L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-9 (1983-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

«Gorbea»ko Jonen ipuina

 

Zaldubi

 

                        Lili urdinen tartean dantzan

                        dabil krabelin gorria,

                        gaur itsasora joango zaigu

                        eginaz bide barria,

                        ahoan dauka loreen legez

                        «Gorbea»k bere irria,

                        baina neketan asetzen du hark

                        bizitzaren egarria,

                        bere gainean loti bait dute

                        ezinezko uztarria,

                        arrainez bete eta ondoren

                        bizitzaren iturria,

                        baina askotan bakarti dago

                        edo arrainez urria,

                        bera da ume eta emazte

                        askorentzat oinarria,

                        baga artean antxeta legez

                        urrutitik etorria,

                        arrain freskoak ekartzen ditu

                        serbitu nahirik herria.

 

Santurtziko «Kresala» elkartean neguko hainbat iluntzetako legez bildu ziren lagun arte batetan zenbait arrantzale. Itsas tresnez beterik aurkitzen zen lekua. Hormetan zintzilik esegita zeuden sareak, pare bat arrauna, karburuzko argi batzuek, buiak, lokarriak, txikotak, kulubizak, aingurak, arpoi bat, bi kako, leiho ondoan barometrua, haruntzago lema bat, ertz batetan itsasbarraskiloak, maskorrak, txirlak, eta beste zenbait itsas oroimen. Ez ziren falta herriko estropalariei omenik. Urteetan zehar estropadetan parte hartutako tripulazioen kuadroz josia zegoen hormen gainontzeko guztia.

        Zurezko mahai sendoek betetzen zuten atseden leku hura, zeintzuk hiru bat zentimetru lodizko oholez jantziak bait ziren. Aulkiak ere guztiz irmeak ziren.

        Mahai guztiei ahots ozenak zerizkien, zeren marmar habarrotsu bat jalgitzen bait zitzaien. Harrapaladan hitzegiten zuten arrantzaleek, txandarik ia emon ezinik. Hauetako mahai baten ertzean adineko arrantzale bat aurkitzen zen, zeinen begietan nabarmentzen zen itsasoko neke eta mina. Elkarrizketan ia ez zuen parterik hartzen baina hartzen zuenean, beste guztiak isiltzen ziren bere erakutsiak arreta handiz hartuaz. Noiznahi itsasoko gertakizun bitxiak kontatzen zituen, guztiak zur eta lur utziaz. Halako batetan mahaikide batek ahots sendoz esan zuen:

        — Aizu Pedro, zergatik ez diguzu kontatzen zuk dakitzazun ipuin horietako bat?

        — Bai, bai. erantzun zuten mahai inguratzen zutenek ahots batez.

        Eta horrela hamaika aldiz itsasoratu zen Pedro mintzatzen hasi zen, guztien begiradak beregana zuzendurik ziren bitartean. Aurpegi zimurraren artean begi bi dantzatzen ziren, itsasoan izurdeak legez, eta bere hatzaparrek ipuina bildu nahi zuten.

        — Behin batean arrantzaleak itsasora irten baino lehenago, artean ilun zegoela, jeiki zen Joxe, «Gorbea» itsasontziko patroia, eta jantzi eta berehala bere seme Joni hotsegin zion jeikitzeko ordua zela, leihotik kanpora begirada bat botatzen zuen bitartean. Biak prestatu ondoren eskuargia hartu eta etxetik irten ziren alta aurretik eta semea atzetik. Porturako bidea ez zuten zuzen egiten, baizik eta «Gorbea»ko arrantzaleen etxepetatik pasatzen tiren, kale bertatik arrantzalearen izena deituaz. Hau aski izaten zen epe labur batetan guztiak itsasontziaren ondoan biltzeko. Kaletik egindako Joxeren ahots ozen eta ziurrak ez zuen inolako zalantzarik jartzen. Aurki pizten zen argia goiko leiho batetan. Horrela jokatzen zuen «Gorbea»ko patroiak arrantzale bakoitzaren etxe aurrean.

