L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-4 (1982-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Osaba amerikanoaren kolt disparoa

 

Felix Aiestaran

 

        Gela hartako zuritasun isilaren zirarra itsaskorrak, bertan mamurtzen zen hutsean, ohe funtzionalaren gainean zetzanaren etengabeko arnas hots behartuaz tarteko etenaldi ozenetan astintzen zen aire esterilizatua irensten zuen. Pairatzailearen bihotz taupada aldaketa ñimiñoena edo gorputz barneko erreakzio ezkutuena zehazteko elektroentzefalograma botoi, Skanner kamara aurreratuenaz, elektrokardiogramaren pantaila koloretsu eta higikorren dardaraz, gaisoaren haragi bizi aztarna oro sublimatua zen klinika tresneria sofistikatu hartaz, bere zaindari batazuridunen betaurrekoen kristaletatik zehar hiltzen zitzaien izozturiko begiradapean. Tresneriaren keinu eta hots metalikoak gizatiarragoak ziren bere sentsibilitate doiaz, ohe gaineko gorputz zaharkitu, erkindurikoari, besoan iltzeztatua zuen hoditik zehar, zientifikoki egitarauturiko taupada hotzetan indarge ziren zahinetan birrindarturiko odol arrotza banatzen zionean. Izerdi erreka izpiek aurpegi larru ihartua zeharkatzen zuten, hauts eta zirugiaz gaizki disimulaturiko zimurdura sakonek eratzen zituzten hildoen gaindi. Klinika tresneriaren bidez ernalduriko taupadak, izugarriak gertatzen ziren gelako isiltasun fosilizatuaz parekatzean. Argi dardara ultrasentikorrez josiriko sare korapilatsu hartan inongo hots aztarnaren gabeziaz, lanean zihardutenen arrain aurpegi hezurtsuak adiera ezaz gauzifikatuak zetzaten. Pairatzailearen begi izpiak argirik gabe bekain azpiko zuloan sakonki ezkutatzen zitzaizkion, amets izugarri baten hegaletan zintzilikatua balitz bezala.

        Leitzearen grabitazioaz sentitzen dut gorputza gorantz lurruntzen leunki, inola ere somatzen ez dudan indarrez katapultatua, ez dut nabari sabaiaren hondorik, leitze horma ilunen abiada ziztu eramankorraren iragaite koloreztatua baizik.

        Pantailetan gizonaren garuneko zelulak, bihotz taupada eta odol tentsioaren marra dardartiak, koloretan astindu ziren, gaisoarenganantz une labur batetaz zaindarien lepoak okertuaraziz.

        Eremu lilurakorra gertatzen zait, bihotzean itsatsiak ditudan gorri, urdin eta zuri kolorezko itsaso lautua, nik aginduriko gudu itsasontziaz zeharkatzen dudanean. Ordenaren bake mutua xurgatzen dut larru poro orotatik, gudari gazteñoekiko nere ordenupe kuestionagaitza, aireko hegazti eta itsasoko arrainen ausertziaz, airearen beltzezko fereka urkatuak bekokia leunki igurtzitzeaz eta nuklearrezko indar ahaltsuaz bultzaturiko motor hots, bere erritmikotasun husturiakor, mutuaz lilurakorrak, harrotasun betea barreiatzen dit gorputz osoan.

        Bata zuriko zaindari prestuen kirio sistema epelak, lasaituak ziren, beraien tratamendu mediku orekatsuaz pairatzailea kontrolatuki sendatzen ari zenaren ezaugarriak begi-aurrean zituzten pantailetan zekuskitenean.

        Zuri, urdin, gorrizko itsas eremu honen gardentasunak adieragaitza den zirrara bortitza damait, baina ezin dut jasan eguzkiaren boterea, horren beroa higuingarria zait eta bere irudiak ez du nik menderaturiko itsasoaren distira metalizatua. Biziduna dirudi, ni zain nazan, norbaitek ene gainean jarri izan balu bezala. Gaua nerea da, baina orain eguna nahi dut neureganatu! Gudaritto aluok ken zaitezte nere aurretik, oraindik zutik zuzen egoteko aginduak jarraitzen du, ez al duzue ikusten ganbarotean dudan urrezko kolt-a bila noala korrika.

        Tresneriaren paintailak gainezkatuak ziren kolore gorriko marra nabariez; medikuen kezka justifikatua zen, jadanik ez zekiten tresneriak gizonari zemaion bizitza ala gizakiak tresneriaren horratz sentikorrak higitzen zituen, konprenigarria zitzaien gauza bakarra pantailetan agertzen zen urduritasun gainezkatua benetazkoa zela, zen.

        Kontrol dorrera iristean ziurra ez den gaipenaren gudu aitzinak ematen ohi didan izu hutsala eta era berean harrotasunaren horratza sentitzen dut bihotzean, nabari berri dudan eguzkiaren jauntiarkortasunarekin aurrez aurre ene barne zirrarak lurruneztatzen dizkidan begiez so natzanean. Izerdi ibai lehorrak sentitzen ditut masailetan, hanka eta eskuen dardara nabaria, gudarien begiradetatik disimulatu behar dut. Eskuineko eskuaz kolt-aren mangoa bortizki eutsia eta behatza ezarria dut gatuan. Oinak lurrari itsatsiak sentitzen ditut, gorputza neurrigabeko etxetzar baten bertigoaz astindua. Eskuineko besoa luzaturik jasotzen noa pausatuki, kolt-aren urreak isladatzen dituen eguzki izpi errekorrek begiak itsutzen dizkit, gudarien begiak kiskaliak dakuskit, eguzkiari so zuzenki, izerdia irakiten, gatua higigaitza iruditzen zait, izua, soldatua egongo balitz bezala, begi erreak, gatua zapaldu behar dut, izerditan blai, orain bai, erdi erdian....... BOOOM

 

W. Press agency— Reagan zaintzen duten mediku prestigiotsuek diotenez, birika zeharkatu zion balaren espero gabeko beste ondorio gaitzik ez bada sortzen bere osasunaren egoera orokorra ontzat jo daiteke. Besteladetik aipagarria da New York-eko boltsak iraganiko astean pairatu zuen gorakada. Boltsa mugimendu hauek, edozein begiralek ikus dezakeen bezala, Reaganen atentatu ondoko osasun aldaketen arabera oszilatu dute.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.