L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-6 (1982-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Joan Mari Irigoien:
«Niretzat hitza, bizitzari forma ematen dion zerbait duk»

 

Iñaki Uria

 

        Badirudi ausartu direla Poliedroaren Hostoak argitaratzera (ba huen ordua txikito!) R.M. Azkue saria irabazi eta bi urte luzez ilunpe gordinean egon ondoren.

        Hor izango duzue, Durangoko azokan, Altzako medikuaren semearen nobcela luzea, eta, seguru eder hau.

        Bere egilea, Joan Mari, irakaslea dugu gaur egun, nahiz eta bere bizitzan zehar, futbolista (sporting, sanse... eta ia, ia, errealekoa), Injinadorea (Opusen ikasia) eta Venezuelan bizi izan den.

        Heriotza, Literatura, Bizitza, Euskara; euskara, bizitza, literatura, heriotza.

        Bide hauek aukeratu dízkik geure elkarrizketak, ze ingo ziou ba!, ez zegok itzultzerik; bizi dena heriotzaz betetzen ari den bezalaxe, betetzen duk hutsa hitzez, beste hitzak bide bazterrean utziz.

        Norbaitengan zertxobait pizten badiagu, ez duk alperrikakoa geurea, ezta?, Joanmari?

        — Badira bi urte hire nobelaren bidez saria irabazi huela eta oraindik argitaratu gabe dago. Zer gertatu da horretan?

        — Nobela horrek oso estruktura hautsia dik, eta, orduan, idatzi nuenean, horretaz aprobetxatuz, oso kapitulu diferenteak egin nizkian. Batzu nahita sartu nizkian, gerora kentzea pentsatzen banian ere, eta arrazoi bategatik sartu nizkian. Nik ez diat ulertzen zergatik aurrezki-kutxa batek gelditu behar duen saria irabazi duen nobelarekin, eta, orduan, kapitulu batzu lotsagabeak edo konprometituak sartzea pentsatu nian, horrexegatik hain zuzen, pentsatzen nuelako horrela ez zutela argitaratu nahi izango. Azkenean horrela gertatu duk, baina ezin diat esan horregatik izan den ala ez. Agian, nik pentsatzen ez ditudan arrazoiak ere izango dizkitek. Azken finean, nire elukubrazioak dituk horiek.

        — Argitaletxeetara jo huen gero...

        — «Ereina» joan ninduan geroztik, eta, noski, problema bat gertatzen huen, luzeegia zela. Lehen esandako kapitulu horiek, agian, soberan zeudekean, baina, halere, horrelaxe entregatu nian, Andu Lertxundik irakurtzeko kargua hartu zuelako; haren eritzia jaso nahi nuelako; dena irakurri, eta, zer jarri eta zer kendu, haren ustez, guztiz interesgarria zitzaidalako.

        — Eta zer nolako arazoak sortu hituen argitaratu ahal izateko?

        — Problema nagusia izan duk batez ere lehenengo zatia, nire eritziz, nolabaiteko estilo poetiko edo filosofikoa erabiltzen dudala, eta orduan estilo zaila duk; ez, ez duk komertziala. Alde batetik, euskaraz idaztea beti minoria batentzat duk, baina nire obra minoria horren barruan beste minoria batentzat gerta zeitekek. Orduan gertatzen duk beraiek badakitela dirua galduko dutela, eta tirabiran ibili gaituk aber, zer edo zer ken zitekeen. Azkenean erabaki genian gauza batzu kentzea, batzu nik pentsatuta neuzkanak eta beste batzu erabaki ditek...

        — Azkenean ateratzea erabaki ditek...

        — Bai, ateratzea erabaki ziaten. Beraiek esaten duten bezala plan testimonial batetan argitaratu eta hortik aurrera ikusiko diagu.

        — Orain geratu den bertsioarekin pozik al hago?

        — Bai, hori aitortu behar diat, orain askoz hobeto gelditu duk.

