L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-8 (1983-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Esatekorik ez

 

Iñaki Uria

 

Munduyan ezta gauçaric hayn eder ez placentic

Nola emaztia guiçonaren petic buluzcorriric

Besso viac çabalduric dago errendaturic

Guiçonorrec daguiela harçaz nahi duyenic.

                        BERNARD ETXEPARE

Bila nezake beteko nauen zakil bat,

baina ez lidake hegan egin eraziko.

Bila hezake hestutuko hauen alu bat,

baina ez liake negar egin eraziko.

                        ERICA JONG.

 

Sujetadorearen hebila askatu nahiean ahaleginduz edo lo hartu ez dit ba babo honek!

        Egia dun karga-karga eginda etorri garela, baina no me jodas, zer egiten dut nik nere ohean mamotreto honen zurrungak aditzen!

        Ducados bat piztu du Mari Lolik. Ordubiak eta laurden.

        Hasperen batean bildu zaizkio kea eta gauaren luzea. Bere izenaz ere akordatzen ez den mamoi bat dauka ohe gainean, ezkerreko besoaz gerritik heltzen dioelarik, eta, bizkar gora, zangoak belaun parean doblatuta.

        Parregarri derizkio tipoaren punto blancozko galtzerdiei, negargarri haren piurari.

        Errautsa hustu du zenizeroan. Hor dago Mari Loli den dena tipo batek gerritik helduta. Ohe gainean eserita. Blusa zuria barne-leihoaren gortinak bezala gauari irekita.

        Hartutako prezioan salduko nioke bere amatxitori! Ama Birgina ematen ez dinat ba Jesusito magalean dadukadalarik? Zer edo zer egin beharko lo hartzeko. Hau den arraiokeria: laguna etxera ekarri eta erropak kendu baino lehen, lo. Ez dinat badaezpada ere gehiegi mugituko: hau gauza dun txahala egin eta ez konturatzeko.

        Bukatu zaio zigarroa; despertadorean itzali du zenizeroa zelakoan. Kokota atzetik pasa ditu bi eskuak ile mataza beltza harrotuz. Ederra kausitzen da ohe aurreko ispiluan bere begirada erreparatzean, gela zainduaren airean gizonezko kiratsa usnatzean.

        Blusa txuria piskanaka eranzteari ekin dio kulunka, gin-tonik itsaso batean ontziaren belak haizeak puztutzean bezalaxe. Muiño pare baten antzera bularrak agerian. Titi koxkorrak tente gogor-gogor eginda.

        Ta beste hau zurrungaka!

        Ez du ezertan pentsatu nahi. Nola hartu lo? Nola kendu galtzak bestea esnatu gabe?

        Kendu dio besoa beraren gerri gainetik. Uuum. Buelta eman du besteak. Egoeragatik edo, bero lago Mari Loli. Xarmangarri zaio bakero estutan eskuak pasatzea. Ixterrak gogortasun horretan ferekatzea.

        Ez zekinat, gau honetan, eginda ere ez naun lasaituko!

        Aldameneko txoroflauta dakusa ispiluan nola elkartu diren gogoratzerakoan. Ikastolako gurasoa. Separatua. Murga ederra eman dio Mari Loli andereñoari. Haurra zela, pedagogia zela. Hitzegin eta edan. Azkenean etorri dira etxera, ta hara!

        Gehiago berotzen da, bestea hor etzanda ikustearekin, baina manta bat jarri dio gainean. Beti, ama edo andereñoarena agiten! Inor ez al da berarekin akordatuko? Inori ez al zaio okurrituko berak ere gaztetasunaren azken lora udazkena baino lehen usaindu nahi duela?

