L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —<susa1224>




 

 

«Oberiu» taldearen zantzuak...

 

Daniil Kharms

 

euskaratzailea

eta moldatzailea:

Mikel Antza

 

        1927-30 urteak izan ziren «Oberiu» izeneko arte talde baten urterik oparoenak. 1926ko udaberrirako taldetxo sendo bat osatua zuten bost poeta eta prosagile baten artean: Nikolai Oleinikov, Doyvber Levin, Igor Bajterev, Nikolai Zabolotsky, Alexander Vedensky eta Daniil Kharms ziren garai hartako «oberiuty»ak.

        Gazte hauek praktikatu zuten literaturaren kutsu beltz eta absurdoa ez zen, antza denez, oso egokia izan Sobiet Batasunean bizi zen girorako, ofizialtasunaren aldetik behintzat eraso gogorrak jaso zituzten. Prentsan ere jasandako ezeztapena tartean zelarik, kasik desagertu egin zen talde honen zantzu oro.

        Ikerlari batzuk «aurkikuntza literariotzat» jo du talde horretako zenbait partaideren eskuizkribu eta daturen argitaratzea, Europako beste lurraldetan egindako literatura heltz eta absurdoarekin erabat loturik ikusi bait dute «oberiuty» batzuk egindakoa; horrekin batera Sobiet Batasuneko «errejimen ilunari» kontra egiteko profitatu dutelarik aukera.

        Badirudi «Idazle Proletarioen Elkarteak» presio haundia egin zuela bai sinbolista eta bai formalisten aurka, eta hogeigarreneko hamarkada bukatzear zegoelarik sortutako giro tentsoak eta errealismo sozialistaren onarpen ofizialak ordurarteko esperimentalismo estetikoaren bidea moztu zuela; Mayakovskiren lanak salbuespen zirelarik.

        «Oberiu» taldeak artearen arlo guztiak lantzeko asmoa zuen, literaturatik hasi, antzerkiarekin jarraitu eta zinea ere tartean zebilela, pintore zenbait ere talde honen inguruan ibill zen. «Oberiu» izena «Egiazko Artearen aldeko Elkartea»ren inizialez osatzen da: «Ob'edinenie Real'nogo Iskusstva», izenaren azkenengo "u" hori txantxetan erantsi ziotelarik. «Oberiuty» zeritzon taldeko partaide orori, eta beren ideologia eta ideialak zehazten zuen manifestu bat kaleratu zuten. Bertan, taldearen funtzio sozialaz dihardutenean, zera diote:

        «(...) Oberiuk ezker iraultzailearen artearen atal berri bat bezala aurkezten clu bere burua. Oberiu ez da soilik erabili behar diren gaietaz eta lan artistikoaren gune garrantzitsuenetaz arduratzen: bizitzaren kontzeptzio organikoki berria izango dena eta gauzen filosofia berria bilatzen du. Oberiu, munduaren, akzio dramatikoaren eta enkuadre zinematografikoaren mamiraino barnesartzen da.

        »Oberiuren metodu artistiko bernia unibertsala da. Edozein gai errepresentatzeko bide bat aurkitzen dugu metodu horren bitartez. Oberiu iraultzailea bada, hain zuzen metodu honi esker da.

        »Badakigu gure lana ez dagoela osatua; ez gara hain harroak. Baina ziur gaude zimendarri sendoak ezarri ditugula eta eraikitzen jarraitzeko indar nahikoak izango ditugula. Uste dugu, eta badakigu, artearen ezkerreko karrilak soilik eramango gaituela proletargoaren kultura berriaren karreterara».

        Manifestua «oberiuty»en poesiaz, zine berriaz eta antzerkiaz mintzatzen da aurrerago, horietan beren jarrerak garaiko beste batzuren aurrean jazartzen dituztelarik, eztabaida frango izan zuten, «zaumniki»ekin ere bai, nahiz eta askok, hitzak hautsi eta hots asmatuak erabiltzen zituzten hauekin bateratu nahi izan «oberiuty»ak; «gu, hitza, irendu nahiez, hibrido ahalgabe eta ezdeusa bilakatu nahi duten horien etsai nagusi gara», diote poesiari buruzko atalean.

        Manifestu hau 1928an kaleratu zen, Kharms, Zabolotsky eta beste batzuren artean idatzia, argitaratze irregularreko aldizkari batetan agertu zen, «Afishi doma petachi» izenekoaren bigarren zenbakian.

