Dub poeta bi
euskaratzailea: Xabier Montoia
Benjamin Zephaniah eta Linton Kwesi Johnson, dub poeta bi. Umetan Jamaikako eguzkia atzean utzita, Londreseko goibeltasunera eramanak izan ziren poeta beltz bi.
Berrogeitahamarretan Ingalaterrak bere ekonomiaren garapenik sendoena, bere industrigintzaren azkartze eta ugaltzerik ikusgarrienak, ezagutzen ditu. Hegoaldetik iparralderaino, alde guztitatik sortzen ari diren industria berriak (autoena esaterako) langilego ugari eta merke baten premian daude. Eta, jakina, ohi bezala kolonietatik, iadanik distira galdu duen inperio urri horretara zuzentzen dira. Laster indioak (1) hasten dira iristen. Goseti eta milaka. Heldu ahala, hiri handietako auzune periferikoetan pilatzen dituzte.
Dub zer den ulertzeko eta zer motako harreman eta sustraiak dituen bere gizartean, orain arte emandako datuen berri izateari funtsezko deritzot, funtsezko, poesia mota honen oinarrian zentzu eta espiritu kolektiboak bait daude. Jendea, herria edo konotazio kolektiboak dituen edozein hitza dugu, gehienetan, dub poesiaren mintzagai eta entzule. Eta kontuz!, entzule diot eta ez irakurle (nahiz eta gero ikusiko dugunez, liburuak eta aldizkariak ere badauden) poesia mota hau, batik bat, entzuteko pentsatua eta egina bait dago.
Hiztegia, adibidez, ez da goi mailakoa izango, kaletik irtengo da eta jaso den legez itzuliko zaio berriro kaleari. Bost axola hizkuntza egokia den ala ez, bost axola ingelesa den ala ez. Sortu duen komunitateak ulertuko du, berak bakarrik ulertzekoa bait da. Arrotzek ulertzen ez badute hobe (3).
Idazten denean ere, hizkuntz zuzen eta kaletar hori mantendu behar da, edonola, horrek ortografiaren arauak apurtzea suposatzen badu ere: «W'en mi jus' come to Landan toun / mi use to work pan di andahgroun / but workin pan di andahgroun / you don't get fi know your way aroun».
Mintzatzen den bezalaxe idazten da, kaleko jergan, Jamaikako dialektoan. «Idazten dudana, Jamaikako kreole eta Jamaikako ingelesa alde batetik eta bi hauek eta Ingalaterrako ingelesaren arteko borrokaren emaitza da. Hori dena, egia esan, gizarte kolonial batean hazia izatea eta gero Ingalaterrara etorri beharraren ondorioa da. Tentsiorik sortzen da. Idazkeran bertan ikus daiteke. Entzun daiteke. Nere poemak soso xamarrak edota lauak izan daitezke orrialde batean. Hori zeragatik gertatzen da, ahozko poemak esateko poemak direlako. Ozenki irakurriak izateko izan ziren idatziak, komunitatean».
Hala ere, etorri berriak ez dira esku hutsik etorri, beren ohitura eta kultura dakartzate haiekin batera. Jamaikarrek beren musika, edo musikak, hobe esanda: kalipsoa, runba, ska erritmo arin eta berria etabar.
Hurrengo hamarkadan eta gelditu gabe, Jamaikatik datozen untziek lagun asko utziko dute oraindik Ingalaterrako kaietan. Gero, krisialdia ailegatzean, mugimendu hau ere gelditu egingo da berarekin.
Azken etorkin jamaikar hauek, musika mota berri bat dakarte, reggae ezaguna alegia. Geroago, hirurogeitahamarretan hain zuzen, eta nolabait Bob Marley-ren arrakasta dela medio, musika hori leku guztietara iritsiko da, Jamaikako ghettoak betirako utziz.
Caribeko uharte argitsu eta behartsua laga eta Europa aldeko gris eta aberatsera heldu ziren umeak, gazte bihurtuta, ezin daitezke hain urrun geratzen zaien rock zurbilera hurbildu eta reggae musika hartzen dute adierazbide eta ikurtzat. Haien kulturaren oinarritzat, bi hitzetan esanda. Reggae-a, noski, ez doa bakarrik. Bere inguruan, alderdi politiko eta errelijioso asko ere biltzen dira. Kingston-go ghettoan edota Londreseko Brixton auzoan, langabetu eta zokoratua dagoen edozein gaztek defentsaren bat behar du, polizia eta estatuaren eraso latz eta ugarien aurrean, Babilonia (2) ahalguztidunaren aurrean. Eta baita defentsa ideolojiko bat ere, edo batez ere. Modu horretan rastafarismoa oso azkar berrindartu eta zabalduko da, nagusitu egingo balore ideolojiko batzu behar dituen gazteri beltzaren artean.
