Zai izango naiz
Mongane Wally Serote
euskaratzailea: Xabier Montoia
Maiz-sarritan,
Gosea hondarra ere mingainean bezala,
Dastatu dut,
Eta malkoek garren antzera
nere betazalak milikatu dituzte,
Ikusi nahi dudana,
Jakin nahi dudana, lausotuz.
Bainan oh!, askotan, tatian-potian, izan naizen leku guztietan
Poza, bideak bezain erreala,
neregan hedatu izan da paisaia atsegin bat bezala,
ene haragipean ari da ibaien zilar distiratsuaren moduan;
Eta orain badakit:
hain blai eta lehor izan ondoren,
zai nago.
|