        Gero Jose Joakin datorkio burura, galtzak kendu eta maindira artean sartu orduko. Hor barruan gordeta legokeen mamu bat bezala agertzen zaio beti insomnio gauetan. Ia-ia berriz ere berarekin bueltatzeko gogoak datozkio. Egia da hilda zegoela matrimonio hura, egia aspertu besterik ez zela egiten azken garai hartan. Baina bost urte paseaz gero, ba zirudien gero eta hurbilago zeudela elkarrengandik bata bestearengandik. Haurra ere egin zuten ia. Eta halaz eta guztiz ere aldegitea erabaki zuen. Kabi segurua nuen hura baina tristea da mundu honetara etorri eta ezagutu gabe aldegitea! Egoera onartu, ala ezezaguna bilatu. Agian, bakardadea.

        Gaur gauen valium tortila bat eginda ere ez ninake lorik hartuko! Zer ote dauka buruak edaten dudan bakoitzean honelako martxa bizian hasteko? Zergatik iruditzen zait gauzak inoiz baino garbiago dakusatzadala?

        Eta masturbatzen hasi da xuabe-xuabe lo hartzeko itxaropenean, jolasean, pottottako ezpainak zabalduz piku ireki emankor baten gisa, ahaztu beharraren itsasoari desaguea bilatu nahiean bezala.

        Iñaki pasa zaio burutik, behar den tenorean deitu eta agertzen den Hadamadrinaren gisara. Jose Joakinekin bizi zenean ere hari kontatzen zizkion denak. Ez zion sekulan oheratzea eskatu. Ez zitzaiokeen gehiegi inportako, baina ez zen hori Iñakirekin zuena. Aterpe ederra zen zapar egunetarako.

        Mutur bera jarri da orain Mari Loli. Gaztainak danboliñan baino buelta gehiago ematen ari da. Oilo ipurdia jartzen zaio aldamenean beste bat lotan daukala pentsatzearekin bakarrik.

        Eskerrak seko dagoela!

        Eta irripar sano batek gurutzatu du bere gorputz guztiko azala, erreka fresko batek ibarra zeharkatzen duen eran, belarra bezala hazi eraziz soineko iletxo guztiak.

        Ezpainak, ate itsuak, igurtzi eta igurtzi bata bestearen kontra. Itsasoa arroken kontra nola, hala ezpainak hortzen kontra. Gogor, eta goxo. Indarrez, eta xamur.

        Ahaztu nahi du Mari Lolik. Ahaztu bere emakumezko miloi urte horiek. Guri ere etorriko zaigu udaberria!

        Udaberria da hain xuxen ere bere azalean dastatzen Buena. Bizitza.

        Eguzki printzek bezala berotzen dute bere sabela behatz luxe goxoek. Ez da akordatu ere egiten bere aldameneko lotiarekin.

        Arratsa, bera-bera, hasia zen jada besarkada ero batean biltzen lurra. Han, harunzkaldean, eguzkia goian. Plast, amoros hondarrean itsasoa. Sarkor alu-ile bakoitzean emarotasun ihintza. Begiak itxi ditu Mari Lolik bere burua ikus dezan hondartzaren ertzean, bustitasuna dasta dezan hondar gainean. Ez ote da ase nazan itsasorik? Ta olatu lasaien txaplastadak entzuten ditu begi itxiekin. Oin-hutsak urrats bakoitzean hondartzan errotu nahiean edo. Oroitzapenak atzean, hondarretan oin-letraz. Arin doa. Haizetsu. Zergatik datorkit, beti, hau burura? Zergatik neronekin jolasten hasten naizenean? Izerdia ere hasi zaio azaleko hondar xulotatik. Ta gizona agertu da plaiaren bestaldean. Betiko gizon bera. Gizona. Ta gustora sentitzen da uraren mugetan gizonarekin. Esfera bat bezala zabaltzen da ortzea, itsasoa eta hondartzaren gainetik, klitorisa bezala, beraiek urertzean besarkatzen direlarik. Ta nabaritzen du marea gora datorkiola. Ez da ondorengorik ez duen olaturik. Bata dator. Gero bestea. Hurrengoa. Pausaldi bat. Berriro dator itsasoa gainezka olatuz olatu. Ta nahi du. Ta musu eman dio gizonak. Ta itsasoaz estalirik somatzen du bere gorputza izerditan. Sabelkadak. Ta ferekatzen du ezkerreko bularra, sakatzen du kasik. Titipuntak hondar muinoen gainean. Kalkatu egiten ditu behin eta berriro. Ta behean sua itsasoaren erdian. Klitorisa eragin. Plast olatua gora. Bzzz behera. Baai. Etorri. Baai. Ooi. Aaah. Goian da marea. Itsasoa bera da, arraintxoz beterik, gorputza. Ta olatuak elkarren segidan bezala, heldu zaio orgasmoa behin eta berriro hondartza estali arte. Lasai geratu da Mari Loli. Bare bare. Bapo eginda.

