L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-17 (1986-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Jende ona nekez da aurkitzen

 

Xabier Montoia

 

        Inguru Flannery O'Connor-en textu baten argitarapena guztiz ez-ohizkoa gertatzen da, textu hori gainera euskaraz argiratzen baldin bada, orduan harrigarri bihurtzen da, harrigarri eta batez ere pozgarri —ziur naiz— edozein literaturzalentzat. Baroja argitaletxeari eta M. Azurmendi itzultzaileari eskertu behar, beraz.

        Ez da O'Connor inoiz oso ezaguna izan, nahiz eta makina bat idazle ospetsu baino askoz kalitate handiagokoa izan (oraintxe bertan, bere herkideen artean eta larregi pentsatu gabe, Steinbeck Nobel saridunaren izena bururatzen zait besteak beste).

        Gure artean, nik dakidanez behintzat, Joseba Sarrionaindiak bakarrik duela urte batzu artikuluxka bat argitaratu zuen berataz «Argia»n, bere elaberri baten gainean —Wise Blood— John Hustonek eginiko izen bereko filmaren estrenatzearekin batera, gutxi gorabehera. Harrez gero, deus ez.

        Idazleaz mintzatzerakoan hiru gauza, hiru ezaugarri errepikatu ohi dira bere kritikalari eta komentagile guztiengan: emakume, hegoaldekoa eta katolikoa izatearenak alegia. Eta halaxe zen. Flannery O'Connor Estatu Batuetako hegoaldean, «hegoalde sakona» deitzen den horretan jaio, bizi eta bertan hil zen handik ia-ia inoiz irten gabe (1). Bere pertsonaiak oro bertakoak dira, bertako karakterrak, bertako hizkera berezia darabiltenak.

        Dena den, berak ez zuen inoiz bere burua idazle «errejionaltzat» jo, nahiz eta bere sorterriko jende, ohitura eta hizkera erabili, idazle unibertsala da, zeharo, batik bat ukitzen dituen gaiak: pekatua, On eta Txarra e.a., bere ustez, unibertsalak bait dira.

        Idazle errejionala izaten uzten ez nauen gauza bakarra, katolikua izatea da eta alderantziz aitortzen zuen berak. Izan ere, O'Connor-en nobela eta ipuinetan zehar dabiltzan pertsonai gehientsuak, hegoaldekoak eta kristauak dira behintzat. Sermolari erotuak (Wise Blood ezagunaren kasu), sadiko, atzeratu, mistiko krudel, hiltzaile asekaitzak eta era askotako mamu eta zoroak pasiatzen dira idazlearen hegoaldean barrena, indar eskerga, itzel, ezkutu batek eraginda. Idazleak berak «Jende ona nekez da aurkitzen» liburuaz, honako hau zioen: «Jatorrizko pekatuari buruzko hamar ipuin» (2). Hauxe bere definizioa. Hori ere bere lanaren ardatza, hori hain zuzen bortxakeria eta hilketa guztien eragile, sarraski guztien arrazoi eta oinarri.

        Georgian bertan 1964an hil zenean, 39 urte zituelarik, ez zigun kantitateari begira obra handiegirik laga: bi elaberri eta bi ipuin liburu, besterik ez (3); kalitatez, ordea, berak erdietsi zuen maila —ene ustez— oso idazle gutxik lortu du mende honetako literatur amerikarrean.

 

Oharrak

        (1) Bi bider soilik atera omen zen bere hiritik: Iparraldeko unibertsitate batera hitzaldi batzu ematera batean eta Lourdesera bestean.

        (2) Idazleak hamar ipuin aipatzen ditu, nik ezagutzen ditudan argitaraldietan, berriz, hamaika agertzen dira, eta hauetatik bi dira Mikel Azurmendik itzulitakoak: liburuari izena ematen diona eta «Agian zeure bizitza da salbatzen ari zarena» deritzona.

        (3) Bi nobela («Wise Blood», «The violent bear it away») eta bi ipuin fiburu («Everything that rises must converge», «A good man is hard to find») dira berak argitaratu zituenak. Hil ondoren, beste liburu batean bildu ziren bere gutunak: «The habit of being» izenpean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.