L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-7 (1983-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—«Donostia Hiria» ipuin-lehiaketan hirugarra saria—

 

Bitan banatuko bagina bezala

 

Iñaki Uria

 

Eskutitz hau jaso dut gaur eguerdian:

        Karlos maitea:

        Irabazteko sortu hinduen lurrak bere semerik maiteena bezala. Haritz eder baten gisa hazi hau pinutegian. Osasunez jantzi dik hire gorputz lerden eta paregabea, ideiak argitzen dituen su hori piztu zian hire petxuan izpiritu sakon baten jabe egin hinduenean, eta batezere, adimen argikoa, erantzunkizun azkarrekoa eta arrazoiketa bizikoa borobildu hau.

        Lurtar izateak ordea, bere mugak dakartza berarekin, eta haritz ederrena ere, hauts bilaka daiteke mugagabearen egarriz, lortu ezin denaren pipiak janda.

        Maitasuna da gizakiaren arbola zutik iraun erazi dezakeen odola. Odol horrek zekarrek zoriona gure enborretara, odol horrek bihurtzen gaitu zoro. Maitasunez gaituk, hein berean pozez eta ero.

        Lili eder batetik bestera ibili haiz atsedenik gabe, ezti klase guztitatik edan duk asekaitz, ia lehertzeraino bapo egin arte; gozoegia iruditzen zitzaian bat, lodiegia bestea, arruntegia hurrena, edota astuna sapaian dastatzen huena.

        Aukeratutakoa ez da inoiz izan hik nahi huena.

        Malerus esnatu haiz paotxa bakoitzaren ondoren, hire gogoa bete nahiean hutsarekin egin duk topo gorputz lirainak besarkatzean.

        Hutsak egin dik habia hire barrenean. Etsi diok jada. Orain badakik txori berrri bakoitza hutsaren beste zori bat dela hiretzat.

        Ondoegi konprenitzen diat hirea.

        Bazekiat ni naizela hik maita dezakean bakarrra.

        Alperrikakoa ordea ura pasa eta presa jartzea.

Lidia

        «Karlos» irakurtzearehin batera konturatu naiz guttuna ez zela niretzat, baina ez diot irakurtzeari uzterik izan. Areago, bigarren aldiz irakurri dut. Guttunean zehar kautsitu ez dudan zerbaitek bultzatu nau berriro irakurtzera, nahiz eta oso lotsatia izan ni gauza hauetarako, nahiz eta fintzat jo neure

burua.

        Lerro horien errenkadan bazegoen ezaguna gertatzen zitzaidan zerbait, etxekoa susmatzen nuena nolabait ere.

        Zer ordea? Zerk bultzatu nau niretzat ez zen eskutitz hau irekitzera?

        Egia da despistatu samarra naizela, halaber, arestian ez dudala aspaldidanik guttunik jaso, baina horrek ez bide du esplikatzen nik sobrea ireki dudanean niretzat balitz bezala ireki dudala.

        Letra hau ez da arrotza gertatu nire begien aurrean, nahiz eta Karlos Mutiloa, nire pisu-kideari zuzendua izan. Dena den, buzoitik hartu dudanean, ez dut uste hartzailea nork izan behar zuen irakurri dudanik, bidaltzailea, Lidia soil soilik, begiratu ere egin ez dudan bezalaxe. Letra honekin niretzat behar zuen.

        Bigarrengoz irakurri dudanean argitasun izpi batzuz busti zaizkit begiak, etxeko maratila ireki banu bezala; adimena aldiz, ganbara gauez baino ilunago. Ez zen posible. Nola zitekeen letra hura Karlos berarena? Ez, ez. Ezin

nuen sinistu nenkusana. Harri eginda geratu natzaio paperari begira.

        Idaztankerak ezin zuen Karlosena izan, azkarra baita Karlos baina ez hain zuhurra. Mezuak aldiz bere pertsonarekiko ezagutza handia zerakusan. Oso hurbiletik ezagutu behar zuen Lidiak Karlos, barrendik esanen nuke, hori esateak dakartzan ondorioen beldur ez banintz.

        Halaz eta guztiz ere onartzea besterik ez zait gelditu, letra Karlosena zen. Agertu nahi nuke ordea, nola, hori sinistera ailegatu baino lehen, Karlosen gelan sartu naizen, bere eskuizkriburen batez pareka ahal nezan esku artean neukana, eta froga gero egiaztatu dudana, eskutitzaren aitatasuna hain zuzen.