        1930.ean eskeini zuten azken errezitala Kharms, Levin eta Vladimoroven artean. Kritika oso txarrak jaso zituen. Eta taldea desegin egin zen, Kharms, Vedensky eta Zabolotsky biltzen ziren aurrerantzean, baina noizbehinka eta gauzatu ez ziren projektutaz mintzatzeko.

        Kharms eta Vedensky batez ere haurrentzako literatura kultibatzera saiatu ziren, bere absurdoaren zentzuak harrobi ederra aurkitu zuelarik arlo horretan. Zabolotsky etorkizunean taldeko partaiderik ezagunena izan zen bere poesia zela medio.

        Ondoren itzuli dudan ipuin hau Daniil Kharmsena da. Idazle hau 1905.ean jaio zen. Bere lagun Vedenskyk hau esan zuen noizpait: «Kharms artea bera da». Malenkonia deritzon gaitzak jota ibili ohi zen, eta berak gaitz honi emazte izena ezarri zion: Ignavia. Antzerkizaletasun haundia erakutsi izan zuen beti eta ikonoklasta samarra izanik portaera aristokratikoak erakusten zituen maiz publikoki. Behin batean taldeak eman behar zuen errezital baten publizitatea egitearren Leningradoko Liburu Etxeko bostgarren solairuko kornisara atera zen pipa errez, golferako galtzekin eta koadrozko jaka batez jantzirik, jendea gau-beilara gonbidatuz. Gau-beila horietan antzerkia eta poema irakuketak ez ezik erraz klasifika ez daitezkeen gauza zenbait egin ohi zuten. Kharms espetxean hil zen 1942.ean.

        «Haurrentzako ipuina» liburu zaharren azoka batean arrkitutako liburu batetik itzuli dut, zeinetan aurretik jarri dudan hainbat datu biografiko agertzen bait da, idazle honen eta Vedenskyren beste lan batzu eta «Oberiu» taldearen Manifestuarekin batera.

 

 

Haurrentzako ipuin bat

 

(Andu Lertxundi eta Federiko Krutwig-i,

epai-mahaietan daudenean

haur bilakatzeko duten abileziagatik...)

 

— Ea bada —esan zuen Vaniak, eta koadernoa mahai gainean jarri zuen—. Idatz dezagun ipuin bat.

        — Bai —esan zuen Lenochkak? eta aulki batean eseri zen.

        Vaniak lapitza hartu eta idatzi zuen: «Behin batean ba zen errege bat».

        Ondoren Vania, pentsakor, sabaira begira geratu zen. Lenochkak koadernoa begiratu eta Vaniak idatzitakoa irakurri zuen.

        — Ba da hori bezalako ipuin bat —esan zuen Lenochkak.

        — Nola dakizu? —galdetu zion Vaniak.

        — Irakurri dudalako dakit —erantzun zuen Lenochkak.

        — Nola jarraitzen du —galdetu zion Vaniak.

        — Errege bat tea sagarrekin hartzen ari zen eta zerbait trabatu zitzaion eztarrian, eta erreginak bizkarrean jo zion sagar puska atera zekion, eta erregeak erregina istilu bila zebilela pentsatu zuen, beraz edalontziaz buruan jo zuen. Erregina haserretu eta plater batez jo zuen erregea. Ontzi batez jo zuen erregeak erregina. Erreginak aulkiaz jo zuen erregea. Erregeak jauzi egin eta mahaiaz jo zuen erregina. Erreginak erregearen gainera bota zuen arasa. Baina erregeak, arasa azpitik arrastaka atereaz, koroaz jo zuen erregina. Orduan erreginak erregea iletatik heldu eta leihotik behera bota zuen. Baina erregea, beste leiho batetik arrastaka, gelara itzuli, erregina hartu eta estufara bota zuen. Baina erregina tximiniatik gora herrestaka teilatura iritsi zen. Eta gero tximistorratzaren kabletik lorategira jaitsi eta leihotik gelara sartu zen. Erregea estufari su ematen ari zitzaion, bertan erregina erretzeko asmoz. Erregina atzetik isilka-misilka hurbildu zitzaion eta bultzatu zuen. Erregea estufara erori zen eta suak kiskali zuen. Hemen bukatzen da istorioa —esan zuen Lenochkak.

        — Hori bai ipuin ergela —esan zuen Vaniak—. Nik oso bestelakoa idatzi nahi dut.

        — Idatz ezazu bada —esan zuen Lenochkak.

        Vaniak lapitza hartu eta idatzi zuen: «Behin batean ba zen bandidu bat».

