiz.

        Flickek ez zezan ezer esan.

        —Egia esaidak. Zertara etorri haiz Zonbriara?

        Plickek berehala erantzun zezan:

        —Munduko erregerik indartsuen bihurtuko hauen arma hiri eskaintzera.

        —Gezurra diok. Ihesi ari haiz. Hik uste duk laborari zonbriarrari engainatu hiola? Hik oso ondo dakik hau herbesteko erresuma dela.

        —Indarra...

        —Indarrez ez mintza eta are gutxiago misteriosoak badituk. Hik ez hekiena huen, gizakiak lurralde honetara etorrarazi dituzten zergati guztiak herbesteko erresumaren erregeak ezagutzen dituela. Zergaitik ez didak hitzegiten hire lagun minenaz, hik egindako salhakuntzarengatik urkatu zutenaz.

        Flick negarrez has zedin. Ira apur batetaz esan zezan:

        —Hi ere, gauzak garbi ikusten dituztenetakoa haiz? —Erregea, bere betebeharra baitzen (herbesteko erresumaren erregea zenez gero), hunki zedin:

        —Ez, horretan ahalegintzen dut bederen. Hator —Oihanetik irten zitezen. Hotz zegoen. Urrutiko mendietako baten maldan gaztelu bat eta bere baserria zailtasunez nabarmentzen ziren, haiek bakarrik auskalo nondik sortutako eguzki izpiak argituak. Inguruko hotz eta grisarekiko kontrastearengatik gazteluak eta baserriak hada ipuin batetik aterata ziruditen.

        —Begira —erregeak seinala zezan— morala eta matematikazko logika batetortzen diren erresuma hor zegok. Bere ateko ataria pisatzeaz bakarrik, hilgo haiz.

        —Eskerrik asko —esan zezan Flickek eta urrutiko mendietarantz arineketan has zedin. Bere ahotsak, motelduz, prometi zezan: Poesia egiten utziko diat hara heldu baino lehen hitz itzela txuliatzeko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.