        — Baina ze zentzu izan zezakek bukatuta dagoen zerbaiti orrialdeak kentzen hastek?

        — Nobelak estruktura irekia zeukak. Orduan, mila planutan desarroilatzen duk eta horietako bat gaizki egina baldin badago edota gehiegi desmadratzen bada, hobe duk kentzea, ezta? Dena dela, nire eritziz hobe gelditu duk orain dagoen bezala.

        — Eta ez al haiz beste argitaletxeekin saiatu?

        — Ez, gertatzen duk Ereinekoek esan zidatela, hasera batetan, interesatuak zeudela, eta orduan, emandako hitza azkenera arte betetzea gustatzen zaidanez ez diat beste inora eraman. Gertatzen duk, liburua irakurrita, beren dudak izan zituztela. Nire ustez gehiegi tardatu ditek, kriterio literarioak eta kriterio komertzialak zeudek eta bien arteko borrokatik sortzen duk liburua. Dena dela, herenegun edo ikusi nizkian kontuak, defizita alegia, eta orain hobeto konprenitzen diat tardantza hori.

        — Tratu ekonomikorik egin al duzue?

        — Bai, liburu defizitarioa izango denez, egile eskubide horiei dagozkion ehundik hamar horri uko egin zioat, baina inoiz edo irabazirik balego niretzat izango hukek. Ongi iruditzen zeidak gainera, ulergarria. Agian hilda gero, zer edo zer kobratuko diat.

        — Eta eskubide horiei uko egitea ez al zaik kezkagarria edo kaltegarria iruditzen?

        — Gaizki dagoena Oilarraren promesarekin egin didatena. Hori bai salagarria dela!!! Berriz argitaratu ditek, eta nirekin ez ditek ezta kontsultatu ere egin. Korrekzioak egiteko aukera ere ez zidatek eman. Eta ez duk diru kontua, beste asuntoa duk: Gizonki ez jokatzea. Beno, gizonki edo, behintzat, emekiroki.

        — Definitiboki esaiguk... noizko?

        — Bazirudik Durangoko Azokarako. Bigarren probak zuzendu nizkian eta bazirudik oraingoan aurrera doala; azken esprinean negok. Estatu kolpe bat ez baldin badago behintzat; estatukolpearekin esan nahi diat bigarren semea edukitzea... adibidez.

        — Sar gaitezen orain beste hire liburuekin. Lehenengoa Hutsetik esperantzara poema liburua izan zen, ezta?

        — Bai, zaletasuna beti izan diat, baina garai batetan halako barne behar bat sentitu nian zenbait gauza euskaraz idazteko, eta idatzi nizkian neronentzat, inori eman gabe irakurtzeko. Anuntzioa agertu huen eta Irungo Sarira presentatu nian. Saria irabazi nian eta argitaratu egin ziaten.

        — Eta Oilarraren promesa?

        — Hori izan huen Venezualatik etorrita, euskararen arazoa planteiatu nizkian eta ikusi nian euskara, etxekoa bai, baina gramatikalki oso gutxi nekiela. Orduan okurritu zitzeidaan euskara ikastek nobela bat egitea. Eta ikasteko zera horrekin, Oilarraren promesa atera huen.

        — Hori euskararen aldetik izango duk. Aldiz, literatur ikuspegi batetik begiratzen badiok, eta teknikarenatik hain-zuzen, bazegok hor hizkera narratibo ezberdinen ezagutza eta erabilpena.

        — Ez zekiat ze puntutara arte bainan nik pentsatzen diat hori asko datorkidala... Bada, esan diat lehen, asko mugitu izan naizela. Barrendik ba zeuzkeat artesiak... edo horrela, barrendik oso hautsia negok, horrekin zerikusia ba duela pentsatzen diat. Gauza batekin hasi eta beste bat egin behar diat. Hortik agian estiloen haustura. Azkenengo obran ere horrela duk asko.

        — Zer duk barrendik hautsia izate hori?

