L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa1600>— Susa-18 / Beltz Literatura (1986-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Katakunbetatik aldarera

 

        Beste garai batzuk gogora dakartzagun uztaila honetan (Sanferminetako baile sonatuak kasu, eta ez portzierto dieziotxoko altzamientua), hemen datorkizue gure hemezortzigarrena: beltza eta zuria. Libreroak udako best-sellerrak kolokatzen saiatzen diren bitartean, gure aldizkariari eskaparate pribilegiatutan bere lekua utziko dioten esperantzaz; hondartzan tobaila jartzeko tokirik topatzea zein zaila den badakizue-eta.

        Dagoeneko gure idazleak eguzkitara joanak dira, gerora (uda amaierarekin bat etorriko den Europako Hizkuntza Minorizatuen Idazleen Kongresuan, adibidez) monokini artean hartutako plai-boi bronzeatua erakutsi ahal izateko —Kosta Azulatuan, Maroko amestuan, Mediterraneo ligoian edota Karibekoetan hartu daitekena bezain erakargarria bikingoentzat—. Kontuz gero karramarroen aginekin!

        Euskaltzaindia xaharra, bestalde, erreleboaren zai, itzulpenetan ari da, ea UNESCOren bitartez eskribidoreentzat ospe preziatua lortzen duen gurea ere baden Europa xaharrean... gisa xelebre honetan, normaltasunerako bide berritik zehar abiatzeko. Horra turismoko seizientosean berriro ere, giragune bat eta errebuelta biko bidea parkurritzen, Mendebaldeko errepideetan barrena, hemen karreterak asfaltatu gabe dirautenean!

        Eta sarrera honek eskaintzen digun aukeraz profitatuz, ez dugu plaiako tobaila sorbaldara botako Juan San Martinek gutaz «Argia»n (1.111. zenbakian) esandakoari aipamentxo bat egin gabe (geuk ere pagotxari berak bezain axaletik helduz). Errespetu osoz, San Martin jauna, ez dakizu hego haizeak dakarren galerna nondik arraio datorren. Sekula esatea bururatu ez zaigun astakeria leporatu bait diguzu: gu omen garela literatura egiten dugun bakarrok, eta kontu trixte guzti horiek. Tira, utz dezagun zoologikoa dagoen bezalaxe: gazte «ginenean» esaten «genuenari» eta dugunari karpetazo eman behar izan gabe. Zahartzean tolerantzia jabetzen ei da, orduan kritikak eritzi pertsonaletan geratzen direlarik, elkarrekiko margarita partiketan. Ez dugu uste, inolaz, gure herriaren egoera eznormala aldagaitza denik, ezta kritikak lehergailutzat hartu behar direnik. Margaritak oparitzen aritu baino nahiago intolerante izan, ein? A, eta beste gauza bat; SUSA, Egan eta Maiatz-ez gain badaude literatur aldizkari gehiago. Bestela, ea zer dioten Korrok eta Txistu eta Danboliñ-ekoek, bi aipatzeagatik.

 

        Diseino orokorrean present dugu, azkenik, Julio Pardo eta Joxemi Zumalaberen itzala.

        Bestetik, SUSA hau ez legoke kalean muntaia lanetan Elenak eta Mikelek luzatutako esku eta orduengatik ez balitz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.