Ederki azaltzen digo L.K. Johnson-ek aipamen honetan. Ahozko literatura beraz. Kolonizatu guztiena bezalakoa. Eta ahozko poesia gertatu ohi den moduan, musikarekin estuki lotuta. Arestian reggae aipatu dut, Dub hitza hortik dator hain zuzen. Reggae mota berezi bat da. Reggae mota horren ezaugarririk nagusiena erritmoari, bajuari ematen zaion garrantzi eta nagusitasuna litzateke. Era berean, dub poesia-n ere hori dugu oinarrizkoa.
Besterik gabe, ikus dezagun, beraz, gure lehen poeta:
Benjamin Zephaniah Jamaikako St. Elizabeth-en jaio zen 1955ean, zazpi urte zituelarik Ingalaterrara eraman zuten gurasoek. Han eskola, gazte-erreformatorio eta espetxetik igaro zen eta han, espetxean hasi zen poesia idazten.
Ideolojiari dagokionez, rastafari dugu Zephaniah. Duela pare bat hilabete bere lehen liburua argitaratu du (izenburua ahaztuta daukat egia esan) baina oraintsu arte libururik ez izan arren, joera honen poetarik ezagunenetarikoa da, eman dituen irakurketaldi ugariak direla eta.
Benjamin Zephaniah bezalaxe, Linton Kwesi Johnson ere Jamaikarra dugu, eta haren gisan oso gazterik utzi zuen bere sorterria Ingalaterrara joateko. Eskola amaitu zuenean, Zephaniah-ek baino suerte gehiago izan zuen eta, espetxea ezagutu ordez, unibertsitatea ezagutu zuen, bertan soziolojia ikasiz. Handik irteterakoan aldizkari ezkertiar bat (Race Today) fundatu zuen beste zenbait lagunekin. Eta aldi berean poesia idazten hasi. Bere lehen poema-liburua duela hamar urte argitaratzen zen «Voices of the living and the dead» izenekoa, geroago beste bat argitaratuko zuelarik, «Dread Beat and Blood» deritzana, eta hortik aterata daude alegia, itzuli ditudan bere bi poemak.
Izen berberaz 1978an diska bat kaleratu zuen baita ere, eta hurrengo bi urtetan beste hiru emango zituen argitara: «Forces of Victory», «Bass Culture» eta «LKJ in Dub». Gero deus ez. Lau urtez inork ez zuen bere berririk izan joan den urtearen bukaera arte, orduan diska berri bat («Making History») kaleratzean. Honela azaltzen du berak isilaldi luze horren arrazoiak: «Izan nuen bapateko arrakastak oso nahastuta utzi ninduen, gaindituta. Gelditu nahi nuen apur bat eta berriro pentsatu, egiten ari nintzenaz pentsatu, eta baita etorkizunean egin nahi nuenaz ere. Nik ez dut inoiz artista profesionala izan nahi».
Ingalaterrako beltzen poesigintzan nahiz kantagintzan ere, LJK-en agerpenak garrantzi handia dauka. Bera azaldu arte rastafarismoa zen nagusi aipaturiko bi arlotan, LKJ aldiz, ez da rastafari, marxista baizik eta beraz, ez ditu beltzen arazoak modu berean ikusten, ezta alternatiba berdinak ematen ere. Rastafarismoaren mitolojia aztertu eta salatu egiten du hasieratik, eta dudarik gabe, bera da azken aldi honetan sortzen ari den mugimendu kultural berriaren aintzindari eta iragarle.
Sarreratxo hau idaztea bururatu zitzaidanean (joan den urteko urrian edo), LKJ-en diska berri baten notizia heldu zen nire elefante belarrietara. «LKJ in concert with the dub band» omen du izena.
Oharrak
(1) Ingleseraz Jamaikan jaiotakoei west indians edo mendebaldeko indioak deitzen zaie. Indioan jaiotakoei indians bakarrik.
(2) Rastafarismoan Babilonia da estatu eta zapalkuntzaren indar antotatuei ematen zaien izena. Gaitzaren errepresentazioa.
(3) Hortaz ez dago luzatu beharrik, oso ondo ezagutzen bait dugu euskaldunok fenomeno hori.
Superizarra gitarjole
Epa! Principe Leroy zer moduz?
ez haut aspalditik ikusi
ederki esan zuen Leroyk ederki esan nuen nik
orduan Principe Leroy-k alde egin zuen,
Hi Prince Leroy hator hona
topera ibiltzen ginen lehen eta
ghettoko blues dantzan
ez esan ahaztu zaianik.
Leroy neregana etorri zen
Leroy alkondare eta korbataz jantzita,
Leroy oso dotore zihoan
orain makila batez ibiltzen da,
esaidak non haizen esan zidan Leroyk
neuk superizarra naizela esan zezakeat
nere kitarraz osperik lortu nian
joan eta nere managerrari galdetu.
Leroy horrek ez du axolarik esan nion
oraindik ederki egon gaitezkek elkarrekin
oraindik himnoak abes zitzakeagu
Leroyk harritu xamar zirudien,
Pentsa ezak berriro esan nion
ez utzi diruak hire gogoa erosten
ez hakio sal izargoari
Leroy, gizona, ez nazak txilioka jarri.