        — Nahiko natural ateratzen zeidak. Nire bizitzari buruz mila ikuspuntu bizi dizkiat, hori ere izan zitekek. Zentzu literario batean..., ni literatura letzen oso berandu hasi ninduan. 18, 20 edo 22 urteak arte futbolean aritu nauk, paseatzen eta barrena begira. Irakurri gutxi. Gero Benezuelara joan eta han hasi ninduan. 25 urterekin edo. Orduan konturatu ninduan, irakurtzean, oso estilo diferenteak zeudela. Ez zirela berdin Rulfo bat edo Oneti bat. Orduan, ene barnean sentitzen diat,  ez diat esango Rulfo bat, bainan bai haren itzala. Hark idazten duenaren itzal bat. Eta handik niak. Beste momentu batzutan beste norbaiten estiloa duk, eta handik. Ez duk kopia bat, bainan handik niak. Beti gauza diferenteak ateratzen dituk, ez dituk kopiak, bainan gauza orijinalik ere... ba dakik...??

        — ... (zintan ez dago)... (Heriotzaz)...

        — Alde batetik, nahasketa erlijioso batetik, pekatua, inpernua, heriotza, eta bestetik nire aita gaiso ezagutu nian beti. Horregatik tendentzia negatiboak datozenean, hamarretik bederatzi ilun dakusadanean, beste BAT horri heltzen saiatzen natzeiok. Nerea borroka bat duk, barne borroka bat bainan esperantzaren aldekoa. Batzutan esperantza lurtar bat izan zeitekek, mutiko bat ikusi eta haren irrifarraz aski izatea. Eta beste batzutan izaten dituk residuo batzuk, ez zekiat erlijiosoak edo zer, bainan bultzada batzuk, eternitate sentimendu batzuk. Oso iheskorrak eta erlatiboak izaten dituk, edota ametsezkoak, bainan hortxe zeudek. Erakutsi ziguaten eternoak ginela. Gero deskubritzen duk ezetz, eta erortza bat zetorrek, desbarajuste handi bat. Halaz eta guztiz ere noizean behin hor agertzen duk sentimendu hori, azpitik bezala. Egia ote? Gezurra ote? Hurrengoan galdetuko zioagu Capitan Truenori.

        — Edertasun ttipi horiei heltzea beraz...

        — Bai, bueno, ez zeudek esplikazioak gauza guztientzat. Bizitza ezinezkoa duk esplikatzea.

        — Zer da hitza hiretzat?

        — Niretzat hitza, bizitzari forma ematen dion zerbait duk. Idatziko ez banu esango nikek bizi nauk bainan ez zeukeat etxerik, formarik ez duelako. Bainan idazten dudanean neure etxean ikusten diat. Edo iruditzen zaidak hala dela, igual ametsezkoa izango duk eta. Ilusio hori bizi diat. Ilusio horren aterpean bizi nauk.

        — Beste elkarrizketa batean, hire abertzaletasuna euskararenganako militantzian kokatzen huen. Zer suposatzen dik 1000 irakurle dituen herri batean idazteak?

        — Hori hala duk. Ez zekiat, guztiok gabiltzak proiektu baten atzetik, batzuk era batera, besteak beste era batera. Euskara salbatuko den ala ez?, ez zekiat. Ni ahaleginduko nauk ahal dudan neurrian laguntzen. Eta inork ez ziak ukatuko ni hiltzeko momentuan nik bizi izan dudan mundua euskarazkoa eta neria izan denik... orain arteko konbentzimendu berberekin jarraitzen badiat behintzat, inork ezin uka...

        — Betiko hori? Euskara ez da hilko ni bizi naizen artean?

        — Bai, antzeko zerbait.

        — Nolabait errexamarra sumatzen haut asunto politikoengatik.

        — Begira, 19 urterekin proposatu nioan aitari soldaduzkara ez joatea, ni kontzientzi objetorengandik oso hurbil nabilek. Nahiko hurbil. Eta bazekiat alde horretatik ere herri honetan ez dudala zeregiterik. Maila batean, horrekin ere, aislatu egiten haiz.