        Karlosen gela bera bezalakoa da, ez zaio ezer falta, ez dauka ezer sobran, usna daitekeen desordena kontu handiz bilatutako orden bat dela ematen du. Apenas du dekoraziorik, berez antzeman daiteke alperrikakoa litzatekeela, giroa hautsiko lukeela. Ohe zabala bazter batean, mahai handia bestean; mesanotxe bat eta musika ekipoa. Liburuak han hemenka.

        Orain ohar naiteke Karlosen benetazko izateaz, hainbat urte berarekin biziz, eta konturatzen naiz bere bizitzaz ez dudala karikatura bat baino egin. Presaka bizitzeak eraman nauela, eraman gaituela, elkarrenganako defentsarako, azaleko ezaugarri soil batzu besterik ez ezagutzera. Karlos harroa da, edo izan da orain arte niretzat, arrakasta du nesken aurrean eta badaki hori ondo aprobetxatzen.

        Kanpotik begiratuta bazirudikeen zoriontsu beharko lukeela, nahiz eta maiz esan ohi didan, «hik bai ez duala problemik. Sinpatikoa haiz, ondo hator guztiekin. Ni berriz, beti eztabaidetan nabilek. Aprobetxatu egiten naizela zidatek. Giero ordea, ez duk horrelakorik gertatzen. Erabili egin naute neskek, kleenex bat bezalakoa nauk beraientzat, erabili eta utzi. Bazekitek nirekin une eder bat igaroko dutela beste inolako problemarik gabe».

        Egia esan ez nion kaso handiegirik egiten. Nola bada, hori esan eta bere horretan jarraitzen bazuen? Larria iruditzen zitzaidan, dena den, berak zioena, hartan pentsatzen jartzen nintzen bakoitzean. Larria, ze iruditzen bait zitzaidan Karlosek ez zuela inor maitatu bere bizitzan barrena, besteen gainetik sentitzen zela, bera zela maitatua. Eta maitatua izatea ez da aski maitasunean. Hilbehera bezalakoa da, alde batek argia ematen du, baina ilun jarraitzen du besteak. Alde biek eman behar dute argi ilargia, maitasuna, oso osorik distiratsu ager dadin.

        Noizpait aipatu izan dit Lidia. Orain gogora dezaket xarmanki hitzegin ohi didala bere gainean. Ez nion ordea jaramonik eman. Beste bat izango zen.

        Orain ordea, nire eskutan, Karlosen letraz idatziriko Lidiaren guttuna dudalarik, bere mahai gainean Lidiari zuzenduriko eskutitza dakusadalarik, apo bihurri bat dabilkit soinean tripa janean.

        Karlosen mahai gaineko eskutitzak, ez dit frogatu bakarrik Karlosen aitagoa bi eskutitzekiko. Haixe txar batek bezala susmo larri bat ekarri du nigana.

        Hara zer dioen:

        Lidia bihotzekoa:

        Hau hontatu zidan aitonak behin batean:

        Salamancan ikasten ari nintzenean, emagal..., «horietako» andere baten aldamenean bizi izandu nintzen garai batez. Andaluza zen bera, Carmen. Luzea, beltzarana, kopetiluna, betazal handikoa eta aurpegi zorrotzekoa, aizkoraz ebakitakoa ematen zuen. Beldurra sortarazten zidaten ikatz beltzezko begi bi haiek, bere ahots gorrak eta bere kaminero izakerak. Azkenengo pisuan bizi nintzen eta nere ate aurrean zegoen berea. Ez nuen sekulan atea irekitzen, oso ondo akordatzen naiz honetaz, baldin eta bera bere gela barruan ba zegoen. Hori ordea ez zen oso sarri gertatzen. Eskaileretan edo ezkaratzean egiten genuen topo eta maltzurra zirudidan irrifar batez agurtzen ninduen. Aguantaezina egiten zitzaidan.

        — Ona izan estudiante jauna!, eta parre egiten zuen nere gorrotoa handituz. Gustora aldatuko nintzatekeen etxez berarekin topo ez egitearren, baina etxe txukuna eta lasaia nuen hura beste gainontzekotan.

