L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-12 (1984-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ajea erruduna

 

Pepe Zulaika

 

Dddrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrriinnnggg!!! madarikatu hark esnatu nindun amets gaizto hartatik non tortila patatazko bokadiloa kafesnearekin irensten ahalegintzen nintzen, nahiz eta ezin, ahoa basamortu bihurtuta bait nuen eta mingainak hortzetako lertzo latza behin eta berriro miazkatzen zuen, bizkor, geldi ezinik, eta zapote garraztua zuen ahoak ur itsaso geza eskatzen bait zidan, mingaina baretzeko hortz artean sartu nuen eta gaitz erdi hortzak kirrika bizian ez zirela hasi, bestela auskalo, mutu betiko, baina ez, mintza naiteke, nahiz eta orain ezin mugitu nire ohe zaharretik, ni bezain zaharra sentitzen dut, agian, gogoratzen ari naizelako bart gaueko roilo txarrekin, zeren eta niri nork agintzen dit Pakori halakoak esatea, neskarekin joan omen zela pisura eta ez zitzaiola tentetu, eta are txarrago, ene moxoloa, nola nik ustekabean igarri, halakorik lagunei esaten, ez duzu deretxorik, baina baita ere zeinek pentsatu bere aurpegian keinu izugarri hura agertuko zitzaionik, mingaina zapaldu niola ematen zuen eta, altxatu eta joan zitzaidanean konturatu nintzen benetan nire hanka sartzearekin, baina ez dago konponbiderik eta hobe izango da ohe zikin honetatik berehala jaikitzea, Bustaid bat hartu eta koka kola baso eta guzti dutxara abiatu eta halaxe egin nuen bidean konturatuz garunetako sastadak desagertzen zihoaztela gorputzaren zirrada bizkortzen zen heinean, zeren ur hotzean sartu eta gero berogailua piztu ez nuela bururatu zitzaidan, eta orduan bai izan zirela gregoriano eta antzerako kanta ahotik isuritzen nituenak, ezin gelditu mugitu ezinik, dutxa iturriari zerizkion zipriztinek, hanketatik gora potroetaraino iritsi eta hauek blai blai txiki txiki eginda utzi zizkidaten, ileak harro harro nituelarik, sapaiari begiratuz neure buruari zin egin nion gehiago ez edatea ezta erretzea eta ongi esanak ongi hartu eta gaizki esanak barkatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.