L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Observatio

 

Raul Garmendia

 

        Hondartza ertzean mutiko bat hareazko tontor bat altxa nahiean dabil. Itsasotik uhin batek mutikoaren lana urtu egiten du bapatean. Mutikoaren eta itsasoaren ekintzak behin eta berriro errepikatzen dira. Non dago edertasuna, itsaroaren erasoetan edo mutikoaren ahaleginetan tontorra beste behin jaso nahirik.

ANONIMO LATINOA

 

Egia esan ez dakit balio handikoa izango den ala ez. Paulok etxean bat jarri behar nuela agindu zidanean, aitortu behar badut, grazia egin zidan. Ez zitzaidan ez eta telefonoa jartzearen ideia bururatu ere egin. Baina orain, behin ipiniz gero, begiratzen ba dut, ez zait hain arrotza egiten aparailu hori nire mesanotxean. Eta gainera erantzule automatiko hori jostailu bat da. Ez dakit zenbat denbora iraungo didan lehen eguneko ilusioak, baina bitartean ondo pasako dut mezu xelebreak grabatuz. Paulo ikaragarria da! Managerra! Ez zitzaidan manager bat izatearen ideia ere inoiz okurritu. Eta orain, hara, managerra eta telefonoa erantzule automatikoz. Eta ni, tonto modura, larunbat arratsalde honetan, hemen nago ohean etzanda, asperturik, eta inbentoari begira. Akordatzen naiz Paulori esan nionean horrek diru bat balioko zuela eta bazekiela ni... ez nintzela Txillida bat. Baina berak ezetz. Dirua? Tresna horrekin gehiago errelazionatuko haiz eta salduko dituan koadroen diruz, hori huskeri bat izango duk hiretzat. Trankil, eh! Erantsi diot, batzuetan lanzatzen baita. Bainan gero etxera itzuli naizenean bere mezu bat aurkitu dut, lehen mezua. Kaixo, txikito zer moduz? Aparatu polita, ez? Ah eta orain ezingo duk hain aparte geratu, nahiz eta hik ez nahi, entzun egin beharko nauk. Hau hasiera besterik ez duk motel! Bueno hi, bederatzietan erakustokitik pasako nauk eta hik berdina egin beharko huke. Bale txikito. Gero arte!

        Mareatuko nau bai, honek! Hala ere atsegina izan da, eta detaile bat bere aldetik. Baina gaur ez diat erakusketa berriro ikusteko gogorik. Gainera gaur larunbata, atsoz beterik egongo da eta horiek bai kapazak direla geratzen zaizkidan esperantza apurrekin akabatzeko, gaztea izateagatik tontoa naizela uste dute. Kaka! Etxean geratuko naiz.

        Horrelako pentsamenduetan galdurik nebilen, ohean etzanik, telefonoaren txirrinak jo zuenean. Gezurra badirudi ere inoiz telefono bat eskuartean hartu ez banu bezala hurbildu nuen eskua. Ez nuen ordurarte, nire etxetik inorekin telefonoz hitzegin. Txirrinak ozenegi jotzen zuela iruditu zitzaidan. Jeitsi beharko dut gero, pentsatu nuen. Plastiko grisak ez zuen arrastorik eta hotza zegoen. Ez dut uste nire telefonoaren zenbakia inori eman diodanik. Zein ote da? Bai, nor da? Bai, barkatu, baina ez nauzu ezagutzen. Isidro da nire izena. Zu, Raul izango zara, ez? Bai, ni naiz bai. Begira, ez dakit, agian oso lotsagabe irudituko zaizu horrela deitzea, baina atzo zure erakusketa ikusi nuen Geltokian. Horrela da izena, ez? Bai, bai. Horrela da. Asko disfrutatu nuen, aspaldi ez bezala, eta zurekin hitzegin nahi nuke. Eta zu, zer zara? Periodista? edo kritiko? Ez, ez. Ez naiz horrelako ezer. Pinturaren maitale bat besterik ez. Zure koadroak oso interesgarriak dira eta zurekin batera ikusi nahi nituzke. Ez bazaizu axola, noski. Ez, ez; niri ez. Noiz, gaur? Nahi duzun bezala. Orduan gaur zortziretan, hemendik ordu erdira. Ondo eta eskerrik asko, eta barkatu berriro. Ez, ez da ezer. Agur. Agur, bai. Eta entzun egin nuen telefonoa kolgatu egin zuenean.

        Gaur egun ez dut oso garbi zergatik esan nion baietz Isidrori. Agian bere ahotsagatik; agure batena zirudien, baina ez zegoen goxotasun handirik bere tinbrean. Apaletik mintzatu zelako? Apala bai, baina baita zuzena ere. Egia esan zer erantzun jakin gabe geratu nintzen, eta konturatu orduko, joan nahi nuen edo ez oso ziur ez nuela, zapatak jantzi nituen eta kalerako bidean nengoen.

        Kaguen, ez nituan akordatzen euria ari zuenik. Bueno autobusa ez zegok oso urrun... eta hara, atertzen ari duk. Agian zerbait ona erakarriko zidak gizon horrek, pentsatu nuen.

