L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-18 / Beltz Literatura (1986-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Afrika beltzeko antzerkia

 

Mikel Antza

 

        Afrikako antzerkia aztertzerakoan oinarrizko ñabardura egin behar da, batez ere antzerkigintza horren erroak edo iturburuak aztertu nahi badira. Euskal antzerkigintzan aztertzerakoan bezala, Afrikakoan argi ikusten da antzerki forma parateatralak deitu ohi direnen garrantzia. Antzerki mota bizia. Herria edo baserriaren eguneroko bizitzan guztiz txertatua dagoena, eguneroko bizitzaren eragile suertatuz.

        Argi dagoena zera da, Afrikan ez dela esistitu «eszenatoki italiarra» deritzon antzerki moetarik, antzezle eta ikuslegoaren arteko zatiketa argi horrekin. Aitzitik, eguneroko langintzarekin eta urtesasoien aldaketarekin zerikusia duten erritotan oinarritutako manifestazio teatral ugari ezagutzen da. Aldizkako zeremonia eta jai horien helburua gizakiaren presentzia mundutiarra erakustea da, bai jainkoekiko erlazioan eta bai beste gizakiekikoan. Antzinakoen kultoei loturik, iniziazio zeremonia deritzotenetan eta batez ere giza esistentziaren zenbait pasartetan (jaiotza, heriotza, ezkontza...) oinarriturik agertzen dira. Baina era berean, eguneroko bizitzan antzerkitasunez beteriko agerpenak ditugu, herritar zahar batek behialako mitoa edo ipuin bat narratzen duelarik basa-supazterraren inguruan.

        Zentzu profanoa edota erlijiosoa izan dezaketen antzerki agerpen hauek imintzioen, hitzen eta erritmoen bidez ematen dira. Maskaren erabilpenak, Haitiko vudu eszenak eta tribuaren lorpen gorenak kantatzen dituzten epopeiak erlijiosoa dei genezakeen jenero baten partaide dira. Baina beste alde batetik, libertimendua helburu nagusitzat duten agerpenak daude, dantza, kantua eta mimoaren bidez ipuin-kondalariak animalien gora-beherak erakusten dituenean, edo eta Maliko Koeba deritzona, gure tobera edo ttuttekin nahiko antza baduena, jendaurrera emaztea, maitalea eta senar iruzurtua agertzen direlarik.

        Dena dela, antzerki agerpen hauek herritarrak direla esan behar da, bai gaiak eta bai antzezleak ere herrikoak bertakoak dira-eta. Eta antzezpenak herriko plazan egiten dira; gisa honetako ospakizun batek herriarentzat jaia eta dibertimenduaren ordua dakarrelarik.

        Azkenik, antzerkigintza tradizional honen funtzio nagusia pedagogikoa dela ikus dezakegu; bere helburua, norberari taldeko partaide dela gogoraztea du, komunitateko oreka mantentzearren eta oreka hori mantendu dadin kideek behar dituzten mensaia pedagogikoak jaso ditzaten.

 

        Kolonial garaiko antzerki afrikarra

        Europeoak Afrikan eskusartzen hastearekin bertako antzerki tradizionalak, literatur beste zenbait espresabidek bezala, gaztigu ederra jaso zuen.

        Espresio dramatikozko era berriak agertzen dira, misionarien eta eskolen eskutik bertakoen antzerkigintza frantseseraz bultzatzen dutenean. Nahiz eta zenbaitetan, herriko tradizioak jaso, kasu horietan bere markotik atera eta eszenategitara eramaten ziren urte amaierako festetan, ikusletzat europearrak eta burjesia beltzeko partaideak zirelarik. Maliobra honen azken helburua bertakoen antzerkigintzak aginte eta ordenu koloniala zalantzan jar ez zezan izango litzateke. Hala ere, antzerki horien bidez zenbait egile eta antzezlerengan nazionalismo baten sua piztu zen.

        Antzerkigintza kolonial honen ezaugarririk nagusiena antzerkigintza tradizionalean nagusi zen antzezle-ikuslegoen arteko lotura apurtzearena da. Eszenatoki itxi, apaingarri, zuzendaritza eta abarren inposatzearekin batera guztientzat zen kultur agerpen bat, gero eta gehiago elite bati zuzendurik gertatzen da.

        Garai horretan ere zenbait egilek, horien artean Keita Fodeba, antzinako antzerki lanak garai berrietara egoki daitezkeela pentsatzen du, eta ondorioz mundu modernoan txertatu.

 

        Antzerkigintza kontenporaneoa

        Mende honen erdialdetik aurrera antzerkigintza afrikarra kolonietako agintea zalantzan jartzen eta erantzuten hasten da. Antzerkigintza tradizionaleko moduak mami nazionalistaz betetzen dira; eta borrokaren eta matxinadaren gaia naharoki erabilia da.

        Kolonialismoaren eta bere ondorioen salatzearekin batera, belaunaldien arteko gatazkak eta politika ohituren kritikak osatzen dute antzerki lan horien tematika.

        Aipatu dut lehenago antzerkigintza tradizionalak komunitatea mantentzea zuela helburu. Orain, gizarte tradizionalaren deuseztearekin eta munduaren ikuspuntu desberdinak sortzearekin antzerkigintza kontenporaneoak arras aldatzen du helburua. Hiritartze masiboen ondorioz, antzokiak leku tinko eta itxia hartzen du, eszenatokia eta ikuslegoen aretoa guztiz banantzen dira, eta batez ere antzokietan entzuten den hizkuntza arrotza zaio biztanlegoaren ehuneko larogeiari. Horrela, antzerki-lanaren hartzaile izan beharko luketenak antzokietara hurbiltzen ez direla ikusiz, zenbait idazle eta antzerki munduko jende Afrika beltzeko antzerkigintzari bere izate herrikoia berritzultzen enseiatzen dira.

        Zenbaiten ustez Afrikaren arriskua bereak ez diren begiz bere burua ikustea izan daiteke. Gisa honetako ideiek antzerkigintza konprometitu batetara bultza du tendentzia zabal bat, Afrikak bereak dituen arazoak tratatu ditzan antzerkian ere. Europan absurdoaren antzerkigintzak bere arrakastaren unerik gozoenak bizi zituen artean, Afrikari, zibilizazio baten krisiaren aurrean inor sensibilizatzea baino, itxuraldaketa batean dagoen gizarte bat sustatzea interesatzen zaio. Ondorioz «ideien» antzerkigintzaren hedatzea gertatzen da.

        Horrelako autu batek ekarri ohi dituen eztabaidak ez ziren falta izan Afrikan ere, eta antzerkigintza politiko batek ekar lezakeen mediokritate artistikoaren aurrean argitxo gorriak pizten hasi zen hainbat.

        Diskusioak diskusio, koreografia zaharrak berrartzen dira, mito zaharrak berraztertzen dira, eta zintzilik hizkuntzaren arazo larria gelditzen da, hala nola arazo estetiko bat eta asimilazio edo kolonizazio kultural berri baten mamua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.