        — Itxaron! —garraisi egin zuen Lenochkak—. Ba da horren gisako maitagarrien ipuinik.

        — Ez nekien —esan zuen Vaniak.

        — Entzun ba —esan zuen Lenochkak—, bandidu batek zaintzaile batengandik ihes egin nahi zuen eta zaldi baten gainera salto egin zuen, baina indar haundiegiz salto egin zuenez beste aldera igaro eta erori egin zen. Biraoka hasi eta berriro zaldi gainera salto egin zuen, baina berriro ere gaizki kalkulatu eta beste aldera igaro eta lurrera erori zen. Bandidua zutik jarri, ukabila estutu, zaldigainera salto egin eta berriro abiada haundiegia hartzeagatik lurrera erori zen. Dagoeneko bandiduak pistola atera eta airera tiro egin eta berriro egin zuen salto zaldigainera, baina halako indarrez animalia gainetik igaro eta lurrera erori zela. Orduan bandiduak kapela burutik kendu, zanpatu eta zaldigainera egin zuen salto ostera, eta ostera ere distantzia gaizki kalkulatu, lurrera erori, eta hanka hautsi zuen. Zaldia piska bat urrutiratu zen. Bandidua herrenka hurbildu zitzaion zaldiari eta ukabilez jo zuen buruan. Zaldiak ihes egin zuen. Zaintzaileak iritsi ziren, bandidua atxilotu eta kartzelara eraman zuten.

        — Ez dut bandidu bati buruz idatziko —esan zuen Vaniak.

        — Zeri buruz idatziko duzu? —galdegin zion Lenochka'k.

        — Errementari bati buruzko ipuina idatziko dut —esan zuen Vaniak.

Vaniak idatzi egin zuen: «Behin batean ba zen errementari bat».

        — Ba da hori bezalako ipuin bat! —garraisi egin zuen Lenochkak.

        — O! —esan zuen Vaniak, eta lapitza utzi zuen.

        — Noski baietz —esan zuen Lenochkak—. Behin batean ba zen errementari bat. Egun batean, ferra bat egiten ari zela, mailua halako indarrez eragin zuen, mailua kirtenetik askatu zela. Leihotik hegan atera, lau uso akatu, suteen aurkako dorre baten kontra jo, albora errebotatu, bonberoen buruzagiaren etxeko leiho bat hautsi, bonberoen buruzagia bere emaztearekin eserita zegoeneko mahai gainetik igaro eta kalera atera zen. Han, argi-poste bat erorarazi, izozki-saltzaile bat bota eta Karl Ivanovich Shusterling-i buruan jo zion. Honek lepagaina freskatzeko asmoz une batez kendu bait zuen kapela. Karl Ivanovich Shusterling-en buruaren kontra tupust egin ondoren, mailuak atzerantz egin zuen hegan, berriro ere bota zuen izozki-saltzailea, teilatutik bi katu liskarti erorarazi, behi bat lurreratu, lau txolarre hil, errementerian sartu zen berriz eta berriro ere errementariak eskubiko eskuan eusten zuen kirtenean sartu zen. Guzti hau hain azkarki gertatu zen errementaria ez zela ezertaz ohartu eta ferra egiten jarraiki zela.

        — Beraz idatzia dago errementari bati buruzko ipuina. Orduan niri buruzko ipuina idatziko dut —esan zuen Vaniak, eta idatzi zuen: «Behin batean ba zen Vania izaneko mutiko bat».

        — Ba da hori bezalako ipuinik —esan zuen Lenochkak—. Behin batean ba zen Vania izaneko mutiko bat eta egun batez, etxetik atera eta...

        — Itxaron —esan zuen Vaniak—. Niri buruzko ipuin bat idatzi nahi dut nik.

        — Zuri buruzko ipuina idatzia dago —esan zuen Lenochkak.

        — Ezinezkoa da —esan zuen Vaniak.

        — Idatzia dagoela esaten dizut —esan zuen Lenochkak.

        — Non idatzi dute? —galdegin zuen Vaniak harriturik.

        — Eros ezazu SUSA aldizkariaren 13. zenbakia (*) eta zuri buruzko ipuina irakurri ahal izango duzu —esan zuen Lenochkak.

        Vaniak SUSA aldizkariaren 13. zenbakia erosi eta zuk oraintxe bertan irakurri duzun ipuina irakurri zuen.

 

        (*) Jatorizko testuan «Chy» aldizkariaren 7. zenbakia aipatzen da, aldizkari horretan eman bait zen argitara.



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.