        Goiz batean ordea, ezustean, nagiak ateratzen ari nintzelarik ohean, Unibertsitatera joan ez nendin, pisuzko aitzakiren baten bila, hara hor non atea irekitzen den, eta Carmen nazkagarri hark atetik, nere baxu boz harekin:

        — Egunon, estudiante jauna!

        — Zer nahi duzu? —nik. Eta bere aurpegi ilunean, eskale, erruki, erreguzko heinu bat igerri nion.

        — Begira, jauna. Mesede baten eske natorkizu. Egin ezazu zerorrek nere partez.

        Ohean segi nuen etzanda, isilik, «nere bila zetorrek hau. Amuan harrapatu nahi nau. Kontuz Tiburtzio!», ene baitan.

        — Begira, jauna, karta bat idatzi beharra daukat nere herrira —esan zuen apalki, samur eta lotsati.

        Hori al zen? —pentsatu nuen; ondo dago!

        Altxa nintzen, mahaian eseri, luma hartu eta esan nion:

        — Zatoz hona, eta esan..., norentzat da guttuna?

        — Manuel Gonzalezentzat, Jaenen bizi da.

        — Zer esan behar zaio? Ea, diktatu!

        — ...Manolo maitea... bihotz koskorra... nere maitale zintzoa... Ama Birjinak gorde zaitzala. Eztizko nere bihotz kuttuna, zergatik ez diozu aspaldian, zugandik urrun aspertzen den, zure uso tristetxoari eskribitu? Zergatik ez diozu eskribitu hainbat maite zaituen zure Carmeni?...

        Ia, ia, parrez lehertzen hasi nintzen... «uso tristetxoa»... bai, bai. Aguantatu nuen ordea eta galdetu nion:

        — Nor da Manolo hori?

        — Manolo, estudiante jauna —esan zidan gorri gorri eginda—, nere nobioa, da.

        — Nobioa ?

        — Bai, nobioa. Zer pentsatzen duzu ba, nik ezin dudala nobiorik euki? Zergatik ez dut ba nobiorik izango, gazte izanik eta ezkongai banago?

        — Hara! —atera zitzaidan, baina guttuna idazten jarraitu nuen. Hain zen samurra, hain maitagarria, ze, esan zidan aitonak, nik neronek nahiko nukeen Manolo hura izan, guttuna bidaltzen zuena Carmen ez balitz.

        — Eskerrik asko guztiagatik, estudiante jauna. Egin al dezaket zertxobait zugatik?, akaso eukiko duzu alkandora edo kantzontziloren bat josteko premian...

        Ezetz esan nion. Urduri jartzen ninduen gainera gonadun txarolesa hark. Argi eta garbi adierazi nion ez nuela bere beharrik.

        Hamabost bat egun pasa ziren. Leihotik begira nengoen asper asper eginda. Ilunabarra zen atea ireki zenean. Carmen.

        — Libre al zaude momentu batean?

        — Bai. Zer nahi duzu?

        — Beste karta bat idaztea eskatu nahi nizuke.

        — Bueno... Manolori?

        — Ez, ez. Orain berea da karta.

        — Zer?

        — Ai, barkatu —esan zidan—, ze tontoa naizen. Ez zen hori esan nahi nuena... Eske... begira, estudiante jauna, lagun bat daukat eta horrek ere ez daki eskribitzen. Lagun horrek andregai bat du... Carmen... ni bezala izena du. Idatziko al diozu beste Carmeni?

        Behin ere baino gorriago zegoen, dardarka heltzen zituen gonak behatz lodi haiekin...; susmatzen hasi nintzen, igerri nion.

        — Adizu, entzun zer esan behar dizudan —erantzun nion—. Ez dago ez Manolo, ez Carmen, ez arraiorik. Guztiau zure asmakizun bat da, baina ez naiz zure sareetan jauziko. Ez zaitez nere atzetik ibili, ez bait duzu zereginik nerekin. Zurekin harremanetan hastea?, ez. Konprenitzen al duzu?

        Bere onetik atera zen. Aulkitik altxa, gelari bi buelta eman, ezpain giarrak behatzez igurtzi, eta kopeta zimurtu zitzaion ia kizkurtzeraino.

        — Estudiante jauna —hasi zen, buelta eman, atea ireki eta danbateko batez agurtu ninduen.