        Beste egunetan legez, kalean behera oinetako hotsak, katuren baten urrutiko marraoak, itsasoaren orru nabarmena... Ezaguna hain harrigarria, betikoa bezain berria, lasaitu hala larria.

        Barometrua bezperatik zerbait jeitsi bazen ere itsasgiro egokia zegoen, horregatik inork ez zuen dudatan jarri egun hartako irteera. Zerua ilun zegoen, zeharo ilun. Portura iritsi zirenean, artean egunsentirik ez zen hasi. Itsasontziak balantzaka ari ziren, noizbehinka txikotaren batek karraizi bat botatzen zuen, indarkeriaren negar legez. Herriko argiak ñirñir ari ziren izarren ordez. Itsasoak mamu baltz eskuluzeduna zirudien, erdi lo baina bizirik. Askotan otzanagoa egoten zen zeharo bare-bare.

        «Gorbea»ko arrantzaleak banaka iristen ari ziren. Lagun artera biltzen ziren bezain aguro, heuren aurpegiak alaitzen ziren, eta betiko agurraren ondoren solasaldiari ekiten zioten. Eskuz bizkarrean astinduz agertzen zuten diosala hunkikorra, eta eri erakuslearen zuzenbideak adierazten zuen mintzatzen ari ziren gaietaz, nahiz lehorreko, nahiz itsasoko izan.

        Joxe iritsi zenean, bere atzetik abiatu ziren «Gorbea»ko arrantzaleak itsasontzira, Jon ere tartean zela. Bidean Imanol eta Jon elkarren ondoan gertatu ziren. Imanol sasoirik onenean zegoen itsasoko otso bat zen. Jon berriz bizarrez hornitzen hasi berria zen gazte bat. Bat-batean Imanolek honela zion Joni:

        — Hi, txo! Esnatu haiz ala? Oraindik aurpegian dituk loaren orratzak.

        — Jakin nahi baduk, hi baino lehenago jaiki nauk... —erantzun zion Jonek.

        Horrela erdi broman, erdi serio egunari hasiera emoten zihoazen «Gorbea»ko zazpi arrantzaleak, ganaren isiltasuna etenaz, eta berari bizi berri bat eskeiniaz.

        Itsasontzira sartuz gero, patroiak berehala martxan jarri zituen motoreak. Hauek gau baltz hartan marru egiten zuten, inguru guztiak esnatu nahiez. Piska bat geroago ontzia mobitzen hasi eta portuaren aterantz zuzendu zen. Laister zen elizearen eta itsasoko olatuen jostailu: saltoka, kolpeka, jauzika, olatutan irristaka itsasoa goldetuaz.

        Portua ttikitzen joan zen. Atzean gelditu zen herria, bere etxe eta mendiekin arrantzaleen zain. Berriro itzuliko ote ziren?

        Ordu beteko bidea egin zutenean eki aldean argítasun bat sortzen hasi zen. Egunsentiaren izpi urrezkoek heuren ezpatez gaua burrukatzen zuten, uxa zezaten. Mamu baltza kolorez jazten hasi zen, gero eta argiago, zeru urdinez jantzi arte, zeinen kolorekoak bait ziren Jonen maitearen begiak.

        Itsas hegiaren atzetik urrezko panderoa astiro sortu zen, bere izpi horitsuak beso legez gorantz jasorik joko eternoa dantzatzen. Zilarrezko bide bat egiten zuen itsas uraren mintzean, bere magaletik itsasontziraino zeharkatuaz esku bero bat luzatu nahiez. Neptunok brilantinaz egin zuen lerro zuzena zirudien, zeinek distiratzen bait zuen olatuen gorabeheretan arrantzaleei atxekirik.

