L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Piko o mordisko

 

Pepe Zulaika

 

Hots monotono hura belarrira sartu zitzaidanean dentistak enpasteren bat egiten zidala pentsatu nuen esnatu baino lehenago, edo akaso, esna nengoen, beno, erdi lotan bai behintzat, baina ez, oraindik dentistaren txanda ez zitzaidala tokatzen konturatu nintzen eta zarataren jatorriaz ere: bosgarren pisuko andrea zen aspiragailua pasatzen barruko patioa asaldatzen ze aspiragailuak ere lotan egon beharko luke, igandeko goizeko hamarrak arte behinik behin, ez al dute eskubiderik ba? nioen baitarako ilunean nentzala begiak igurtzen makarrak kentzen konturatzeke nire ohaikideak lotan irauten zuela, baina nola? ni erne eta hau esnatzeke, ezin da ezin, amorro bizian jartzen naiz halakoetan eta horregatik esnagailuak jo zuenean ez nuen eten, izorra zedin, holan dok hala? baina besteak ohean pare bat buelta eman eta seko lo hartu zuenean, despertadorea almoadapean gordetzea hoberena zela onetsi nuen eta kaguendios pare batzuekin lortu nuen altxatzea komunera joateko eta logelako atea atzean laga bezain laster aurkitu nituen aulki, mahai eta altzairu guztiekin estropuzok egin nituen eta kirrinkei ixooo niotsen behatz bat ezpainetan nuelarik, hala nola anbulatorioko ume gelako koadroko enfermerak zioskunez gure haurtzaroan, hura zen garaia, bai horixe! ba halaxe sartu nintzen komunean egunerokoa betetzeko, edo hobeto esanda, lagatzeko, hain suerte txarrarekin ze funzino erdian konturatu nintzen paper gabe nengoela eta modu hartantxe, harrapataka, abiatu nintzen sukaldera, armairua ireki, paper roiloa hartu eskuetan eta berriro itzuli nintzen bukatzeko bukatu behar neukana, ez aurretik boligrafoa hartu gabe ze inspiratuta nengoen eta paper arrosa batean apuntatu nituen bertso zikin hauek:

 

                Gizontxo irakurle amorratua naizenez

                egunero komunera joaten naiz

                irakurtzea.

 

                Metro koadratu baten barruan

                bizi izan dut:

                                Stevensonen pirata eta irla misteriotsuak

                                Kafkaren gaztelu eta burokrata beldurgarriak

                                Londonen mixeria eta garraztasunak

                                Omar Kheyyamen olerti eta maxima alkoholikoak

                                eta sudaka batedobaten berotasun tropikalak.

 

                Alferrik galduta

                zeren eta nik

                liburu baten

                orri guztiak

                behar ditut

                ipurdia garbitzeko.

 

eta hau eginda gero kriston lasaitasuna sentitu nuen uzkian ze paper arrosa paper satinatua baino leunagoa da, noski, ba halako moxolokerietan pentsatzen abiatu nintzen sukaldera, argia piztu, hozkailua ireki, bi arraultza hartu, labea ireki, sartagina atera, armairua ireki, olioa erori eta jaso, berriz hozkailua ireki, ahaztutako urdaia hartu eta gosaltzeko prestatu nintzen zeren eta igandetan lau ogi erre gantzaz bustirik eta arraultza pare bat urdaiarekin izaten da nire gogoko hamarretakoa, hori bai, gatzik gabe, potolotzen baitu eta ez da komenigarria gehiegi loditzea, diote sendagileek eta neskatilek eta nik jaramon eginez «desayuno ingles» egiten dut, europear erara, ba janaria prestatuta daukadanean, nola ezin naizen bizi irakurri gabe, mania bat baita, pijama gainean janzten dut bata eta banoa egunkari bila, zeren eta suerte handia dut lehenengo pisokoa LIBERACIONen harpideduna izatearekin, ba horrela ataritik urten gabe, buzoitik jasotzen dut prestamo bezala eta berriro igotzen dut, baina ez pentsa gaizki, ze gero berriz itzultzen diot, nahiz eta txarrena izaten den egunkarian pare bat koipe orbain agertzea, baina neri bost axola, joe, hala eta guztiz ze moskeoa eukiko du tipoak, baina denok daukagu kulturaren eskubidea, ez al da? beno, ba ondo asetu naizenean buelta ohera, baina ez lotara, almoadapeko esnagailua berriz ipintzeko baizik, nere ohaidearentzat eta ohizko laztana emanda gero kalera kirol pixka bat egitera, beraz, paseatzera, ze paseatzen joaten naiz aldameneko parkeraino, han tximino begikoi batzu daudelako eta ohituta nago kakaueteak heurentzat, artaleak antzarrentzat eta arto malutak usoentzat erostera, baina gaur goizean parkera nindoala gauza kurioso bat pasatu zait, ez nuela espero aitortu behar dut aurren-aurrenetik, zeren halako gertaerak bakarrik paperetan gertatzen dira eta justu gaur niri tokatu, beti egiten dudan bide berdinean izan da, hauxe da: segun parkera zoazen aldapa bukaeran dago zirrikitu bat bi etxe tartean, bide zidor gisan erabiltzen dena parkeraino heltzeko, zirrikitu estua, pareja bat doi-doi pasatzeko eta txipiroien tinta bezain beltza, beldurgarria gauetan, baina inork espero zezakeen eguerdian handik pasatzerakoan bi tipo haiekin topo egitea, hogei urtekoak, zer diot! hamazazpikoak edo hamabostekoak, beno, kakaume batzuk, esaten didatela:

        — Benga, dirua.

baina aldean diru gutxi neramala konturatzerakoan, arakatu ninduten eta bat ere ez aurkitzerakoan aurpegiak itxuraldatu zitzaizkien amorruz eta:

        — Piko o mordisko.

orduan ikusi nuen batek labain luze bat zeramala eskubian, baina luze-luzea, harakinak erabiltzen duten horietakoa eta nola nire sable borobila urratua, odoldua eta hesteduna antzeman nuen, ia zorabiatuz, esatearren:

        — Mordisko.

aukeratu nuen, hobeagoa zelakoan, ostera, nire harridura galanta izan zen besteak patrikatik alikate iltze ateratzaile bat atera zuenean eta eskutik oratuz besoari hurbildu zitzaionean koska egiteko asmoz, gehiegi izan zen:

        — Ez txikito.

esan nion eskumuturretik oratuz alikateduna niregana erakarri nuen eta hori espero ez zuela garbi ikusi nuen jarri zuen aurpegiagatik, ba lepazaina estutu nion goritan ipintzen zelarik eta ezkutu gisan neukala kendu nion alikatea labaindunari jaurtikiz, hain suerte txarrarekin, berarentzat, jakina, ze ezkerreko begi bertan jo nuen eta kinka hura aprobetxatu nahiean bultzatu nuen nire «ezkutua» bestearekin talka egiteko eta biak lurrean zeutzala labaina hartu nuen hain trebeki ze kriston ebakia egin zidan esku ahurrean, baina behintzat atxintxiketan aldegin zuten, alikate eta labaina errekuerdoz lagatzen eta halaxe bueltatu nintzen etxera umore beltzez eta harrez gero ez naiz gogoratu ez tximinoz ez antzarrez ezta usoez ze hurrengoan Urlia joan dakien elikatzera.

12-84

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.