L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-16 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Jorge Amado konpromezu sozialaz mintzo

 

Alberto Berasategi

 

        Brasilen, Baiako estaduaren hegoaldeko Auricidia kakaozalean jaio zen Jorge Amado, 1912. urtean. Haurtzaro neketsu eta aski dramatikoa igarotako idazlea, egoera lastimoso haien islada ongi agerian utziko digu bere izkributan: beste batzuren artean, «Mar Morto», «Capitaes de Areia», «Gabriela Cravo e Canela», «Os Subterráneos da Liberdade» (trilogia), «Seara Vermelha», «O Cavaleiro da Esperanca», eta bere azkenengo nobela den «Face Obscura» liburuetan. Hango Mugimendu Modernistan parte hartu zuen, zeinean kontenidu unibertsaldun literatur brasildarra erreibindikatzen zen. Deretxo ikasketak amaitu, eta Brasildar Partidu Komunistakoa izatearren persekutatu eta atxilotua, mundu guztitik zehar bidaiatu du haratonat. Nobel sarirako behin baino gehiagotan hautagai izandako Jorge Amadori omenaldi herrikoi bat eskeini dio Portugaleko Convívio erakunde kulturalak, eta Guimaraes ziutatean honela hitzegin zuen Xan Carballarekin.

 

        Konpromezu sozialaz

        Amerika Latina eta Brasilen konpromezu sozialaz mintzatzeak ez du dilemarik eragiten. Ez. Hango errealitate miseroak, analfabetismoak eta opresio bortitzak sortzen duen egoera biolentoa hain da markatua, ezen idazlearentzat konpromezu soziala, herriarenganako aldekotasuna alegia, ezinbesteko eta obligazio bihurtzen den.

        Honela, badakizu nire obra guztia herriaren aldeko ene jarreraz definitua dagoen orobatasuna dela. Zenbait obrek, hala nola «Os Subterráneos da Liberdade»k eta baita «Farda Fardáo Camisola de Dormir»ek, zentzu arras politikoa dute; hala eskatzen zutelako. Ostera, nire liburuen gaia bereziki soziala da; soziala, baina politikoa izateari lagatzen ez diona, ez bait du batak bestea kentzen, aitzitik baizik.

        Nik fikzioa idazten dut. Nire nobelatan dena da asmatua; eta, era berean, ez da ezer ere asmatua. Bai, ze oro, dena den, bizi izandako errealitatea da, ezin bait dezaket kanpo eta barnetik ezagutzen ez dudan ezer izkiriatu. Eta nire fikzioak asmatugabeak direla esaten baldin badut, han gauzatzen ari diren edota gerta daitezkeen neurrian errealitate errekreatu besterik ez direlako da. Nobelagilea fikziogilea da; haatik, bere konpromezu sozialak historiarekiko konpromezua suposatu behar du, terminoaren zentzurik sakonenean ulertua, eta ez gertaeren egitasun gisako konpromezu historiko bezala. Hori berreraikuntza historikoa litzateke. Badira zera esaten didaten pertsonak, «gertakari hau etzen hala jazo»; izkiriatzen dudanean berehalako egitasun historikoarekiko obligantza ukanen banu antzo.

 

        Literatur latinoamerikarra? zer da hori!

        (Ea zergatik literatur latinoamerikarraren boom garaian brasildarrak haien artean kontsideratuak izan ez diren galdetzean:)

        Nola? Literatur latinoamerikarra? —erantzun zuen—. Ene ustez esistitzen zen ez duen «zerbait» da hori, europatarrek emandako deitura hutsala; are gehiago, españolek asmatua batipat, ze literatur latinoamerikarraz hitzegitean espamiar hizkuntzaz mintzatzen bait dugu. Eta hura esatean, opresio kolonialista egiten duzu, kolonialista legez jokatuz, beraz.

        Hogei baino nazio gehiagotako literatura ghetto batean sartzea da literatur latinoamerikarraz mintzatzea. Zerikusirik ba ote du argentinar idazle batek mexikar batekin? Fitsik ez. Españolez idazten dutela ez bada bederen. Españolek, presio latz honen bitartez, herrialde hauetan izkiriatutako hizkuntzak Real Academia de la Lengua Española-ren gaztelerara gero eta gehio hurreratu eta berdindu daitezen nahi dute.

        Hegoamerikan, hizkuntza kolonialista horretaz gain, latinoamerikanoen artean amankomunak diren gauzak, negatiboak direnak bakarrik dituzu: miseria, diktadura militarrak, analfabetismoa, endemia haundiak. Bestela, argentinar literatur oso garrantzitsu bat duzu, halaber Peru, Mexiko, Cuban... Baina bakoitzak bere arazoak ditu, batak bestearengandik zeharo desberdinak askotan, bakoitza bere herriko errealitateaz markaturik bait dago. Eta herrialde latinoamerikar horien artean —honela ulertua bakarrik ordea— Brasil ere koka dezakezu. Guztiok izan gara kolonizatuak: egun Argentina den lurraldekoak nahiz Cuban zeudenak nahiz brasildar indioak, denak ziren arrazaz eta kulturaz desberdin, kolonizatuak izaterakoan hankerkeria berdina pairatu arren.

        Bestalde, Brasil konplexu samarra da, egia esan: gutako zenbaitzu latinoak gara kulturaz, beste batzu, afrikarrak, eta gainontzekoak, indigenak. Eta ez dugu gainera kontinenteko beste herriek bezalako hizkuntza mintzatzen. Hots, ez dakit literatur latinoamerikar ghettoan sar zezaketen brasildar literatura. Interesik balute, barruan geundeke!, dudarik gabe. Beno, eta boom horretan nik ez dut sinesten, ze, azken finean, literatur «latinoamerikarra»ren boom-a hegoamerikako beren herrialdetatik atzerriratuak izan diren idazleena izan da —gogora Asturias, Cortázar, Carpentier, ene lagunak—, eta horien bitartez beste gutti batzuren ezagutza suertatu, ondoren —Gabo (García Márquez), Vargas Llosa...—. Beste askorik ere badago. Eta baita brasildarrak ere: Darcy Ribeiro, Márcio Souza, Gabeira... Gabeira, hain zuzen, Europan dago, eta kasu kurioso samarra duzu; ezagutu, ez dut ezagutzen, baina oso ona da, azken urteotan Brasilen topatutako kalitaterik gehinetakoduna. Irakurtzazu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.