        Olatuen gainetatik zihoazen zarataren melodiaz lagundurik itsasoa zeharkatzen bakardadez horniturik zeruaren babesean luzamenduz urrundurik arrainaren harrapatze gogorrean bizitzaren balioa ausartziaz jokatuaz, Jon oso ongi konturatzen zen arazo honetaz, baina ez zion jaramonik egiten. Bere eginbeharretan murgildurik aurkitzen zen egun osoz, honi edo hari beti eskuak lotuta. Beti zuen zerbait egiteko: txikotak egoki bildu, sareak botatzeko prestatu, arrainak edukitzeko latak txukundu, arrantzako tresnak eta trezak birkonpondu, hamuak erantsi, arrainaren aztarna somatzen zenean, muzitu, sareak bota, sareak bildu, arraina jaso, eta abar. Ez zuen denborarik bere maiteaz pentsatzeko. Bestalde aitak itsasontzia eramaten zuen begirada irme batez.

        Baina Kresalako arrantzaleok —jarraitu zuen Pedrok—, inoiz entzun duzue ipuin zoriontsurik itsasoko bizitzari dagokionez? Ez... Itsasoa, itsasoa da.

        Lurretik zenbait ordutara zeudela, ifarraldetik jotzen zuen haize leuna bat-batean aldatu egin zen, eta mendebaletik erasotzen hasi zen. Berarekin etorri zetorren lainoen oralde ikaragarri bat, zeinek ortze guztia astalko sendoz hornitu bait zuen urdintasun eder huna zeharo desagertuaz. Itsasontziaren gainetik zamalkatzen ziren ekialderantz laino baga handiagoak gogorki erasotzen zuten. Edonon lehertzen ziren. Hari zurizko albainez josi zen itsasoa. «Gorbea»k intxaur azal bat zirudien itsasoaren zabaltasunean galdua. Joxek etxerantz zuzendu zuen ontzia. Jonek trinketa gora jaso eta trizak gogor lotu zituen. Egoera hartan ez zen erosoa bidea ebaten. Branka guztia noiznahi sartzen zen urpean. Txopatik olatu zipristinak sartzen ziren. Halako batean, zast, haize bolada gogor batek jo eta itsasontziak jira-bira eman zuen eta, plasta, denak itsasora jausi ziren: arrantzaleak, ontziko arrainak, otarreak, sareak, tresnak, trezak, kainaberak, eta abar.

        Ur azpitik lehen Jon irten zen arnaska eta burutik behera kresala zeriola. Ondoren Imanol. Baina gero besterik ez... Jon larritzen hasi zen bere aitaren zoriaz, eta bat-batean murgildu egin zen. Ez zuen ezer lortu, hain zegoen pisutsu eta baldar itsasoko jantzi haiekin: sira handia, jertsei lodiak, eta bota iragazkaitzak, zeintzuk urez beteta aurkitzen ziren. Erantzi egin zituen hauek ur azalean ahalegin handiak egin ondoren eta arnasa sendoki hartuaz berriz murgildu egin zen. Urpean zenbait oinetara Jonek bere aita ikusi zuen, zein geldiro hondoratzen ari zen. Nahiz eta arnas hartzeko beharrean aurkitu, Jonek azken ahalegin bat egin eta lortu zuen bere beso indartsua aitari eranstea, eta ahal zuen bezain laster ur azalera igo zen.

        Arnas estuz, ia itoan iritsi zen. Aita konorterik gabe zeukan bere besotan. Berehala ekin zion arnas emateari, bere onera etor zedin. Luzaroan jardun ondoren Joxeren gorputzak erantzutea lortu zuen, eta nekez eta piskanaka bere kasa arnas hartzen hasi zen.

        Oso giro suharra zegoen. Haizearen erasoak martinziztu ikaragarriak jotzen zituen, noiz-nahi bagak, bizirik gelditu ziren hiruren gainetik pasatzen ziren heuren superbibentzia egoera larrian jarriaz. Baina non ziren «Gorbea»ko beste lau arrantzaleak? Txantxon, Koldo, Xabier, eta Manu?

        Ez ziren gehiago agertuko... Itsaso zikoitzak jaso zituen zergatzat. Hau izaten da arrantzan sarri gertatzen den txanponaren beste aurpegia. Bizi ahal izateko bizitza eman behar... Bizitzaren burruka honelakoa bait da.