        Eserita gelditu nintzen triste, konfunditu ote nintzen otu zitzaidan. Bere gelako atearen danbatekoa aditu nuen gero. Haserre zegoen gogotik, ezpai gabe hanka sartu nuen... Bere gelara joatea erabaki, eta han aurkitu nuen, mahaian kontra, ukalondoak mahai gainean eta burua eskuartean. Larri nabaritzen nuen aitona hau kontatzerakoan.

        — Aditu ezazu...

        Zutitu zen bera, nigana abiatu begi beltz distiratsu haiekin, besoak aidean astindu, eta:

        — Bueno, eta ze inporta dio! Bai, egia da. Arrazoia duzu, estudiante jauna. Ez dago Manolorik..., ez eta inolako Carmenik. Baina ze inporta zaizu hori zuri? Hainbat kostatze al zaizu luma hartu eta papera zirriborratzea? Berdin geratuko zara zu gero. Ez dago Manolorik, ez dago Carmenik. Ni neroni besterik ez da dagoena. Inporta al du ordea ni izateak?

        — Barka —esan nion ezer entenditzen ez nuelarik— Manolorik ez dagoela diozu?

        — Hori da, ez dago Manolorik.

        — Eta Carmenik ere ez?

        — Ez da Carmenik. Ni naiz Carmen.

        Ez nuen ezer ulertzen. Mahaira joan zen eta eskutitz bat hartu. Hamabost egun lehenago Manolori idatzitakoa zen, ez zuen bidali.

        — Hainbeste kostatzen bazaizu Manolori eskribitzea, tori —eman zidan haserre lehengo eguneko guttuna—, eskribituko dit beste baten batek.

        — Begira Carmen, zergatik idatzi nahi duzu gero korreosetan botako ez duzun guttun bat?

        — Nori bota behar diot bada?

        — Manolori!

        — Ez da Manolorik eta! —eta malkotan lehertu zen—. Manolorik ez ba da, neretzat okerrago! —eta besoak ireki zituen, ulertuko ez balu bezala zergatik ez ote zegoen Manolorik berarentzat—. Nahiago nuke bat balego... ez ote naiz ba besteak bezalako emakume bat? Ez diot inori kalterik egiten. Zuk Manolori idazten diozu nere partez eta badirudit nobioa dudala. Gero Manoloren parten idazten didazu neri, eta Manolo egiazkoa da kasik. Karta hori idatzi ba zidatekeen sinistu eginen nuke benetan Manolo badela. Senargaia nuela sinistuko nukeen,... eta orduan... ez litzaidake hain zaila egingo bizitzea.

        Hamaika aldiz idatzi omen zion nire aitonak hala Manolorentzat nola Carmenentzat. Negarrez diktatzen eta aditzen omen zizkion Carmenek. Hiru hilabete beranduago gartzelan sartu omen zuten. Ez omen zuen nere aitonak haren berri gehiago izan.

        Lidia bihotzekoa, ez zekinat zergatik gogoratu naizen gaur goizean, nire aitonak kontatutako honekin. Ba ote dauka zer ikusirik geure arteko maitasunarekin?

        Hi aurkitu nahi haunat andereren bat besarkatzen dudan bakoitzean. Zergatik egiten didan ihes? Topatuko al gaitun noizpait?

        Hire eskutitz bat espero dinat gaur goizean. Hire antsia dinat. Horregatik akordatu naun igual nere aitonaren kontu honekin.

        Erotzen ari naun hire maitasunez. Mendi eta lur irauliko dizkinat hirekin topo egin arte.

Karlos

        Garbi zegoen, egutera eguerdian bezain argia. Karlosek berak idatzi zituen eskutitz biak. Bera zen Lidia, Lidiarik bazen. Egia esan Lidia bazela sinisturik nago, Karlos ba zen, zergatik ez Lidia?

        Lasai noa ibaialdera, patxadan. Seguru nago han ariko direla Karlosen, edo Lidiaren bila. Uretara bota du bere burua. «Alperrikakoa ura pasa eta presa jartzea», dabilkit buruan bueltaka. Examinak zituela, edota familiako arazoren bat, edota desengainuren bat ukan duela esango dute, Meza ere eginen diote.

        Han daude polizi eta bonberoak, jendea ere ugari hurbildu da.

        Bidegurutzean, hodeiertza zure ezpainetan lerratu denean, bion bitartean, bitan banatuko bagina bezala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.