Leroy horma ondoan zegoen
ahaltsua horrela erori ohi da,
orain ongi bizi nauk esan zuen Leroyk
adreiluzko etxea eta zurezko baserria zeuzkeat,
auto arina eta neska polita zeuzkeat
dirua azkar irabaz zezakeat,
koka hartzen diat eta Martera nijoak
urrea txokolatinak bezala zeukeat.
Entzun hau orain Leroy guztiak
igotzen denak erori behar du nolabait,
kitarra jotzea ondo zegok
baina zergatik superizarra bihurtu behar?
hire kulpak barrenak erretzen dizkiela, espero diat
galdu al duk hire ghettoko harrotasuna?
Leroy orain superizarra da
garai batean nere adixkidia zen.
Superstar on guitar: Hail Prince Leroy how are you / I don't see you for a year or two, / cool said Leroy cool I say / then Prince Leroy went away, / Hail Prince Leroy come back here / we use to run wild out there / in the blues dance in the ghetto / don't tell me that you forget now. // Leroy move forward to I / Leroy have on short and tie, / Leroy looking very slick / he now walk with walking stick, / Leroy said say who you are / I can say I am superstar / I found fame with my guitar / go and ask my manager. // I said Leroy this don't matter / we can still be cool together / we can still sing soongs of praise / Leroy looked slightly amazed, / I said Leroy think again / don't let money buy your brain / don't let stardom buy your out / Leroy man don't mek me shout. // Leroy stood next to a wall / this is how the mighty fall, / Leroy said I now live good / I have a house of brick and a cottage of wood, / I have a real fast car and a real slick chick / I can earn my money quick, / I take coke and go to mars / I have gold like chocolate bars. // Check this all you Leroys now / he who rise must fall somehow, / nice of you to play guitar / but why should you turn superstar? / hope your guilt now burns inside / have you lost your ghetto pride? / Leroy now is superstar / one time Leroy was my spa.
Benjamin Zephaniah
Bide berea
sakonean etsipenaren sakontasunean
han
bilaketak pulunpatu, sutu behar du
soinua lurraren magalearen oihartzuna bezala den tokian;
han behi-behian amorrua, lazki, hazten den lekuan.
distirantea izan behar du ahotsak,
tximista bezalakoa,
ortzea argituz ilargiaren antzera,
ilunpea agerian utziz,
arerioa eta bere mugimenduak erakutsiz sakona,
ozena bere trumoi-tonuan, beroa.
bidea odola besterik ezin daiteke izan.
lohizko kanta odolan harrapaturik, hiltzen,
bizitza eutsiz
baina hiltzen aldi berean, minik ez izan arren.
amaiera goxoa besterik ezin daiteke izan, azkena.
Same way: deep to the depth of anguish / is where / the search must dive, aflame / right doun to where... / the sound is like the echo of the belly of the ground; / deep doun low where the anger grows, harshly. // blazin the voice has to be, / like lightning, / lighting up the sky so moon, / rakin up the dark place, / showing up the foe and way he makes his moves low, / lound in its tone of thundah, hot. // the way cannot be but blood. / the song / of mud caught up in the blood, dying, / holdin on too life / but dying all the same, yet livin out the pain. / the end cannot be but sweet, final.
Linton Kwesi Johnson
Lehertzeko garaia
malko garratzen urte latzak
iluntasun ezaguna oinazez neurtua
etsipen beltzak odola borborka irakin artean
eta begiak ia errautsa irudi anbarrei
azkar atxikitzen zaizkie:
suzko atzamarrak bezala nere jendearen pakean
harriak bezala ume beltz baten haziketaren gainean
labainak bezala nere herriaren itxaropenean
heriotza bezala nere bizitzeko eskubidearen gainean.
eta horrela odolaren zina egiten da;
eta horrela neuk nozitu, jaiki eta oihu egiten dut:
nere herria! lehertzeko garaia da;
bota zure zama, zure haragi ustela,
zure irrifar okertua, zure suzko begirada,
zure malko garratzak, zure landatze morroinaren urteak,
harri koxkor eta lehorte eta zimiko eta ekaitzarik
igitaitu egiten dituzun artean.
lehertzeko sasoia, nere herria! zure etsaiaz libratu!
Time to explode: harsh years of acid tears / knowing darkness measured in pain / as black anguish swells effervescent blood / and eyes near ash hold fast to amber sight: // like fire-claws at my people's peace / like stones upon a black child's growth / like knives about my people's hope / like death aboye my right to life. // and it is thus the pledge of blood is made; / it is thus I hurt and rise and shout: // my people! it is time to explode; / get rid of your load, your decaying flesh, / your twisted smile, your look of flame, / your acid tears, your years of servile planting, / whilst reaping stone and drought and sting and storm. // it is time to explode, my people! get rid of your foe!
Linton Kwesi Johnson
|