        «Gorbea» itsasontziko azken hiru arrantzaleak itsas gaiztoaren enbata artean burrukatzen ziren hil ala biziko jokoan. Urgainean zebilen ohol bat eskuratu zuten eta berari atxeki zitzaizkion sendoki.

        Ilunabar beldurgarria zetorren. Nahiz eta eguzkirik inon ez ikuisi, argiak itzalten ari zirela zirudien. Kresalaren hotzak eta itsasoaren hezetasunak dardaraz jarri arazten zituzten zorigaiztoko arrantzaleen gorputzak. Inon ez zen itsasontzirik ikusten. Goian laino mehatxatzaileak lehoi orroz oihukatzen, aurrean itsaso geldiezina flist eta flast behin eta berriz bataiatzen, eta oinpean itsasoaren eztarri irenslea arrantzale hauen bizitzen bitartez zorrak kitatu nahiez.

        Hala ere elkarri adoreak ematen ahalegintzen ziren: «ea beste piska bat...», «ordu batzuek gehiago...», «laster egunsentia dugu...»: Eta oholari eusten jarraitzen zuten, inork ez dakien lekuren batetik indar berriak sortuaz. Horrela etengabeko burrukan ordu bat, gero beste bat, eta geroago ere jarraituaz... Baina ezinezkoa zen gehiago luzatzea burruka hura. Gau baltz hartan itsasoaren mamuak marru egiten zuen arrantzaleen bizitza ezijituz.

        Hauek bizirik irauten zuten, ezerezetik indar berriak bilduaz. Zekitzaten otoitzak errezatu zituzten. Desabantailaz burrukatzen ziren gauez itsas zabal hartan, bakarrik, herritik urruti, eta galdurik... Behin eta berriz zigorraren kolpeak heuren soinetan jasaten zuten. Hotzikara, dardara, eta beldurra bat egin ziren hiru arrantzaleen gorputzetan. Nekez erabat unaturik aurkitzen ziren.

        Halako batean baga handi batez jo eta Imanol eraman zuen bere altzora oholetik askaturik. Marfilezko apar zuritan izkutatu zen, mamuaren hortzak izanen balira bezala. Azken garrasi ito bat besterik ez zuten entzun aita eta semeak. Malkoz, izerdiz, eta kresalez nahasturiko bi erreka sortu ziren Jonen begietatik, azkenengo aldiz «Imanol!» deitzen zuen bitartean. Baina alferrik, betirako joan zen. Heriotzea amandreak segatu zuen beste bizitza bat...

        Aita-semeak gelditu ziren oholari helduka olatutan gora eta behera. Baina zauri bat zuten barruan, inoiz sendatuko ez zena. Heriotzea hain hurbil zebilen, ezen lagun minenetako bat ohostu bait zien.

        Orduak aurrera zihoazen eta nekeak ugaritzen. Gaueko hotzak luzamenduaren eraginez gorputzak gogortu egin zituen, eta eskuak sentikoitz bihurtu. Horregatik gero eta zailagoa egiten zen ohol hari eustea. Joxek behin baino gehiagotan aitortu zion semeari ezin zuela luzaroan horrela jarraitu. Hala ere, Jonek beste hainbatetan indarberritu arazi zion bere adorea txertatuz: «beste piska bat gehiago...», «ia, ia, egunsentia da eta norbaitek ikusiko gaitu...», «eutsi, aita!...»

        Baina ekaitzak gau hartan gero eta gogorrago jotzen zuen. Bagak gero eta handiagoak ziren, eta haizea gero eta azkarragoa. Aita-semeak ozta-ozta aurkitzen ziren bizirik. Haizeaz eta itsasoaz aserik zeuden ezin jasan zen eraso heze hartaz gorputz osoa bustita...

        Bat-batean baga itzel batek jo zituen aita-semeak, bere ahutz zilarrezkoetan aita kuttuna harrapatuaz. Jonen azken «aita, aita!» deiadarrak alferrik izan ziren, gauaren ilunpean itsasoak eraman zuen.