        Ta tabernan hago hi. Andereño horrekin. Ta beste puntan dagoen neskatto hura? Hogeiren bat urte izango dizkik. Gerri estua, magal zabala. Kuleroen goma nabarmentzen zaiok franelazko galtzetan. Galtza xuri, bonbatxo hunkigarriak. Horrekin joango hintzateke. Baina ke humos. Kea dagie haren ezpain iheskorrei. Beltzarana. Polita, ezta? Buelta graziosua egiten dio txaketatxo beltzak ukalondoa barran daukalarik. Nor ote berarekin dagoen gafitas hori? Begiratu egin hau. Hik segi egin diok begirada. Erotzen haute bere begiek. Berriz erreparatu diok.

        Gero etxean zaudete biok. Poltsa utzi dik lurrean. Gogortu egin zaik. Bertan besarkatu duk, hire zakil gogorra franelazko galtza txuritan paratuz, neskattoaren alu parean. Fuerte heldu dik beste hori han igerritakoan. Gehiago estutu duk, eta odola igo balitzaio bezala ozendu zaiok arnasa. Aurpegi luxexka dik, matrail beteak.

        Bruma beroa hedatuz doa aide geldian. Aurpegira begiratzen diok heldu bakoitzetik desitsastean. Txikitu egin zaizkiok begiak. Sudur motza. Ezpain gordinak.

        Gaztea izanik ere dena dakiela zirudik. Su bizia piztu duzue begietan.

        Utzi egin haiz bere besotan sugaiaren gisara. Sua harrotuko duen haizea bezala.

        Txaketa beltza erantzi dioanean, haren bizkarreko azala ukitu duk, haren jertse rosaren azpitik, zizpadaz irekiten jarri zaiolarik.

        Ta zeharo erantzi zarete. Gero titipuntak miazkatzen hasi hatzaio, eskuak bularren kontra kalkatuz, han, non haragia puzten baita. Beheruntz segitu duk miazkadurarekin, eta bi buelta eman dizkiok zilbor zuloan. Dardara somatu diok, burutik heldu hauenean eta behera segitzerik nahi ez duelakoan ezpainetan musu emanaz behatza bajinaren ahoan linburtu dioanean. Krabelintxoa goizean ihintzaz irekitzean bezala zabaldu zaik. Busti bustia zegok. Zakila xut.

        Orduan ohe gainean etzan eta mugitzen hasi zarete biok pega-pega eginda, zakila eta alua, biok elkarri loturik. Ta ezpainak bilatu dizkik beste horrek, non sartu kausitu nahi dik irristaka.

        Ta dardarez hasi da oihuka. Ta belarrian egin dik kozka. Ta barruan hago. Zirrist zirrikituan zalantzan irrintzi bat.

        Bapatean esnatu da lotia «Non hago» eta «Non nago» batera datozkiala burura. Segitu nahi luke ametsaren barruan baina aurrenengo kolpean itzarri da, zorionak ametsetan ere iraupenik ez duenaren seinale.

        Ez da mugitu ere egin. Konturatu ote da aldamenean daukan andereñoa amets zoro horretaz? Bustia sentitzen du zakila antsia bete gabeko batean. Horrela egin beharko du lo. Berriro ere argituko du egunak.

        Mari Lolik ere lo itxura egin du badaezpadaere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.