        Autobusa ez zegoen geltokian eta kolan jarri nintzen. Nire kolakideak ez ziren oso interesgarriak eta gertatutakoari bueltak emanez elkar joka ari ziren mutiko batzuetan erreparatu nuen. Bueno, hobe esan, bi ari ziren beste baten aurka. Eta benetan bortitzak ziren. Besoak atzean eta heldurik zegoena besteak baino gazteago zen, bi, edo hiru urte. Bi zirenek hamasei bat urte izango zituzten, ostiak jasotzen zituenak bi edo hiru gutxiago, ez nago ziur. Seto batzuen atzekaldean zeuden eta kolan zeudenek ez zuten deus ikusten, bestetik ez zegoen ia peatoirik, eguraldiagatik edo. Ez nekien zer egin; zeozer esan bi haiei, txikiaren alde azaldu. Diferentzia nabarmena zen, eta egurra galanki jasotzen ari zen.

        Pentsamendu justiziero hauek kaskan biraka nituela zerbaitek bizkarraldean enbazo egiten zidala nabaritu nuen, hiru puntu diferentetan. Autobusa bertan zegoen eta jendea igotzen ari zen. Atzean emakume gizen bat bultzaka, titiak eta tripa gainean jartzen zizkidala. Autobusean sartu behar izan nuen eta bertatik hiru mutilak bilatu nituenean ez ziren ageri. Mutiko gazteaz oroitu nintzen. Eta orain ere oroitzen naiz. Nola sar nezakeen koadro batean gertatutakoa. Bi mutiko nagusiak gaztea egurtzen eta nik autobusean sartu behar izatea emakume haren titiak eta tripa zirela bultzatzaile. Bai, eta emakumearen mutur luzeaz gain ez dut bidai txiki hartaz ezer gogoratzen. Halako batean azken geltokira iritsi ginen, hura zen nerea, autobusa ez zen urrunago joaten baina erakustokira, geltokira, joateko oraindik berrogeitamar metro banituen, ikusten duzuenez urrun kaskotik. Nire hirugarren erakusketa zen eta ez nitzaion ezer hurbildu oraindik hiri erdiari.

        Nik uste dut horregatik harritzen nauela gehiago tipo horrenak, nola zen? Isidro, bai. Bueno ba hori, nola interesatu daitekeen hainbeste pertsona bat, ni erakusketa hau egiten ari naizela enteratzeko. Horregatik esan ote diot baietz? Gaur larunbata da eta igual jende asko egonik ez dut jakingo nor den bera? Kaixo! Zu Raul zara, ez? Bai neu naiz. Zu, Isidro? Bai. Ah! Bai, oroitzen naiz eskua luzatu zidan eta aurrera jotzeko keinua egin. Ez larritu, pentsatzen dut ez dituzula egunero nirearen moduko deiak jasoko, nik, ez pentsa, ez ditut ere oso maiz egiten.

        Ez zen nik uste bezain zaharra. Beranduago esan zidanez hogeitahemezortzi urte zituen, nik baino hamalau gehiago, baina bere itxura zaharrago batena zen. Kana ugari eta zimurrak ere. Burua, edo lepoa hobe, pixka bat aurreraka zuen, eta asko erretzen zuela pentsatu nuen. Gure lehen elkarrizketa hura ordu erdikoa izan zen eta tartean bi aldiz atera ginen kanpora zigarro bat erretzera. Neri ere oso ondo etorri zitzaidan, ez baitziren batere lasaigarriak bere hitzak. Orain ez dut elkarrizketa osoa berridatziko, gogoratzen dudanaz zati bat besterik ez dut azalduko.

        Orain esango dizudana neretzat oso inportantea da. Esplikatzen dizudan arabera erokeri bat iruditzen bazaizu ez nazazu moztu. Utzi bukatzen eta gero nahi duzuna esazu. Baina nahi baduzu, eta nik nahiago esan behar dudana behin esan ta gero beste egun batetarako utziko dugu jarraipena. Eta ondoren hau bota zidan abotepronto. Zure koadroak oso onak dira. Bai, aspaldi ikusi ditudan onenak. Utziko al didazu koadro hau mogitzen? Bai, bai, noski.

        Koadroa eskuartean hartuz hormatik kendu zuen eta lurrean jarri zuen paretaren kontra. Oso neska polita, eh? Nor da? Bueno barkatu bai, hori niri ez zait axola, noski. Buenoba, horrela begiraturik koadroa ona da. Formak oso atseginak dira.

        Ipini diozun hondoa oso egokia, figura arteko muga fin horiek zoragarriak dira, nahasketa lortu duzu... baina begira ezazu orain.

        Hartu zuen koadroa eta buelta eman zion, buruz behera.

        Ekintza xinple honegatik esan dizut zure koadroak oso onak direla. Era honetara pintura begiratzeko beste ikuspegi diferente bat duzu, eta formak ez dira ja berdinak.

        Nik uste dut koadro onak, benetan onak, proba hau pasatzen dutenak direla. Nahiz eta koadroa zuzen egon nik aldrebes ikus dezaket, kualidade berezi bat da, zuk margotzearena duzun bezala. Eta urteak pasa ta gero, erakusketa bat bestearen atzetik ikusiz, orain dela gutxi ondorio honetara iritsi nintzen eta zure obrak baieztatu du nik uste nuena.

 

SUSAKOEI: Gertakizun hau orain zazpi urte pasa zen. Gaur pintatzeari erabat utzi egin diot. Literatur mundura pasa nahiean hona nire lehen lana. Zuen aldizkaria ezagutzen dudanez pentsatzen dut lekuren bat izango duzuela pintore erniatu batentzat. Historiak badu jarraipena noski.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.