        Jonen bihotza bi erdi eginda gelditu zen. Etsipenaren negarrak eman zion. Zertarako jarraitu burrukatzen? Hiltzea ez zen hobea? Bizitzea nahi eta heriotzea orpoz-orpo... Baina Jonen baitan burrukatzen jarraitu behar zuela uste zuen. Ezin zuen etsi... Bere ama laztanak behar zuen. Bestaldetik, hainbeste maite zuen neskatoaren begi urdinek merezi zuten Jon bereganatzea. Eta azkenik Aberria ere zain zeukan, bera serbi zezan. Beste irtenbiderik ez zeukan: bizitzari eutsi, nola edo hala jarraitu, ez etsi...

        Behin eta berriz, pentsamentuei esker, adoreak berriztatuaz, Jonek bizirik jarraitzen zuen. Hamaika, hamabi, hamahiru... ordu ur azalean, bagak bat bestearen atzetik jasaten. Noizpait berriro ere argitzen hasi zen, egun berriak ilunpe hura burrukatzen zuen bitartean. Laino beltzaranen artetik ia ez zen eguzkia nabari, baina irten zen... Mila izar disdiratzen ziren itsasoaren ur mobikorretan.

        Jonek oso neke handiz oholari eusten jarraitzen zuen, ezinean, ia konortea galdurik... Halako batean bere aurrean zamadun itsasontzi bat ikusi zuen. Ez zen posible! Baina bai, egia zen. Han zegoen bere itxaropenaren salbazioa. Zituen azkenengo indarrez baliatu zen laguntza eskatzeko. Eskua astintzen zuen bitartean, deiadar ozenak egiten zizkien. Aldi baten ondoren frogatu zuen bere ekintzak ondorio onak izan zituela: itsasontziak bere bidea utzi eta beregana zuzendu zen. Azkenean hainbeste ezbehar pasa ondoren Jonen oinek zerbait gogorra zapaldu ahal izan zuten. Marinelek harrera ezin hobea egin zioten: arropa lehor batzuek eman zizkioten, eta ohe bat atseden egiteko. Baita ere zer jan eta zer edan.

        Itsasontzi hau Afrikatik zetorren eta Pasaiko portura zihoan bere zama hustutzera. Jon bertara eramango zuten eta handik itzuliko zen berriro jaioterrira.

        Pozez eta negarrez aurkitzen zen. Azkenean etxerako bidean...! Ikusiak ikusi ezin zuen sinetsi bere egoera berria. Hala ere, Pasaiko lur irmea ez zuen ikutu, berak nahi izan zuen bezain azkar. Baina honetarako ere denbora iritsi egin zen, eta horrela egin zuen.

        Ez zuen etxekoei hotsegiterik nahi izan. Hobea aurpegiz-aurpegi dena agertu. Bere zorion eta penak denak batera kontatu.

        Arratsaldea zen Santurtziko herrira iritsi zenean. Kaleetan ez zen jende asko aurkitzen, eta ez zuen inoren harrerarik hartu. Egun hartan bazen zerbait desberdina... giro tinko bat somatu zuen. Baina ez zekien zer. Enparantzara iritsi zenean konturatu zen. Manifestapen bat zihoan iragarkiz josia. Jendeak bere eskakizunak oihukatzen zituen.

        Bat-batean poliziak agertu ziren eta jo eta ke ekin zioten heuren armez. Bazen kezko pote ugari, pelota, eta tiro franko. Denak lasterka hasi ziren, Jon bera ere bai. Baina, berehala su batek erre zion bihotza, eta zerraldo erori zen. Plomo gaiztoak odolezko iturri bat ireki zuen bere bularrean. Oihuak eta garrasiak... Gero besterik ez... Jonen gorputza kalean gelditu zen odolezko itsaso batetan...

        Hau duzue Jon arrantzalearen ipuina, —jarraitu zuen Pedrok— eta baldin eta sinesten ez baduzue, galdetu nire adineko edozein arrantzaleri, ea egia den, eta frogatuko duzue. Ezertarako baliatzen bazarete ipuin honetaz, ez dadila izan burruka berririk sortzeko.

        Hala hada, hala biz, eta ez hada, ora pro nobis.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.