        Ezker aldetik hor ba zegok proiektu bat, oso atsegina zaidana maila batean, bainan beste maila batean oso kritikoa sentitzen nauk horrekin. Alde batetik lotua sentitzen nauk eta bestetik bakarrik. Dinamika horretan nabilek.

        Oso anarkikoa nauk. Ezin nauk definitu askotan. Ametsa eta errealitatearen arteko tirabirau bizi nauk. Horrek ez dik kentzen askotan definitu behar izatea. Eta definitzen nauk. Adibidez ispiluaren aurrean egunero ikusten dudan gamelua ezin uka ni naizenik. Hortxe, konkor eta guzti...

        — Benezuelan izan hintzenean hango idazle batekin bizi izan hintzen, ezta?

        — Antonio Perez Esklarinekin, jesuita huen eta atera egin huen. Oso harreman onak eduki genizkian, bereziki bigarren urtean. Maracaiboko auzo batetara joan gintuan bizitzera; azken muturreko auzo batean biziz, oso esperientzi aberatsa izan huen.

        Honekin, batez ere, Hegoamerikako egoera, bai politikoa eta baita ere hango egoera literarioa ezagutu nizkian. Idazle horren eragina. bultzada bat izandu duk ni literatur mundu horretan barneratu ahal izateko.

        — Hemen ez duk ezaguna...

        — Ez, ez. Batez ere Venezuela..

        — Eta zer idazten dik?

        — Nobela soziala. Gero artikulo batzuk ere bai, bidaiak... oso bidaizalea duk bera.

        — Hango literaturgileak irakurri hituen gero...

        — Vargas Llosa, Rulfo, Garcia Marquez, Roa Bastos, Oneti, horiek batez ere.

        — Arguedas.

        — Arguedas: oso ondo erortzen zaidan tipo bat. Gainera Arguedasen problema, iruditzen zeidak, maila batean, guk bizi dugun problema dela.

        Txikitan indioen artean hezi huen, Inca indioen artean. Gero eskolara joan, erdara sartu... Erdaraz eskribitu zian baina indioaz izpiritu... Gero problemak izan zizkian berak bizitako mundu hori kanporatzeko. Bere arnasa literatura huen, bainan ailegatu huen momentu bat, ze ezin zuela idatzi..., eta orduan suizidatu, suizidatu egin huen.

        Poliedroaren hostoak-en aipamen bat egiten zioat. Pertsona bezala oso tipo interesgarria, eta guk bizi dugun zatikatze hori bizi izan duen norbait, ez?

        — Zer jaso duk hauengandik?

        — Ni ez nauk kritikoa, bainan intuizio bezala, esan zezakeat, hauek irakurtzean, «hondo» bat bezala gelditzen zaidala. Oso ondo datorkidana; gero «hondo» horretan oinarrituz, agian gauza batzuk egiten dizkiat edo...

        — Imaginazioa, idazkera... zer duk «hondo» hori

        — Estiloa, mundua, dena. Oso diferenteak dituk Rulfo eta Marquez, estiloa, mundua... dena.

        — Joycegatik hotza iruditzen zitzaiala esan hidaan lehengo batean...

        — Nik irakurri nian eta hala duk niretzat, bainan estilo aldetik aberastasun ikaragarria. Hori esan duanean, igual Ulissesen nola kapitulo hain diferenteak ziren, hain diferenteak egiten zizkian berak... ze inkonszienteki beharbada, antzeko zerbaiten beharra sumatzen nian nik neurea egiterakoan. Izan zeiteken...

        Esaten diat, hemen ez gaituk batere orijinalak, inportanteena duk ea gauza garen geure barne mundu hori espresatseko eta kito.

        — Poliedroaren hostoak

        — Lehen esan bezala, ni naizen ke honi etxe bat bezala aurkitu nahi zioat. Fijatu egin nahi diat. Esplikazio bat aurkitu nahi zioat horren bidez. Orduan, bada nik ulertzen diat bizitza kontrarioen arteko borroka bezala, ez diat txuririk gabeko beltzik ulertzen. Dena nahastua ziak.

        Orduan bada, hartzen dizkiat karlista estremista batzuk, eta bestalde liberal estremista batzuk, ateoak hain zuzen. Batzuk dituk lurrezkoak, lurraren fijazioa eta seguridadea daukatenak, eta besteak haizezkoak, haizea dantzan dabilen bezala. Nahiko puroak egiten dizkiat.

        Lurrezko horiek espazio fijo bat zeukatek, laino azpietan dagoena, eta denbora fijo bat. Denbora fijo hori duk, bada, gurdiaren kirrinka; kirrinka, segundu bat bailitz bezala.

        Liberalen denbora askoz ere mugikorragoa duk. Zergatik? Igual, bada trena asmatzen ditek, eta trenak bihurtzen dik orduan minutu edo segundu. Espaziomailan, globoa asmatzen ditek, ez? Eta globoaren bidez lainoek markatzen duten muga hori gainditzen ditek.

        Horrekin jokatzen diat piskat, fikzio horrekin. Bainan gero, noski, bi generazio pasatzen dituk, eta hirugarrenean nahastu egiten dituk, kutsatu. Beraien sorpresarako konturatzen dituk beren semeak lur eta haizez eginak direla, erdi eta erdi. Kontradizio honen prozesua eramaten diat pertsonai berri bat agertu arte, osaba Joxe agertu arte.

        Eta hau ez duk lur/haize, haize/lur, baizik eta zelula bakoitzean lurhaizezko konposizio desberdina dik. Bi elemendu huts eta garbietatik konplexidade osoko pertsona batera ailegatu gaituk.

        — Guztiau sinbologi mundu batetan sartzen duk... lurra...

        — Bai, bai... lurrarena, gonbarazio batean, hor ibili nauk Azkue begiratzen, sinboloak aztertzen.

        — Ondo zegok, ez gaituk hasiko nobela kontatzen bestela.

        — Ez, ez. Aspertuko haiz gainera. Lehenengo, partean, uste diat gauza batzuk politak dituela, orain, ez zekiat, gogorra duk irakurtzeko, ze tono poetiko-filosofiko horrekin ezin dituk orrialdeak rra-rra-rra irakurri. Imajin asko zeudek, imajinekin asko jokatzen diat... Hor zegok, allakuidaus!

        Bigarren partea errazagoa duk nahi baduk. Estilo poliziakoa erabili diat. Hasten nauk ene osabaren sustraiak bilatzen. Eta bai al dakik zer aurkitzen dudan? Haren ezkerreko begia farola bihurturik!

        Azkenengo kapituloa Ameriketan bukatzen diat, karlistadak, gerra zibila, posgerra, eta azkenean demokrazia edo delako hau, aro bakoitzeko zeozer sartu nahi izan diat. Orduan, Amazonetan bukatzen diat, kalentura, eta zorabio bat jasaten diat eta bidai bat egiten diat inpernutik, zerutik, Danteren antzera.

        Heriotza... Beste puntu bat duk: Heriotza agertzen duk nobelan barrena, alde batetik bestera, beti keinuka, eta azkenego orrialdetan, berriz, esperantza kutsu bat bezala eman nahi zioat. Ze, esan diat, esperantza horren atzetik nabilek, hautsia nahi ba duk, baina hala nabilek, eta suizidatzeko asmorik ez diat oraingoz.

        ...Ez duk jende xehearentzat ez. Hurrengoan ez zekiat zer egingo dudan, bainan hori ere egin beharra zegok. Dena egiteko dagoen herri batean denetik egin beharra zegok. Inportantea nere ustez aportazioa duk; nere eritziarako ornaren aurrean gero eta libreago baldin ba haiz hire emaitza ere orduan eta ederragoa duk, eta azken finean ere, efikazagoa: Magister dixit, ergo sum.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.